Hizkuntza politika ausartagoa eskatzen dute euskaltegiek

  • Euskaltegietako ikasle kopurua eta irakas-orduak behera doaz. Euskaltegietara jende gehiago ez hurbiltzearen arrazoiketa konplexua da eta lau mahaikideek faktore horiek astindu dituzte. EAEn helduen euskalduntze alfabetatzearen arauketa zaharkituta dagoela diote, eta era berean, gizartea asko aldatu dela, eta beraz, herritarren nahiak eta beharrak ere bai. Astean ordu gutxi ditu eskaintzeko euskara ikasleak, dirua urri ere badauka eta matrikula ordaintzeko arazoak ditu. Ikaslea bai, baina hizkuntza politika izan dute batik bat mihian mahaikideek. Euskararen beharrik ez sortzea, motibaziorik ez eragitea, herritarrengandik urrun egotea eta sarri hizkuntza politika euskaltegiek egin beharra azpimarratu dute.

Pedro Lonbide, Joxerra Olano, Idoia Goñi eta Mertxe Mugika.
Pedro Lonbide, Joxerra Olano, Idoia Goñi eta Mertxe Mugika.Dani Blanco

Euskaltegietan ikasle kopuruak etengabe ari dira behera. Euskal Autonomia Erkidegoan 1986-1987 ikasturtean 45.974 ikasle ziren eta 2011-2012 ikasturtean 35.132 ikasle. Goia jo al da?

Mertxe mugika: Ez dut uste. Azkeneko hamabost urteetako datuak ikusita, egia da 10.000 ikasle gutxiago hurbildu direla euskaltegietara. Behin baino gehiagotan esan digute helduen euskalduntze alfabetatzeak goia jo duela eta beraz, gure nahia bukatutzat eman beharko genukeela. Hemen garen denok jaio gara gure ateak ixteko. Dena dela, beste datu batzuk ikusten baldin baditugu uste dut ez dugula jo goia inondik inora. Oraindino erdaldunen proportzioa, beti ere EAEri lotuta, %50aren bueltan omen dago. Herri honek euskaraz bizi nahi duela behin eta berriro esan du. Zerbaitek goia jo badu ez da izan helduen euskalduntze alfabetatzea.

45.000 baino gehiago? Ez naiz ausartzen hori baino gehiago egongo den esaten, baina goia jo duela inondik inora. Azkeneko urteetan behea jo duena hizkuntza politika izan da, hizkuntza politika ausartagoekin eta abarrekin, berriro gora egiteko aldagai guztiak daude.

Joxerra Olano: Kopuruak horrela ikusita ematen du etengabeko jaitsiera izan dela eta hori ez da horrela izan. 94-95 eta 95-96 ikasturteetan 45.000 horien parean genbiltzan eta Nafarroan ia 6.000 ikasle izatera iritsi ginen.

Ikasle kopuruari erreparatzen diogu hemen, eta datu interesgarria litzateke, jarduerak gizartean duen eragina neurtu nahiko bagenu, ikasle ordutan zer nolako pisua daukagun jakitea. Nafarroan ez dugu datu zehatzik, baina irudipena dugu moduluak apaltzen ari direla, ikastaroen erritmoa apaltzen ari da, trinkotzera jo beharrean apaltzera.

Erabat ados nago Mertxek esan duenarekin. Goia jo duen edo ez, ez naiz sartuko. Garbi dut hizkuntza politika jakin batzuen baitan txertatuta dagoela gure jarduera. Hemen [EAEn] azken urteotan izan diren atzerapausoek eragina izan dute, dudarik gabe. Sektore honetan egin zitekeena eta egin daitekeena baino askozaz gutxiago egin da. Borondate politikoa beste bat izan balitz, helduen euskalduntze alfabetatzearen tamaina beste bat izango zen. Goia jotzearena… Behea joko genuen oraingo honetan. Nafarroan behintzat hala esaten dugu, behea jo dugula eta orain gora egitea tokatzen zaigula.

Pedro Lonbide: Zerbaitek goia jo du. Ez dut uste ikasle kopurua denik, sistemak baizik. Helduen euskalduntze alfabetatzea arautzen eta mugitzen duen sistema topera eraman dugu eta gehiegi luzatu ere egin dugu. Gizartea aldatu egin da, ikasleen beharrak eta nahiak ere bai, eta orain dela 30 urteko parametro berarekin ari gara. Horrek jo du goia eta hori da aldatu beharrekoa, deitu hizkuntza politika, deitu nahi dugun bezala.

Ikasle kopuruaren aldetik, nik uste dut hortik gora ezin dela ibili. Mugatu beharko dugu, 30.000 edo 35.000. Baina ez gara iritsiko garai bateko kantitateetara, erdia euskaldunduta edo euskarara hurbilduta dagoelako.

Sistema edo hizkuntza politika berrian kokatuta, nire buruari galdetzen diot ea zer lortu nahi dugun geratzen zaigun beste erdiarekin. Orain arte ez ditugu erakarri edo ez dute beharrik sentitu gurera etortzeko. Ez dakit helburuak izan behar duen horiek ere euskalduntzea ala horientzat beste zerbait planteatu behar den. Horretarako beste sistema bat behar dugu.

Idoia Goñi: Ez da asko gelditzen esateko. Euskal hiztun ez den %50 hori nola erakarri gurera. Ez dakit sistemak eman duen eman beharrekoa, euskaltegiak trinkotasun handia [asteko ordu askoko ikastaroak] eskaini du urte askoan. Horrek eguneroko dedikazio handia esan nahi du. Pedrok esan du asko aldatu dela bizimodua. Trinkotasun gutxiagoko moduluak eskaini ditugu: astean bitan, larunbatetan, auto-ikaskuntza… Baina badago beste faktore bat: azken urteotan ez da batere beharrik sortu euskararekiko. Hizkuntza politikara noa berriro, ez da interesatu, ez da asmatu, inolako beharrik ez da sortu hiritarra kezkatuta egoteko. Jende askok kezka dauka hizkuntzak ikasteko; ingelesa ikasten da, alemana ikasten da, ez da merkea, baina badute euskarari eman ez zaion prestigioa. Azken urteetan gainbehera egin du ikaragarri. Horrek ez du jendea erakartzen euskaltegira.

Duela hogei urte zortzietatik hamarretara euskaltegia lepo edukitzen genuen, bazegoen militantzia eta euskaraz bizi nahia. Gaur egun badakigu perfila ez dela hori, askoz ere helburu finalistagoarekin dator euskara ikastera. Beharra oso hankamotz dabil, prestigioa falta du eta gure kontra doa erabat.

J. Olano: Ikaslegaiak %50 direla ari gara aipatzen. Nafarroan %80 da hori.

M. Mugika: Euskararen Legeak 30 urte bete ditu, helduen euskalduntze alfabetatzea lerro batean-edo aipatzen dela uste dut. Edozein hizkuntza normalizazio prozesutan bi zutabe daude garrantzitsuak: hezkuntza eta transmisioa, gurera ekarrita helduen euskalduntze alfabetatzea. Hezkuntzarako jarri diren baliabideak eta indarrak gurean jarri izan balira beste leku batean egongo ginateke beharbada. Eskubideak eta sarritan komentatzen dira. Erdara ikasteko beharra egon da hemen, baina euskara ikasteko eskubidea… ez dakit. Nafarroara edo Iparraldera joaten bagara, zer esan. Bestalde, ordaindu behar izatea... Norabidea ez da oso argi egon eta urteak pasa eta gero heldu gara heldu garen egoerara.

Pedrok esan du sistema zaharkituta dagoela. Gu arautzen gaituen legeak izango ditu… guk bezainbeste urte. Beharbada gaur egungo premiei ez die ondo erantzuten eta gizarteak dituen premiak gu ari gara erantzuten. Hizkuntza politika, sarritan, guk egin behar dugu, eta gu partaide gara, ez egile.

P. Lonbide: Eskolak egin du nolabait bere lana eta guk urte hauetan guztietan zenbat heldu euskaldundu dugun ere aldarrikatu beharrekoa da, jende piloa eraman dugu gizartera euskaldunduta. Geratzen diren horiek kezkatzen naute gehiago eta zergatik ez dugun lortzen gurera ekartzea. Horregatik aipatzen nituen sistema eta hizkuntza politika. Euskaltegi guztiak saiatu gara egoera berrira egokitzen. Mertxek esan du geuk egin dugula batzuetan hizkuntza politika. Askotan ateak itxita aurkitu ditugu ordea, trabak, arazoak izan ditugu eta horri aurre egitea oso zaila da.

Zergatik izan da halako ikasle kopuru jaitsiera? Zein dira zuen ustez faktore garrantzitsuenak?

J. Olano: Motibazioaren ahultze nabarmena gertatu da eta baliteke nire ikuspegia erabat baldintzatua egotea Nafarroatik natorrelako. Hala ere, iruditzen zait azken lau urteotan EAEn ere motibazioaren ahultzea gertatu dela. Askotan gasteiztarrei esaten genien, “oraintxe nafartzen ari zarete”. Diskurtsoak, 1999-2000. urteetan gure [Miguel] Sanz maiteak erabiltzen zuena ekartzen zigun gogora. Ingelesaren apologia adibidez.

Motibazio instrumentala edo finalista ere ahulduko zen, euskararen garrantzia jaitsi egin dela iruditzen zait handik [Nafarroatik] ikusita. Azken lau urte hauetaz ari naiz.

Hizkuntza ikasteak ahalegina eskatzen du eta ez da biderik errazten. Borondate politikoa falta da. Orain dela gutxi UPNko parlamentari batek esan zigun: “Oso gaizki irudituko litzaidake, zuek eskatzen duzuen bezala, jendeak ordaindu beharrik ez izatea euskara ikasteagatik, eta alemana edo ingelesa ikasteagatik ordaindu behar izatea”, gogorarazi zitzaion gaztelaniaz ikasteko nola antolatzen diren ikastaroak dohainik. Mentalitate horrekin herritarrak jasotzen duen mezua da…

I. Goñi: … ez dela bere hizkuntza.

M. Mugika: Aurtengo ikasturtean hiru faktore elkartu dira: krisi ekonomikoaren eraginez jendeak ez dauka dirurik matrikula ordaintzeko; ikasleentzako diru-laguntzak kendu dira; eta prestigioa falta zaio hizkuntzari.

I. Goñi: Gero eta ikasle gehiagok esaten du “nik ezin dut dirua aurreratu”. Esaten diozu, “udalak emango dizu diru-laguntza asistentzia betetzen baduzu”, “bai, baina orain ez daukat dirua aurreratzerik”.

M. Mugika: Hori asko ikusi da.

P. Lonbide: Ez da denbora asko batek hitzez hitz esan zidala: “Nik baditut orain 300 euro eta ordain nezake matrikula, baina diru horrekin nahiago dut antenista ikastaroa egin. Badakit errentagarriagoa izango dudala”.
Diruarekin lotuta; hizkuntza eskolak ere badira eta horiekin ere nolabait lehian ari gara. Han urteko matrikula 70 euro baldin bada, gurea 300 eta gehiago da. Sistemaren inkoherentzia horiek ere ikusten ditut.

J. Olano: Hemen ari naiz kanpotik zirikatzen, baina salbuespen dekretuarena [ikasleek euskara ziurtagiria izango lukete eskolan ikasketak euskaraz egiteagatik] ere deigarria egin zitzaigun. Horrek ere eragina izango du, motibazio instrumentalak halako pisua izanda.

M. Mugika: Dekretu bidez egoera bat aldatu dute, errealitatean inolako aldaketarik egin gabe. Dekretuz denak euskaldundu dira. Ez dut uste dekretua aldatuko dutenik.

P. Lonbide: Horrelako dekretu batek existitu behar du. Hala diogu: “Ez-dakit-zein oposaketetara noa eta ez didate gaztelania probarik egiten, eta euskarazkoa zergatik bai?”. Dekretua hortik doa, euskaraz ikasi baduzu, zer eskatuko dizut bada? Baina eskolak ematen dituen fruituak horretara iristen dira? Oso zaila da Gobernuak esatea “dekretua egin dugu baina eskolak ez du bermatzen”. Hori bermatzera jo beharko luke Gobernuak.

M. Mugika: Horregatik esan dut legea ez dutela kenduko, zure buruari ez diozu harririk botako. Baina errealitatea ez da aldatu eta derrepente kristolako iraultza eman du. Bestalde, ez da ondo azaldu, inork ez daki oso ondo lege horrek zer ekarriko duen. Hainbat ikastetxetan azaldu beharra izan dugu.

Euskaltegietan igarri al duzue?

P. Lonbide: Bai. “Ni libre geratu naiz eta ez naiz matrikulatuko”.

I. Goñi: Horrek egin zaitu euskaldun, eta erabili ere ez duzu egin behar, zeren bazara.

M. Mugika: Gainera, erdaraz esan, “entonces yo no tengo que…”. Ai ama!

P. Lonbide: Lehen esan duzu: hizkuntza politika askotan guk geuk egin dugu, euskaltegiek. Guk beste datu oso jende gutxik dauka, guri etortzen zaizkigu ikasleak eta guri egiten dizkigute komentario horiek guztiak. Horrelakoak entzunda nik esaten dut, baina hau ba ote daki jakin beharko lukeenak? Ez, ez daki, eta ez digute guri galdetu.

Sistema, hizkuntza politika… aipatu dituzue. Administrazioak zein egiteko du helduen euskalduntze alfabetatzean? Zer duzue eskatzeko?

J. Olano: Eskatu? [Nafarroako Gobernuari] Euskararen kontra ez egiteko, euskara gaixotasun kutsakortzat ez jotzeko. Aldekorik egingo ez badu ere, kontrakorik ez egitea, lehenbiziko urratsa hori litzateke. Euskara bultzatzeko borondate politikoa eskatzea txakur ametsa iruditzen zait. Vascuencearen Legea 1986koa da, lege txarra da, baina hori garatzean beste borondate bat izan balitz, aurrera egiteko aukerak emango zituen bere garaian. Baina ez da hori egin, izurriaren aurrean medikuak duen jarrera izan zen: ez zabaltzeko zer egin behar dut. Administrazioan euskararen erabilera arautzeko 2003ko Foru Dekretua, esate baterako, erabilera murrizteko dekretua da. Asko izan dira horrelakoak. Euskarabidearen lan praktikoa da Gobernuak emandako baliabide gero eta murritzagoak  gestionatzea. Helduen euskalduntze alfabetatzean, Nafarroako herri ekimeneko euskaltegiei, jasotzen zuten laguntzaren hiru-laurdenak kendu dizkiete azken hamaika urteetan.

Beste administrazio bat izango bagenu borondate politikoa eskatuko genioke, euskalduntze prozesua ontzat hartzea, onuragarritzat jotzea eta zabaltzeko borondatea izatea. 1999. urtetik hona Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika erasokorra izan da oso. Krisia aitzakia bikaina da, baina herri ekimeneko euskaltegiei murrizketa handiena 2005ean egin zieten eta orduan ez zegoen krisirik.

M. Mugika: Behin eta berriz entzun diegu esaten euskaltegiak estrategikoak garela, eta euskarak 300.00 hiztun irabazi baditu azken 30 urteetan, 100.000 inguru euskaltegiei zor zaizkiela. Hitz politak. Baina esanetatik ekintzetara pasa beharko gara. Euskarari dagokion lekua ematen bazaio eta helduen euskalduntze alfabetatzeari ere bai, alegia aitortza, hurrengo pausoa ematea eskatzen diot administrazioari. Zelan eman? Elkarlanean. HPSk [Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza] legea markatzen du, baina gurekin aritu beharko luke gu garelako ikasleekin lanean ari garenak, kateko azkenekoak.

Administrazioarekin elkarlana ahula al da orain?

M. Mugika: Asko dauka hobetzeko. Oso polito geratzen da “zuek estrategikoak zarete” esatea. Zer edo zer izango gara, urtero gure euskaltegietatik 35.000 ikasle pasatzen baldin badira. Zifrak izugarriak dira, Arabako hezkuntzako ikasleen bestekoa da. Asko da! Baina estrategikotasun hori jantzi egin behar da, baliabidez, onarpenez eta beste.

Bestalde, hizkuntza politikak askozaz transbertsalagoa izan behar du. Euskararen normalizazioan agente asko ari gara lanean, lan mundua, komunikabideak… eta horretarako politika transbertsalak behar dira. Adibidez, gu (AEK esan nahi dut) lehiaketa batera aurkezten garenean galdetzen digute ea berdintasun plana eginda daukagun, ingurumenarena… Horrelakoak eskatzen diren moduan zergatik ez dute galdetzen ea euskara planik daukagun? Transbertsala bada, eta euskara ezagutzea bizikidetzarako tresna oso inportantea ere bada. Mezu hori bidalita, igoal, esanetatik ekintzetara pasako gara.

Lurralde osoa kontuan hartuko duen hizkuntza politika ere eskatuko nioke, kontuan hartzea baino ez bada ere. Nafarroarekin eta Iparraldearekin akordioak izaten dira; akordio horiek izan daitezela euskarak aurrera egiteko.

P. Lonbide: Gizarteratzea edo… ez dakit nola deitu. Banakakoekin badakigu zer egin. Hor daukagu Jaurlaritza, nik uste dut oso urrun dagoela, egiten ditu kanpainak, helburuak markatzen ditu, baina ez da benetan iristen lurrera, herritarrarengana. Bestetik, hor gaude gu behetik gora egin nahian, baina ez dakit zenbateraino elkartzen garen. Eskatuko nioke hurbiltasun hori eta benetan hartzen dituen neurriak izan daitezela goitik eta beherainoko neurriak. Azter dadila neurri horiek edozein herritarrengana heltzeko zein baliabide erabili behar diren. Esate baterako, nola lortu edozeini sentiaraztea euskarak balio duela, aberasgarri izango dela beretzat, ez dela derrigorrezkoa EGA ateratzea… Lan hori guk egiten dugu, mezua (kanpaina) bai, baina gero ez dago ezer, ez dago ekintzarik hori garatzeko.

Administrazioko langileak gogoan, euskaldundu ditugun milaka eta milaka langileei errentagarritasuna ateratzea eskatuko nioke administrazioari. Konbentzituta nago ikaragarrizko esfortzua egin dugula, ikaragarrizko dirutza erabili da eta ez dugu lortu emaitza horiek izan beharko luketen efektu biderkatzailea gauzatzea. Euskaldunduta daude, baina daude euskaraz ikasita, puntu. Zer egiten duten ikasitakoarekin, nik frogatuta daukat ikasi zutela, eta gehienetan kito.

I. Goñi: Betikora goaz, borondate kontua da. Euskaldun sentitzen zarelako, saileko norbaitek bultza duelako… orduan frogatzen dugu erabili egiten dela. Baina euskaltegiok ez dakigu ikasitakoa noraino erabiltzen den. Neurketa hori oso garrantzitsua da eta egin beharko litzateke.

P. Lonbide: Oso garrantzitsua.

I. Goñi: Erkidegoan diru asko gastatu da herritar guztion kontura.

P. Lonbide: Asko. Ausartuko nintzateke esatera dirua bota dela. Bestalde, zehar-lerroarena ezinbestekoa da. Ezin da izan Eusko Jaurlaritzaren adarraren adarra, eta gainerakoek ez dute ez ikusi ez sentitu ere egiten. Hor gainean egon beharko luke, esanez, hemen daukagu beste aterki bat guztiontzat.

M. Mugika: Prestigioari begira, parlamentuko burua euskalduna da. Mahaiak euskaraz funtzionatzeko bideak jartzen dira… Prestigiorako akuilua da. Dena dela, hori albiste bihurtzen da Correon!

I. Goñi: Orain arte ez da ohikoa izan.

P. Lonbide: Normalkuntzarako legeak 30 urte dauzka!

M. Mugika: Ez da dirua, zeren esaten dizute, “orain ere dirua eskatzen” eta ez da hori. Bestelako zeharkako neurri batzuek sarritan diruarenak baino efektu handiagoa izaten dute.

J. Olano: Administrazioari badagokio eredu izatea hizkuntza praktiketan ere.

M. Mugika: Horixe da berba, eredu.

J. Olano: Baina ez dira hala. Nafarroan esaten diegu, egin keinua, has zaitezte parlamentariak euskara ikasten, hori da motibazioa lantzeko bidea, hizkuntzari prestigioa emateko bidea. Ez dute egingo, baina haiek ere garbi dute zein den bidea.

I. Goñi: Politikari batek ikasteko borondatea adieraztea sekulakoa iruditzen zaio herritarrari. Urteak eman ditzake irrati-telebistetan behar ez den bezala euskaraz hitz egiten. Oso keinu polita da, baina bost urte daramatzazu saiatzen. Ez dakit bada nik lehentasunak non diren…

J. Olano: Administrazioari eskatuko nioke  herritarrari zerbitzua euskaraz emateko gauza izateko. Motibazioa lantzeko modurik egokiena iruditzen zait.

I. Goñi: Administrazioari eskatu beharrekoak bi bidetatik jo beharko luke. Batetik, euskara ikasteko kanpainak suspertu beharko lirateke jendartean (maila gainditzeagatik ikasleei ematen zitzaien zuzeneko diru-laguntza, adibidez). Bestetik, sektorea indartzeko balioko luketen diru-laguntza iraunkorragoak eduki; izan ere, horrexek jarriko gintuzke aurrera begirako proiektu eta programa egokiak garatzeko moduan. Horrek ez du esan nahi egiten ez dugunik, baina egoera ekonomikoak, gurean ere, baldintzatzen gaitu, jakina.

Zein dira edo izan daitezke merkatu-sektore berriak?

I. Goñi: Sektore berria, merkatu berria… Uste dut ulertu dudala galdera, baina Joxerrak esan duenaren haritik, herritarrak ez badauka zerbitzu guztiak euskaraz jasotzeko eskubiderik, ez dakit zein merkatu berri ikertu behar dugun. Oinarrizkoa beteta bagenu.

Langabezian jende asko dago, orduak egitekorik gabe.

P. Lonbide: Merkatu berriak eta langabetuak aipatzea adibidez, atzerapauso handia iruditzen zait. Kontua ez da, “norbait euskaldundu behar dugunez hartuko ditugu jubilatuak, gero…”. Garai batean bai, administrazioko langileak, Ertzaintza, Osakidetza, justizia, kolektiboak deitzen genien, eta halako batean esan ziguten, “bukatu dira kolektiboak”. Merkatuak edo sektoreak baino, eginkizun berriak aipatuko nituzke. Orain arte eginkizun bat izan dugu, orain zertarako beharko gintuzke hizkuntza politikak? Gazteak adibidez, tituludunak izango dira dekretua dela-eta, baina horiei eskaintzeko ezer ez al daukagu? Badaukagu.

M. Mugika: Oraindino asko dira euskara ikasi behar dutenak, eta bada beste poltsa bat euskara hobetu behar dutenena. Horri lotuta hezkuntzarekin elkarlana egin beharko dugu, zenbait ikastetxetatik gurera etortzen dira. Erabilerarekin lotuta dauden kontuak ere elkarlanean egin beharko ditugu, eta horrek apur bat gure esparrua gainditzen du. Bestalde, lan mundua euskaldundu behar da, hor ere beste merkatu moduko bat daukagu eta hor ere sartuta gaude. Hor dago ESEP [HPSren Euskara Sustatzeko Ekintza Plana] eta goazen jartzera helburu neurgarriak. Lehengora noa, elkarlanera, oso atomizatuta gaude. Horretara asko bultza gaituzte, bakoitza bere bidetik ibil dadin.

J. Olano: Alorra sekulakoa dago, hemen alor zabala ikusten baldin baduzue Nafarroan zer esanik ez. Lau gaztetatik batek ikasten du gaur egun D ereduan. Pentsa erdaldun elebakarrak sortzeko nolako makina den hezkuntza.

P. Lonbide: Marko europarrak ez du bereizten ikasle eta erabiltzaileen artean. Edozein hizkuntza ikasten ari den hiztuna definitzen du erabiltzaile gisa, maila batekoa edo bestekoa izan. Ikasi eta erabili bereizketa egiteari utzi egin beharko genioke eta erabilera planak abian ipini, maila guztietakoak. Klabea iruditzen zait erabiltzailearena, bukaeran hori lortu nahi dugulako, ez bakarrik ikasi, ikasi eta ikasi, baizik eta benetan erabili.

Hurrengo galderarako abiapuntua eman duzu, Pedro. Nola uztartuko dituzte euskaltegiek ezagutza eta erabilera? Zein indar egin behar dute ezagutzan eta zein erabileran?

J. Olano: Mertxek esan du, “ez dagokigu guri bakarrik erabilera lantzea”. Erabilera… eta motibazioa ere gure kontu?

M. Mugika: Egiten dugu, e!

J. Olano: Nafarroan behin baino gehiagotan esan izan digute, “zuek egiten ari zareten kanpaina Gobernuak egin beharko luke”. Bai!
Asko aipatzen da erabilera, eta dudarik gabe garrantzi handia du, baina itsutu ere ez dugu egin behar. Dugun ezagutza tasarekin erabilera tasa ez da kaskarra, inondik ere. Hizkuntza fideltasuna handi samarra da. Arantzazuko fraidearena datorkit gogora: baserriko etxekoandreak afaria eskaini zion, “zer nahi duzu, arrautza parea ala txuleta?”; “etxekoandre, biak zergatik ez?”. Biak… eta hirugarrena ere hor dago eta behar besteko garrantzirik ez zaiola ematen iruditzen zait. Motibazioaz ari naiz, ikasteko eta erabiltzeko motibazioaz. Hori indartzen ez du inork asmatzen, ez guk, ez gainerakoek.

M. Mugika: Sorreratik ari gara ezagutza eta erabilera elkarrekin joateko bidea egiten. Euskaltegi guztiak ari gara horretan, metodologiak horra bideratuta daude, hain dira osagarriak biak. Gure erakundean ADNan daukagu.

P. Lonbide. Baina nahiz eta askotan planteamendua hori izan, ez dugu lortu.

M. Mugika: Ez dugunez lortu, denok hasi gara bestelako ekintzak eta programak egiten. Ikasleen onerako: dirutza ordaintzen dute, hainbat urte egoten dira, berriro gune erdaldunera doaz, eta berriro bueltatu behar izaten dute euskaltegira. Hortik jaio ziren berbalaguna eta horrelakoak.

I. Goñi: Jende askok esango dizu (Gipuzkoan ari naiz), “euskara hemen [euskaltegian] bakarrik erabil dezaket, nire ingurua ez da euskalduna”. Zure jarduerak euskaldunak izan daitezen ohiturak alda ditzakezu. Hortik atera zen Bagera [Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak antolatzen duen mintzalagun egitasmoa]. Ezagutzen ditugu ikasle batzuk ekimen horren bitartez abiatuko direnak gune euskaldunetara. Bestela esango dizu: “Nik ez dakit non erabili euskara”.

Euskaltegiek gune euskaldunetara hurbiltzeko bidea jartzen diezue ikasleei. Hori al da zuen egitekoa?

I. Goñi: Ataria gara. Gure lana da, eta noski, egiten dugu.

J. Olano: Hori ere bada gure lana.

P. Lonbide: Nik uste dut baietz. Ez dakidana da ikasleari hainbesteko esfortzua exijitu behar diogun eta dakiokeen: “Alda itzazu zure ohitura funtsezkoenak”. Tresnak eman behar zaizkio.

I. Goñi: Ez duzu inor behartuko berbalagunera joatera.

P. Lonbide: Askok esan dezakete, “nik hauek ez ditut inondik inora ezagutzen!”. Gauzak gehiegi aldatu gabe esan behar diogu: hemen, zugandik hurbil, gauza hauek dauzkazu, aprobetxatu. Erosketetara bazoaz aukera hau daukazu, irakurtzeko egunkari hau, interneten hau, lorezaintza egiten baduzu hau...

J. Olano: Ikaslea zaletzea deitzen diogu horri. Dituen aukerak aprobetxatzea. Eta atari garela ez dut zalantzarik. Giltza jartzen diegu eskuetan…

P. Lonbide: …eta eskutik eramaten ditugu.

Bizimodua aldatu dela eta ikasleek garai bateko ikastaro trinkoak nekez egiten dituztela diozue. Irakas moldeek zein norabide hartu behar dute?

M. Mugika: Segitzen dut pentsatzen trinkotasuna dela bidea, baina gaur egungo egoeran gure nahiak eta bezeroaren nahiak uztartu behar ditugu.

I. Goñi: Nahiz eta jakin ikasketa prozesua luzatu egiten dela.

P. Lonbide: Luzatu egiten da muga ipintzen diogulako. Igoal mugak desmitifikatu egin behar dira. Euskara erabiltzaile izango zara lehenengo egunetik eta zure gaitasunen arabera erabiliko duzu. Ez daukagu mugarik, lasai, horrela ere ikas dezakezu euskara, eta horrela ere erabiltzeko aukerak izango dituzu. Zeren planteatzen badiozu, astean bi orduz arituta zortzi urte beharko dituela ikasteko, nik neuk esango nuke, “utzi egingo dut”. Mezuak bestelakoa izan behar du.

M. Mugika: Halako mezua ematen dugu.

P. Lonbide: Baina administrazioak ez dakit zenbateraino… “Arinaiztarrak” eta horrelakoak entzuten ditugu.

M. Mugika: Elebitasun pasiboarena ere bai. Kontua da zein diskurtso geratzen den denon buruan. Dena dela, argi daukadana da ikas prozesua samurtu (ez dakit zein den erabili behar dugun berba) behar dela.

P. Lonbide: Samurtu, erraztu, zabaldu…

M. Mugika: Abaniko zabala dauka ikasleak, eta batzuetan euskaltegira etorri arte ez du ezagutu ere egiten. Beti ere zentzu positiboan aritu behar dugu, egiten duten esfortzua ikaragarria baita. Esaten badiozu zortzi urte behar dituela ikasteko…

P. Lonbide: Ez nator.

I. Goñi: EGA nahi badu eta astean bi ordu egiten baditu, esan beharko zaio zortzi urte behar dituela. Baina bai, norberaren helburuen baitan dago irakas moldea.

J. Olano: Orain, ordea, ikastaro trinkoak emateko kondizio bikainak dauzkagu, langabezia dela-eta.

Mahaikideak

Pedro Lonbide, Santurtziko Udal Euskaltegiko zuzendaria

Legazpin jaioa (Gipuzkoa), 1965ean. Gaur egun Santurtzin (Bizkaia) ari da lanean hango udal euskaltegian. Magisteritzan diplomatua, Bigarren Hizkuntzen Irakaskuntzan aditua, Psikopedagogia ikasketak burutzen ari da. 1986an hasi zen euskara irakasle lanetan eta hainbat lan egin ditu irakasleen formazioan.

Joxerra Olano, IKAko Barañaingo Sahatsa euskaltegiko irakaslea

Azkoitiarra (Gipuzkoa) da, eta urte asko daramatza Iruñean bizitzen. 1962an jaioa da. Sei urtez aritu zen Arabako Errioxako hainbat herritan, besteak beste, Guardia, Bastida eta Oionen. AEK-ko irakasle zen orduan. Orduz geroztik, azken 21 urteak IKAren Barañaingo (Nafarroa) Sahatsa euskaltegiko irakaslea da.

Idoia Goñi, Ilazki euskaltegiko irakaslea

Pasai-Antxon (Gipuzkoa) bizi da eta 1966an jaio zen. Magisteritza ikasi zuen Donostian; euskara hutsean jardun zuen lehenengo promoziokoa da. Itzulpengintza ikasketak egin zituen Martuteneko (Donostia) eskolan. Hainbat ikastolatan irakasle aritu ondoren, 1990ean Donostiako Ilazki euskaltegian hasi zen irakasle lanetan.

Mertxe Mugika, AEK-ko koordinatzaile nagusia

Elorrion (Bizkaia) jaio zen 1963an eta han bizi da. EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko Euskalduntze eta Alfabetatze ikasketa osagarriak egin ditu. Arlo profesional guztia AEKn garatu du; klaseak eman ditu, didaktika taldean aritu da eta gaur egun AEKren koordinatzaile nagusia da. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako HPSko Euskararen Aholku Batzordeko kidea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Helduen euskalduntze alfabetatzea
Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


2024-03-11 | Leire Artola Arin
Ostegunean hasiko da 23. Korrika Irunen, eta Esne Beltza eta Bad Sound taldeek girotuko dute eguna

Irundik Baionara 2.700 kilometro egingo ditu Korrikak, eta 16:00etan ekingo diote lehen kilometroari Bidasoko AEK-ko irakasleek, San Juan plazatik. Egun osoko egitaraua antolatu dute. ARGIAk jarraipena egingo du euskararen aldeko ekimen herrikoiak iraungo dituen 11 egunetan.


AEK-k paperik ez duten herritarrek euskara ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu du

AEK-k agerraldia egin du Irungo Oiasso museoan, Harrera Sarearekin elkarlanean.


Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa bueltan da

Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude