Mikel Estarrona

"Diala pribatizatzen ari dira, herritarren parte-hartzea ukatzen"

  • EAErako irrati frekuentzien banaketa 1986an egin zuen azkenekoz Eusko Jaurlaritzak. Berriki, dekretu polemiko baten bidez, hauteskundeen aurreko astean 34 lizentzia banatu ditu. Besteak beste, Onda Vascak 30 eskaeratik bakarra lortu du eta kanpoan geratu dira Ttan Ttakun, Gara Irratia, Bilbo Hiria eta Hala Bediren proiektu elebiduna. Baita Tas-Tas ere. Bilboaldean hogei urte emititzen daramatzan irrati libre eta komunitarioko kide Mikel Estarronarekin mintzatu gara.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2012ko urriaren 28a
"Gizartearen babesak ematen digu zilegitasuna, lizentziatik harago"

Nola baloratzen duzue Tas-Tas frekuentzia lizentzien banaketatik kanpo utzi izana?

Balorazio Mahaiak hautatu dituen irratiei jakinarazi egin die aukeratuak izan direla, behar den dokumentazioa prestatu dezaten, eta gero Gobernu Kontseiluak onartu behar du frekuentzien esleipena. Beraz, oraindik erabakia ez da ofiziala, baina behin betikotzat eman daiteke eta kanpoan geratu garela garbi daukagu, ez baitigute ezer komunikatu. Balorazioa ezkorra da, dialean egoteko eskubidea irabazia daukagula uste dugulako, diala espazio publikoa eta mugatua izanik ahalik eta pluraltasun eta aniztasun handienarekin banatu behar delako, formatu, gestio eta eredutan, baina ez da hala egin: alegia, hiru sektore nagusi daude, publikoa, zeinak baduen bere espazioa eta ez den lehiaketara aurkezten; komertziala, zeinari orain arteko lehiaketetan banatu diren lizentzien %100a eman zaion; eta komunitarioa, lizentzien %0arekin. Beraz, logikoena izango litzateke dialean ez dagoena lehenestea lehiaketa honetan, irrati komunitarioak garenak, eta tokikoak, baina ez da kontuan hartu ez komunitario izatea, ez tokikoa izatea.

Hain zuzen, egoitza nagusia Madrilen duten irrati-kateek lortu dute lizentzia gehien (SER kateak adibidez), irrati elebidunen kasuan.

Bai, betiko eskemari heldu diote, zegoen eredua bultzatzen jarraitzen dute: gaztelaniaz eta Madriletik egiten diren irrati-kate komertzialek dute gaur egun lizentzien %85-90. Errealitate sozialarekin eta herri honek dituen beharrekin zerikusirik ez duen irrati-mapari eusten dio azken erabakiak.

Lizentzien banaketa honek zenbaterainoko eragina du? Datozen urteetarako irrati-mapa finkatuko du ala atzera bueltarik izan dezake?

Tira, gauzak betiko direla esatea asko esatea da, baina frekuentziak gobernu legal batek banatzen baditu, hasiera batean behintzat horrek ez luke atzera martxarik, salbu eta helegiteak aurkezten badira egoera aldatzeko, adibidez lehiaketa baliogabetzeko. Aukera hori ez da baztertu behar, gauden egoeran helegiteak Jaurlaritza berriak ebatziko lituzkeelako, eta Jaurlaritza berria agian ez dago ados lizentziak banatzeko jarraitu den prozesuarekin. Baina baliorik gabe uzten ez bada, ondorengo urteetarako panorama definituko luke, hamabost urterako epearekin banatzen dira lizentziak –automatikoki luza daitezkeenak, kontrakorik ezean– eta ez dago aurreikusita frekuentzia planifikazio berririk. Bestalde, hauteskunde ataritan jardunean ari den gobernuak ez dakit zein neurritan izan dezakeen zilegitasuna horrelako erabakia hartzeko. Legalki beharbada izango du gaitasuna, baina etikoki ez da egokia 2006an abiatu zen lehiaketa hau korrika eta presaka ebaztea eta bortxatzea, agintea galdu behar dutelako.

Horrez gain, ez da aintzat hartu Kultura Sailak berak eskatuta joan den otsailean egindako txosten juridikoa, dekretuak juridikoki akats eta hutsune ugari zituela azaleratzen zuena.

Hala da, dena korrika eta presaka egin da eta zer pentsatua ematen du. Aurreko gobernuak 2006an atera zituen frekuentziak lehiaketara, dekretua prestatzeari ekin zion baina ez zuen denborarik izan, gobernu honek ez du ezer egin bukaera arte, iaz dekretu proposamena aurkeztu eta onartu, eta aurten deitu dute lehiaketara, proiektuak aurkezteko hilabeteko epea emanez. Eta orain, dena ebatzi nahi da. Oso azkar joan da guztia, ez dutelako utzi nahi erabakia hurrengo gobernuaren esku. Areago, diozun gisan, entzungor egin diote Eusko Jaurlaritzaren beraren zerbitzu juridikoek prestatutako txostenari, txostenaren arabera oinarriak gaizki daudelako eta aurrera ez jarraitzeko aholkatzen duelako.

Arrosa irrati libreen sareko hainbat hedabidek lizentzia banaketen dekretuko irizpideak kritikatu dituzue. Lehenik, euskara hutsezko irratientzat lizentzia gutxi banatu direla salatu duzue (34 frekuentziatik 11).

Egun EAEn dauden irrati lizentzien %80-90 gaztelaniaz bada, logikoki frekuentziak banatzeko aukera berri honek hori orekatzera jo beharko luke eta gutxienez lizentzien erdia euskara hutsezko irratientzat izan beharko luke. Horrez gain, dekretuak ez du gogoan izan errealitate soziolinguistikoa, zonalde bakoitzean banatzeko zeuden frekuentzia kopuruaren arabera hartu du erabakia, eta adibidez, Beasainen frekuentzia lizentzia bakarra zegoenez, ez da gorde lizentziarik euskara hutsezko irratientzat, zonaldean nagusiki euskaraz hitz egiten den arren.

Irrati elebidunen kasuan, apenas hartu den aintzat euskaraz egitea.

Hala da, gehienez 200 puntutik 10 lor zitezkeen arlo honetan eta guk 10ak ditugu, gure proiektua %60 euskaraz delako eta %40 gaztelaniaz. Baina euskara gutxi baloratzeaz gain, handia da dekretuak agerian uzten duen desproportzioa: hots, Madriletik egiten den irrati-kateak, kasik nahikoa du tokiko deskonexioetan “egun on” eta “agur” esan eta gainerakoa gaztelaniaz emititzearekin, gutxieneko eskakizuna betetzeko, programazioaren %5 euskaraz izatea. Horrekin jada, 5 puntu lortzen ditu irratiak, eta euskaraz %90 egiten duenak berriz, 10 puntu. Kanpoko irratiak saritzen ditu neurri honek. Beste horrenbeste programazioarekin: tokiko programazioa izatea oso gutxi baloratu da eta ondorioz arlo horretan ere apenas dagoen alderik bertako informazioaz ari den bertako irratiaren eta kanpokoaren artean.

Irrati komunitarioa izateak ere ez du puntuatu. Zergatik hartu beharko litzateke kontuan?

Hasteko, komunikazioan hiru sektore baldin badaude, publikoa, komertziala eta komunitarioa, nazioartean aintzat hartuak, hirurek lekua izan beharko lukete. Baina gainera, irratiak duen zerbitzu eta funtzio publikoaz ari bagara, irrati komertzialen helburu nagusia negozioa egitea da, errentagarritasuna; irrati publikoen xedea bai izan beharko luke zerbitzu publikoa, baina ikusten dugu une bakoitzean boterean dagoenaren interesen menpe daudela; eta hortaz, misio hori bete dezakeen sektorea komunitarioa da: ez du irabazi asmorik eta herritarren parte-hartze askea sustatzen du, komunikazioa eskubide unibertsala delako eta herritarra ez delako hartzaile edo kontsumitzaile hutsa. Kontrara, horrelako erabakiekin diala pribatizatzen ari dira, espazio publikoan herritarren parte-hartzea ukatzen.

Horrez gain, irratiaren esperientzia, zonalde jakin batean urtetan egindako lana ez du baloratu dekretuak.

Aurkeztutako proiektu guztiak zerotik aurkeztu ditugu, baina denetik dago, batzuek 20 urte daramatzagu, beste batzuek 10, 30…  eta badira azken orduan gaizki eta presaka iritsi direnak, dialari inongo aniztasunik eta ekarpen aberatsik egin gabe.

Kexatu zarete berme ekonomiko handiak eskatu dituztela epe motzean, baliabide gehiago dituzten korporazio handien mesedetan.

Adibide batekin azalduko dizut: Bilbon sei frekuentzia banatu dituzte, 8.000 watioko bi eta 4.000 watioko lau; irrati batek 4.000kora aurkeztu nahi badu, logikoena litzateke proiektu bat aurkeztea lau frekuentzia horietakoren bat eskuratzeko, baina ez, frekuentzia bakoitzarentzat proiektu bana (proiektu bera) aurkeztera derrigortu gaituzte eta hortaz, diru asko jarri behar izan dugu. Guk hamar frekuentzietarako aurkeztu genuen gure burua, Bilboko seiak eta Getxoko lau, eta horrek 64.000 euroko bermea eskatu digu. Guretzat ikaragarria da hori, urteko aurrekontua ia, baina SER bezalako kate batentzat huskeria da. Berme ekonomiko basati horien erruz, irrati txiki askok ezin izan dute beren burua aurkeztu eta proiektu ugari kanpoan geratu dira. Guk jendearen babesari esker lortu dugu dirua, deialdia egin genuen jendeari dirua uzteko eskatuz eta erantzun itzela izan dugu. Izugarria izan da ikustea jendeak gugan konfiantza duela eta krisi garaiotan dirua uzteko prest dagoela. Hori irabazi dugu, gizarteak irrati hau nahi duela ikusteak ematen digulako aurrera jarraitzeko indarra eta zilegitasuna, lizentziatik harago.

Dialaren egungo panoramaren aurrean, zein da soluzioa?

Herriak dituen komunikazio beharretan oinarritutako azterketa egin beharko litzaioke dialari. Ikus-entzunezko Komunikazioaren Euskal Legea botatzen dugu faltan, orain arte dekretua baino ez delako egin eta lege batek herritarren parte-hartzea eta eztabaida ekar lezake, gutxienez legebiltzarreko alderdi politikoena, dekretua zuzenean gobernuak berak onartzen baitu.

Eta hemendik aurrera zer? Helegitea aurkeztuko duzue? Lizentziarik gabe lanean jarraitzeagatik ondorio legalak jasan ditzakezue?

Guk, ziurrenik, eta behin betiko erabakiak ikusten ditugunean, aztertzen dugunean zergatik aukeratu dituzten batzuk eta zergatik ez bestetzuok, helegitea aurkeztuko dugu. Argi daukagu ez garela konformatuko eta ahal dugun guztia egingo dugula egokia ikusten ez dugun lehiaketa hori bertan behera uzteko. Bestalde, lizentziarik gabe emititzea arau-hauste administratiboa da eta Damoklesen ezpata izango dugu gainean, baina orain arte ez bada diala erregularizatu, ez dut uste orain egingo denik, are gutxiago gobernu aldaketa dagoenean. Nire ustez, diala bere kabuz erregularizatu dadin utziko dute, eta hori arazoa da, oihanaren lege bilakatuko baita: indartsuenak biziraungo du eta ahulena desagertu egingo da. Denak ez gara sartzen, Bilboaldean esaterako saturatuta dago diala, batzuek besteak oztopatzen dituzte, eta azkenean indartsuenak ahulena zapalduko du, potentzia handiagoko frekuentzia jarriz adibidez. Baliabide ekonomiko handirik ez, baina beste indargune batzuk ditugula erakutsi beharko dugu txikiok, babes soziala esaterako.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Irrati libreak

Irrati libreak kanaletik interesatuko zaizu...
2018-10-05 | Topatu.eus
Ospatzeko eta aldarrikatzeko, OkupaTU Gasteiz
MULTIMEDIA - erreportajea

Aurten urteurren borobilak dituzte Hala Bedi irratiak, Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana pilotalekuak eta Errekaleor auzo askeak. Urriaren 6an ospatuko dituzte OkupaTU Gasteiz egunean. Udalaren debekuen gainetik, ospakizun eta aldarrikapen egunera gonbidatu dute jendea, kalea denona baita.


2018-10-05 | Hala Bedi
OkupaTU Gasteiz Eguna: debekatu nahi izan duten egun baterako gida praktikoa

Nola izango da urriaren 6ko bazkaria? Zein izango da eguneko ekimen nagusia? Zenbat zutabe daude antolatuta? Zein da eguneko eskaintza kulturala? Galdera hauek eta askoz gehiago erantzun ditugu larunbateko OkupaTU Gasteiz Eguneko gida praktikoan.


Okupatu Gasteiz Egunaren antolatzaileek: "Ukatzeko arrazoi bakarra izena da".

Okupatu Gasteizeko kideek Okupatu Gasteiz Egunera gerturatzeko deia mantendu dute, debekua “zentsura politikotzat” jo eta Gasteizko Udalaren jarrera salatu dute.


2018-09-20 | ARGIA
Falangeak Hala Bediri egindako mehatxuak "adierazpen askatasun" ekintzatzat jo ditu auzitegi batek

Hilabeteetako jazarpenaren ostean, Falange Vasconavarraren sare sozialetako kontua salatu zuen Hala Bedik. Gasteizko laugarren instrukzio-epaitegiak emandako erantzunaren arabera, mehatxuok ez dituzte “adierazpen askatasunaren mugak gainditzen”.


Eusko Jaurlaritzak atzeratu egin du Mozal legearekin zigortutako Hala Bediko kazetariari jarritako isuna

Errekaleorren poliziaren esku-hartze bat grabatzeagatik Mozal legea ezarri zioten  Hala Bediko Mikel Saenz de Buruaga kazetariari eta urtebeteko prozesu administratiboa eta gero “kautelazko” neurriak hartu dituzte.

 

 


2018-06-01 | Hala Bedi
Entzun 'OkupaTUGasteiz' abestia, Ekaitz Samaniegoren letrarekin

Abestiaren basea Dj Lorok egin du eta ahotsetan Arabako zenbait musikarik parte hartu dute, Ekaitz Samaniego gasteizko preso politikoaren letrekin. Bestalde, urriaren 6ko egun handirako beroketa-lanak egiteko, jaialdia egingo dute ekainaren 10ean Gaztetxean, DJ lokalekin lagunduta.


Gala Bedi sari banaketa
Utopiari esker

Gala Bedi sari banaketaren kronika. Maiatzaren 18an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.


Utopiari esker

Gala Bedi sari banaketaren kronika. Maiatzaren 18an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.


2018-04-25 | ARGIA
Mozal Legea indargabetzeko exijitu dute Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean

Hala Bedi, Eleak/Libre eta Kaleratzeak Stop Araba Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean izan dira apirilaren 25ean. Alderdi politiko guztietako ordezkarien aurrean, Mozal Legea indargabetzeko exijitu dute beste behin, baita Mikel Saenz de Buruaga kazetariari ezarritako isuna bertan behera uzteko ere.


2018-04-18 | ARGIA
Hala Bedik auzitara eramango du Eusko Jaurlaritza, kazetari bati Mozal Legea ezartzeagatik

Ia urtebeteko prozesuaren ostean, Mikel Saenz de Buruaga Hala Bediko kazetariari ezarritako isuna berretsi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak: Herritarren Segurtasunerako Legea aplikatu zioten kazetariari Gasteizko Errekaleor auzoan polizia-operazio bat grabatzeagatik. Alegazio guztiak baztertuta, Mozal Legeak zigortutako Euskal Herriko lehen kazetaria izango litzateke Saenz de Buruaga.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude