ARGIA.eus

2020ko urriaren 22a
Tuaregak

Zergatik ez du nahi nazioarteak Azawaden independentzia?

  • asa den apirilaren 6an Azawadeko Askapen Mugimenduak independentzia aldarrikatu zuen, Maliko iparraldean. Tuaregez osatutako taldeak urtarrilaren 17an hasitako askapen altxamendua amaitutzat jo zuen aldarrikapen horrekin. Baina nazioarteak ez du onartu.

Jagoba Salvador
2012ko apirilaren 22a
Tuareg talde bat Anefis hiriaren askapena ospatzen, Gao eta Kidal artean. Azawaden uranio erreserba ugari daude, Frantziak kudeatuta, eta petrolio eta gas naturala bilatzeko saiakerak ere hasi dira.
Tuareg talde bat Anefis hiriaren askapena ospatzen, Gao eta Kidal artean. Azawaden uranio erreserba ugari daude, Frantziak kudeatuta, eta petrolio eta gas naturala bilatzeko saiakerak ere hasi dira.

Tuaregek Malin azken egunetan bizitzen ari den egoera politiko nahasia baliatu dute zonaldea kontrolatu eta Azawad herrialdea, de facto bada ere, sortzeko. Izan ere, Afrikar Batasunak eta Europar Batasunak ez dute aldarrikapen hau onartu. Frantzia, Maliren kolonizatzaile izandakoa eta herrialdean oraindik interes ekonomiko ugari dituena, espreski agertu da Azawaden independentziaren aurka.

Hain zuzen ere, zonaldeko gatazkak jatorri koloniala du, Afrikako beste askoren antzera. Bere garaian, Frantziak bere interesen zerbitzura diseinatu zuen Mali eta herrialdeko tuaregak iparraldean baztertuta utzi zituen, hegoaldearen kontrolpean, Afrikan espezializatutako kazetariek askotan nabarmendu dutenez.

Tuareg herria historikoki baztertua eta arrotza kontsideratua izan da kolonizatzaile eta herrialde berrien aldetik. Mali, Niger, Argelia, Libia, Burkina Faso eta Mauritanian banatuta, 1,5 miloi pertsona inguruk osatutako herria da. Tifinagh izeneko idazkera propioa dute, nagusiki nomadak dira eta basamortuan bizi dira.

Germán Leyens kazetariak egoerari buruz idatzitako analisiaren arabera, Mali Afrikako hirugarren urre ekoizlea da, Hegoafrika eta Ghanaren atzetik. Gainera, herrialdearen iparraldean, independentzia aldarrikatu duten gunean, Frantziak kudeatutako uranio erreserbak daude. Tuaregek uranio mehatzeen eta sortzen dituen irabazien gaineko kontrol gehiago eskatu izan diote gobernuari urteetan zehar. Era berean, azken urteetan zonalde honetan petrolio eta gas naturala bilatzeko saiakerak izan dira.

Zenbait hedabidek zabaldu dutenez, Al Qaedarekin lotutako taldeen laguntza izan du Azawadeko Askapen Mugimenduak eta Maliko Gobernuak uste horiei indarra eman die, nazioartearen aurrean altxamendua deslegitimatzeko. Mendebaldeko herrialdeek ez baitute inoiz onartuko baliabide natural aberatsak dituen zonaldea muturrekotzat jotzen diren taldeen esku geratzea.

Oraindik ikusteko dago zer gertatuko den Azawad herrialdearekin; militarren esku hartzea, negoziazioaa edo estatu berriaren sorrera ofiziala dira aukerak. Badirudi oraingoz lehenengoak duela indar gehien, Afrika Mendebaldeko Estatuen Komunitatea prest agertu baita Maliko mugara tropak bidaltzeko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Azawad

Azawad kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2012ko apirilaren 22a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude