Henry Bengoa Inventarium

Berrinventarium

  • Nostalgia kutsua hartzen ahal diozu duela 25 urteko ikuskizun bat berriz eskaintzeari, baina askok hartu dute pozez Henry Bengoa Inventarium maiatzaren 31n Hendaiako Varietés antzokian berriz ikusteko aukera. Efemerideak aitzakia paregabea ematen du Bernardo Atxagak, Jimu Iturraldek eta Ruper Ordorikak sortutako artefaktua zaharberritzeko.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2012ko maiatzaren 27a

Urteurrena ez da, dena den, aitzakia izan: Hendaiako Mugati elkarte euskaltzaleko kideei ikuskizuna gustatzen zitzaien eta horregatik ekarriko dute agertoki gainera berriz ere. Aurreratu daitezkeen berritasunen artean nabarmentzekoa da protagonista batzuk berberak izan arren, ilea urdinago ekarriko dutela okasiorako; baita 1980ko hamarkadako emanaldietan ez bezala, zigarroek itzalita eta pakete barruan iraun beharko dutela emanaldia bukatu eta teatrotik atera arte, Osasunaren Mundu Erakundearen aginduak.

Serio-edo jarrita, musikari lanetan Ordorikaren ordez Xabi Strubell ariko da; eta hogei minutu inguru erantsiko dizkiote jatorrizko ikuskizunari, azken urteotako testuak ere irakurtzeko. Hasier Etxeberria Mugatiko kideak azaldu duenez, obra berreskuratzea ezinezko misiotzat jo zuten hasieran –“bai zera, hori hilda dago” esatera iritsi omen zen baten bat–, baina hilda ez, lozorroan zegoen; eta esnatu zenean, ez zen dinosauro bat. “Bilera bat jarri Tolosan, hitz egin eta Atxagak baietz”. Hori bezain erraza izan da negoziazioa eta hori bezain zaila, Henry Bengoa Inventarium beste leku batzuetan egiteko eskaerei momentuz ezetz esatea –Bartzelonatik eta Donostiatik jaso dituzte deiak, besteak beste–.

Objektuen indar narratiboa

Zer da baina Henry Bengoa Inventarium, halako ikusmina eragiteko? Literaturaren mugetatik harago esploratu zuen ikuskizun gisa ulertzetik etor daiteke erantzuna. Testua liburutik irten zen Atxagaren eta konpainiaren emanaldietan eta irakurle bakartiak –baita irakurle ez zirenak ere– taldean joan ziren antzokietara. Diziplinak elkarlotu zituen, musika, literatura, antzerkia... Ez zen lehenbizikoa izan hori egiten, sarritan ahaztu egiten dira lehenago JosAnton Artzek egindako lanak, baina Atxagak berak Hendaiako emanaldiaren harira Berriari egindako adierazpenetan onartu zuen, horren kontzientzia handirik eduki ez bazuten ere, “sakonean” Ez Dok Amairuren eragina izan zutela.

Lehenbizikoa izan zenentz, hori ez da garrantzitsuena. Inporta duena da bere garaian ikusi zuten askok, beste hizkuntzetan aurkitzen ez zituzten gauzak aurkitu zizkiotela. “Lebitatzen atera nintzen” dio Etxeberriak, lehenbiziko aldiz ikusi zuenekoa gomutan; “hau amerikanoek ez dute” pentsatu omen zuen; “sala hartan geunden denok irudipen bera jaso genuen”. Etxeberriaren ustez testuaren narratibotasunak asko lagundu zion jende artean zabaltzerako orduan eta, analisi sakonagoa eginez, aurrerago Atxagaren literaturan maiz agertu den objektuak ordenatzeko joera nabarmendu du, “nola metroko billete txiki baten atzean idatzita dagoen zerbait izan daitekeen narratiboki potentzial handikoa”. Henry Bengoaren ausentziaren eta utzi dituen objektuen gainean eraikita baitago istorioa. Bi hilabete daramatzate lagunek haren berririk jaso gabe eta Hanburgon zeukan azken helbidera joango dira. Ez dago han, alokatutako etxearen jabeak utzi dituen gauzen inbentarioa egiteko eskatuko die eta horiek ematen duten informazio apurrarekin osatuko da kontakizuna.

Obraren ideologiari kritika

Publikoaren onespena jasotzeaz aparte eman zuen zeresana Inventariumak, 1986ko Larrun aldizkarian Antton Azkargortak egindako kritika da horren lekuko. Ikuskizunaren oinarri ideologikoak aztertu zituen eta istorioan inbentarioaren premia nola sortzen den kritikatu zuen, besteak beste: “Gutenstrasse kaleko apartamentuko jabeak inposatzen du, modu txarrez gainera (oihuka). Eta literatoek inposaketa onartu egiten dute, nahiz eta KRA esan”. Azkargortak burgesaren agintea eta idazleen otzantasuna ikusi zituen obran eta “subjektu eta historiarik gabeko saioa” iritzi zion; inbentarioak “gizakiaren jakintza eta gizakia totalizatzen eta sailkatzen saiatzen diren obrak” zirela; “argi ikusten dugu itxuraz sinplea, argia eta estetikoki erakargarria den muntaia hau ez dela inozentea. Bertan, filosofiaren gai nagusi guztiak planteatzen dira (…) Inventariumak Zaharraren alde ebazten ditu aipatu gai nagusi guztiak, literatura alienagarria eginez”.

Kritikak zein neurritaraino asmatu zuen eztabaidatzera sartu gabe –ur handiegiak dira horiek–, komeni da gogoraraztea 1980ko hamarkadaren bigarren erdian literatura konprometituaren eta autonomoaren arteko dialektika eztabaidagai zela oraindik gure artean. 1985ekoa da, adibidez, Atxagaren eta Txillardegiren arteko ika-mika ezaguna gai bera ardatz hartuta; eta klima horretan Atxagak hartutako jarrerak izango zuen zerikusirik kritiken zorroztasunarekin.

Henry Bengoaren transformazioak

Ikuskizun bakarra balitz bezala hitz egiten da Henry Bengoa Inventariumi buruz, baina hasierako emanaldietatik 1988ko urtarrilean Hondarribian eskaini zuten azkenekora iritsi arte aldatuz joan zen. Eta diferentea izango da Hendaiako saioa ere, musika Xabi Strubellek moldatzeak gaurkotu egingo duelako –Ordorikak lanpetuta dabilelako ez du parte hartuko, baina jatorrizko musikak gaur egun funtzionatuko ote zuen ere ez zeukan oso argi–; baita, lehen aipatu legez, testu berriak irakurriko dituztelako.

Formatu honetan aspaldi taularatu gabe dagoen arren, 25 urteotan Henry Bengoak egin ditu kukuak eszenatokietan. Kandido Urangak 2006an bakarrizketa modura interpretatu zuen; eta dantza flamenkora ere egokitu zuten 2000. urtean, Inventario Henry Bengoa izenburupean. Ikuskizuneko gidoia Elkarren eskutik argitaratu zuten azkenekoz eskaini ostean, musika biltzen zuen kasetearekin batera. Gero, 2004an, Pamielak berrargitaratu zuen liburua, musika CDra ekarrita, baina jada agortuta zegoen. Eta zegoen jarri dugu, Hendaiako emanaldiarekin bat eginez Iruñeko argitaletxeak berriz jarriko duelako salgai. Albiste ona, prestatu duten saio bakarrera joaterik ez dutenentzat.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Ruper Ordorika  |  Ruper Ordorika

Ruper Ordorika kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude