"Izorratuenak babesteko gai ez bagara, ez dizkigute lan eskubideak itzuliko"

  • Iruñerriko Langabeen Kolektiboak 2011ko martxoan egin zuen lehen asanblada irekia, geroztik asteartero elkartzen dira Diputazioko eraikinaren aurrean, arratsaldeko 19:00etan. Egungo enplegu politikak salatzea eta irtenbideak bilatzea dute helburu. Asanbladak bat egin du irailaren 26ko greba orokorrarekin. Israel Gonzalez (Iruñea, 1981) asanbladako kidearen esanetan “greba soziala behar du izan, laborala baino gehiago”.

"Nolabaiteko lotura egon behar du lana dutenen eta ez dutenen artean, zeren eta enpresariek xantaia bezala erabiltzen gaituzte langabetuok. Hori hausten ez dugun bitartean, egoera jasanezina izango da guztiontzat".

Langabetuak, oraindik estigmatizaturik daude?

Lehen urruneko kontu bat izaten zen, baina orain gero eta herritar gehiago dago langabezian. Hala ere, estigma oraindik ez da hautsi. Badago jendea etxe barruan gordetzen duena miseria, dirurik eza eta bazterketa. Egoera hori kanporatzea oso gogorra da, senide eta lagunek ikustea pobrezian zaudela.

Asanbladak urrats hori ematen laguntzen du?

Langabetuen asanbladak horretarako ere balio du, egoera berdinean dagoen jendearekin hitz egiteko, babesa emateko. Lehenengo asanbladek elkarte anonimo bat ziruditen: bakoitzak kontatzen zuen bere historia, nola bizi zuen pobrezia… Situazio oso gogorrak zeuden. Eta beste norbaiti hori guztia kontatu ahal izateak asko laguntzen du.

Zerk bultzatuta hasi zineten biltzen?

Langabetuek euren ahotik aldarrikapenak egitea beharrezkoa zela ikusi genuen. Sindikatu batzuk fabriketako despidoen kontra borrokan ari dira, baina behin kalean geratuta, lanik gabe dagoen jende horrekin ez da ezer askorik egiten, egiaz gehiengo soziala den arren. Aurrekoan  datu bat publikatu zuten: Nafarroan bizi direnen %58 pentsionista da edo langabezian dago. Jende hori mobilizatu egin behar da.

Sindikatuek animatu zintuzteten beraz…

Bai, lehenengo bilera langabezian zeuden hainbat sindikatutako militanteek antolatu zuten, eta hortik irten zen asanblada irekia egiteko ideia. Gaztelu Plazan 40 lagun inguru elkartu ginen eta dekalogo bat adostu genuen.

Iruñean langabetuak lehenago ere antolatu izan dira, haien oinordeko al da hau?

1980ko hamarkadan langabetuen asanblada bat izan zen Iruñean. Gure asmoa ez da horren jarraipena izatea, guk langabezian dagoen jendea elkartu eta gure egoera salatu nahi dugu. Hemen badirudi inor ez dela errudun; ez da posible prentsaurreko batean mila langabetu gehiago daudela esan eta horren ardura inork ez hartzea.

Zuen leloa da paroan zaudetela baina geldirik ez. Bi urteotan egindako ekimenen artean, zein nabarmenduko zenuke?

Hilero-hilero asanblada ugari egin ditugu; parte hartzaileen kopuruak gorabeherak izan ditu, militante finkorik ez duen kolektiboa gara-eta. Oinarrizko errentaren gaia asko landu dugu. Nafarroan artikulu batzuk onartu dituzte langabetu gehienak laguntza horretatik kanpo utziz. Beste laguntza bat sortu dute lana lortu ahal izateko, baina txistea ematen du, uste dut 19 lagunek baino ez dutela jaso. Nafarroako Gobernuko gizarte-ongizateko egoitza okupatu genuen, egun horretan ongizatetik kanpo uzten gintuztela salatzeko.

Nafarroan krisiak gogor jo du, langabezia gehien igo den lurraldea da.

Enpresek krisia aprobetxatu dute “plantilla optimizatzeko”, azken batean jendea kaleratzeko. Horretan lagundu dute Zapateroren lehenengo erreformak eta Rajoyren azkenekoak, baina gobernu politikek ere zerikusia dute. Sailburuak ez dira kapaz izan EEE bat bera ere atzera botatzeko, aztertu ere egin gabe sinatu dituzte, sinatzea beharrezkoa zenean… Egiaz, enpresek barra-librea izan dute langileak botatzeko.

Datu handien atzean badaude beste batzuk: epe luzeko langabeen gorakada, gazteen langabezia tasa handia… Zerk larritzen zaituzte azkenaldian?

Enplegu politikek jada ez gaituzte harritzen, enplegu publikoa murrizteko dinamikan sartuta baitaude. Azkeneko kasua Iruñeko Alde Zaharreko liburutegikoa izan da: enpresa pribatu batek gestionatuko du, Gobernuak ez duelako aurrekonturik bi langileren soldata segurtatzeko. Gehien larritzen gaituena da jendea babesgabetasun erabatekoan geratzen ari dela. Badaude murrizketa batzuk Madrilek onartu baina Nafarroan kudeatzen direnak. Ezin da oinarrizko errenta ezabatu, 400 euroko laguntza gehiago konplikatu, langabezia-saria %10 jaitsi… Babesgabetasun soziala orokortzen ari da eta lehen pentsaezina zen geruzetara iristen ari da. Dena den, okerren etorkinak ari dira pasatzen, momentu honetan osasun publikotik eta oinarrizko errentatik kanpo daude; euren jatorrizko herrira itzultzeko atea ireki diete azken finean.

Langabezian egonik, murrizketa horiek guztiak are gehiago nabaritzen dira…

Guretako gehienek ez dugu sekula laguntza horien beharrik izan. Baina gizarte-langileekin harremanetan jarri eta konturatzen zara labirintoa gero eta zailagoa dela; bilatzen duten bakarra da jendeak laguntzak ez eskatzea, dirua aurreztea. Obra erraldoiak finantzatzen dituzte, AHTa edo Arantzadiko baratzetakoa kasu, eta aldiz, guri labirintoa konplikatzen digute. Murrizketen kontu honekin lanean ari gara hainbat talderekin: etxetik kanporatuen plataformarekin, gizarte-langileekin, immigranteen kolektiboarekin… Gezurra galanta iruditzen zaigu esatea ez dagoela beste alternatibarik; murrizketak eskuinekoak dira beraiek eskuinekoak direlako.

Eta zein irtenbide konkretu proposatu duzue?

Lanaren banaketa proposatzen dugu. Nola iritsi horretara? Administrazio publikoan ordu estrak debekatu daitezke, esaterako. Aurtengo aurrekontuetan 5 milioi euro bideratu dituzte ordu horiek ordaintzera. Lan-eguna ere murriztu daiteke, 35 ordurantz joan enpresa publiko eta pribatuetan. Honek guztiak 60.000 lanpostu sor ditzake Hego Euskal Herrian.  Proposamena enpresa komiteetara eraman dugu, langileek bertan eztabaidatu dezaten, eta orain udaletan ere hasiko gara, eskatuko diegu euren langileek ordu estrarik ez egitea eta azpikontratatzen dituzten enpresa pribatuei ere berdina exijitzea baldintza-pleguen bidez.

Neurri horiek administrazioaren bizkar geratzen dira. Baina zer egin dezake herritarrak egunerokoan?

Profesionalen zerrenda moduko bat osatu dugu. Alde Zaharrean eta Txantrean hasi gara, auzoko profesionalak apuntatzen ditugu bertan (iturginak, igeltseroak…) eta saiatzen gara zerbitzu horiek behar dituzten auzotarrak, langile kualifikatu horiekin kontaktuan jartzen. Bizilagun batek iturgina behar duela? Bada auzoko iturginari deitu diezaiola. Auzoan lan gehiago sortzeko sarea da.

Ekonomia sozialaz asko hitz egiten da orain, kooperatibez, langileek erabakiak hartu ahal izateaz.   

Badago beste ekimen bat, oraintsu martxan jarri duguna: herri-bazkarietan eta horrelako ekitaldietan zerbitzua emateko catering kooperatiba bat sortu dugu, langabetuen asanbladan parte hartze dutenek gutxieneko diru-sarrerak izan ditzaten. Horrez gain, modu batean edo bestean, badago jendea Arantzadiko baratzetan lanean ari dena. Interesgarria iruditzen zaigu elikadura burujabetzaz hitz egiten hastea, batez ere badagoelako jendea zer janik ez duena, horretarako dirurik ez baitu.

Egoera horiek ezagutu dituzue asanbladetan?

Bai, badago jendea oso diru gutxirekin hilabetea igarotzen duena, 100-150 euroz ari gara. Ideia bat egin dezazun: batzuei izugarri kostatzen zaie asanbladetara etortzea, Iruñeko beste puntan bizi dira eta Villabesak balio duen euroa ordaintzea sekulako sakrifizioa da eurentzat.

Zein dira herritarrek jasaten duten egoeraren errudunak?

Sistema bera da, kapitalismoa. Eta beherago joz gero, Angela Merkel eta Europako Banku Zentrala aitzakia bat besterik ez dira, beti besteari botatzen diogu errua. Barcinaren diskurtsoa da Madrildik datozen arauak bete behar dituela, Rajoyk dio ezin duela ezer egin...

Baina sistema guztiok osatzen dugu.

Ez dut ukatzen hein batean errurik ez dugunik, behar genuena baino gehiago kontsumitu dugu-eta. Baina bestaldetik, gobernatzen gaituztenek diru publikoa xahutu dute, ezertarako balio ez duten azpiegiturak eraiki dituzte, hor daude Los Arcos-eko zirkuitua, Navarra Arena… Beraiek dute errua, zementuan oinarritu dira jendearegan beharrean.

Enpleguaren mahai bat osatzea eskatu zenuten. Nola dago kontua?

Parlamentuko lan-batzorde batean izan ginen eta eskatu genuen enpleguaren mahaia osatzea. Alderdiei proposatu genien ideia hori, eta batzuek bere egin zuten, baina ez du beste biderik egin. Guretzat interesgarria da langabetuek ahotsa eta botoa izatea balizko mahai horretan.

Ekainean Herri Ekimena izeneko plataforma sortu zen. Zertarako balio du halako plataformetan elkartzeak?

Ona da momentu honetan kolektibo eta taldeak batzea, eta Herri Ekimena anitza eta irekia da. Egia da badaudela kolektibo batzuk beste plataforma batzuetan bilduta, nolabait esatearren, beste sektore batzuei atxikiagoak. Bilatu beharra dago zerk batzen gaituen mugimendu sozial guztiak eta hortik aurrera lan egin.

Azkenaldian enpresa komite batek manifestazioa deitu eta beste enpresetako langileek ere parte hartzen dute, Orkoiengo Kayabarekin gertatu zen gisan. Elkartasuna areagotzen ari dela dirudi.

Ematen du baietz. Lanean eta langabezian gaudenon arteko marra gero eta meheagoa da, enplegu finkoa ametsa da. Krisiak berak behartu ditu langileak eta enpresa komiteak bat egitera. Kayabaren manifestazio hartan langabetuen asanbladak ere parte hartu zuen; kazetari batzuek ez zuten hori ulertzen.
(...)
Gure ustez nolabaiteko lotura egon behar du lana dutenen eta ez dutenen artean, zeren eta enpresariek xantaia bezala erabiltzen gaituzte langabetuok. Inasan gertatu zen, Irurtzunen: “Ez duzuela metalaren hitzarmenaren minimoekin lan egin nahi? 48.000 pertsona daude zuen lana hartzeko prest”. Xantaia hori hausten ez dugun bitartean, egoera jasanezina izango da lanean daudenentzat eta lanik ez dutenentzat.

Irailaren 26an greba orokorra izango da. Zergatik babestu duzue?

Beharrezkoa iruditu zaigu mugimendu sozialek ere grebarako deialdia egitea, ez bakarrik sindikatuek. Langabezian dagoen jendeak, pentsionistek, gazteek greba babestu eta egin behar lukete, edukiz bete behar dute egun hori, greba soziala izan behar du laborala baino gehiago.  Azkeneko erreformekin lan eskubideak ezerezean geratu dira eta orain eskubide sozialak ez galtzeko borrokatu behar dugu, izorratuen dagoen jendea babestu behar dugu. Ez bagara kapaz hori egiteko, lan eskubideak ez dizkigute itzuliko.

Eta grebak horretarako balioko du?

Aurreko grebak Nafarroan balio izan zuen koalizio gobernua hausteko. Greba hark PSN atzera egitera behartu zuen, bere boto-emaile askok ere greba egin baitzuen. Honakoak Barcina bera derrigortu behar du atzera egiten. Dena den, egun bakarreko grebek harago jo behar lukete, autoafirmaziorako balio dute, baina hortik aurrera jarraipena behar da. Azkeneko grebaren biharamunean hainbat lagun San Lorenzo elizan itxi ginen borrokak jarraitu behar duela aldarrikatzeko.

Oraingoan ere halako ekintzarik egingo duzue?

Diputazio aurrean biltzen garenon artean eztabaidatzen ari gara, baina oraindik ez dugu ezer itxita.


ASTEKARIA
2012ko irailaren 23a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Langile bat hil da Arrasaten; urtea hasi denetik, 17

Astelehen arratsean gertatu da ezbeharra, Arrasaten, hiru metroko sakonerara erorita.


Eguneraketa berriak daude