Gonapeko bihotza

  • Asia Txikiko Kurdistan omen da Tulipa sp. tuliparen genetikaren biltegia, bere jatorriaren bihotza, idi-bihotzaren bihotza. Nork jarri ote zion lore honi idi-bihotz izena? Noizkoa ote?

Aspaldikoa izatearen zantzurik ez dut topatu. Izen honi berri samarra ote denaren usaina aditzen diot. Nondik nora sortua denaren argibidean inolako aztarnarik izanez gero, gustura hartuko nuke. Ireki gabea dagoenean, loreak duen itxura eta baita lore deigarri hori ematen duen lurpeko aietak edo erraboilak duen forma ote dira arrastoak? Bihotz baten eitearen antza izan dezakete... Tankera modutsuko forma duen tomate batek izen bera du, gazteleraz corazón de buey esaten zaiona. Ea bada idi-bihotza izena nork asmatu zuen aurkitzen dugun. Bihotz forma bale, baina zergatik idiarena? Behiarena edo bigarena ez al da egokia? Eta ahardiarena? Izena jarri zuena bera ere idietakoa ote da bada? Mordoilo honen korapiloa askatzen laguntzen didanari etxeko bukoi beltzeko pare bat botila sagardo emango nioke gustura...

Garbi esateko moduan igarri ez, baina kontu honek gona usaina, gona beltz usaina, sotana usaina ba ote duen susmo dut... Lepoko zuri, ostiapeko patena, konfesatoki urdinduen lizuna, estola eta eraztun handien artean ibili izan da euskaldunon botanika asuntoa: Jose María de Lakoizketa (1831-1889) narbartearra eta Guillermo Larrañaga Azpiazu (1905-1978) azkoitiarra dira begi-bistako adibideak. Lardizabalaceae landare familia osoari izena emateko ohorea izan zuen Miguel de Lardizabal y Uribe (Tlaxcala 1744-Bergara 1824) politikaria ere teologia ikasketak egina zen, harrapazank. Bertaxeagotik suertatu ez, egokitu zaidana, lehengo mendearen bukaeran, alor gehienetan antzera, zientzian eta botanikan ere seminario kirats izugarria ibilia da. Argia ale oso bat txikitxo litzateke aurrekoena bezala soilik izenak aipatzeko ere. Duela urte gutxiko itxuragabeko keru hori leuntzen, mehetzen, saretzen ari da, urardotzen. Jainkoari eskerrak, Eolo zazpi haizeen jainkoari eskerrak!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Loreak
2020-03-22 | Jakoba Errekondo
Lilipa eta lilipopa

Lilipak edo nartzisoak loretan dira. Nabarmen adierazten dute mendean hartutako bere lurren berri. Neguan loratzen dira, kolore zuri-hori ikusgarritan, eta usaina bafadaka hedatzen dute. Multzoka bizi dira; lurpean erraboila emankorra dute, eta bat zen tokian, urtetik urtera... [+]


2020-03-08 | Jakoba Errekondo
Moko-belarretan

Udari begira jarri gaituen eguraldi honek landareak ederki mugitu ditu. Gu ere bai. Zaldibarren, Eitzaga auzoko zabortegiko madarikazioaren ardurak eskatzera, eta langileei, haien senideei eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi... [+]


2019-12-15 | Jakoba Errekondo
Kurkubia eta erlastarrak

Umetako oroitzapena dut nola “txitoa” deitzen genion. Loreak oilo txitaren burua gogora ekartzen zigun. Jose Maria Lakoizketak 1888an Bertizaranan jaso zuen “kurkubia” izena, kurkubi edo botilatxo baten antza duelako bere fruitutxoak. Bortzirin... [+]


Eguneraketa berriak daude