ARGIA.eus

2021eko apirilaren 12a

Psametiko faraoia lehen hizkuntzaren bila


Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2012ko irailaren 09a
Psametiko I.a Ra jainkoari eskaintza egiten, faraoiaren hilobiko erliebe batean (Tebas).
Psametiko I.a Ra jainkoari eskaintza egiten, faraoiaren hilobiko erliebe batean (Tebas).

Egipto, K.a. 664. Uahibra Psametiko faraoi izendatu zuten, eta, hala, XXVI. dinastia, dinastia saita, abiatu zen. K.a. 610ean hil zen arte, mende erdi pasatxoko agintaldi luze eta oparoa izan zuen. Egiptoren independentzia lortu zuen Asiriar Inperioarengandik bananduta eta, gerraren buruhausteak eta galdera ekonomikoak ahaztuta, Egiptok distiratzeko ahaleginak egin zituen. Ahalegin horiek, oro har, emaitza bikainak izan zituzten egiptoarren ekonomian eta kulturan, baina Psametiko I.aren proiektu kultural guztiek ez zuten arrakasta izan.

Faraoiak bere herria munduko zaharrena zela uste zuen, lehen gizakiak egiptoarrak zirela, alegia. Ustea enpirikoki frogatu nahi zuen, eta, horretarako, munduko lehen hizkuntza –eta, beraz, lehen gizakiak– aurkitzeko esperimentu bitxia prestatu zuen.

Herodoto (K.a. 484-425) historialari eta geografo greziarrak jaso zuenez, faraoiak bi haur jaioberri artzain bati emateko agindua eman zuen, hark hazi zitzan. Artzainak ez zuen gizakiekin inolako harremanik izango eta debekatua zuen haurrekin hitz egitea. Hala, inolako giza eraginik gabe eta hizkuntzarik entzun gabe, haurrek zentzurik gabeko soinuak egin ohi dituzten garaia gaindituta, Psametikoren bi giza akuriek esaten zituzten lehen hitzak gizakien jatorrizko hizkuntzarenak izango ziren. Ondorioz, hizkuntza horren hiztunak lehen gizakien ondorengo zuzenak izango ziren.

Esperimentuak bi urte bete zituenean, artzainak  faraoiarekin biltzeko baimena eskatu zuen. Haurrek lehen hitzak esan zituzten, eskuak luzatzeaz bat, zerbait eskatzen ariko balira bezala: bekós, bekós.

Ez artzainak, ez faraoiak, ez zekitenez hitz horrek zer esan nahi zuen, agintariak jakintsuen batzordea bilduarazi zuen, hitzaren jatorria eta esanahia aurkitzeko. Hainbat egunetan eztabaidan aritu ondoren, zera ondorioztatu zuten: hitza frigierazkoa omen zen eta “ogia” esan nahi omen zuen. Frigiarrek ia Anatolia osoa –egungo Turkia– hartzen zuten garai hartan.

Beraz, faraoia oker zegoen, egiptoarrak ez ziren lehen gizakiak (eta artzainak ez zituen bi haurrak ondo elikatu, jakintsuen batzordea zuzen egonez gero, behintzat).

Batetik, bistan da Psametikoren esperimentuak ez zuela inolako oinarri zientifikorik, ez eta zentzu handirik ere, gaurko hizkuntzalaritzak erakusten diguna aintzat hartuz gero. Alegia, hizkuntza guztiek antzinatasun bera dutela, eta guztiek dutela jatorria ari berean.

Hala ere, Psametiko ez zebilen gizakiaren jatorria zein den asmatzetik oso urrun; orain arteko Homo Sapiens arrasto zaharrenak Etiopian aurkitu zituzten arkeologoek, egiptoarren zibilizazioaren oinarri izan zen Nilo ibaiaren iturburuetako batetik hurbil.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Egiptologia

Egiptologia kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2012ko irailaren 09a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude