Independentisten aukera berriak

BERLINGO harresiaren erorketa, SESBen desagerpena, estatu berrien sorrera… Gogoratzen? Krisi guztietan dira aukerak eta egungoarekin ere Europako hainbat herrik izan dezake berea. Aukera horiek sustatu nahi dituzte joan den astean Sardinian sortutako Europako alderdi independentisten elkarrizketarako sare berriak.

2014a hurbildu ahala Eskoziako erreferendumak haize emango die Europako mugimendu independentistei. Azken urteetan, adibidez, independentziaren ideia bereziki indartu da Katalunian, eta horren ispilu izan zen iragan martxoan Kataluniako Biltzar Nazionala eratu izana.

Espainiako Konstituzio Auzitegiak 2010ean katalanek onartutako erreferenduma atzera bota izanak hegoak eman zizkion mugimendu independentistari. Egungo krisiak, Kataluniaren erreskateak eta itun fiskalaren inguruko ika-mikek ere berau sendo elikatzen jarraitzen dute. Katalanen gehiengo oso handiak amorruz bizi ditu Madrilgo inposaketak, beste kontua da horietako zenbatek bereganatzen duen independentziaren ideia, baina gero eta gehiagok.

Datorren Diadaren egunean, hilaren 11n, izango da neurgailuetako bat: inoizko independentziaren aldeko manifestaziorik handiena egin nahi du Kataluniako Biltzar Nazionalak. Artur Masek azkenean manifestazioan ez izatea erabaki zuen, baina bere gobernuko kideek publikoki aitortu dute manifestazio arrakastatsua desio dutela, horrek hilaren 20an Masen posizioa indartuko duelako Mariano Rajoyrekin izango duen bileran.

Bai, baina ez, hori da CiUren etengabeko posizioa independentziarekiko eta orain arte behintzat baliagarria izan zaio. Horren adibide da Kataluniako Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan 62 eserleku atera zituela (135etik). Baina ez da zalantzarik oso argi ibili beharko duela herritar askoren independentzia nahiarekin, bere oinarriaren zati handi batekin besteak beste. Masek berak ere bere botoarekin sostengatu zituen 2009ko erreferendumak.

Ordezkaritza instituzionala lortzea eta banaketa dira Kataluniako independentismoaren arazo nagusienak. Independentzia argi eta garbi bultzatzen duten alderdiek, adibidez, 14 boto besterik ez zituzten lortu 2010eko hauteskunde autonomikoetan. Eta banaketak ere ez dira atzo gauekoak. ERC eta Solidaritat-en arteko ika-mikak eta harreman txarrak ohikoak dira Legebiltzarrean, eta azken udal hauteskundeetan gehien hazi den mugimendu independentistak –CUP ezkertiarra (20 zinegotzitik 121era)–, ez du Biltzarrak deitutako manifestazioa sostengatuko.

Egungo autonomiarekiko jokaera eta, bereziki, itun fiskalarekiko desadostasunak dira une honetako arazo nagusiak. Solidaritatek eta CUPek, adibidez, errotik baztertzen dute Espainiarekin edozelako itun fiskal egitea, eta ERCk, ICV eta CiUk argi ikusten dute itun fiskala behar dela (EAEko kontzertuaren gisakoa). Datorren asteartean ikusiko dira manifestazioaren arrakasta maila eta bere ondorioak, baina ez da zalantzarik independentismoak gora darraiela Katalunian. Eta bitxienetakoa –seguruenik hemen horrela ez delako–, independentismoaren indarra, alderdietan baino, herri mugimenduetan dagoela, oraingoz behintzat.

ETA EUSKAL INDEPENDENTISMOA? Ez da zalantzarik hainbat faktorek berau indartu egin dutela, nagusiki egoera politiko berriak. Batetik, independentzia argi eta garbi aldarrikatzen duten Bilduk eta Amaiurrek emaitza ikusgarriak lortu dituzte azken hauteskundeetan, eta bestetik, Espainiaren egoera larria medio, harengandik urruntzeko ahotsak gero eta ozenagoak eta zabalagoak dira, baita jeltzaleen artean ere.

Independentismoa indartsu da Euskal Herrian, baina ez du garbi independentziarantz nola egin. Batetik Ipar Euskal Herrian eta, batez ere, Nafarroan, abertzaletasunak gehiengorik ez duelako, eta bestetik, eta nagusiki, EH Bildu eta EAJren artean bide hori egiten hasteko adostasunik ez dagoelako. Krisiak eta ETAren ondorengo aroak aukera berriak jarriko dituzte mahai gainean eta mugimendu abertzaleak hausnarketa sakona egin beharko du independentziarako estrategiak birpentsatu, adostu eta indarrean jartzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskoziaren independentzia
2023-06-12 | Leire Artola Arin
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ohia atxilotuta izan dute zazpi orduz

Kargurik gabe aske utzi du Poliziak, galdekatu ostean. Susmagarri gisa atxilotu dute, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren finantzaketaren inguruan irekita jarraitzen duen ikerketa baten harira. Bigarren erreferenduma egiteko dohaintzan jasotako diruari lotuta dago kasua.


2022-11-23 | ARGIA
Londresen baimenik gabe, erreferendum legalik ez
Eskoziari erabakitzeko eskubidea ukatu diote Erresuma Batuko Auzitegiek

Bi hilabeteren buruan eman du ebazpena Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak: Eskoziako parlamentuak ez du independentziari buruzko galdeketaren inguruko legeak egiteko eskumenik, ezinbestekoa da horretarako Westminsterreko parlamentuaren onespena.


2022-10-11 | Leire Artola Arin
2023an independentzia erreferenduma egiteko asmoa berretsi du Eskoziako lehen ministroak

Britainiako Auzitegi Gorenak orain erabaki behar du legezkoa den ala ez Erresuma Batuko Gobernuaren onespenik gabe 2023ko urriaren 19an erreferenduma egitea. Sturgeonek ziurtatu du baimenik eman ezean hauteskundeak baliatuko dituztela independentzia galdeketa gisa.


Olatu berria Eskoziatik?

Denbora azkar pasatzen da, are gehiago pandemiaren eraginez bi urte hain geldo eta arraro bizi ostean. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak, ekain amaieran, iragarri zuen 2023ko urrian herrialdearen independentziari buruzko kontsulta berria egiteko asmoa duela, eta horrek... [+]


2022-07-06 | ARGIA
Eskoziako bigarren independentzia erreferendumari ezezkoa eman dio Boris Johnsonek

Independentziari buruzko bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak joan den astean. Ezezkoa erantzun dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak


Eguneraketa berriak daude