ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 12a
Berri Txarrak

"Hozka egiten jarraitu nahi dugu"

  • Ia bi hilabete Venice Beach-en (AEB), Ross Robinsonen estudioan grabatzen pasa ondoren bueltan dira Berri Txarrak, Haria diskoa besapean. Aspaldian baino metaleroago, inoiz baino poperoago, kontrastea bilatu dute estudioko zazpigarren lanean. Aste honetan aurkeztu dute eta hurrengo otsailetik aurrera ekingo diete kontzertuei berriz ere.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2011ko azaroaren 27a
Luzea eta bitxia izan da Hariaren grabazioa: lanerako plan nahiko idealizatuarekin joan zirela diote Berri Txarrakeko kideek eta behin estudioan sartuta gauzak uste baino mantsoago joan direla. Venice Beach ezagutzeko parada izan dute behinik behin, Galder Izagirre bateria-jotzailearen argazki hauek erakusten dutenez.

Hariaren soinuan Payolarenean baino gehiago antzematen da ekoizpen lana, geruza gehiago ditu. Ross Robinson ala Steve Albini, bietako zein aukeratuko zenukete?

Gorka Urbizu: Ez nuke bat ala beste aukeratuko. Grabatzerako orduan bi muturrak probatu ditugu, aurreko diskoa oso berezia izan zen alde horretatik, zortzi egunetan grabatua, dena oso gordin, ia ez zegoen geruzarik, polaroid argazki baten modukoa zen. Bazegoen Oulipo izeneko literatura talde bat, “E” letrarik gabeko testuak edo aditzik gabeko testuak egiten zituena; ba, horren antzeko zerbait izan zen: “Egin dezagun disko bat, ezingo duguna batere editatu, ea zer ateratzen den”. Orain beste muturrera joan gara, zortzi egunetik pasa gara ia bi hilabete estudioan pasatzera, lehenengo aldiz benetako ekoizle batekin lan egitera, kanten inguruan bere iritzia eman duena.
Aldi berean, bi mutur izanda ere, Robinsonek eta Albinik badaukate puntu komun bat: biek musika maite dute beste edozeren gainetik eta kanta errespetatu egiten dute; Venicen bi hilabete pasa ditugun arren, hau ez da ultra-ekoiztutako disko artifiziala. Zer nahi genuen ez genekien baina zer nahi ez dugun, hori argi daukagu.

Galder Izagirre: Biek ihes egiten dute gaur egungo grabaketa estandar eta oso produzituetatik. Joan eta deigarria egin zitzaigun lehen gauza izan zen klaketarekin ez grabatzea. Atera kontuak, gaur egun badirudi klaketa gabe ezin dela diskorik egin, katastrofea izango litzatekeela, baina beraientzat ez da horrela; arlo teknikoan baino gehiago sinesten dute musikariak barruan daukan horretan.

Musikazuzenean.com webgunean idatzi dituzuen grabaketako kronikak leitu eta sumatzen da ekoizleak ondo zukutu zaituztetela.

G.U.: Ross Robinsonen leienda hori da, taldeei gaizki pasarazten diela; zauri baten bila dabil beti eta topatzen baldin badu... Berak “brain-surgery” esaten dio, harrapatzen zaitu puntu ahulean eta hortik tiratzen du, gero, grabatzeko momentuan, nabaritu dadin benetako zerbait egiten ari zarela. Sekulako tertuliak izaten genituen grabatu aurretik, edozein kanta egin aurretik “hau zertaz doa?” galdetzen zuen. Ez gaude ohituta, normalean letragileak etxean egiten ditu hitzak eta nahiko gauza intimoa izaten da.

G.I.: Musikari bakoitzaren muga bilatzen du: nahiz eta bateria grabatzen egon hirurak ari ginen jotzen zuzeneko batean bezala eta errepikapen bakoitzarekin berak ondorio asko ateratzen ditu; gutxi gorabehera bakoitzari puntua hartzen dio.

Lehortzen kantaren sarrera Korn-ek lasai asko sinatzeko modukoa iruditu zait, nu-metal kutsua du. Etxetik hala eraman zenuten edo grabatzean aldatu zen?

David Gonzalez: Egia esan, bateria guztiak grabatu ondoren egindako jam bat da, inprobisatua. Riff nagusia geneukan, jotzen hasi ginen, garapen bat egin genuen eta grabatuta utzi. Rossi asko gustatu zitzaion eta abesti bat moldatu zuen.

G.I.: Kantaren minutu bat edo bi behar genituen eta hortik aurrera lasai jotzen hasten zara, badakizulako ez duela balioko; eta sekulan ez duzu jo hain lasai, eta sekulan ez dituzu inprobisatzen horrelako gauzak grabaketa batean. Baina kanta horretan bai eta azkenean, bi minutu izan beharko zukeena, osorik gustatu zitzaion berari.

Inprobisazioari ohikoa baino tarte zabalagoa utzi diozue beharbada?

D.G.: Etxeko lanak eginak eraman ditugu, baina han ikusten duzu ekoizleak askotan nahiago duela beste bide batetik joatea edo gehiegi ez pentsatzea... Gorkari, adibidez, gitarrekin...

G.U.: ... Bai, nire muga hor aurkitu zuen. Esaten zidan “zenbat eta gutxiago pentsatu, orduan eta musikari hobea zara”. Etxetik moldaketa bat neraman eta esaten zidan: “Ondo dago, baina perfektuegia da” edo antzeko zerbait. Eta gero: “Egin edozer gauza, hori izan ezik”. Eta tak, REC botoiari ematen zion eta ni: “Zer ostia egingo dut!”. Hortik irakaspen bat baino gehiago ekarri dugula uste dut.

Sugea sugerekin zabaldu duzue diskoa. Laboaren Txoria txoriren kontrapuntua izan nahi al du? Tituluarengatik diot.

G.U.: [Barrez] Ba ez nuen horretan pentsatu...

G.I.: ... hemendik aurrera hori esango du elkarrizketetan! [barrez].

Kantak azala aldatzeaz hitz egiten du, aro berri bat hasteaz; bizi dugun garai politikorako egokia, inondik ere. Nahita egina da?

G.U.: Gure kantek askotan izaten dute bikoiztasun hori, ez dakizu erlazio bati buruz ari zaren, gure herriari buruz ari zaren... batzuetan bien arteko zerbait da. Baina kanta horrek adierazi nahi du taldeak suge izaten jarraitu nahi duela. Azken bi urteak ez dira oso samurrak izan eta hau da orain atera dugun emaitza. Musikari izatea narrasti izatearekin lotzen dut, iruditzen zait badaudela parekotasunak; hozka egiten jarraitu nahi dugu, aldaketak aldaketa hemen gaudela adierazi. Baina tira, Txoria txorirena ere ez da txarra! [barrez].

Txinaurriak diskorako egindako kantaren oihartzunak izango dira...

G.U.: Makuluak kanta Bertold Brechten poema batekin egin dugu disko honetan eta Laboaren omenez egin genuen kanta ere, Liluraren kontra, Brechten poema batekin egina da. Laboaren itzala beti hor dago.

Kanta horretan eta beste batzuetan intentsitate aldaketa handiak egin dituzue.

[Barre egin dute]

G.I.: Hasi ginenean ikusi genuen amankomunean geneuzkan gauza batzuk zirela egurra eta pop-a eta interesgarria izango zela bietan sakontzea. Askotan pertsonek eta taldeek aurre egin behar diote euren iluntasunari, baina kasu honetan gure argitasunari egin diogu aurre. Onartu behar izan dugu gugan zegoen melodia eta pop kutsu hori, atea ireki eta esan diogu “sartu”. Beti eduki dugu “ei, gu talde kañeroa gara” esateko joera, baina argitasuna, melodia, hori ere gugan dago, egurra emateko gogoarekin batera.

G.U.: Halere, badago batasuna kantaren barruan: erdiak kontatzen du makuluekin ibiltzearena, sendagilearengana joatea... Eta bigarren partean, alderdi poperoena sartzen denean, hitzak ere positiboagoak dira, “orain sendatuta nago, orain banabil...”.

Gure artean broma egiten genuen, hau “pop gogorreko” disko bat zela esanez. Egitura aldetik nahiko poperoa da, baina gogorra eta gordina ere bai. Lagunak ekarri genituen entsegu bat entzutera eta harrituta geratu ziren: death-metaletik hurbil dauden pasarteak, bateriaren blast beat erritmoak... Gauza oso muturrekoak metalaren barruan ere. Baina gero ahotsarekin halako nahasketa berezia sortzen da.

Iraila kanta izango da beharbada Berri Txarrakek inoiz egin duen kantarik malenkoniatsuena.

G.U.: Kanta berezia da, inolako mozorrorik gabeko pop abestia, baina zuzenean sekulako rock jarrera emango diogu; gainera badauka halako crescendo bat. Hitzak badira nahiko malenkoniatsuak eta disko honetako berritasunetako bat, beharbada, horixe da, edertasunaren bila joan garela. Nahiz eta soinua gordina izan eta indar handia egon azpitik, lokatz horren gainean badaude kasik lirikoak diren pasarteak, Irailan edo Makuluaken bukaeran, adibidez.

Disko txarra egitearen mamua ibili omen duzue kantak prestatzen aritu zaretenean. “Discomalo” deitzen zeniotela leitu dut. Uxatu al dituzue beldur horiek?

G.I.: Bai, kendu dugu beldur hori.

D.G.: Niri gutxitan gertatu zait hain argi izatea, jakitea disko hau benetakoa dela eta disko ona dela.

G.I.: Sorkuntza prozesu batean fase pila bat pasatzen dituzu, badituzu egunak, entsegu batzuk, pentsarazten dizutenak ez duela ezertarako balio, dena gaizki joan da, ondo zegoen guztia zalantzan jartzen duzu, diskoa hasi behar zuen kanta ez zaizu hainbeste gustatzen... Horrelako garai bat eduki genuen eta barre egiten genuen gure artean “Discomalo”-ren kontu horrekin, baina benetan zen... [Urbizuk eta Gonzalezek barre egin dute] Ez geneukan objektibitaterik gure lanean, ez genekien zer ari ginen egiten...

D.G.: ... Heltzen da momentu bat perspektiba galtzen duzuna, baina normala da: gu hirurak lan egiten, entseatzen, kantak entzuten... Eta askotan kantaren erdia entzun eta bagenekien noraino iritsi nahi genuen, baina bide erdian “ze ostiatan ari gara” esanez bezala genbiltzan.

G.I.: Garai horietan intuizioak salbatzen zaitu, nik uste. “Discomalo” esaten ari ginen, baina bazegoen zerbait esaten ziguna ezetz, ez zela hain txarra.

D.G.: Batez be kanpoko iritzirik ez daukazunean gertatzen da, bazoaz eta bazoaz eta momentu batean pentsatzen duzu: “Agian urrunegi joan naiz eta bide okerra da”. Baina lagun batekin egoten zara, entzuten du edo irakurtzen du idatzi duzun hori eta esaten dizu ondo dagoela. Horrekin lasaitzen zara.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Berri Txarrak

Berri Txarrak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2011ko azaroaren 27a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude