Euskaltzaindiak adierazi du aurki Ministerioarekin euskal izendegiarentzat “bestelako bideak asmatzeko” harremanak hasi nahi dituela.
Andres Urrutia Euskaltzainburuaren hitzak dira ondokoak: “Euskaltzaindiak Espainiako Ministerioari azaldu nahi dio euskararen ezaugarri propioak kontuan hartu behar direla izendegian genero bereizteari dagokionez: bestela, hizkuntza erromanikoetatik datozen irizpideak aplikatuko genizkioke euskarari, eta horrek ez du inolako logikarik”.
Duela egun gutxi, Akademiaren beste albiste bat tarteko, afera hori berpiztu zen sare sozialetan. Alegia, Euskaltzaindiak bere hiztegiko zenbait definizio aldatuko zituela iragarri zuen, genero-berdintasuna hobeto islatzeko asmoz. Albiste hori baliatuz, sare sozialetan Euskaltzaindiari gogorarazi diote euskal izendegiarekin izan duen jarrera, genero ikuspegitik. Akademiak 2001etik aurrera sexuaren araberako bereizketa finkatu zuen izenetan, ordu arteko anbiguotasunak ezabatuz.
Akademiak eman duen azalpenaren arabera, Euskaltzaindia erakunde aholku emaile ofiziala da eta legeriaren arabera jokatu behar du izendegiari dagokionez, ez du ahalmenik Erregistro Zibilarekiko. Alabaina, Justizia Ministerioari eskatuko dio euskararen ezaugarriak kontuan hartzeko eta legeriaren edukia malgutzeko.
Onintza Irureta Azkunek idatzitako "Gurasoen nahia Euskaltzaindiaren menpe" erreportajean aurkituko duzu gaiari buruzko informazio gehiago.
Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.
Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!