Arriagako maratoi literarioa

  • Laurehun lagun erreleboka Arriagan; hitza hitzari segika. Deskribapenak eta elkarrizketak; orrialdeak eta kapituluak, nobela bat, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso oso-osorik errezitatu arte. Badator klasikoen IV. irakurraldia Bilbora.

Toti Martinez de Lezeak, Xabier Euzkitzek, Miren Agur Meabek eta Gontzal Mendibilek parte hartu zuten besteak beste, iazko Jon Miranderen Haur besoetakoaren etenik gabeko irakurraldian.
Gontzal Mendibilek, Toti Martinez de Lezeak, Xabier Euzkitzek eta Miren Agur Meabek parte hartu zuten besteak beste, iazko Jon Miranderen Haur besoetakoaren etenik gabeko irakurraldian. Bilbo Zaharra

Aldizkari honek ez dauka kiroletako sailik –non eta ez duzun hika-mika politikoa herri-kiroltzat jotzen– eta eskerrak, halakorik izango balu zalantza handiak edukiko baitzituen Argiaren erredakzioak artikulu hau non sailkatu erabakitzeko, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatu duen ekitaldi bati buruz hitz egin gura baitu, literaturatik adina daukana maratoitik. Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso nobela irakurriko dute Arriaga antzokian ekainaren 16an, goizeko zortzietan hasi eta arratseko zortzietan buka. Etenik gabe. Hamabi ordu literaturarentzat, lagun (askoren) artean Iñaki Abaitua eta Daniel Zabalegi protagonista dituen istorioa ahots goran kontatzeko.

Pedro Alberdik josi ditu ekimenaren hariak. Euskaltegiko irakaslea izateaz gain, Bilbo Zaharra Forumeko arduraduna da: hitzaldi eta mahai-inguruak antolatzen dituen egitasmo horren baitan sortu zen duela lau urte euskal liburu bati publikoki, ozen eta etenik gabe irakurria emateko ideia. Madrildik zetorren inspirazioa, Círculo de Bellas Artesen 1996tik urtero leitzen baitute Miguel de Cervantesen Kixotea, beharbada Espainiako literaturaren klasikoetan klasikoena. Beraz, euskal klasikoetan klasikoena izan daitekeena hautatu zuten lehenengo saio hartarako, Axularren Gero alegia. Eta eman zuen zeresana, aldizkari hau bera lekuko, Ur Apalategik Ttakun (h)errenka zutabean zera idatzi baitzuen, irakurraldiaren berri izan bezain pronto (Argia, 2.139. zenbakia): “Barkamena antolatzaileei baina ezin naiz isilik egon; arnasa moztu dit berriak. Bakar-bakarrik oroitarazi nahi dut gure Gero famatua Kontra-erreforma katolikoak utzi digun euskarazko aztarna –edo zauri– biziena dela. Hots, lehenik bokazioz ez dela obra literario bat. Bigarrenik, gure herri historian gutxienez eztabaidagarria den papera jokatu zuen mugimendu ideologiko baten erakusgarria dela –Axularrek paso egiten du ziurrenik bere begiez ikusi zuen 'sorginen' erreketa masiboaz eta ordena katoliko hertsienaren defendatzaile sutsu gisa ari da–. Hirugarrenik, gizakiaren ikuspegi desolagarria –dena da bekatu eta hobe duzu lehenbailehen bide zuzenean jartzea ez baduzu infernuaren sua dastatu nahi, laburbilduz– aurkezten digula doinu ezin moralizatzaileagoaz. Azkenik, liburuaren eduki horrengatik, euskara ezin politagoan idatzita egon arren pairaezina dela irakurketa, dosi homeopatikoetan ez bada. Gure literatura berriegia da, nonbait, Kixotearen baliokide zahar bat edukitzeko”.

Ez ziren odolak gaiztotu ordea, artikuluan esandakoengatik. Kontrakoa: urtero liburu diferente bat irakurtzea erabaki zuten, Madrilen ez bezala. Eta aurtengo irakurraldirako Saizarbitoriaren nobela aukeratu izanak lotura zuzena du Apalategiren iritziarekin, Hamaika pauso leitzea proposatu baitzuen idazleak.

Eztabaida piztea ere helburu

Bigarren edizioan, 2009an, 150 urte inguruko jauzia egingo dute eta Juan Antonio Mogelen Peru Abarka izango da irakurgaia. Pedro Alberdik dioenez, “euskal literaturako lehenengo nobela” kontsideratzen delako hautatu zuten baserritar jakintsuaren eta kaletar harroputz ezjakinaren kontakizuna. Baina euskal klasikoek badute kutsu bat bestelako literaturetan hainbeste nabarmentzen ez dena, sotanena, intsentsuarena, seminarioarena. Euskal literatura erabat lotua egon da erlijioarekin eta horregatik jo dute, Alberdiren esanetan, denboran hurbilago geratzen zaizkigun idazleetara.

“XX. mendera etorrita aukera zabala dago” dio Bilbo Zaharra Forumeko arduradunak. Joan den mendeko apaletan begiak atzera-aurrera luzaz ibili ondoren, Jon Miranderen Haur besoetakoari hautsak kentzea erabaki zuten iaz. Ez kentzea bakarrik, hautsak zertxobait harrotu ere egin baitziren ostera ere, irakurraldiaren aurretik Bernardo Atxagak Mirandez esandakoekin. Leituko den liburuaren inguruan giroa sortzen joan dadin hitzaldiak antolatzen baitira aurreko asteetan eta iaz Atxagak hitzaldi horietako batean esan zuen, Haur besoetakoan istorioaren gai nagusia ez dela protagonistak haurrarenganako sentitzen duen maitasuna, “baizik eta gizartearekiko, beste guztiekiko, bortxakeria. Oso modu agresiboan, gizarte hau arbuiagarria dela esan nahi du Mirandek”. “Pederastia istorio gordina” hitzekin definitu zuen Miranderen nobela eta “egilea ez dugu barkatu behar” esanez sententziatu zuen Atxagak. “Berak aitortu zuen” gogoratu du Alberdik, “orain dela hogei urte Pamielan publikatu zuen artikulu baten kontra egitera zihoala; berarentzat ere irakurketa berriak beste ikuspuntu bat planteatu zion; Atxaga ere harrituta zegoen bere buruarekin”.

Nolanahi den, Bilbon esandakoei Ander Iturriotzek eman zion arrapostua handik zenbait denborara, Noticias de Gipuzkoan egindako elkarrizketa batean: “Edukia pedofiliarekin lotuaz Haur besoetakoa bezalako liburu bat errefusatzea, eta atzean dituen balio literario, kultural eta filosofikoak baztertzea, aberrazioa iruditzen zait. Liburu bat pedofiliarekin lotzea arrazoia bada liburu bat literarioki deskalifikatzeko… Kultura greko klasiko guztia pedofiloa zen, hori guztia ere baztertu behar ote dugu?”.

Horrelako eztabaidak sustatzea ere badu irakurraldiak helburu: “Behin hitzaldiak antolatzen hasita, zer edo zer esango duen jendea ekarri behar duzu” dio Alberdik “ze, egia esan, betikoa entzuteko eta errepikatzeko badaude unibertsitateak”. Bestelako zerbait ekarriko duten hizlariak elkartu dituzte beraz, ekain honetan ere: hilaren 2an Unai Elorriaga eta Juan Garzia aritu ziren; 9an Arantxa Urretabizkaia eta Jon Juaristi; eta 15ean Ur Apalategi eta Eider Rodriguez.

Juaristi hizlarien artean ikusteak arreta deitzen du, aspaldiko urteetan euskal literaturatik aparte samar ibili baita. Baina, Alberdik gogora ekarri duen moduan, Juaristi bera izan zen Hamaika pauso gaztelaniara itzuli zuena. “Istorio horrekin gozatu zuelako eta barrutik ezagutzeko gogoa zeukalako” hartu zuen lana Alberdiren ustez; “eta gainera berak esana du, lan hori amaitzean hasi zela El bucle melancólico idazten”. Beraz, irakurgaia Hamaika pauso izango zela erabaki bezain pronto, Pott Bandako kidearen izena atera zen. Eta lerro hauek idatzi bitartean nobelaz esan dituenak oraindik ezagutzen ez diren arren, postura egingo genuke ez direla inor epel uztekoak izango.

Bizkaiko uda literarioa

Literaturaz hitz egin eta eztabaidatu, liburutegitik plazara atera: normalean bakarkako afizioa dena kolektibo bihurtzea lortuko du laugarrenez Bilbo Zaharra Forumeko klasikoen irakurraldiak. Baina ekimena ez da, ezta hurrik eman ere, irla bakartia. Bizkaian uda eta literatura sinonimo bihurtzen hasiak dira azken urteotan, han eta hemen sortzen joan diren ekimenei esker. Ez dira alferrik antolatzen 2003tik Eako Poesia Egunak; ez da alferrik erreferente 2009tik Larrabetzuko Literaturia. Alberdik uste du fenomenoak izan dezakeela harremana euskararen egoerarekin. Hizkuntza ikasten ari direnek ikasgelatik kanpo hizkuntza erabiltzeko giroak behar baitituzte. “Oraindik bizi gara… ez dut esango ghettoetan, baina bai guneetan”.

Hamaika pausoren irakurraldian, dena den, euskaltegiko ikasleez gain mota guztietako jendea elkartuko da: erakunde publikoetako ordezkariak, gizarte mugimenduetako kideak, sindikatuetakoak, Athletic futbol taldeko jokalariak… “Hasieratik erabaki genuen parte-hartzaileen erdia euskaltegi barrukoa izatea eta beste erdia kanpokoa. Ikasle eta irakasleen kontua bakarrik balitz, ez genuke Arriaga bezalako lokal handirik beharko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ramon Saizarbitoria
Literaktum 2019: feminismoa eta literatura uztartuta

Azaroaren 11tik 24ra bitarte “literatura eta feminismoaren binomioa jaialdiko ardatz nagusia” izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.


2017-12-10 | Lander Arretxea
Aritz Branton, Booktegi.eus webguneko arduraduna
"Zaila da ohiturak aldatzea, baina liburu elektronikoak abantaila nabarmenak ditu"

Baditu –besteren artean– bi gabezia euskal literaturak: liburu elektronikoen urritasuna eta literatur lanen ibilbide laburra. Aritz Brantonek Booktegi ataria sortu du joera horiek aldatzeko. Euskarazko lanak formatu digital zainduan eta doan eskaintzen ditu bertan... [+]


Ramon Saizarbitoria
“Gure gerra konplexuagoa izan da eta kontakizuna egiatiagoa”

Donostiaren eta Otzetaren artean, gure garaiaren eta 36ko Gerraren artean, idazle heldu endekatu baten eta ikasle nerabe buru argi baten artean, hor dago Lili eta biok (Erein, 2015) Ramon Saizarbitoriak argitaratu duen azken nobela. 2012an Martutenerekin bere ibilbidean mugarria... [+]


Ramon Saizarbitoriak 'Lili eta biok' nobela aurkeztu du

Nobela mardul batekin itzuli da Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944): Lili eta biok eleberriak Faustino Iturbe psikologo ohi eta idazlearen eta Lili izeneko hamabost urteko neskaren istorioa kontatzen du.


Eguneraketa berriak daude