Luzerako geratuko den orbaina

  • Lekunberriko gaztetxean lehen kontzertua ematetik, Nafarroa Arenan asteburuan 24.000 lagun inguru biltzera pasatu dira. Mende laurden igaro da tartean, hamar disko kaleratu eta kasik 1.100 kontzertu eman dituzte bitarte horretan. Milagarrena munduaren beste puntan gainera, Australian. Taldekideak aldatu dituzte orduz geroztik eta, Gorka Urbizu erreferente nagusi izanik, hiruko gisa aritu dira azken urteotan. Iazko udazkenean iragarri zuten “etenaldi mugagabe” batean murgilduko zela taldea, eta azaroaren 23a gorriz markatzeko eskatu zieten zaleei. Hura izango zen taldearen agurra, tartean beste 60 kontzertu inguru eskaini dituzten arren Ikusi Arte biraren barnean.

Argazkia: Navarra Arena

2019ko azaroaren 24an - 05:59

Iruñerriko Leihotikan laukote beteranoak ordezkatu du larunbatean Nizuri Tazuneri trap taldeak ostiralean motorrak berotzeko egindako jarduna. Nafarroa Arena bete-bete eginda zela aritu dira oholtza gainean, Berri Txarraken ordua iritsi zain bertan ginenon giroa alaitzeko. Biak nafarrak eta garai bertsukoak izanik, makina bat aldiz partekatu izan dute eszenatokia areto eta gaztetxetan; hortik afinitatea, gonbidapena luzatzeko motiboa. Ordubete eskasean fin aritu da laukotea, punk rock talde soil bat filosofiari eutsiz eta Nafarroa ez dela Euskal Herria, Euskal Herria Nafarroa dela aldarri eginaz. Euren ohiko testuingurutik at, Lekunberrikoen lana goraipatu eta eskertu dute amaieran.

Bazirudien amaiezina zela Berri Txarraken azken bira hau. Nonahi bete dituzte aretoak. Zaleen masibotasunak sortutako kaosa kaos, sarrerak eskuratzea zoriaren baitan erori da, izan ere, kolapso izugarriak izan dituzte salmenta webguneek. Minutu gutxiren buruan agortu ziren azken kontzertuko sarrerak eta, arrakastaren ondoren bigarren egun bat ezartzeak ez zituen buruhausteak leundu, bide berean joan baitziren hauek ere. Hala, sold out kartelak urtebete eman du jarria.

Espektatibak espektatiba, ostiraleko kontzertuak ez zuen larunbatekoaren berezitasunik izan. “Azken-azkena” izatean edozer espero zitekeen, eta ikusmina nabaritzen zen jendartean, talde nafarrak eskaini zezakeen maila gorena aproban jarriko zen-eta. Atzera kontaketa egiten ari ziren zenbait kuadrila, mugikorreko orduari une oro begiratuz eta minutuak inoiz baino mantsoago pasatzen ikusiz. Tentsioa zen nabari, urduritasuna. Eta muki-zapiak: alboan bagenituen zenbait dramatiko, Berri Txarraken kontzertu aurreko promo-bideoan jada negar-malkoei ezin eutsi izan dietenak. Zerbait historikoa gainera zetorkigula zirudien, eta historikoa, lehen unetan aurreko hamarkadako Berri Txarrak ikustea izan da. Punkienak izan dira lehen minutuak, Ez dut nahi, Ez naiz aldatuko, Gelaneuria eta antzerako kantak jo baitituzte. Hasiera bortitza, musikalki gogorra eta, haren eskutik, pogoak han-hemenka.

Kanta-zerrenda luze bezain landua aurkeztu du hirukoteak, bakoitzaren aurretik eta ondoren zein jo zentzuz ezarriz, giroa ez zedin aldrebestu ezta monotonizatu ere. Une lasaigarriago zein zikinagoak etorri dira jarraian, Helduleku guztiak eta Poligrafo bakarra jotzetik, Berba eta irudia eta Gure dekadentziaren onena-ra pasatuta. Giro aldaketa nabariak, oro har publikoak ongi hartu dituenak. Kontzertu osoan zehar interaktibotasun handia egon da taldearen eta zaleen artean, hamabi mila lagun hirukote baten aginduetara jarrita.

Zerbaitek guztiz lehertu badu festa, hori Iraila izan da. Ustekabean etorritako klimaxa izan da. Une lasai eta emotibo horietako batean, nostalgiaren nostalgiaz norberak bere barrenak husten zituenean, Urbizuk teknikariei abisua pasa eta bi bonbo kokatu dituzte bateriaren alboan. Kursaalean egindakoa errepikatu asmo zutela zirudien, baina errepikatu baino, gainditu egin dute. Konfeti kolore festa lehertu da lehen lerroetan, gitarrajolea eta baxujolea bonboarekin erritmoa markatzen hasi direnean bateriajolearen aldean. Kontzertuak bi heren jada emanak zituen eta orduz geroztik bestelakoa bilakatu da giroa, dezentez nahasiagoa, zoramenezkoa.

Kantu zahar eta ezagunen unea etorri da ondoren: Jainko ateoa, Oreka eta Biziraun jo dituzte, besteak beste. Baita Tortura nonahi ere, aldean genituen gazte kuadrila bati eskaini diena Urbizuk, abestiaren izena ipintzen zuen pankarta zeramatelako. Eztarriak uzteko momentuak izan dira horiek, jada utziak ez bagenituen bederen. Unerik gogoangarriena ez bada, gogoangarrienetakoa etorri da jarraian. Berri Txarraken urte guztiotako jarduna bi abestitan bildu dute: Urbizuk bakarka Maravillas abestu ondoren, taldekide zaharrei paso eman eta makina bat urteren ondoren oholtza partekatu dute Aitor Goikoetxeak, Aitor Orejak, Mikel Lopez Rubio-k eta laurek. Garaiotako bi abesti kuttunenak jo dituzte, Ikasten eta Stereo, orduan bezala Rubioren tximaluzeak aireratzera aterata. Emozioek ihes egin dute unean bertan.

Kortaturen Azken guda dantzaren edo Hertzainaken azken kontzertuaren pareko edo zertxobait hobeago bezala kokatzen zuten zenbait musikazalek irteeran. Ezin uka oroimenerako geratuko den talde bat denik, ea nor izan den gai mundua zeharkatu eta hainbeste jende elkartzeko. Musikazaleei geratuko zaien hutsune hori baina, taldekideen aurkara joango dela esan du Urbizuk: “Zuen hutsunea izango dugu, bakardadea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Berri Txarrak
2021-03-14
Marina Lameiro. Dardara irudietan harrapatzen du
"Musika dardara da eta bibrazio horrek beste dardara bat eragiten du jendearengan"

Film dokumentalak maite ditu egile iruindarrak. Bere lehen filmetan gazte askok bizi duten prekarietate amaigabeaz eta gentrifikazioaz mintzatu ondoren, orain musikak sorrarazten digun dardarizoaz ari zaigu Berri Txarrak eta bere zaleen inguruko Dardara dokumentalean.


Berri Txarraken Beude birako azken konzertua
Orbain formako irribarrez

Irri bihurri batek aterarazi ditu eszenatokira. Ez show txundigarririk, ez bat-bateko irteerarik. Lasai atera dira Larragako La Laguna elkartea goraino bete duten jarraitzaileen aurrera, entsegu lokalean egongo balira bezala. Mikroak mugitu, kableak baztertu, parez pare begira... [+]


Berri Txarrakek kontzertu sorta berria iragarri du urrian

Euskal Herriko zenbait gaztetxe eta areto txikitan joko du Berri Txarrak taldeak urrian. Orain arte iragarri gabe zeuden kontzertu hauek taldeak agur esateko biraren parte dira.


Adarra saria jasoko du Berri Txarrak taldeak

Ekainaren 21ean izanen da ekitaldia. Kontzertua eskainiko dute Victoria Eugenia antzokian


Eguneraketa berriak daude