Espainiako justiziaren indarkeria

ESPAINIAKO JUSTIZIAK badu arazo handi bat Euskal Herrian, gizarte zati handi batek ez duela berau onartzen, bere erabakietatik ondo datozkionak baliatzen ditu eta besteak halabeharrez bete eta listo. Eta, beraz, ez dira onartzen “justiziak erabakitzen duena errespetatu behar da” eta gisakoak. Legitimitaterik ez duena betetzen da eta listo, atzetik Estatuaren indarraren mehatxua edo praxia dagoelako.

Bale, eta dena ez da hain borobila ere, jakitun naiz, lege eta arau batzuek badutelako herritarren legitimitate maila bat, Gasteiz eta Iruñeko Legebiltzarrekoek, diputazioetakoek, udaletakoek… nahiz eta dena, nagusiki, Espainiaren lege markoaren barruan kokatu. Azken finean, Parot doktrinari buruz Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiaren tankerakoek elikatzen dute batez ere Espainiako justiziarekiko ikusmolde arrotz hori, salbuespenekoak diren lege eta ebazpen horiek –gero Espainia osora orokortzeko balio dutenak–.

Ahalezko bake prozesu baten testuinguruan, Parot doktrinaz hala ebazten duenak, argi erakusten du errealitate printzipiora hurbiltzeko duen nahia. Batzuetan bederen, zeren eta 2005eko bueltan, ETAko preso ezagun asko epe laburrean legez kaleratu behar zituztenean, horrek zor zezakeen alarma medio, zerbait egin behar zen errealitate printzipiora egokitzeko.

Konstituzionalak esan du, funtsean, Parot doktrina egoki aplikatu zaiela dozenaka presori, gehienak ETAkoak. Baina Jose Ignacio Gaztañaga, Juan Mari Igarataundi eta Jose Mari Perezi ez, hauek finkatuak zituzten bere irteera egunak –epaimahaiaren irakurketaren arabera–, eta doktrina juridiko honekin beren irteeraren atzeraezintasuna urratu da. Gaztañagak, adibidez, 6 urte gehiago egin ditu espetxean: nork itzuliko dizkio urteok? Zein kalte-ordain emango zaio? Zein biktima batzordetan aztertuko da eta nola erreparatuko zaio kaltea?

Baina ez da euskal gizartearen sektore zabaletan bakarrik arbuiatu Konstituzionalaren epai hau. José Yoldi El País-eko aditu judizialaren apirilaren 2ko kritika irakurtzen duenak Espainiako sektore aurrerakoiek epaia nola hartu duten irakurri ahal izango du. Yoldik, funtsean, Konstituzionalak bere buruari iruzur egiten diola dio, epaia askoz lehenago eman behar zuela, atzeraezintasuna hausten duela, segurtasun juridikoa, berdintasunarena, bergizarteratze printzipioa…

“Lotsagarria” eta “kontaezina” dira, besteak beste, Yoldik erabiltzen dituen adjektiboetakoak . Bere esanetan, Estrasburgoko Auzitegiak uda aurretik emango ei du – Ines del Ríoren helegitea medio– Parot doktrinari buruzko iritzia. Ordurako, Sorturi buruzko helegitea erabakiko ei du Konstituzionalak. Sikiera, izango al du bultzadatxo bat Eusko Legebiltzarrean sortu berri den bakeari eta elkarbizitzari buruzko ponentzia entzutetsuak?

EUSKO LEGEBILTZARREKO ponentziak beharko baitu bultzada berezirik bere helburuen alde egiteko. Funtsean, Aralarreko hiruko parlamentari kritikoen eta jeltzaleen azalpenak entzunda, zera ondoriozta liteke: hau ez da foroa, baina foro garrantzitsua izan liteke. Foroan daudenen esku izango da hori frogatzea, baina forokide askoren iritziak entzunda, honen bideragarritasuna barrukoen ekimenean baino balizko gonbidatuen partehartzean dago. Eta egiazko foroa ez bada, foro hori berandu baino lehen osatu beharko da, nahiz eta ez dirudien hori samurra izango denik hurrengo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak baino lehen. Edo Sorturen legeztatzeak erraztuko luke halakorik?

Kasu batean edo bestean, interesgarria izango da nola jokatuko duen ezker abertzaleak, hasierako arbuioa argia izanik ere, foroaren garapenean izango baitu ahotsik, EA eta Aralarren eskutik zeharka eta gonbidatu gisa zuzenean ere bai. Oinarriak argi utziz, azken urteotako jarrera pragmatikoak emaitza onak eman dizkio eta foro honetan ere, akaso, bila dezake bake prozesuaren eraikuntzan baliagarria izan daitekeen zirrikiturik.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 'Parot doktrina'
Grande Marlaska tortura salaketen inguruan: "Egia bakarra egia judiziala da"

Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskak, zalantzan jarri du Eusko Jaurlaritzako tortura salaketen gainean egindako txostena. Eta gaineratu du ez dagoela ebazpen judizialik 4.000 edo 5.000 tortura kasuak eman direla esaten duenik.


2015-01-13 | ARGIA
Etxeratek "Parot doktrina"-rekin alderatu du Gorenaren erabakia

Etxerat elkarteak "urgentziazko balorazioa" plazaratu du Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren ostean. Osorik eskaintzen dizuegu jarraian:


Carmen Gisasola aske utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Carmen Gisasola aske geratu da astelehenean, kartzelan 24 urte eman ondoren. 1990. urtean atxilotu zuten Gaskoiniako Landetan (Okzitania) eta azken urteetan Zaballako (Araba) kartzelan zegoen preso. Langraitz bideari helduta, hirugarren graduan zegoen Gisasola.


ETAko presoen kondenak "gehiegizkoak" direla dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek

Jose Ricardo de Prada epaileak “neurriz kanpokotzat” jo ditu ETAko presoei ezartzen zaizkien kondenak. ETAkoak ez diren presoek betetzen dituzten zigorrekin alderatuta, aldea “handiegia” dela adierazi du.


2014-04-29 | Iera Aranburu
Euskal presoen kondenak luzatzeko doktrina berri bat eratu dute Espainiako epaileek

Presoen espetxeratzea urtebete edo bi luzatu ahalko dute neurri berriaren ondorioz. “Parot doktrina” delakoarekin alderatu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko bi magistratuk.


Eguneraketa berriak daude