Mali-Azawad: gerra inperiala etxe atarian daukagu

  • Afrika erdialdeko Mali idor txiroaren jabe egiten ari ziren islamista fanatikoei, Europatik Frantziak geldiarazi dizkie oinak militarrak bidalita, norbaitek egin behar zuen. Horra Frantzia eta Europako herritar askok sinetsi nahiko lukeen abentura. Polita litzateke, baldin eta ahaztuko bagenu orain arte gertatuen eta laster jazoko direnen kate-begi bat dela.   
     

Agence France Pressentzako Issouf Sanogok egin argazkian (egile berarena da soldadu frantses bat buru-hezurrez mozorrotuta erakutsi duen beste famatu hori ere), Frantziak Malira bidalitako tropen unitate bat bertako herritarren aurrean pasatzen. Zuhaitzen
Agence France Pressentzako Issouf Sanogok egin argazkian, Frantziak Malira bidalitako tropen unitate bat bertako herritarren aurrean pasatzen. 2.902 kilometro besterik ez dago Iruñetik Maliko Tombukturaino.

Daniel Cohn-Benditek garratz    aurpegiratu zion Europako Legebiltzarrean Catherine Ashton diplomazia europarraren buru izanari: “Zuk diozu gerra hau guztion kontua dela. Mundu guztiak diosku gauza bera. Baina han ez dago soldadu frantsesak baizik. Eta frantsesei esaten zaie: ‘Guk bidaliko dizkizuegu erizain batzuk, baina hil, zuek hil zaitzatela”. Frantzian gehienek sinatuko zituzten hitzok.

Europa osoan hedabide nagusiek  funtsean gauza bera diote, norbaitek uxatu behar zituela islamista fanatikoak Mali bezalako herrialde batetik. Hortik aurrera kostearen kalkuluak hasten dira: Afrika erdialde hori geopolitikoki Frantziak kontrolatzen badu, hango moneta bera Paristik ezarrita, etekinak konpainia frantsesentzako, orduan gerra berak egin dezala.

Antzekoa gertatu bide zaie aljeriarrei, frantsesek Malin gudua piztu eta biharamunean Aljeriako Ain Amenas inguruan gerrillariek gas hobia eraso, langileak bahitu eta sekulako triskantza antolatu ostean Aljeriako askoren arteko giroa honela mamitu du Kamel Daoud idazleak: “Bat batean ahaztu ditugu errepresioa, gehiegikeriak, estatu kolpeak, jeneralak eta haien semeak. (...) Munduak odol isurketa aipatu duen artean aljeriarrok esaten genuen gaiztoen kontra harresia eraiki dela”.

Kontua ez da, ordea, hain sinplea. Une batean gertakizunen gogorrak edo potentzia handiek erraz saltzen duten propagandak ahaztarazi arren, geopolitika, interes ekonomikoak eta azken urteotako historia alde batera utzirik ezin dira ulertu gertatzen direnak, ez eta ere ondoko urteetan gertatuko direnak.

Glenn Greenwald aditu iparramerikarrak The Guardian egunkarian azaldu du titulutik: The bombing of Mali highlights all the lessons of western intervention, hots, Maliko bonbaketek erakusten dituzte Mendebaldearen interbentzioen irakaspen guztiak. Irak, Afganistan, Pakistan,  Yemen, Libia, Somalia eta Filipinen ondotik, Malikoa da mendebaldarrek musulmanak bonbakatzen dituzten zortzigarren herrialdea.

Hasteko, dio Greenwaldek, Maliko esku hartzea aurreko beste baten ondorioa da. Libian Gadafi agintetik kentzeko erasoa garbia eta eraginkorra izan zela uste zutenek orain ikasiko dute Mendebaldeko estrategek epe laburreko kalkuluak egiten dituztela. Afganistanen gertatu bezala, Libiako gerrak borrokalari berriak esportatu ditu.

Bestetik, orain Bamakoko gobernuaren eta frantsesen kontra ari diren eliteko gerlari asko AEBek edo Frantziak entrenatutakoak dira, etsaien aldera pasatu direnak. Honetan ere Afganistan eta Irakeko eredu bera, Mendebaldeak gerra egin behar berak lehen elikatu eta armatutakoei.

Hirugarren, dio Greenwaldek, “zozokeria hutsa da sinestea AEBek edo bere aliatuek jarraitu ahal izango dutela mundu osoan herrialde bat eta gero bestea bonbakatu eta musulman errugabeak hiltzen, aldi berean beraiek jasan gabe atentatu ‘terroristak’”.

Afrika frantses-hiztun hurbil hori

Izatekotan liberal bai, baina oso ezkertiartzat jo behar ez den Greenwaldek dio azkenean: “Malin frantsesek, agian AEBen laguntzarekin, burutu bonbaketek garbi erakusten dute Mendebaldearen esku hartzea nolakoa izaten den. ‘Terrorismoaren kontrako gerrak’ [kakotxak egilearenak dira] bermatzen du betikotzen dela hain zuzen ere eten gabe bere etsaiak sortzen dituelako eta suak betikoz garretan jarrai dezan erregaia dakarrelako”.

Geopolitikaren ikuspegitik, Frantziak aurre egin behar dio Maliko larrialdia konpontzeari beti aldarrikatu duelako Afrikako eskualde honen kontrola berari dagokiola. Al Kaidaren kontrako gerrari ekin ziotenetik AEBek ere gero eta gehiago sartu dute muturra Sahel zabalean, baina Parisek tinko eutsi dio Afrika frankofonoaren buruzagitzari.

Afrikako mendebalde eta erdialdeko 14 estatuk darabilte CFA libera edo frankoa, tartean Mali eta Nigerrek, antzina Frantziako liberarekin zuen bezala baliokidetasuna, orain Frantziaren bidez euroari dagokio loturik.

Monetari josirik datozen harreman ekonomikoak, emigrazioa, frankofoniak ezarritako hizkuntza... ia dena daukate herrialdeok Frantziari lotua. Kaserna eta militar ugari  ere bai. Pariseko diplomazian garrantzia berezia eduki dute beti Afrikako kolonia ohiok eta nekez dago hauetan mugimendu politikorik Hexagonoaren kontrolpetik ihes egindakorik.

Mali eta desertu ertzeko bizimodua partekatuz senide ia bikia duen Nigerrek azken urteotan antzeko arazo eta gertakizun ugari bizi izan dituzte.

Alde batetik Amazigh edo Tuareg jendearen matxinaldiak. Kolonia frantsesei estatu moduko independentzia ematerakoan, munduko beste eskualde ugaritan legez, lekuko berezitasunen ardurarik gabe ezarri zitzaizkien mugak. 2008an Argiak orriotan bertan  “Mali eta Nigerreko tuaregak tiroka basamortuan” argitaratu zuenetik gauzek ez dute han askorik egin hobera.

Kronika hartan aipatzen zen gatazka sugai berri batek berotzen zuela: uranioak. Industria nuklearrean munduko txapeldun nahi duen Parisek asko dauka jokoan Niger eta Malin, uranio hornitzaile nagusiak horietan dauzkalako Areva enpresa multinazional publikoak. Kronika honen ondoko orrian irakur daiteke Rue89 gunean Stéphane Lhommek eskaini Guerre au Mali: sécuriser notre approvisionnement en uranium txit argigarria.

Niger eta Malik berdintsu nozitzen dituzte ere goseteak behin eta berriz. Saheleko herrialdeok, antzina zibilizazio inportanteen habia izan arren, gaur estatu kebratuak izatea loturik dago bai kolonia zirenean baina baita geroztik balizko estatu independienteen jabe izanik antzinako metropoliak, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak ezarri politika ekonomikoekin ere.

Erlijio zaharren bertsio integristenek indar hartu baldin badute Sahelen, potentzia kolonialek, kasu honetan Frantziak Europar Batasun osoarekin, ezarritako garapen ereduak porrot egin duelako da. Gosetea, txirotasuna, eremu zabalen desertifikazioa eta emigrazioa dira ondorio, desegituraketa osoaren baitan.

Frantzian oso ezaguna da testuinguru batean baino gehiagori egokitu izan zaion kanta afrikar hau: “Mamadou m’a dit / Mamadou m’a dit / on a pressé le citron / on peut jetter la peau”, (Mamaduk esan dit / Mamaduk esan dit / zukutu dugu limoia /bota lasai azala). Zukututako zitroinen garratza dastatu behar du orain Europak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azawad
Malik eta tuaregek presoak trukatu dituzte bake elkarrizketen aurretik

Maliko gobernuak eta Azawadeko tuaregek presoak trukatu dituzte bake elkarrizketen bezperan, borondate oneko keinu gisa.


Maliko Gobernuak guda deklaratu die berriz ere errebelde tuaregei, Frantziaren laguntzarekin

Gutxienez zortzi hildako izan dira Maliko armada eta gehienbat tuaregek osatzen duten MNLAren arteko borroketan, Kidal izeneko herrian (ikusi mapan non dagoen). Maliko Lehen Ministroak Azawadera egindako bisita batek lehertu du aurretik ere bero zegoen gatazka. Iturri... [+]


2013-04-10 | Martin Vicioso
Frantziako armada Malitik ateratzen hasi da

Frantziako Gobernua Malin destinatutako soldaduak etxeratzen hasi da. François Hollande presidenteak esandakoa bete du, tropak apirilean herrialdea uzten hasiko zirela adierazi baitzuen. Ehun batek jada utzi du Mali, eta uztaila bitartean besteak etxeratuko dira. Hala... [+]


2013-02-21 | Jon Torner Zabala
Malin eta Azawaden okerrena etortzeko dago

Azawad hartzea parterik errazena zen. Orain, Maliko estatuak, gerrillarien erasoei, ‘Tuaregen arazoari’ eta zatitutako gobernua izateak sortzen dituen eragozpenei egin beharko die aurre, Imad Mesdoua analista politikoak The Guardian-en idatzi duen moduan.


Eguneraketa berriak daude