Kanta berrien esperoan

Gorka Bereziartua
0

Berri Txarrak taldeak gaurko komunikatuarekin batera zabaldu duen irudia.

Berri Txarrak taldeak “etenaldi mugagabea” iragartzeak ezustean harrapatu ditu Euskal Herriko musikazale gehienak. Bonba bat bezala erori da notizia, Lekunberrin sortutako taldea ez baita alferrik gaur egungo euskal musikaren erreferente nagusienetakoa.

Erabakiak derrigor ekarriko du taldearekin bizi izandako momentuak malenkoniaz gogoratzea eta oroitzapen kolektiboen makina martxan jartzean kontu asko etortzen dira burura. Pertsonalki, Berri Txarrakek 1999an argitaratu zuen Ikasten diskoarekin lagunartean izan genituen eztabaidez gogoratu naiz gaur: lehenbiziko lanean nagusi zen metal konbentzionalagoaren aldean soinu berriak bilatu zituzten Lekunberrikoek, orduan oraindik inguruotan hain gogor jo ez zuen nu-metalerantz gerturatuz, gitarra riff gogorrak rapeatutako ahotsekin nahastuz eta bidea irekiz milurteko aldaketatik aurrera paraje hauetako rockean asko ugaritu zen soinu mota bati.
Baina askori ez zitzaien lehen entzunaldian sartu. Taldearen disko homonimoaren defendatzaileak ziren lagunak oroitzen ditut, bigarren lanarekin behera egin zutela esanez. Hamabost urte geroago, Lemak, aingurak kantaren kutsu poperoarekin antzeko erreakzioak izan ziren.
Gustatzen zait musikaz eztabaidatzea eta ondo pasatu izan dut kontu horiekin soka-tiran, asko ikasten da kanta beraren inguruan jende diferenteak izaten dituen erreakzioak ikusita. Baina, hori esanda, batzuetan iruditzen zait musikarekin badaukagula halako harreman identitario bat, “gurea” sentitzen dugun horretan geratzeko joera alegia –jada ezagunak zaizkigun soinuak, kantatzeko moduak, jarrera eszenikoak– eta horrek aukera kentzen digula proposamen berriak merezi duten arretaz entzuteko.
“Adierazteko molde berriak bilatuko ditut” dio Gorka Urbizuk gaurko erabakiaren berri emateko argitaratu duen komunikatuan. Esaldi horretan badago nire ustez berri on bat, gaurko berri txarra gainditu beharko lukeena: kantak egiten jarraituko badu, inportanteena etortzekoak diren abesti horiek dira, esploratzen jarraituko duen artistak zer ekarriko duen, musikariaren zer fazeta dauzkagun deskubritzeko oraindik.
Bestela, geratzen dena nostalgia hutsa baita. Eta nostalgikoek ez dute musika berririk entzun nahi izaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA