Nortasun agiriko sexua

Jadanik kozkortua zenean heldu zitzaigun Queer teoriaren berri, ez hain aspaldian, eta eztabaidak sustatu zituen lagunartean. Adiskide gazteek jakinarazi ziguten sexuak ez direla bi bakarrik, parrasta bat baizik. Guk, aldiz, bi direla, ugalketan duten funtzioaren ikuspegitik, eta horrek garrantzia baduela.

Eztabaida antzua, naski, kontua, fisiologikoa baino areago, ideologikoa delako. Zer, ondo pentsatuta, zergatik izan behar du sexuak pertsonak banatzeko erabiltzen den ezaugarri nagusi eta unibertsalena? Haren gainean eraikia da generoa, hau da, sexu bakoitzari egozten zaion izaera, jarrera eta jarduera multzoa; genero teoriaren arabera, ezaugarri horiek ez dira inondik ere naturalak, kulturalak baizik; hots, horiexek baliatzen dira emakumeak gizasemeen menpean egon daitezen justifikatzeko. Eta halere, hemen eta nonahi sexua da sortu berriari eratxikitzen zaion lehen etiketa, nahiz eta, zalantzako kasuetan eginda, sufrimendu handiak ekar ditzakeen gero, aukera desegokia zela agertzen denean.
Ez da sexuaren existentzia ukatzea, errealitate biologiko bat da, larruaren kolorea bezala. Baina ez da arrazoirik sexua izan dadin jendeak sailkatzeko irizpide pertinentea, arbitrarioa baita horretarako eman zaion nagusigoa. Haren aipamena, beraz, baztertzekoa da arlo batzuetatik eta, hasteko, nortasun agiritik.

Arraza eta erlijioa ere azaltzen edo azaldu izan dira agirietan, beti diskriminatzeko helburuan –genozidioa bultzatzeko asmoan egin ez denean–. Sexua markatzea ez da inozentea, jestu politikoa da, pentsamolde batek agindua. Jadanik kendua dute Suitzan eta Alemanian eta, nahiz ez duen horrek sexismoa ezabatuko, aitzin urrats bat da.

Gordinagoa da izenarena, horrek zinez behartzen du-eta bakoitza egon dadin esleitu dioten aldean. Euskal eremuan zedarritu gabeko aroa izan da behiala eta, horri esker, Haitz edo Olatz neska zein mutiko ezagutzen ditugu. Orain, Espainiako kode zibilak agintzen duenez, zorrozkiago debekatzen dira Euskaltzaindiaren izendegiak maskulinotzat dauzkan izenak neskei ematea, eta alderantziz.
Eta bai, oso arerio ahaltsuak eta eginkorrak baititu genero teoriak. Ez dela zientifikoa, iritzi okerra baizik, aldarrikatu dute berrikitan Frantziako eskuineko hautetsi zenbaitek, eta haren aipamena kentzeko eskola liburuetatik eskatu dute. Vatikanoa heldu da atzetik kusi-kusian: haren teologoen ikerketen arabera (haiek bai zientifikoak) generoa ez dela errealitate kulturala, eta bai sexuari eta biologiari lotua; sexuen desberdintasun intrintsekoa zalantzan jartzea marxismoa baino arriskutsuago dela, paradigma aldaketa dakarrelako eta familia hankaz gora ezartzen duelako.

Jendadia egituratu duen ardatz bat pikutara bidaltzea iraultza handia dela ez dugu dudarik. Horregatik behin eta berriz predikatzen digute emakumeak eta gizonak diferenteak eta osagarriak direla. Oso moñoñoa. Arazoa da desberdintasun horrek hierarkizazio (intrintsekoa, bai) daramala berekin eta lehenari eutsiz bigarrena ezaba daitekeela ezin dela sinetsi. Alternatibarik ez da: edo generoak mantentzen ditugu beren ondoriozko odol eta minekin, edo generoak ezeztatzen ditugu eta zerbait izugarria gerta liteke. Lehen hautuak zer eman duen badakigu; bigarrenak, ikusteko dago, baina zaila izango da bestea baino itsusiago ateratzea. Baietz proba egin nahi? Ea ba, sexuei garrantzia kendu, genero-tirania amilka bota eta bakea dela denekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal izendegia
Haur euskaldun bati latinezko izena inposatu dion epaileak, Ilargi beharrean Jon jarri zion beste bati

Cristina Rodríguez Ruiz epaileak galarazi egin zien guraso batzuei beren seme jaioberriari Ilargi izena jartzea, argudiatuz neskentzako izena dela. Gurasoen iritziaren aurka, Jon izena jarri zion EiTBk informatu duenez.

 


2019-06-14 | Axier Lopez
Euskaltzaindiak genero markarik ez duten izen batzuk onartu ditu lehen aldiz

2011n ikuspegi binarioan (gizonak eta emakumeak) oinarritutako izendegia argitaratu zuen Euskaltzaindiak. Generorik ez duten euskarazko ehunka izenei izaera aldarazi eta ordutik familia askoren buruhauste eta oztopo bilakatu da sailkapen hori. Kritika andana jaso ostean,... [+]


Badira izen mistoak Euskaltzaindiaren zerrendetan

Euskaltzaindiak 2001etik aurrera sexuaren araberako bereizketa finkatu zuen izenetan baina IKAren Deklinabidea aplikazioa garatzen ari nintzela salbuespenak badirela konturatu nintzen. Badaude Euskaltzaindiaren gizonezkoen eta emakumezkoen ponte-izenen zerrendetan, bietan,... [+]


2018-01-15 | ARGIA
Euskaltzaindiak pertsona izenen genero bereizketarekin malguago izateko eskatuko dio Justizia Ministerioari

Euskaltzaindiak adierazi du aurki Ministerioarekin euskal izendegiarentzat “bestelako bideak asmatzeko” harremanak hasi nahi dituela.


2017-03-14 | Hiruka .eus
"Genero-markarik gabeko izenen aldeko apustua egiten dute askok"

Izenek egungo biko genero-sistema zelan erreproduzitzen duten azaltzeko, Saioa Iraola Urkiola Bilgune Feministako kideak akordura ekarri ditu Idurre Eskisabel Larrañaga kazetari eta antropologo beasaindarraren berbak. Eskisabelek esaten duenez, "egunerokotasunean,... [+]


Eguneraketa berriak daude