Hamarkada bat ilegalizaturik

  • 2002ko ekainaren 27an jarri zen indarrean Alderdi Politikoen Legea. Hamar urtetan utzitako panorama ezin da penagarriagoa izan: ezker abertzaleko markak legez kanpo, egoitzak itxita, polizia operazioak eta atxilotuak, ehunka mila boto baliogabe… Batzuentzat “terrorismoa garaitzeko” balio izan du, beste batzuentzat biktimismorako, eta gehienentzat, ezertarako ez.

Batasunaren jarraitzaileak Donostiako egoitzaren atarian duela hamar urte; ezker abertzalea klandestinitatera pasa zen.
Batasunaren jarraitzaileak Donostiako egoitzaren atarian duela hamar urte; ezker abertzalea klandestinitatera pasa zen.Argazki Press

Gerra deklarazio bat bezala da: badakizu nola hasten den, baina ez nola amaituko den. Hamar urteren ondoren, horixe gertatu zaigu. Badakigu nola hasi ziren ilegalizazioak: “Gaur, egun txarra da Batasunarentzat, ETArentzat eta terrorista guztientzat, aldiz, egun ona da demokratentzat eta terroristen erasoa etengabe jasan duten guztientzat”, esan zuen Aznarren Justizia ministro Angel Acebesek, Alderdien Legea indarrean jarri zen egun berean. Baina, ba al dakigu hau guztia nola amaituko den?

Herri Batasunak arazo itzelak izan zituen sortu zenean legezko izateko. Koalizioak hainbat urte behar izan zituen alderdi gisa erregistratzeko. Fiskalak etengabe egin zuen bere kontra auzitegietan, estatutuen anbiguetatea eta Espainiako Konstituzioa inperatiboz onartzea gora eta behera. 1986an Auzitegi Gorenak legalizazioa onartu zuen. Auzi hura “konbate politikoa” izan zela esan zuen Txema Montero abokatuak, eta konturatu gabe, hurrengo hamarkadetan tribunaletan jazoko zena deskribatu zuen.

1997an ezker abertzaleko egitura politikoen kontrako operazio handiak hasi ziren, Baltasar Garzón epailearen aginduz –“dena da ETA” teoriaren asmatzailea– HBko Mahai Nazionaleko kideak atxilotu zituztenean. Hurrengo urteetan sarekadak ugaritu egin ziren eta ezker abertzalearen aburuz ilegalizazioa de facto gauzatzen hasi zen Estatua: “Hego Euskal Herria salbuespen egoeran dago. Lehen, Francok dekretuz ezartzen zuen, orain legea aldatuz egiten da” esan zuen EHko bozeramaile Arnaldo Otegik. 2000ko iraila zen, eta polizia nazionalak 20 lagun atxilotu berri zituen Ekin erakundekoak izateagatik. Azti ibili zen Otegi, zetorrena iragartzen ariko balitz bezala. 

Alderdien Legea aldatzeko osagaiak ernetzen hasiak ziren urte horietan. Lizarra-Garaziko porrotaren ostean ETAk atentatu ugari egin zituen kargu politiko, epaile, kazetari eta abarren kontra; Foro de Ermua gisako taldeek iritzi publikoan eragiteko gaitasuna handitu zuten; 2000ko martxoko Espainiako hauteskundeak gehiengo osoz irabazi eta gero, aznarismoak eskuak libre zituen “ETAren inguruaren” kontra ekiteko; 2000ko abenduan PPk eta PSOEk Askatasunen Aldeko eta Terrorismoaren Kontrako akordioa sinatu zuten, Aznarren gurutzada blindatuz.

2001eko EAEko hauteskundeak tentsio betean egin ziren, Mayor Oreja-Rendondo Terreros tandem konstituzionalistaren eta Ibarretxeren arteko plebiszitua bailitzan. Ezker abertzaleak behera nola, egin zuen gora EAJ-EA koalizioak, eta Ibarretxe izendatu zuten bigarrenez lehendakari. 2009an, kargua utzi zuenean, Ibarretxek azaldu zuen 2001eko hauteskunde horien ostean hasi zutela PPk eta PSOEk abertzaleak Ajuria-Enetik kanporatzeko “estrategia”, eta atorra horretan sartu zuen Alderdi Politikoen Legea.

Lege bat metrailaz kargatua

Hori guztia gertatzen zen bitartean, Ignacio Astarloa azpilanean ari zen. Alderdien Legea prestatzeko arduraduna zen Justizia ministerioko idazkariordea. Astarloa Eusko Legebiltzarreko eta Espainiako Kongresuko letratu izan zen iraganean eta ederki ezagutzen zituen Konstituzio Zuzenbidearen atakak. Guraso euskaldunak izanik ere, PP antivasquistaren paradigma da Astarloa –Kongresuan hizkuntza “koofizialak” erabiltzearen kontra esandakoak adibide– eta hala erakutsi zuen 2002ko martxoan PSOEko ordezkariei bere kumea erakutsi zienean: “Lege hau bikaina da”.

Euskal Herrian gehiengoaren mespretxua jasotzeaz gain, legeak Espainiako sektore progresistenetan ere errezeloa sortu zuen, Konstituzioaren kontrakoa izan zitekeelako. Amnesty Internationalek edota Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak  ere, euren zalantzak agertu zituzten. Batasuna ilegalizatzeko ad hoc egina egotea, ilegalizazio prozesua parlamentariek hasi ahal izatea, legearen atzera eraginkortasuna, zehaztugabea izatea… Azkenean, PSOEren eta CIUren emendakinek makillaturik onartu zen Kongresuan ekainaren hasieran eta hortik gutxira indarrean jarri zen.

Legearen bigarren kapituluko 9. artikulua eta hirugarren kapituluko 10.a metrailaz kargaturik daude: alderdiaren izena, alderdiko kideen ibilbidea, indarkeriarekiko jarrera.... Baina aldi berean, hizkera anbiguo eta zehaztugabean idatzitako legea da (fomentar, promover, dar cobertura…), diana nahi den tokian jartzeko.

Hortaz, 2002ko uda sargori hartan tiroa botatzea baino ez zen geratzen. Garzónek egin zuen abuztuaren 26an, Ertzaintzari Batasunaren egoitzak itxi eta bere jarduerak etetea agindu zionean. Hilabete gutxiren buruan, ezker abertzalea klandestinitatearen aroan sartu zen.

Batasuna, Herri Batasuna eta Euskal Herritarrok-en ondoren, legez kanporatzeak bata bestearen atzetik etorri dira: bost alderdi politiko (EAE-ANV, PCE-r, ASB, EHAK eta Askatasuna) lau hautes plataforma (AuB, Aukera Guztiak, Herritarren Zerrenda eta D3M), alderdien koalizio bat (EH) eta hamarnaka herri plataforma. Horietan parte hartu duten kide asko, kode penala erabiliz atxilotu, auzipetu eta kartzelaratu dituzte gainera.

Azkeneko adibidea D3M hautes plataformako hamahiru lagunena da. Joan den maiatzean burutu da haien kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean eta fiskalak bosna eta seina urteko kartzela zigorra eskatu du haientzat, ETAkoak izan edo berekin kolaboratzea egotzita.

Milaka herritar geratu dira bere hautu politikoari ofizialki bozkatu ezinik –2003ko foru eta udal hauteskundeetan, esaterako, 126.000 boto baliogabetu zituzten– eta beste ehunka batzuek ezin izan dute hauteskundeetan parte hartu “kutsaturik” zeudelako. Era berean, hemiziklo guztiak desitxuratu ditu Alderdien Legeak hamarkada honetan.

Herri txikietan, tentsioaz gain, esperpentoak bizi ahal izan dira. Hala, Lizartzako udaletxean ikusi ditugu PPko ordezkariak bandera espainola jasotzen, eta Ondarroa moduko herri batean ikusi ditugu herritarrak intsumisio fiskala egiten… Ondorio politiko nabarmenena 2009an jazo zen, Patxi Lopezek Eusko Jaurlaritza eskuratu zuenean.

Sortu eta kaiolako piztia

Ezker abertzaleak hauteskundeetan nola edo hala egoteko saiakerak egin izan ditu, eta zenbait kasutan, legearen zirrikitu txikiena baliatu izan du instituzioetan ordezkaritza lortzeko. Dena den, ofizialki aurkeztu ahal izan den gehienetan, testuinguru politikoak lagundu izan dio. Halaxe gertatu zen ANV-EAEren zerrenden erdiarekin 2007an –Loiolako prozesuaren azken saioa–, eta halaxe gertatu da Bildurekin eta Amaiurrekin 2011n –ETAren borroka armatuaren amaiera fasea–. Espainiako auzitegietako erabaki bakoitzaren atzean bultzada politikoa ikusi nahi ez duenak betazalak astun ditu.

Estatu aparatuen makinariak, baina,  halako Frankenstein juridiko bat sortu du auziz auzi, jurisprudentziaren bidez lan itzela egin baitu ilegalizazioak argudiatzeko: AuBren kasuan desegindako alderdietan ibilitakoak egoteagatik; Herritarren Zerrendaren kontrako auzian indarkeriaren gaitzespena kontra-zantzu modura ez erabiltzeagatik; Aukera Guztiak-en aferan “iruzur egiteko asmoa” demostratuta geratzeagatik... eta segi. 

Hori gutxi balitz, piztia elikatzen joan izan dira Espainiako bi alderdi nagusiak, Madrilen zein antiterroristago izan erakusteko bada ere. Horrela, 2010ean bake prozesu berri baten zurrumurruen aurrean, Alderdi Politikoen Legeari eta Hauteskunde Legeari torlojuak estutu zizkieten: estatutuetan biolentzia gaitzetsi beharko dute alderdi berriek; inpugnazio epeak handitzen dira; hauteskundeetan aukeratuak izan eta gero ere zinegotziak kargu-gabetzeko aukera egongo da haien marka politikoa ilegalizatzen bada...

Emmanuel-Pierre Guittetek Argiari eskainitako elkarrizketan zioen behin lege antiterroristak sortuta ezin dela arsenal horren engranajea gerarazi, haiekin jokatzera derrigortuta gaudela.

Auzitegietako “konbate politikoa” Estrasburgoraino eraman zuen Batasunak, baina honek 2009an ilegalizazioa baieztatu izana sekulako muturrekoa izan zen. Bi aukera geratzen ziren: klandestinitatean segi eta baztertuak izateko arriskua izan, edo jarduera politikoan aritzeko Espainiako legeriak utzitako soineko estuan kabitu. Ez dakigu zer pisu izan zuen dilema horrek ezker abertzalea “m”rik gabeko estrategia berrira eraman zuen hausnarketan prozesuan.

Hemezortzi hilabete geroago, Iñigo Iruinek ahozabalik utzi zituen guztiak Euskalduna Jauregian Sortu alderdiaren estatutuak zerrendatzen hasi zenean: indarkeria “irmo eta argi” arbuiatzea,  Alderdien Legearen edukiak “hitzez hitz” onartzea, militanteei zigor disziplinarioak ezartzea...

Zuzenbidean aditu eta jurista gehienak bat datoz esatean estatutu horiekin Sortuk legezko behar lukeela. Auzitegi Goreneko hamasei magistratutatik zazpik boto partikularra sinatzea eta Bilduren aurrekaria seinale ona dira, ez ordea PPk eta PSOEk  Konstituzio Auzitegiaren epaimahaia birmoldatzeko azken asteotan erakutsi duten asmoa.

Berriz ere esku beltz politikoaren itzala. Beraiek erabaki beharko dute: edo jatena ematen segitu, edo behingoagatik, kaiolako piztia sakrifikatu.
 


ASTEKARIA
2012ko ekainaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Normalizazio politikoa
2021-10-22 | ARGIA
Ongi etorrien inguruan Sortu “hausnarketa” egiten ari dela adierazi du Arkaitz Rodríguezek

ETAren biktimek modu “zintzoan, eraikitzailean eta pribatuan” egiten dizkieten eskaerak beti “aintzat” hartu dituela adierazi du Sortuko idazkari nagusiak, eta ongi etorrien kasuan “eskaera horiek betetzen saiatzeko” ahalegina egingo duela.


2019-11-05 | Josu Iraeta
Egun gutxi barru, zer?

Gaur ez bezala, duela berrogei urte, euskaldunok egoera berri baten atarian ikusten genuen etorkizuna.Nafarroan eta EAEko Autonomi Estatutuak indarrean zauden. Hain ibilbide latz eta luzeari irtenbideak ikusten hasi ginen eta askatasunaren taupadak zoratzen gintuzten. Ura bai... [+]


Abstentzioa

Behin eta berriz esaten digute maiatz inguruan egingo direla Hego Euskal Herriko udal hauteskundeak, diputaziokoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta forukoak Nafarroan. Hori ikustekoa bada ere, noiz egingo diren ez digu inongo kezkarik sortzen. Azken batean, lau urterik behingo... [+]


2015-07-21 | Mikel Asurmendi
Politika
Inventarium

40 urteko diktadura frankistaren ondoren, beste horrenbesteko demokrazia aldia beteko da aurki. Demokrazia izan edo ez izan, indarrez hasi eta ahituz joan den gatazka armatuaren testuinguruan bizi izan dugu aro politiko hau.


2014-12-07 | Iván Giménez
Gatazkaren alde

Gatazkarik gabeko gizarte bat diktadura besterik ez da. Gatazkak, hala ere, “prentsa txarra” dauka: beldurra, indarkeria eta segurtasun eza burura ekartzen dizkigu. Gatazkaren alde egotea talibanengandik edo terrorismotik oso hurbil egotearen gauza bera omen da... [+]


Eguneraketa berriak daude