Poeta plazaratu zen lehenengo. Argiaren barne-distantziak argitaratu zuen 1989an. Poema bilduma hark, ordea, margoa zuen ezaugarri. Izan ere, margolaria da Imanol Irigoien, poeta baino lehenago. Lanbidea, berriz, enpresa mundua izan du. Horixe koktela. Edan edo klik.
Ekonomia eta Enpresa Ikasketak egina, baina margolaria zara izatez.
Galanta bota didazu oraintxe! Aita medikua genuen Altzan. Gurean, anaia bikiak eta biok batxilergoa ikasteko modua izan genuen, Donostian, Jesusen Bihotzean. Lau urte han, oinarrizko batxilergoa bukatu arte, eta Donostiako apaiztegian sartu nintzen. Han bost urte egin eta Filosofiako bigarren mailan nintzela irten nintzen. Gai humanistikoen aldera jo nuen, eta Letrak adarretik jo nuen, Zientziak gabe; unibertsitatera aurreko ikasturtean, hiru besterik ez ginen adar horretan, hirurok ere seminariotik edo nobiziatutik gentozenak. Tartean Iñaki Gabilondo, adibidez. Bestalde, pinturarako afizioa nekarren, txikitandik. Aitari sendagai prospektuak bidaltzen zizkioten, eta haietan arte erreprodukzioak ageri ziren, batean Goia, bestean Kandinski. 12-14 urte nituela ikusi nuen lehenbizi Kandinskiren lan bat. Handik berrogei urtera, hainbat jendek ez zuen haren lanik batere ikusia! Hari begiratu, eta neure artean: “Zer da hau, ordea, zer esan nahi du?”. Eta Picassoren lanak… Zaletasuna! Eta esaterako, Gipuzkoan gutxi izango dira nik beste arte erakusketa ikusi duenik, harrokeriarik gabe diot, ez baitut Guinness liburuan sartu nahi. Ikusi? Baita propio Madrilera edo Bartzelonara joan ere. Eta Parisera, Bruselara, Veneziara… erakusketak ikustera, dela Morandi, Magritte, Paul Delvaux, Pietro Longhi, Balthus…
Ikustetik margotzera egin duzu zuk.
Ez nuen nire burua gai ikusten. Nik besteren lanak ikusi, miretsi, bai, baina hortik aurrerakorik ez. Ez nekien pintzela nola hartzen zen ere. Margolanei neure interpretazioa emanez jarduten nuen, materialak aintzat hartu gabe, ez bainekien ezer teknikari buruz, edo inprimatze moldeaz. Halako batean, umeak ere pixka bat haziak ordurako, hau eta hura irakurtzen hasi nintzen, neure gisa. Kolore primarioak nola nahasten ziren irakurri nuen han, zein ziren osagarriak... Kontu oinarrizkoak, baina zeharo berriak zitzaizkidanak. Horrela hasi nintzen ikasten. Autodidakta direla diote batzuek, eta nik ere esan nezake, behin ere eskolarik jaso ez dudalako, baina autodidaktarik ez dagoela diot nik, beste askorekin batera esan ere, handik edo hemendik elikatzen gara guztiok. Nik ez dut esaten autodidakta naizela, hamaika erakusketa ikusitakoa bainaiz: ikasitakoa, ondorioz. Eta Joan Mari [anaia, idazlea] nirekin eraman ere bai. Meninak zaharberritu zituztenean, adibidez, han ginen. Erakusketa zoragarria.
Artea bizi duzu.
Bai, baina garai hartan hemen Ingeniari Tekniko eskola besterik ez nuen. Anaia bikia han hasi zen, eta Ingeniaritza ikasi zuen gero, Joan Marik bezala. Nik Letrak aukeratu nituen, baina halako batean, Letrak ikasitakook ere ESTEn [Enpresa Teknikarien Goi-mailako Eskola] sartzeko aukera genuela esan zuten, eta haraxe zuzendu nituen nire pausoak. Anaiak zerabiltzan deribatu eta integralak ikusi, hango matematika hura, eta ESTEra ni. Baina han ere, Estatistika!, On Karlos Santamariak ematen ziguna, eta nahiko lan, baina ikasturterik galdu gabe, gainditu nuen nolazpait. Gainerakoan, kanpora joan beharra zegoen, eta gu bost ginen familian. Ekonomia eta Enpresa ikasi eta hortxe egin dut lan berrogei urtean, gehiegi gozatu gabe, nahiz eta saiatu naizen ahal zen ondoen eramaten. Gozatzen orain ari naiz, margotzen, jubilatu naizenean! Estudiora etorri, hau irakurri, hura margotu, gozatzen.
40 urte behar izan dituzu “armairutik irteteko”, zure baitako margolaria era oso-osoan kanporatzeko?
Bai eta ez. 30 urte nituela hasi nintzen margotzen, eta gozatzen. Laster jabetu nintzen. Liburuetatik kopiatzen hasi nintzen, zirriborroak egiten, 1970ean, Oñatin bizi ginela. Ariketak ziren, eskolan diktaketa agintzen zigutenean bezala: “La… nación… española…”, eta guk kopiatu. Bada, margotzen hasi nintzenean, berdin, handik eta hemendik kopiatzen hasi nintzen lehenengo, gauza errazak hasieran –nire gustu-gustukoak betiere–, koloreak nahasten gero… Eta egiten nuen lana aztertu, kritikatu…
Norbera da beti kritikaririk handiena?
Dudarik gabe. Nik banekien zer egin nahi nuen, baina prozesu luzea egin ezean ez dago lortzerik. Urteak behar dira. Aitari bidaltzen zizkioten prospektu eta aldizkari haietan adibide mordoa neukan. Literatura ere bazen errebista haietan –azken finean, medikuak humanistak dira–, idazle ezagunen testu eta glosak, izan Tolstoi edo Thomas Mann, eta margolarien gaineko informazioa. Bestalde, gorde egiten nuen dena, gorde eta gorde. Gorde eta ikusi, ikusi eta ikasi, ikusi eta miretsi. Liluratu. Hunkitu. Regoyos ikusi nuenean, esaterako, haren baratze arrunt haietako batek eragin zidan bihotz-zimikoa! Halako baratzerik ez nuen behin ere ikusi, ez naturan, ez margoan. Poliki-poliki neure gustu estetikoa landu nuen, eta banekien, lehenago ala geroago hortik joko nuela, gustuko nuen hartatik, alegia.
Hainbeste gauza diferente ikusi eta gero…
Gustua kristalizatu egin ohi da. Esaterako, nahiago dut margolari isila, Edorta Kortadik esan ohi duenez, hau da, Vermeer, Chardin, Giorgio Morandi italiarra, Luis Fernandez –Picassoren oso laguna–… Azken horren erakusketa ikustera propio joan ginen Joan Mari eta biok Madrilera, 1984an. Oso ederra, erakusketa. Espainiarra, Parisen bizi zen. Hango eskolakoa omen. Mantso-mantso margotzen zuen, Bilbora ekarri duten Antonio Lopezek bezala. Liburu batean irakurri nuen lehenbizi Fernandezen berri, 1976an. Margolanak ere ikusi liburuan, zuri-beltzean, eta gustatu: burezurra, katilua frutaz betea… Orduan ez zen Internetik, informazioa ez zen orain bezain eskura, eta, horretan, non jakiten dudan Madrilen erakusketa zuela, lehenengoa Espainian. Eta haraxe. Eta, esaterako, nire poema liburuan ageri da Luis Fernandez, eta Vermeer, eta Cristino de Vera… Gustatzen zaizkidan margolariak, apaingarri handirik erabiltzen ez dutenak, esentzialak –nahi baduzu–, isilik, zaratotsik gabe asko adierazteko gai direnak. Beste bat, asko gustatzen zaidana, Akerreta nafarra. Poema bat ere idatzi nuen, hura gogoan, Zurgai aldizkarian. Beste bat, Gonzalo Txillida, lan zoragarriak ditu.
Horiek zure iturriak, isilak.
Bai, bada. Baita pintura metafisikotik datozenak ere. Eta ni ere horien artean jarri ninduen Kortadik, eta ez nuke ezetz esango. Baina ez eskatu niri neure burua, neure lana definitzea.
Usteko nuen artistek aro diferenteak izaten dituztela beraien bidean…
Beti ari gara ikasten, beti gara hasiberriak. Horretan daukat nire burua.
Margotzen, isiletakoa. Berriketan, berritsu, ezin atertu.
Hala esaten dute, bai. “Ez haiz isiltzen!”. Bestalde, lotsatia naiz.
Lotsak jartzen zaitu etengabeko berriketan.
Baliteke. Jendaurrean urduri jartzen naiz, oso. Lotsa. Erakusketak eginak ditut, eta nahiko lan. Esate baterako, On Manuel Lekuonak idatzi zuen nire erakusketa baten atarikoan. Gure etxetik pasatu zen, nire margolanak ikusi, eta: “Aizu, erakutsi behar dituzu zure lanak”. Eta erakusketa egin nuen 1981ean Oiartzunen. Harrezkero, berari joaten nintzaion noizbehinka, berriketan jarduten genuen... Nire lanen bat ikusi eta: “Aizu, urdin horiek nola sortu dituzu?”, galdetzen zidan. “Eta itzal horiek?”. Horrela. Beste behin, organo emanaldia Oiartzunen, larunbat batez. Lau oilo joaten ginen, baina hantxe gu. On Manuel nire aldamenean. Ni haren aldamenean, hobeto esanda. Elizatik irten eta, ilunabarrari begira, esan zidan: “Zuk badakizu inpresionistek alde batera makurtuta, buruz behera, oker, behetik gora begiratzen zutela zerura?”. Zeruak erakusten dituen ñabardurak hobeto ikusten omen dira. Nonbait. Ez nuen inoiz halakorik entzun, ez irakurri. Ni, harrituta, On Manueli entzuten. Badut berak utzitako oroigarri bat, xume-xumea, ondo gordea. Eta Joan Mari Lekuonarekin berdin, harreman gozoa izan nuen. Badut osaba-ilobak gogoan hartzeko asmoa. Ea datorren urtean…
Margotzeko zaletasun handia txikitandik, eta margotu ere duzu. Idatzi ere bai, poesia liburua argitaratu zenuen 1989an. Margolari isila, poeta ere isila?
Eta, aldi berean, hiztuna! Kar, kar, kar. Poesia ere asko irakurritakoa naiz. Orain gehiago ari naiz nobelatik baina. Autobusean hara eta hona, bukatu berri dut Las inquietudes de Shanti Andia, Barojarena. G. Bufalinoren Calendas Griegas oraintsu dut irakurria. Jubilatuz gero…
1989an ez zinen erretiratua…
Ez, orduan ez. Poesia irakurtzen nuen, oharrak hartzen nituen koaderno txikian. Oporretan, San Pedro Regaladora joaten ginen, frantziskotarren etxera. Garai hartan hango zuzendari zena oraintsu hila da, Ramon Irizar, Biblia euskaratzen lan handia egindakoa. Anaia eta biok joan eta, halako batean, esan ere egin nion Joan Mariri, nola neuzkan oharrak bilduta, eta idaztera nindoala. Eta idatzi nuen. Ez zitzaidan iruditu behar bezain landua zegoenik, baina ahalegin hark bidea ireki zidan. Eta poesia irakurtzen segi betiere. Horretan, beste hamabost egun hartu nituen opor, eta aurretik idatzitako hura biribiltzeko asmoa hartu nuen. Anaiari erakutsi, hau orraztu, hura zuzendu… Eta esan zidan: “Hi, hor baduk sariketa bat. Zertan ez duk bidaltzen?”. Eta lana aurkeztu, eta saria jaso! Ez nuen berehala pentsatuko. Argitaratu zen, eta aurrera. Segitzen dut idazten, baina gordeta dauzkat. Aforismo mordoxka daukat idatzia, gregeria antzekoak... Entresaka egin beharko nuke, baina liburua osatzeko lain, seguru. Interesik ez, ordea, ezer argitaratzeko, eta presarik ere ez.
Mihisetik paperera, margolanetik poemara.
Bilakaera naturala izan zen margolaritzatik poesiara egin nuena. Mundu plastikoan argiak eta itzalak erabiltzen ditut, margo eta koloreak, eta poesia liburu hartan ere Mondrian, De Chirico, Ormaolea eta beste sartu nituen. Nola esango nuke… Ez noa esatera nire teoria dela, “Imanol Irigoienen teoria”, akabo, bada! Nola esan… Iruditzen zait arte guztietan dagoela poesia, poesiarik gabe ez dagoela arterik, ez margolaritzarik, ez antzerkirik, ez arkitekturarik, ez literaturarik, ez dantzarik. Poesiarik gabe ez dago ezer. Poesiak gainerako arte guztiak zipriztintzen ditu, besarkatzen eta uztartzen ditu. Artelan batek, lan plastiko batek, nik definitzen ez dakidan poesia hori ez badu –misterioa, edo dena delakoa–, iruditzen zait hankamotz geratzen dela, herren egiten duela. Poesia, niretzat, ez da literaturaren adar bat, gainerako arte guztiek arnasten duten airea baizik. Zerbait inplizitua. Eta ez dakit zuzen ari naizen ere…
“Aitaren kontsultan jendea zain. Gripea zenean, ilara luzeak, igandean ogitara baino luzeagoak. Kontsultako horman zintzilik, egutegiak, Suitzako irudiak, mendi ikusgarriak, elurtuak. 1947an zegoen eskasia kontuan harturik, arrazionamendu kartilak ikusitakoa naiz ni txikitan, eta bestalde, Suitzako mendi haien edertasuna ikusgarria zitzaidan, mundu zoragarria! Beste egutegi batean, berriz, Asentzio Martiarenaren lanak, haren kolore gorriak, urdinak… Nik ikusten nituen koloreak askoz argi-ilunagoak ziren! Liluragarria zitzaidan, garai hartan ere. Eta Moneten San Lazaro Geltokia ikusi, trenaren tximiniatik kea zeriola, baina kea urdinez!, bada, mutikoa zen honi modernoa iruditzen zitzaion, nahiz eta kolore festa hura aztertzeko gai ez nintzen. Zoragarria”.
Imanol Irigoien (Altza, Gipuzkoa, 1940) Ekonomia eta Enpresa ikasketak egina, horixe izan du lanbide. Bizibide, berriz, margolaritza. Ez du izan hori bezain gustukorik. Txikitandik zaletu zen, eta diren eta ez diren erakusketa guztiak ikusi ditu, han eta hemen, batera eta bestera bidaiak eginez. Halako batean, margotzen hasi zen bera, eta erakusketak ere eginak ditu. Literatura zaleak dakienez, anaia Joan Mariren liburuen azaletan ageri dira Imanolen margolan asko eta asko. Margolaritzak eragiten zizkion bulkadak ohar egin eta poema liburua osatu zuen 1989an, Argiaren barne-distantziak, Lizardi saria jasotako liburua. Kritika saria ere bereganatuko zuen gero.
“Badira koadroak zeinetan ezer ez egon arren, oro dagoen”.
Camille Corot
Entzun dut, ateak zabalik,
oihalaren zuria;
otalorearen apainduran
argi-oilarraren mintzoa.
Badakusat, baitere,
gerizaren espaloietan
arrats-orenen zain
mendietako oihartzuna,
uhin-aleazioz aireztatua,
bakardade lehorrean ugerlari.
Nigarraren odolak hartuta,
goroldio hezetasuna gogoan,
haranetan urregorri den oihartzuna,
birakor, kolpeka,
jauzi basatien pausoan
arrail gabeko argizuloaren zelatan.
Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.
Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]
Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]
Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]
Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]
Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]
Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]
Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]
Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]
Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]
Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]
Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]
Eusko Jaurlaritzaren Familia, Haur eta Nerabeen V. plana aurkeztu du Nerea Melgosa sailburuak asteazkenean. Hamazazpi "trakzio-neurri berritzaile" jaso ditu planak, baina ez dute zehaztu noiz jarriko diren indarrean.
Beasaingo enpresak 1.695 milioi euroko kontratua lortu du Belgikako SNCB-NMBS tren konpainia publikoarentzat 54.000 plaza dituzten bagoiak egiteko. Baina aurretik, belgikar konpainiak eskatu dio bere jarduerek nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak errespetatzen dituztela... [+]