Egiaren hautua

  • Sei anai-arrebaren familian 1927an Iruñean sortu zen Patxi Buldain, gizon eta artista konprometitua. 21 urterekin armadatik desertatu eta Frantziara erbesteratu zen. Parisen, Arte Ederrak ikasi zituen eta horrela, haurra zela Zapateria karrikako hirugarreneko paretetan beltzatzen zituen margoak finduz joan zen. Ikasi bazuen ikasi, graffitilari goiztiarra profesional bilakatuko zen. Han, artea “jatekoa bezain beharrezkotzat” duen gizonak, Picasso, Camus, Sartre, Brassens eta errefuxiatu politikoak ezagutu zituen. Eta 85 urtetan, nafar artistak jendeetan eta iraultzan sinesten segitzen du.

Patxi Buldain
Patxi BuldainIdoia Zabaleta

Patxi Buldainen bizi osoko obra bere izena daraman Fundazio eta Erakustokian ikusgai dago, Uharten. Aldian aldian, erakusketa berritzen dute eta artistaren bilduman dauden lanak Eusa nafar arkitekto garaikideak eraiki zuen etxe argitsuaren paretak biziaraztera dakartzate. Buldainek teknika eta euskarri ugari landu izan ditu, olioak oihalaren gainean, gouache, akriliko eta collageak paperaren gainean edota olio eta soka nahasirik zink eta zurezko oholaren gainean. Eta berriki, baita ohetako somierren burdinazko joskerak ere. Erakusketari Somierren erradiografia deitu zion.

Arte kritikariek nabarmentzen dute Iruñeko semeak duen jaidura kanpoko eraginetara irekia izateko, bidenabar bere-berea duen ikuskera mantenduz. “Arma bat ferekatzen duenak heriotza du ferekatzen” erakutsi omen zion Errepublika denborako eskolako maisuak. Buldain gazteak haren arrastoa galdu zuen, altxamendu faxistaren ondorioz zer gertatuko ote zitzaion ideia izpirik ez dauka, haren izena bera ahantzi zuen, baina sekula ez haren hitzak. Harrezkero, Buldain artistaren iparorratza jendetasuna izan da. Hainbesteraino non, bere etsaien ohorezko obra egin zuen. Homenaje a mis enemigos deitzen da, ohola gainean burdin, akriliko eta olio nahasketaz 2010ean eginiko lana. Gabriel Celayak poesiaren indarra “zikintzeraino parte hartzea” zela uste zuen nola, hala Buldainek beti pentsatu izan du margolaritzak “eguneroko biziaren egia islatu” behar duela.

Oldartu arima

“Ttipitik errebeldea nintzen”, oroitzen da Patxi Buldain, irria ezpainetan. “San Francisco eskoletan nintzen, Iruñean. 9 urte nituela, irakasle zintzoa izan genuen. Auto-diziplina lantzen zuen, hots, komunera ala eskuak garbitzera joan gintezkeen hari baimenik eskatu gabe. Gelara sartzen ginelarik, galdetzen zuen: ‘Denak gaude?! Jarriko al gara?’ eta lanean hasten ginen. Mintzatzen zitzaigun Errepublikaren alde, orduan berriki onartua. Guretzat gauza ona zela ziurtatzen zigun. 10 urte nituen gerra hasi zelarik. Eskolara joan eta berehala ohartu ginen: lehoia eta emaztea; badakizu, Errepublikaren ikurra; lurrean botata, hautsia, batzuek porroxkak biltzen ari, eta gure irakaslea ez agertzen. Ez genuen ulertzen, txapel gorri fusildunak bazeuden denetan, zer mila deabru gertatu ote zen han? Gelara sartu nahi izan genuen eta fueratu gintuzten: ‘Zuek, pasabidera!’ oihukatu ziguten. Orduan irakasle berriak hirunaka lerrokatu gintuen eta militarrak bezala sarrarazi. Atorra urdina, ttatttarra beltza eta mila marradun jantzia soinean zeramatzan. Autoritatea eta diziplina erakutsi nahi zizkigun, Falangekoa zen, noski. Haren izenaz oroitzen naiz: Don Onieva. ‘Buenos días Don Onieva, ha descansado usted bien?’ erraten genion goizero eta hark erantzuten: ‘Sí, por la gracia de Dios’. Aldiz beste gizajoaren izenik ez dut atxiki, ohartzen zara?! Gero ulertu nuen zer gertatu zitzaiokeen”.

Patxi Buldainekin hitz egitea historian gaindi bidaiatzea da. Desagertu zitekeen, fusilatu zuketen irakasle gorriak airera botatako oldarraren hazia bereganatzen ikusten duzu. “Burgesiaz mintzatu zitzaigun, berdintasuna goraipatu zigun irakaslearen baloreak genituen buruan eta horren arabera interpretatzen hasi ginen errealitatea. Kulpa ona zuen gaixoak!”.

Margolaritza, eskapabidea

Zerk eginen zuen ote, faxismoagatik ere Patxi Buldain bilakatuko zela nafar margolari garaikideetan garrantzitsuenetatik? Galdera bada non ote datekeen Buldainen pinturaren hastapena, partea dudarik gabe, Patxiren fantasiarako izpirituan dela erantzun behar da. Eta bestea, jende xehearen gogo eta zentzu onean. Alabaina, Zapateria kaleko hirugarren zenbakiko zazpigarren solairurako eskaileren igobidean, Buldain haurrak arkatza dantzarazten baitzuen, han eta hemen, apaingarri. “Paretetan margotxoak egiten nituen. Pasabideko izkinetan, pausatzeko jarleku batzuk bazeuden, haietan emazteak erosketez kargaturik zetozenean egoten zirela. Ama haserretzen zitzaidan: ‘Berriro ere margotzen ibili haiz!’ Baina beste etxekoandreek erantzuten zioten: ‘Utz ezan emakume! Oso margo ederrak ditun!’”.

Baina Paris gabe berdin haziko ote zen Buldainen trebezia? Faxismoa ezin jasanak harantz bideratuko zuen, alta. Bizinahiak patua desafiaraziko zion eta “Frantziara” pasatu zen. “Beran nintzen, soldadu. Alegia deus ere, euskal delineatzaile bizkaitarrekin mintzatzen nintzen. Hitz eta pitz, Larrundik beheiti datorren errekastoaz xehetasunak eman zizkidaten. Jakin nuen halako lekuan estaltzen dela. Buruan sartu nuen segitu beharreko bidea. Neukan dirua hartu nuen, Astra pistola luze bat 9 milimetrokoa baita eskuko bonba bat. Guardia Zibila atera izan balitzait botako niokeen: buruz burukoa izanen zen, haiek ala ni, eta aurtikiko nuen. Hortaz, bestaldera iragan nintzen. Etxalde batetara heldu eta egun batzuez bertan gelditu nintzen. Kontrabandistak zirenez, gaztelaniaz bazekiten. Baba txikiak eman zizkidaten jatera eta erran zidaten: ‘Zoaz erregebidetik. Jendarmeek hartzea behar duzu. Muga hetsirik dago, ez zaitez izutu, ez zoaz eta, atzera ostera’. Baionako parakaidistetara eraman ninduten jendarmeek. 1947 zen. Kuartelean mintzatu, keinuz mintzatu ginen. Gero, errefuxiatuen aldeko zentrokoak etorri zitzaizkidan. Eta Pariserako billetea eta handik Frantzia Iparrerako txartela eman zizkidaten”.

“Paris, ma bohême”

Egunez eraikuntzan lanean edo jatetxeetako platerak garbitzen bizi izan zen Patxi Buldain urtetan, Parisen. “Han, antzerkia, literatura, pintura, oro har kulturako abangoardia zegoen. Camus, Sartre, Brassens ere ezagutu nituen. Camusez oroitzen naiz, bereziki. Espainiako presoen aldeko kontzertuetara zetorren. Bere ama espainola zen, jatorriz. Oso gutartekoa zen, Camus. Elkar gurutzatzen genuenean botatzen nion: ‘Hator hona, gizon!’. Mugimendu handia zegoen orduan Parisen, intelektualak mugimendu politikoekin nahasten: komunista, sozialista, anarkista… Ni anarkistekin ibiltzen nintzen eta Camus ere haietakoa zen. Igandero anarkisten zentrora joaten nintzen, Sainte Marthe karrikara. Bestalde, espainolen ostatuan ere biltzen ginen, arno ona zuelako, Pompe karrikan. ‘Hara anarkistak, arnoa dastatzera datoz!’ erraten ziguten. Beste pintoreekin Montparnasseko Coupolen batzen ginelarik, elkar zirikatzen genuen. Uste genuen literatura, pintura, artea… iraultza eta beste mundu bat egiteko zirela. Orduan ez nuen uste gaurko munduarekin topo eginen genuela. Lorcak jadanik salatua zuen kapitalismoaren basakeria, esklabotasuna, Sacco eta Vanzettiri gertatuko zitzaiena… Orain, niri dagokidanez, natura hautsiaren eta ustelduaren barnean pintatzen dut. Kapitalaren berekoikeriak dakartzan usteldura eta zuhurkeria erakusteko. Beraz Parisen nintzela, lana eta gero pintatzen nuen, Montparnasseko La Grande Chaumière eskolan. Han egon zen Modigliani gu aitzin. Krokisak egiten ikasi nuen. Baina modeloak kopiatzea ez nuen maite. Eta bestalde, gauaz, Bellevilleko Arte Eder eskolara nindoan. Eskola hartarako Arte Ederretan ezagutza izatea eskatzen zuten, lehenik azterketa bat gainditu behar zelako. Italiar irakasle batek ikusi zuen nire lana eta akuilatu ninduen gauza asko egitera. Klasikoan hasi nintzen margotzen eta halako batez erran zidan: ‘Orain zure usaiekin hautsi behar duzu. Ezker eskuarekin egin behar duzu!’. Eskultura ikasten ere lagundu ninduen. Eta pintura nire aldetik segitu nuen”.

Gure solasaren haritik horretaraturik, ez dezakegu jakin-mina menpera: zein izan ote ziren Patxi Buldainek Pablo Picassorekin izan zituen harremanak? Nafarrak, galderaz harriturik bezala, sinpleki aitortzen digu baietz, harekin erakusketa egin zuela Saint Ouengo museoan. Baina ez dio garrantzi gehiagorik ematen. Zergatik, ote? “Ezin hurbildua zen gizona. Espainiako printzeak baino jende gehiago zeukan inguruan”. Erakusketa hartan erosi zioten Patxi Buldaini bere lehen koadroetatik bat. “Gero handiko Espainiako margolari gaztetzat nindukaten. Ez ahantz Saint Ouen Pariseko gerriko gorrian zegoela orduan. Horregatik lagundu zuten gure erakusketa”.

Mende erdia pasa lanean ari dela, behialako gero handiko artista gazteak zer erran liezaioke bada, gaurko artista gai bati? “Egin dudanarekin plazera hartu izan dut, beti. Nire pintura kale hutsekoa da –hala dio: “de la puta calle”–, ez dut jende handien erretraturik egin nahi izan, sekula. Inpresionistak; asko anarkistak; nituen buruan: eguneroko biziaren egia nahi izan dut islatu, egiaren beste substantzia bat. Horregatik izanen da erraten didatela nire koadroek arrasto zerbait uzten dutela. Edertasuna zertarako? Parisen emazte ederra izan nuen. Oso ederra. Pentsa, gaztean denak gara eder. Baina gero, zer sustantzia gutxikoa zen! Bihotzean, izatean datza edertasuna, berekoikeriarik gabe, amodio librean… Horrek izanen du isla nire pinturan: egia putaren aldekoa naizelako. Pintura zale gazte bati zera aholka niezaioke: barnean daramazuna isla ezazu. Lehenik ikas ezazu ofizioa, gero zure bihotza entzun. Eginik ez dagoena egin ezazu. Pentsa eta hauta ezazu”.


ASTEKARIA
2012ko otsailaren 19a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Analisia
Araba: Zer isla elektoral izango du aldaketak?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia nabarmentzen ari da, Araba erabakigarria izan daitekeen herrialde bihurtuta. Dinamika hori ulertzeko, azken hamarkadan Araban izandako hauteskunde-bilakaera aztertu behar da. Hiru aldi... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude