ARGIA.eus

2020ko ekainaren 01a
Mikel Irizar

"Euskarak poza eman behar du, ez pena"

  • Euskara elkarteen lehendakari, herri mugimendua argal baino ahulago dagoen honetan.

Aritz Galarraga @aritzgalarraga
2012ko abenduaren 16a

Ai, euskara elkarteak, erakundeen esku utzi dutela hizkuntza politika eta normalizazioa!

Delegatzeko joera egon da, oro har, baina erakundeak ez dira aski euskara berdintasun egoerara eramateko. Herritarron kemena ere behar da, erakundeen ahalmenarekin uztartuta.

Eta nola eragiten da normalizazioan hizkuntza gatazkarik sortu gabe?

Helburuak eta denbora ezkonduta. Non egon nahi dugu 30 urte barru euskarari dagokionean? Behin hori adostuta, zer egin behar den oso teknikoa da.

Hizkuntzaren gaia gatazka politikotik atera behar da, ados; baina politikaren erdigunean kokatuta?

Politika zeri deitzen zaion. Adostea eta hitzartzea ere politika dira. Eta euskarak hitzarmena behar du; gatazka egon dadila zergen, zaborren edo azpiegituren gainean.

Euskara aitzinatzeak erdaren atzeratzea eskatuko du, noski.

Erdarek toki gutxiagorekin ere ez dute sufrituko, hedadura handia eta hiztun asko dituzte. Euskarak aldiz gu bakarrik gauzka, hemen ez bada ez da inon indartuko.

Diskurtso modernoegia ez ote duen euskarak, historiaren eta eskubideen gaineko kalakan beti.

Euskarak marketina behar du erosiko badigute. Eta erosle bakoitzari bere arrazoia aurkitu behar diogu euskara erosteko.

Tokiko informazioa erosten has daitezela...

Gertukoaren interesak gainditu egiten ditu hizkuntzaren mugak. Tokiko komunikabideak nagusi izan ziren 90eko hamarkadan, euskarak urrezko domina lortu zuen hor.

Gaur krisiak banatzen ditu dominak, ez preseski urrezkoak.

Bai, eta euskal hedabideak lankidetzan irtengo gara krisitik. Tokiko 30 hedabide bildu gara Tokikomen, sektore osoa elkarte berrian.

Kalitatezko produktuak eskaintzeko helburuarekin, bistan da.

Nire belaunaldiak makina bat kubata negargarri edan zuen ikastolen alde. Hori bukatu da, gaur kalitaterik gabe ez dago bezerorik.

Eta hori nola uztartu euskararen normalizazio helburuarekin?

Gauzak ondo eginda. Euskarak poza eman behar du, ez pena. Euskarari indarrak metatzea komeni zaio, zaleak egitea, ilusioa piztea.

Bai eta euskarazko hedabideak hegemoniko izateko moduan daudela sinestea ere!

Euskal hedabideetan mila lagun inguru ari da lanean. Murdoch bera ere ezin da iritsi horretara. Lankidetzan aritzea bakarrik falta zaigu hegemoniko izateko. Eta hasi gara.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Soziolinguistika

Soziolinguistika kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2012ko abenduaren 16a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude