Errezitaldien susperraldia


2006ko urriaren 29an

«Euskal Herrian egon badagoen sormenaren erakusleiho izan nahi dugu», aipatu digu Oier Guillan Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo elkarteko kideak. Izan ere, hain ezagunak ditugun lehen lerroko idazle entzutetsuen itzalean idazle andana dago, idazteko gogoz, idatzia irakurtzeko gogoz, finean sormena edonorekin elkarbanatzeko prest.

Mikelazulok emanaldiak eskaintzeaz gain antolatu ere egiten ditu, hain zuzen ere, behar horri erantzuteko sortu zen duela hamaika urte: «Jende asko eta asko dago era guztietako emanaldiak emateko prest eta gune gutxi dago». Hala, Errenterian zabaldu zuten taberna. Urtero poesiaren astea antolatzen du elkarteak, eta aurtengo edizioan bertan izan dira errezitaldi andana eskaintzen dituzten Bihotz Bakartien Kluba (BBK), Goierriko Kasta eta Literatuzta taldeak, besteak beste. Gu talde hauekin eta Mugaldekoak ekimeneko eta Hatsa elkarteko Edu Zelaieta eta Auxtin Zamorarekin ere izan gara eskaintzen eta antolatzen dituzten errezitaldien berri izateko.


Askotariko emanaldiak

Testua aitzakia hartuta errezitaldiak atontzea da bide bat. Kontrako ibilbidea ere zilegi da ordea, errezitaldia aitzakia hartu eta egin nahi den hartara testu batzuk moldatzea. Bi aukerek helburu bera dute: «Literaturazale edo poesiazalearengana hurbildu eta idatzitakoa era zuzenago batean eskaintzea», Gotzon Barandiaran BBK-ko kidearen hitzetan. Izan ere, errezitaldi horietan erabilitako testu asko eta asko argitaratutako liburuetatik ateratakoak dira. Barandiaranek idatzitako Arrakalak poesia liburua erabili du luzaroan oinarri gisa Bihotz Bakartien Klubak errezitaldiak gauzatzeko. «Poesia idazten dugunok badakigu poesia liburu baten iraupena murritza dela eta guk gure hizkera ulertuko duen harengana joateko ahalegina egin behar dugu», dio Barandiaranek.

Mugaldekoak ekimenak ere Edu Zelaietak idatzitako izen bereko poema liburua du euskarri. Edu Zelaietak eta Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikariek eskaintzen dituzte emanaldiak poema-kantuokin. Edu Zelaietaren aburuz, «errezitaldien bidea eraginkorra dela dirudi, hala ere, guk ongi pasatzen dugulako egiten dugu; esperientzia oso polita da eta pertsonalki hazteko aukera paregabea da. Egia esan, alegerago nago emanaldiekin liburuarekin baino. Liburuarekin kontent geratu nintzen, baina hori bakarkako lana da eta errezitaldia taldean egiten den zerbait da eta oso aberasgarria da».

Hatsa elkarteak ere urte asko daramatza Lapurdin euskarazko literaturari bultzada emanez eta era guztietako ekimenak antolatzen ditu. Errezitaldia helburu duen liburu egitasmoa antolatzen du urtero. Hatsaren poesia izenburupean Euskal Herri guztiko idazle ugariren lanak plazaratzen ditu urtero. Ia ehun idazlek hartu dute parte aurtengo edizioan. Ezagun zein ezezagun, edozeinek idatz lezake, gero, apirilean argitaratu ohi den liburuari aurkezpena egin eta bazkari legea egin ondoren irakurketa burutzeko. Senperen (Lapurdi) dagoen Oxtikenea elkartean egiten dute festa. Auxtin Zamora Hatsa elkarteko kidearen iritziz, «hatsa hartzen dugu eta guztiona den airetik oxigenoa irensten dugu. Gero berriz guztiona den airera itzultzen dugu hatsa, gure barneko bustiduraz. Antzekoa da hemen egin nahi duguna, poesiaz bustita era guztietako kezkak azaleratu nahi ditugu».

Literatuzta Azpeitiako taldeak ere argitaraturiko testua du abiapuntu. Hauen kasuan aldizkari bat da oinarria. «Hiru edo lau hilean behin saiatzen gara Uztarria aldizkariaren gehigarri moduan Literatuzta izeneko gehigarri literarioa ateratzen. Lehenengoa atera genuenean, emanaldi bat eskaini genuen bertako testuekin eta jasotako harrera ikusirik animatu egin ginen», adierazi digu Igor Aranbarri bertako kideak. Hala ere argitaratutako lana erabiltzea ez da ezinbestekoa. Kontrakoa egiten du Goierriko Kastak normalean. «Errezitaldia osatzeko atontzen ditugu testuak. Batzuetan testu horiek argitaratu egiten dira eta beste batzuetan ez. Hala ere, bertan erabilitako testu guztiak eman ohi dizkiegu ikusleei», esan digute Goierriko Kastakoek.


Poesia baino gehiago

Gehienetan testu poetikoak izaten dira halako saioetan, baina bestelako testu batzuk ere erabiltzen dituzte, hala nola ipuinak edo iritziak. Nolanahi ere, saioa janzten duten hainbat osagarriz hornitzen dira normalean errezitaldiak. Mikelazulok esaterako, poesiaren moldera egokituz idatzitako lan horiek antzerkiratu egiten ditu. Antzerkia asko erabiltzen dute aurkezteko modu lez, nahiz eta Guillanen arabera «guztiaren oinarrian testuak egon eta hauek normalean poesia erabiliz gauzatzen ditugun».

Zelaietak aitortu digunez, «zaila da gure emanaldia nolakoa den azaltzea, nahiko berezia da, musika mota asko erabiltzen ditugu, folka, popa, countrya eta Iparraldeko tradizioko kantu baten a cappela bertsioa ere egiten dugu. Ezustea dugu xede, modu konpaktuan egiten dugu, etenik gabe eta jendeak irakurketa, kantua edo musika etorriko den ez jakitea bilatzen dugu».

Musika, antzerkia, animazioak eta argazkiak erabiltzen ditu BBK-k bere saioetarako. Arte Ederretako ikasle batzuk poemetan oinarrituta egindako animazioak eta pertsonen lehen planoak agertzen dituzten argazkiak erabili izan dituzte. «Horietan primeran azaltzen da guk darabilgun gaia, arrakalak, alegia», diosku Barandiaranek. Arrakalak errezitaldi sortari ekainean eman zioten amaiera eta CD bat osatu zuten bidea amaitzeko. CD hura www.armiarma.com/emailuak/arrakalak helbidean entzun daiteke.

«Guztia izan daiteke baliagarri errezitaldia laguntzeko». Halaxe diote Goierriko Kastakoek. «Hala ere, normalean ez dugu hainbeste janzten irakurketa, tarteka musikari batek lagundu ohi digu, baina finean irakurketa xumeak izaten dira gureak. Zerbait prestatzen ari gara urrirako eta han musikariez gain zeramista batzuk egongo direla dirudi».

Hainbeste apaingarriz laguntzean poesiaren funtsa galdu egiten ote den galdetuta, kritikak egoten direla esan digu Barandiaranek: «Uste dut kritika egin duen inork ez duela ordu beteko irakurketarik egin. Musika lagungarri ona dela uste dut. Hau gainera ez da berria gurean, Atxagaren Etiopia liburuko poema asko Ruper Ordorikak erabiltzen ditu eta uste dut poemek bizia izan dezaten lagungarria dela». Berdin hitz egin du Edu Zelaietak: «Jendeak pentsatzen du guk egiten duguna berria dela, baina niri ez zait berria iruditzen, hau Grezia klasikoan egiten zen. Poesia eta musika beti egon dira lotuta, kontzeptu mailan».


Harrera ona

Denak bat datoz izan duten harreraz hitz egitean. «Egia esan, uste baino jende gehiago bildu da gure saioetan eta oso harrera ona egin digute. Gehienek ezohiko gauza bat dela esaten dute eta eskertzekoa dela», adierazi digu Goierriko Kastako kide batek. Literatuztak kalean ematen ditu errezitaldiak, horrela, jendearen arreta errazago bereganatzen duelako. Aranbarriren esanetan, «harrera bikaina izan dugu. Adin guztietako jendea biltzen da gure ikuskizunetan eta bestela poesiara hurbilduko ez litzatekeena ere harrapatu du ekimenak». Guillanek aipatu digunez, «denetik egoten da, lekua eta orduaren arabera aldatu egiten da ikusle kopurua, baina egia da normalean gehienak gustura ateratzen direla». Mikelazulok emanaldiak eskaintzeaz gain antolatu ere egiten ditu, bere sorrera hain zuzen ere, behar horri erantzuteko gauzatu zen. Jende asko eta asko dago era guztietako emanaldiak emateko prest eta gune gutxi dago, Mikelazulo berez behar hori asetzeko sortu zen.

Badirudi literaturaren, hertsiki poesiaren inguruan mugimendu bat badela Euskal Herrian. Emanaldiak sarri izaten dira eta halako ikuskizunen suspertze garaian murgildu garela dirudi. Norberak ikusiko du jauzi egin ala ez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ruper Ordorika
Ruper Ordorika
Mendea eta segundua gurutzatzen dituena

Mende laurdena bete du Bilboko Kafe Antzokiak eta hamar negu baino gehiago, hastapenetatik orain arteko guztiak, goxatu ditu Ruper Ordorikak.


2022-09-27 | ARGIA
Haur eta gazte literaturaren azoka Sarara itzuliko da

Ikusi Mikusi euskara hutsezko haur eta gazte literatura azoka urriaren 7 eta 8an egingo dute, Saran. Euskal Herri guztiko ikastetxeak hurbilduko dira eta ikasleek elkarren arteko topaketa egingo dute.


Argazki historiko bat

Ez nuen uste Gasteizen aparkatzea hain zaila izanen zenik. Edo, hobe esanda, ez nekien hainbeste koloretako marrak egon zitezkeenik pintaturik errepide ertzetan. Ez, ez dut gidabaimenik eta bai, denbora gure kontra zihoan. Azken minutuan heldu gara Principal Antzokiko... [+]


2022-03-13 | Xalba Ramirez
Santa Anara

Disko bat entzuteko momentuak marka dezake diskoa bera. Zu ez zara bera une bakoitzean, bainatzen zaren ibaiaren pare, eta kanta bakoitzak badu bere unea.

Ruper Ordorikaren Amour eta toujours-ekin horrelako zerbait pasa zait. Logelan eguzki epela sartzen zen neguko egun... [+]


Zerutik gertu

Uda hondarreko igandea, bazkalosteko alferkeria, iluntzerako aurreikusiriko plana kili-kolo… Eta Ruperren kontzertua Lizoainen, baina sarrerarik ez. Dena den, joanda ere galtzeko baino, gehiago genuen irabazteko edozein kasutan; kontzertua ez bazen, herria ezagutu, paseoa... [+]


Eguneraketa berriak daude