"Aitak erakutsi zigun nafarrak euskaldunak garela, begira zer nolako aurkikuntza, e?"

  • Javier Ciga margolari iruindarraren etxean izan gara Gurutze alabarekin solasean. Artea  darie Zangoza kaleko pisu horretako hormei. Cigaren erretratuaren aurrean eta gerra garaian hainbeste abertzaleren bilgunea izandako egongela berean arteaz, bizitzaz eta baloreez aritu gara hitz eta pitz. Gaur Gurutze da elkarrizketatua baina mahai borobil horrek ere hizketan baleki!

Dani Blanco

Zer moduz zaude, Gurutze?

Laboaren txoria naiz. Zaharreriak hegalak moztu dizkit. Lehen autoa hartu eta Elizondora joan, handik Elbetera, gero Alkurruntz mendira… Hori da nire bizitza eta mendi horiek behar ditut ikusi. Zaharreriarako ez zaitu inork ere prestatzen. Zorionez margotzea, irakurtzea, musika entzutea… biziki maite ditut eta ibili ezinean nagoenean etxean gelditzen naiz horiez guztiez gozatzen. Hau da nire babeslekua. Gainera maitatzeko gaitasuna dut nik. Dirutan ez baina adiskidetan aberatsa naiz. Ondare ikaragarria dut alde horretatik. Oso maitatua sentitzen naiz eta hori ez da gutxi bizitzan.

Hori gurasoengandik ikasia duzu?

Niri balore-eskala eman zidan aitak. Nati ahizpa nagusia elbarritua gelditu zen. Istripu batean bizkarrezurra hautsi zitzaion 20 urte inguru zituela. Beste ahizpa alzheimerrak jota izan dut hemen urte askoan. Hainbeste maite duzun eta erantzuten ez dizun landare moduko pertsona batekin bizitzea oso gogorra da. Niri egokitu zait ama, aita, ahizpak eta anaia zaintzea. Bizitza ez da arrosa kolorekoa eta balore horiek txiki-txikitatik eman behar dizkizute. Gazteek gaur egun ez dute balore-eskalarik eta ezin dira zoriontsu izan. Batzuetan pentsatzen dute unean unekoa dela garrantzitsua, gustura egotea, whisky bat edatea… Parrandazale handia izan naiz ni, baina badakit, ordea, soilik horrekin ezin dela zoriontsu izan.

Balore-eskala argia baduzu, konprometitzen eta sakrifikatzen zara. Zerbait aukeratzen duzunean ezin duzu utzi aspertzen zarelako. Nik zinez sinesten dut adiskide bat dela pertsona batek eduki dezakeen ondarerik handiena. Aitaren gene asko daukat. Goxoa zen, inuzentea. Egiazko bohemioa zen aita eta ez zen ohartzen ezta zer prezio zuten patatek ere. Hori oso polita zen. Izarretan bizi zen baina egun batean handik erori eta lurrean ikusi zuena ez zitzaion batere gustatu.

Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Munduko zoriontsuena. Aitatxi-amatxik Etxenikea ostatua zuten Elizondon. Txikitako garaiak oso politak izan ziren. Gehiago bizi izan nintzen Elizondon aitatxi-amatxirekin Iruñean baino. Han hasi nintzen eskolan eta gero Korazonistekin. Ondoren batxilergoa Iruñean egin nuen. Elizondo maite dut, natura maite dudalako. Aitatxik bi txikienak hartu eta mendi guztietara eramaten gintuen. Hiru solairuko etxe handia zen hura, baratze ederrarekin, eta zaldiak ere bagenituen. Nire etxekoak langile xumeak izan dira beti. Izen handikoak, ez diruagatik, idealistak izateagatik baizik. Ariztia etxea oso errespetatua izan da beti. Gerra ondoren ere kontuan hartu gaituzte, nahiz eta gu gorri separatistak, Elizak erretzen zituztenetakoak eta abar izan.

Parisko egonaldia benetan garrantzitsua izan zen zuen aitarentzat. Modernitatea eta kostunbrismoa uztartzen ikasi zuen han.

Nicanor Urdanpilleta mezenas izan zuen Parisen. Familia baztandarra zuen eta izugarri gustatzen zitzaion ongi bizitzea. Behin Sanferminetan Cigaren kartel bat ikusi eta aunitz gustatu zitzaionez proposatu zion Parisera ikastera joatea. Han izan zen 1912tik 1914ra eta artista handienak ezagutu zituen. 1914an Mercado de Elizondo koadroarekin lortu zuen Parisko Saloi Handian, Europako nazioarteko erakusketa ospetsuenean sartzea. Baina Lehen Mundu Gerra iritsi eta han utzi behar izan zituen estudioa, pianoa, zilarrezko mahai tresnak… Hona itzuli eta 19 urteko Eulalia Ariztia elizondoar mokofinarekin ezkondu zen. Hasieratik amak nahi zuen alabak maistrak izatea eta piano bat etxean izan, ez soilik zartaginak. Ez gintuen ezkontzeko prestatu. Goi mailakoa izan arren, emakume langilea zen, xumea. Hala ere, elite guztiarekin ibiltzea egokitu zitzaion gero.

Abertzaleak amaren familiatik eta berdin aita zena ere. Zuekin gai hauetaz hitz egiten zuten?

Aitak erakutsi zigun nafarrak euskaldunak garela, begira zer nolako aurkikuntza, e? Hitz egin baino gehiago ekin egiten zuen. EAJren hastapenetan parte hartu zuen hemen. Arturo Campion eta garai horretako euskaltzale handien oso laguna zen, ikaragarri gustatzen zitzaion Navarro Villosladaren obra, oso kultur zalea zen, irakurtzea maite zuen… Iruñeko Udalean zinegotzi izan zen 1920tik 1923ra eta 1930etik 1931ra. Barne oneko pertsona zen, inozo hutsa, eta horregatik 1938an atxilotu eta kartzelara bidali zuten. Esaten zuen Frantziara ez zuela ihes egin behar berak deus txarrik egin ez zuelako. Azkenean UGTko batzuek Elizondora eraman eta gero bertako okinaren bidez muga pasatzeko laguntza eman izana leporatuta atxilotu zuten. UGTkoak ez ziren, bat gutxienez fraidea baitzen.
    Ama, aldiz, erabat kontrakoa zen. Matahari erabatekoa. Bere familian espioitza lanak egiten zituzten, agiriak gorde, jendeari Frantziara pasatzen lagundu... Amatxok bazekien zergatik egiten zuen guztia. Etxe hau aunitzen babeslekua izan da. Hemendik pasa dira Aizpea Goenaga, Joseba Elosegi, Koldo Mitxelena, Juan Ajuriagerra, Julia Fernandez, Nestor Zubeldia, Joxe Agerre… Amaren anaia eta ahizpa bat harrapatu eta Madrilen kondenatu zituzten erresitentziari laguntza emateagatik. Ez zituzten hil baina bai bost urtez hemengo kartzelan itxita eduki. 15 urte motzekin hiru ahizpak egunero bizikletaz joaten ginen janaria eramatera. Lotsagabe esaten ziguten gona-praka janzteagatik edota erretzeagatik. Behin marrubiak ardoarekin eraman genizkion osabari. Ateko soldaduak esan zuen ezin zela ezta alkohol tanta bat ere sartu, orduan hartu eta den-dena edan nuen bere aurrean. “Tori, ongi lehortuak dituzu orain marrubiak”, esan nion. Atxilotu aurretik egun batean osaba bisitan agertu zen Elizondoko etxean. Anaia txikiak, Migeltxok, atea zabaldu zuen eta hura ikusitakoan segituan itxi zuen beldurraren beldurrez, berak bazekielako hori ez zuela ikusi behar. Zuk uste duzu hori dela ume bat hazteko modu egokia? Zure etxean bertan bekatuak nonahi ikusten? Beldurrez bizi izan gara.

Gerrarekin batera miseria iritsi zen.

36koa ikaragarria izan zen. Dena kendu ziguten. Seme-alabei irakatsi behar zaie zein gogorra den bizitza eta mana ez dela zerutik iristen. Hori gezurra dela. Zapateria kalean aitak zeukan Nafarroako ehorztetxe bakarra, bere aitarengandik zetorkiona, eta hura kendu zioten. Dirua, negozioa, den-dena. Aita 1938an, 61 urte zituela, atxilotu, torturatu eta kartzelan eduki zuten ia urte eta erdiz. Bitartean ama bakarrik lau seme-alabekin eta deus gabe. Nola bizi daiteke horrela? Aurrera jarraitu genuen, hala ere, baita konpromisoarekin ere eta 16 urterekin ahizpak San Kristobal gotorlekura igotzen ziren, han zeuden presoei janaria eramatera eta arropa bila garbitzera ekartzeko. 38ko hiru iheslari hona etorri ziren babes bila eta lagundu genituen. Bizitza arriskuan jartzen genuen behin eta berriz, baina nire amak ideiak oso garbi zituen. Gaur egun terrorismoaren biktimak ageri dira askotan egunkarietan. Guk asko sufritu dugu, dena kendu ziguten zoritxarreko gerra hartan eta ez dut ez dirurik ez beste deus eskatzen. Idealak ziren gu mugiarazten gintuztenak eta gu koherenteak izan gara beti.

Gaur egun aitaren obra oso barreiatuta dago: 65 lan Elizondoko museo etnografikoan behin-behineko erakusketa batean, bederatzi Nafarroako Museoan ikusgai eta beste hogei bat sotoan gordeta, asko eta asko etxe pribatuetan… Fundazioak zer aldarrikatzen du?
Museo propio bat, baina ez dago modurik. Aspalditik hitzarmena sinatu genuen Unibertsitate Publikoarekin. Haiek nahi zuten Nabarreria kaleko Rozaleko Markesaren jauregian egoitza jarri eta agian hantxe museoa zabaldu. Oso egokia izanen zen, besteak beste, hango ganbaran aitak koadroak gordetzen zituelako askotan. Rozalekoa izanen zen idealena baina hondoratzen utzi dute. Beste aukera bat agian izanen zen Lekarozko kolegioa, baina desastre bat egin dute. Nafarroako Gobernuak erosi, bota eta orain ez dakite ezta zertarako nahi duten ere.

Batzokian zeuden Cigaren koadroak nolatan daude orain Nafarroako Museoko sotoan?

División Azul EAJren egoitzan sartu zenean, falangistek hartu zuten tokia han billarrean jokatzeko. Hor zeuden lau margolanak ez zeuden ongi. Batzuetan, adibidez, billarreko bolekin jotzen zituzten. Horregatik etxean gorde genituen, inork ez zuelako besterik proposatu. Lau urtez ahal bezala ezkutuan izan ondoren, horiek eta beste 25 bat gehiago Nafarroako Museoari saldu genizkion han hobeki egonen zirelakoan. Horiek saldu genituen gerra ondoren baina gerora Ciga familiak beste 100 bat koadro oparitan eman dio Fundazioari eta inon ez da aipatzen familiaren eskuzabaltasuna edo antzekorik. Huarte familia, aldiz, goraipatua izan da haien arte bilduma emateagatik eta museo bat eraikitzen ari dira haien izenarekin eta guzti. Gure proiektuan erakunderen bat edo sartu beharko zen hau aurrera ateratzeko. Nafarroako ondarea da eta lan hauek ez dira sakabanatu behar.

Nola ikusten duzu euskara gaur egun?

Jendeak uste du oso ongi hitz egiten dudala euskaraz oso doinu polita dudalako, baina halakoxea da Baztango hizkera. Tolosakoa ere ederra da. Behin ere ez dut ikasi euskaraz eta horregatik ez dut ongi mintzatzen ahal, baina toki guztietan beti euskaraz hasten naiz eta gaztelaniaz erantzuten didatenean esaten diet: “A, ahaztu zait, barkatu, euskaraz aritzeko ohitura izan da”. Nire abizena ezagutzen badute meritu handiagoa ematen diote, eta hamaika aldiz agertzen banaiz egunkarietan areago, jendea ergela delako. Jendeak horri ematen baitio garrantzia: nabarmentzeari eta abizen bat izateari. Muskitzeko neska bat izan da nire etxean lanean. Berari lotsa ematen zion euskaraz aritzeak. Orain, ni ikusita, bera ere hasi da. Hemen, adibidez, Iñaki Urdangarinen amaren lehengusina bat bizi da. Oso pertsona atsegina eta xaloa da eta berarekin beti euskaraz aritzen naiz solasean. Ederki badaki mintzatzen. Eta nik Muskitzekoari esaten diot: “Begira, Urdangarin sendikoa, errege familiakoaren gertukoa eta euskaraz”. Saiatzen naiz ikustarazten zenbat balio duen gure hizkuntzak. Dena den, arrazoi guztia dute horrela jokatzen dutenek, oso gaizki pasatu dutelako. Euskaldunak lehen Iruñera etorri, bankura, adibidez, eta inork ez zien ulertzen erdaraz ez zirelako moldatzen. Zertarako nahi zuten euskara? Trabarako baizik ez. Gaur egun euskaraz hitz egiten dugun jendea gutxiengoan gaude. Kalean gutxi hitz egiten da. Orain zertxobait gehiago ikastolak daudelako. Egun euskara bada desberdintzeko modu bat. Kultua den jendearen artean euskalduna izatea bada puntu bat gehiago izatea. Barcina batekin bazaude, ez… edo agian bai, nork daki! Hori zabaldu behar da. Emakumeen prakekin bezala egin behar da: lehen inork gutxik zeramatzan eta gaizki ikusia zegoen, baina orain aldiz, begira ezazu! Bizitzan aldatu beharra dago. Beste adibide bat: Donostian Bilduko alkate bat izatea, gustatu ala ez, aurrerapausoa da. Beti kontserbadoreak egon dira eta orain, onerako edo txarrerako, baina urrats bat eman dute. Ezin duzu beti pentsatu gure gurasoek bezala. Haiengandik balore asko hartuko ditugu, baina aukera berriak eskaintzen dizkigu bizitzak eta probestu behar dira.

Nortasun Agiria

Gurutze Ciga Ariztia Iruñean jaio zen duela 88 urte. Bera da Javier Ciga margolariaren seme-alabetarik (Nati, Dolores, Gurutze eta Miguel) bizirik gelditzen den bakarra. 2007an Ciga Echandi fundazioa sortu zuen, beste bi kiderekin batera, aitaren lanak kontserbatu eta ezagutzera emateko asmoz. Elizondo eta Iruñean hazia, Magisteritza ikasi zuen. Aitak eta familia osoak gerra eta haren ondorio beltzenak pairatu behar izan zituzten abertzale konprometituak izateagatik. Hala ere ez du inoiz bizipoza galdu. Kulturzalea, margolaria, adiskideen adiskidea, pertsona argia, zuzena, dibertigarria eta Euskal Herriaren maitale sutsua. Kozkor handiko emakumea, ezbairik gabe.

OFF THE RECORD
Aizu, moñoño

Sarasateren musikarekin egin digu harrera andereak. Otamenarekin batera Euzkadi hitza eta ikurrina marraztuta daraman  katilu batean paperezko ahozapi txiki batzuk ekarri dizkigu Gurutzek, zuri, gorri eta berdeak. Solasaldian zehar hamaika aldiz zuzendu zaio Dani argazkilariari: “Aizu moñoño, zenbat gauza ari zara egiten?; eta zu nongoa zara?; hartu liburua eta begiratu zeinen margolan ederrak ageri diren hor; ongi al nago? Polita ere agian! Argiagatik diot, ¡lo que Natura no da Salamanca no presta!”.


Azkenak
Chill Mafia taldeak jotzeari utziko diola iragarri du

Taldeak bere azken lana izango den Agur eta ohore x allá va la despedida lana kaleratu berri du. Oholtzak utzi eta agur bira egingo dutela iragarri du Chill Mafiak hiru urteren ostean. Iruñean abenduaren 25ean egingo dute azken kontzertuetako bat.


Frantziako armadak Baionako eremuan egitekoak dituen obren kalte ekologikoak salatu dituzte

Baionako Zitadelan egitekoak dituzten obrak salatu dituzte CADE ingurumen elkarteen batasunak, Bergeret-22 auzotarren kolektiboak eta Attaque elkarteak, prentsaurreko bidez. 1,5 hektarea oihan moztuko lituzkete; alta, Tokiko Hirigintza Planaren arabera eremu babestu gisa... [+]


2024-09-19 | Gedar
Gomazko beste milaka bala erosiko dituzte Guardia Zibilak eta indar militarrek

Guardia Zibilak 18.000 euro baino gehiago bideratu ditu aurten kautxuzko bolak erostera, "istiluen kontrako" materialaren barruan. Itsas Armadak, berriz, gomazko 1.500 pilota erosiko ditu. Poliziak erabiltzen dituen bitartekoak erregulatzen dituen araudia ez da... [+]


2024-09-18 | Axier Lopez
14 lagun hil dituzte Libanon bigarren leherketa olatuan, oraingoan walkie-talkieak eztandarazi dituzte
Milaka pertsonaren aurkako lehen eraso koordinatu eta indiskriminatuaren ondoren, asteazkenean ehunka walkie-talkiek eztanda egin dute eta 14 pertsona hil eta 450 baino gehiago zauritu dituzte. Hezbollahko iturri batek baieztatu dio Reuters agentziari taldeak erabilitako... [+]

José Manuel Uriagereka. Frantziskotarra Hego Korean
“Koreara joan ginenok euskara ederto kontserbatu dugu”

Bermeon jaioa, frantziskotar eginik Hego Korean egin zuen bizimodurik gehiena, 40 urte. Sasoi batean mutil-koskorretan askok egin zuena egin zuen, komentura bidea hartu. Gero, handik mundura jauzi egin zuen Uriagerekak, bestelako hizkuntza eta kultura arrotzetara.


Bilagailuen urrutiko leherketa masiboa
Milaka zauritu eta hamabi hildako Libanon, Israeli leporatu dioten atentatu indiskriminatuan

Israelek lehergailuak jarri zituen Hezbollahk inportatutako milaka bilagailutan, Reuters agentziak kontsultatutako iturrien arabera. Urriaren 7tik jasandako “segurtasun haustura handiena” izan da, talde armatuaren hitzetan. Erantzun bortitza hitzeman du Hezbollahk,... [+]


2024-09-18 | Jon Alonso
Bosgarren zutabea

Erribera, historian, sekula euskalduna izan ote den; horra hor Nafarroan, duela berrogei urtetik hona, hainbestean behin errepikatzen den eztabaida bizantziarra (eztabaida bizantziarra: eztabaida alferrekoa, zeinean alde bakoitzak ezin baitizkio frogatu bere baieztapenak beste... [+]


2024-09-18 | Castillo Suárez
Aldairak

Etxez aldatzen naizenean, edo, areago, norbait etxetik joaten denean, oroiminak hartzen dizkit burua eta bihotza. Orduan hasten naiz zer gordeko dudan eta zer ez erabakitzen saiatzen. Izan ere, objektu guztiek lotzen gaituzte zerbaitetara, edo norbait ekartzen digute gogora;... [+]


Lurraren altxamenduak

Estatu poliziala kanpora! Abesten dute negar-gasen leherketen artetik. Gaztetxo konprometituak, amatxi militanteak, aurpegi estaliak, edo ez, pailazoak, musikariak, sindikalistak eta politikariak, kaskodun medikuak, laborariak traktore gainean... Landa-eremuan zein hirian,... [+]


Palestinak munduari dakarkiona

Ezaguna da enpresa frantses batzuek (Thales, Airbus, Dassault) aspalditik laguntzen dutela Israel haren ekipamendu militarra osatzen. Disclose elkartearen inkesta baten arabera, berriz, Frantziako Gobernuak berak hornitu dizkio osagai elektronikoak Israeli, Gazako zibilak... [+]


Pentsamendu askeak

Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Esaldi hori iltzaturik geratu zitzaidan Gorka Urbizuren diskoa osorik eta patxadaz entzun nuenean. Uste nuen aurkikuntza itzela egin nuela identifikazio horrekin, inozentea ni! Gerora ohartu naiz, merchandising-erako leloa izateaz... [+]


Indarkeria, endogamia eta baztanga Trebiñun

Trebiñu, VI. mendea. Eremita talde bat Las Gobas kobazuloetan bizitzen hasi zen, eta historiaurretik okupatutako Laño ibaiaren haitzarte hartan kobazulo berriak hondeatu zituzten. Hurrengo mendean kobazuloetako bat nekropoli modura erabiltzen hasi zen bertako... [+]


Teknologia
Mundu ikuskerAA

Gizakiontzat ez da inoiz erraza izan lasai pentsatzeko denbora tarte luzeak hartzea, bizimodua aurrera ateratzearen ardurarekin bizi gara, bai geurea zein geure ondorengoena. Bizitzeko izan dugun aukera honetan, ahalik eta ongien nahi ditugu gauzak egin. Ardura horiengatik,... [+]


Eguneraketa berriak daude