«Intimitatea galduko dugu baina gertutasuna ere lortuko dugu»

  • Jaio. Musika. Hil diskoa argitaratu eta bi urtez abiada bizian, hara eta hona ibili da Berri Txarrak talde nafarra. Atsedenaldi antzerako batean daude orain, zuzenekoak utzi eta Durangoko Azokara begira Zertarako Amestu DVDa prestatzen. Ordubete inguruko dokumentalean bi urte egingo dute atzera: ez nostalgiko bihurtu direlako, egin dutena bildu eta aurrera jarraitzeko baizik.
Gorka Urbizu

Lehenik eta behin, kontaiguzu nola doazen Zertarako Amestu DVDaren filmaketa lanak.


Jada dena grabatuta dago eta orain edizioarekin eta antolaketarekin gabiltza, eta hori da agian zailena. Baina, berez, DVDan egongo diren osagai guztiak jada sukaldean dauzkagu. Zuzenekoak grabatu genituen Gernikako Astra gaztetxean eta bira guztiko irudiak ere baditugu. Hor galbahe lana egin dugu, eta elkarrizketa guztiak ere egin ditugu. Orain dena laburtzea geratzen zaigu, oso luze geratzerik ez dugulako nahi.

Elkarrizketatuak aipatu dituzu. Nor elkarrizketatu duzue?


Berez, DVDaren funtsa Jaio. Musika. Hil prestatzen hasi ginenetik gaur arte igaro diren hogeitik gora hilabeteak biltzea da. Beraz, urteotan gurekin zerikusi zuzena izan dutenak elkarrizketatu ditugu. Besteak beste, Karlos Osinaga, diskoa grabatu zuen teknikaria; Ed Rose ekoizlea, Kansasen nahasketak eta berarekin egin genituelako; Marino Goñi, Gor diskoetxeko arduraduna; eta Tim McLarth Rise Against-eko abeslaria, beraiekin egindako bira dela eta. Gainera, taldea osatzen dugun hirurok ere [Aitor Goikoetxea, Mikel Lopez eta Gorka Urbizu bera] hitz egingo dugu.

Erosteko asmoa duenak zer espero behar du DVD honetatik?


Ez dakit zer espero behar duen, baina argi utzi nahi dut ez dela zuzeneko DVD bat. Guk pelikula edo dokumental baten moduan aurkeztu nahi dugu. Uste dut aukera polita dela taldearen nondik norakoak barrutik ikusteko. Sentsazioak eta alderdi humanoa erakusten dira.

Nondik sortu zitzaizuen proiektu honen ideia?


Jaio. Musika. Hilen konposaketa, grabazioa eta bira oso berezia izan da guretzako. Talde bezala 13 urte damatzagu baina agian azken hilabete hauek izan dira intentsoenak. Lanak ere utzi genituen eta horrek ahalbidetuta hiruzpalau kontinentetan egon gara, 200 kontzertu eskaini ditugu ia bi urtetan... eta hori guretzako berria zen. Arrapaladan gertatu da, hori da daukagun sentsazioa eta hori laburbildu eta ordenatu behar genuen eta esan “begira zer egin dugun bi urte hauetan”. Horrez gain bazen garaia zaletuei taxuzko irudi batzuk eskaintzeko.

Badirudi azkenaldian geroz eta talde gehiagok hartu duzuela DVDaren bidea. Zuek ere moda horretan sartu al zarete?


Modan dagoen ez dakit, baina egia da euskarri erdi berria dela DVDa eta horrek sustatu duela. Guk behintzat behar genuen, askotan irudiak eskatzen zizkigutelako eta ez geneukan ezer erakusteko. Batez ere dokumentalaren ideiak erakartzen gintuen. Hor intimitate pixka bat galduko dugu, baina aldi berean gertutasuna lortuko dugu zaletuekin.

Berri Txarrak taldearen “bizitza berria”-edo du abiapuntutzat DVDak, Aitor Orejak utzi zuenetik hona, hain zuzen. Iragana ahaztu nahi?


Ez, hori argi utzi nahi dut. Ez gara ezertaz damutzen eta Aitor oso garrantzitsua izan da gure bizitzan. Aurrekoa gabe ez geundeke hemen. Baina horrelako antologia bat aurreragorako utziko dugu inoiz egiten badugu. Ez da estrategia bat. Ez da bakarrik Aitorrek utzi zuela: lehenengo diskoa izan da hiruko moduan, estudio batetik kanpo grabatu dugun aurrenekoa, Euskal Herritik kanpo ekoizle batekin nahastu dugun lehena eta bira ere berezia izan da. Askotan esaten dute hemengo taldeak ohituta gaudela bakarrik asteburuetan jotzera eta astelehenean berriz mozorroa kendu eta lanera. Oraingoan astean zehar jo dugu. Baina iraganarekin moztu, sekula ez.

Jaio. Musika. Hil lana kaleratu eta 200 kontzertu baino gehiago izan dituen bira egin duzue mundu osoan. Biraren zer balorazio egiten duzue?


Oso ona. Puntako gauzak egon dira: Rise Againstekin egin genuen bira, 13 kontzertu birako autobus batean eta Amsterdango Melkweg edo Londreseko Mean Fiddler bezalako areto historikoetan eskainitako emanaldiak. Lorpen aldetik kristorena izan da eta esperientzia aldetik, talde eta pertsona moduan ere oso positiboa. Nik uste horrek zaildu egin gaituela, fisikoki eta mentalki nekagarria izan den arren.

Taldeko kideen arteko elkarbizitza ere ikaragarria izango zen.


Bai, noski. Aurretik ere zortea izan dugu taldean egonkortasuna izan dugulako eta ondorioz sekretu gutxi dauzkagu elkarren artean. Egoera berrietan egon gara eta biran egoteak beti dauka nomada puntu bat. Elkarbizitzaren aldetik ere froga izan da, baina ez dugu arazo larririk izan.

Froga gainditu duzue, beraz.


Bai, bai, kar, kar, kar. Baina erronkak ere baziren, eh!


Zurichen karga poliziala sufritu zenuten, irrati japoniarretan elkarrizketatu zintuzteten... Pasadizo ugari izango dituzue kontatzeko.


Bai, badaude, eta DVDan bat edo beste agertuko da. Zurichekoa nahiko gogorra izan zen, orain kontatzen duzu eta oso ondo, baina momentuan... Maiatzaren lehena zen eta oso egun berezia izaten da Zurichen. Kontzentrazioak egoten dira eta egun osoko festa moduko bat. Egun guztian ibili zen polizia probokatzen eta azkenerako tentsio gehiegi pilatu zen. Une batean eszenatokiaren alde batean polizia zegoen eta beste aldean manifestariak. Bi aldeak elkarri gauzak botatzen eta gu erdian jotzen. Gelditu egin behar izan genuen. Gero negarra eragiteko gasa bota zuten eta gu denok negarrez, tresna eta instrumentuak zaindu behar... Nahiko abentura izan zen. Nikaraguan ere jo genuen, kongresuaren aurrean, Nikaraguako barne zergaren inguruko eztabaida garrantzitsu bat egiten ari ziren bitartean. Oso hunkigarria izan zen.

Euskal Herriko talde askok bezala, gaztetxeetan hasi zenuten zuen ibilbidea. Orain mundu osora zabaldu zarete. Diferentzia handia dago hasiera horietatik gaur eguneko egoerara.


Aldatu da egiten duzunak daukan oihartzuna, orain entzule gehiago dauzkagu. Hasieran guk mugitu behar genuen. Baina nik uste espirituak jarraitzen duela. Formatua aldatu da, orain ezin dugu astebururo gaztetxeetan jotzen aritu, jendea kanpoan geratzen delako. Guk ez dugu hori bilatu, musikariak ez du bilatzen jendearen oniritzia, baina gero eskertu egiten du. Eta zorretan gaude gure publikoarekin. Baina saiatzen gara jendeari zerbait transmititzen, ideia batzuk zabaltzen eta sentimenduekin jokatzen, eta nik uste hori bukatzen denean amaituko dela dena.

Gernikako Astra gaztetxean kontzertua eskaini zenuten irailaren 13an, zehazki DVDrako zuzenekoa grabatzeko. Zer moduz joan zen kontzertu hori?


Arazo tekniko batzuk izan genituen, baina oro har, ondo. Hor ere egin genezakeen kontzertu bat ez dakit non eta 3.000 lagunekin, baina intimoagoa nahi genuen. Kontzertu bitxia izan zen. 300 lagun bakarrik, gure inguruan. Uste dut bertan egon zenak sentitu zuela zerbait berezia zela.

Normalean, eszenatokian ikusleak baino gorago eskaintzen dituzue kontzertuak. Baina DVDrako kontzertua lurrean eskaini zenuten. Zein helbururekin?


Publikoaren gertutasuna lortu nahi genuen, ez genuen nahi zerbait handia egiteko gai garela erakustea. Dokumentalean agertuko dira Sanferminetan-edo jo genueneko irudiak, 2.000 edo 5.000 pertsonaren aurrean. Hori ondo dago eta eskertzen dugu. Jende askori segur aski ez zaio gustatuko eta ez du ulertuko. Bada jendea esan diguna, “joe, zuek mugitzen duzuen jendearekin nola egin dezakezue hori?”. Ez dakit, hori nahi genuen eta hori egin genuen.

Gitarraren sokak moztuta bukatu zenuen kontzertua.


Guk ez daukagu aurrekonturik Kurt Cobain-ek bezala gitarrak apurtzeko, kar, kar, kar; asko maite ditugu gure instrumentuak baina etxeko bertsioa egiten dugu. Momentuko gauza da. Kableak mozten ditut alikate batekin eta horrek esan nahi du kontzertua bukatu dela. Rockak duen energiak eramaten zaitu horretara. Gero agian ikusten duzu eta pentsatzen duzu, “zer egin nuen hemen?!”. Ez da ezer prestatua, baina alikateak hor dauzkat badaezpada.

Rise Against taldearekin harreman handia duzue eta biraren zati bat eurekin egin duzue. Hala ere Euskal Herrira ez dira etorri.


Saiatu ginen biran hona etor zitezen lortzen. Rise Against oso talde handia da. Eta gauza bat taldea da, eta beste bat da atzean daukan management guztia. Multinazional batean daude eta ez da erraza. Eurekin egon bagara Tim McLarth-ekin daukagun laguntasunagatik izan da. Hala ere, datorren urtean disko berria grabatuko dute eta nik uste lortuko dugula hona etortzea. Orain gutxi, gainera, Tim McLarth-ek berak esan zidan hurrengoan baietz.

Zein proiektu duzue buruan aurrera begira?


DVDa bukatzen ari gara eta gero bi-hiru hilabeteko atsedenaldia egingo dugu. Datorren urtetik aurrera hasiko gara berriz kantuak egiten. Pentsatzen dut 2008ko uda bukaeran edo grabatzeko egongo garela, dena ondo badoa eta inspirazioa badatorkigu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Berri Txarrak
2021-03-14
Marina Lameiro. Dardara irudietan harrapatzen du
"Musika dardara da eta bibrazio horrek beste dardara bat eragiten du jendearengan"

Film dokumentalak maite ditu egile iruindarrak. Bere lehen filmetan gazte askok bizi duten prekarietate amaigabeaz eta gentrifikazioaz mintzatu ondoren, orain musikak sorrarazten digun dardarizoaz ari zaigu Berri Txarrak eta bere zaleen inguruko Dardara dokumentalean.


Luzerako geratuko den orbaina

Lekunberriko gaztetxean lehen kontzertua ematetik, Nafarroa Arenan asteburuan 24.000 lagun inguru biltzera pasatu dira. Mende laurden igaro da tartean, hamar disko kaleratu eta kasik 1.100 kontzertu eman dituzte bitarte horretan. Milagarrena munduaren beste puntan gainera,... [+]


Berri Txarraken Beude birako azken konzertua
Orbain formako irribarrez

Irri bihurri batek aterarazi ditu eszenatokira. Ez show txundigarririk, ez bat-bateko irteerarik. Lasai atera dira Larragako La Laguna elkartea goraino bete duten jarraitzaileen aurrera, entsegu lokalean egongo balira bezala. Mikroak mugitu, kableak baztertu, parez pare begira... [+]


Berri Txarrakek kontzertu sorta berria iragarri du urrian

Euskal Herriko zenbait gaztetxe eta areto txikitan joko du Berri Txarrak taldeak urrian. Orain arte iragarri gabe zeuden kontzertu hauek taldeak agur esateko biraren parte dira.


Eguneraketa berriak daude