ARGIA.eus

2020ko ekainaren 01a
Egunero hasten delako 40 urte

Eleberri modernista baten blasfemia jakingabea

  • 40 urte pasa dira Ramon Saizarbitoriak Egunero hasten delako nobela idatzi zuenetik. 40 urte, baina gaur gaurko liburua izaten jarraitzen du, eta sekretuz betea dago, nork deskubrituko zain. Mikel Hernández Abaituak nobelaren azalean aurkitu du horietako sekretu bat. Mamian ere bai, “lehen euskal eleberri modernoa”-ren inguruan egon daitezkeen eztabaidetarako ikuspuntu aldaketa proposatu baitu ondorengo artikuluan.
Mikel Hernández Abaitua
2009ko apirilaren 12a
Ramon Saizarbitoria
Ramon Saizarbitoria. 40 urte bete ditu aurten bere Egunero hasten delako eleberriak.Amaia Linares
Ibon Sarasolak lehen euskal eleberri modernotzat aspaldi jo zuen liburuak berrogei urte betetzen ditu 2009an. Lehen edizioaren hasierako orrialdeetan agertzen den informazioaren arabera 1969ko azaroan atera zen inprimategitik. Liburuaren bukaeran aitortzen denez, ordea, 1968an bukatu zuen Saizarbitoriak lehen idazketa, eta autoreak garbira pasatutako kopia txukun bakarra Ibon Sarasolari bidali zion Suitzako Friburgotik bion laguna zen neska baten bidez. Neska horrek, trenez bidaiatu ondoren, Donostiako Duque de Mandas kaleko Sarasolaren gurasoen etxeko gutunontzian utzi zuen eskuizkribua. Zorionez, liburuaren kopia txukun bakar hori ez zen galdu bidaia gorabeheratsuan. Sarasolari asko gustatu zitzaion eta beronen hitzaurrearekin kaleratu zen LUR argitaletxean. Horretarako frankismoaren zentsura gainditu behar izan zuen, baita lortu ere, harrigarri samarra gertatzen dena garai hartan euskaraz idatzitako abortatze eskubidearen aldeko liburu baterako. Diktadurak ez dira beti gauza guztietan hutseginezinak. Batzuetan zirrikituak uzten dituzte. Gainera, zenbait gaitan estatu frankistaren jarrera apur bat bigundu zen denboraren poderioz, eta horrela ikastolek, euskal aldizkariek eta euskal kantagintza berriak oztopo guztien gainetik egin zuten aurrera (agian harrigarria gerta lekioke baten bati telebista frankistan euskarazko programa bat zegoela jakitea). Kasu batzuetan diktaduraren egituran integratuta zeuden euskaldun batzuek, beren kolaborazionismoagatik errudun sentitzen zirenak ziur aski, laguntza emateko gogoa ukan zezaketen zenbait alor kulturaletan une zehatzetan; zentsuraren alorrean esaterako. Halaxe gertatzen zen batzuetan, gaur egun gezurra badirudi ere. Horietako baten laguntza izan zuen autoreak zentsura pasatzeko, Asteasun jaiotako Arrue abokatu euskaltzain frankista tradizionalista eta Francoren Gorteetako prokuradorea hain zuzen ere, Saizarbitoriak berak liburuaren 2008ko edizio berrituaren hitzaurrean dioen bezala. Honek ez du esan nahi zentsura frankista gogorra izan ez zenik gehienetan, baina, beharbada, kasu honetan euskaraz idatzia izateak lagundu egin zion liburuari diktadura katolikoaren zentsura pasatzen, nekez pentsa baitaiteke argi eta garbi abortatze eskubidearen aldeko gaztelaniazko eleberri batek hori lor zezakeenik.

Gorago aipatutako hitzaurre horretan Saizarbitoriak berak kontatzen duenez, diktaduraren zentsura bera baino gogorragoa gertatu zitzaion garai hartan Gipuzkoako Diputazioko Liburutegiko zuzendaria zen José de Arteche idazleak liburutegian zegoen jende guztiaren aurrean donostiar idazle gazteari egin zion errieta. Lehen argitalpenaren azala Alberto Corazón diseinatzaileak egin zuen, eta jakina denez, bertan neska baten aurpegia azaltzen da. Artechek Lourdeseko Santa Bernadette Soubirousen antza hartu zion eta abortatu egiten duen protagonista irudikatzeko asmoz santa baten imajina jartzea apropos egindako gauza zela pentsatu bide zuen, eta blasfemia itzela iruditu. Saizarbitoria harrituta gelditu zen gehiegikeria nabarmena iruditzen zitzaionaren aurrean, baina pasadizoak bultzatuta, aurrerago Alberto Corazóni galdetu zion ea asmo horrekin egin zuenentz azala, eta ezetz erantzun zion honek, berarentzat familia bezalakoa zen Donostiako Castells-Artetxetarretako neska bat zela. Errieta horrengatik Alberto Corazónen marrazki hori hurrengo argitalpen guztietan ager zedin erabaki zuen Saizarbitoriak. Urte askotan zehar autoreak berak eta beste anitzek bezala nik ere pentsatu nuen halabehar hutsa zela santa horri egindako zenbait argazkitan agertzen zenaren antzekoa izatea Saizarbitoriaren lehen liburuaren azaleko neska, 2008ko udan kasualitatez Lourdesen egon nintzen arte. Lourdeseko agerpenen 150. urtea zelebratzen ari ziren eta horregatik Sainte Bernadette Soubirousen argazki bat herriko farola eta hesola guztietatik zeukaten zintzilik. Autotik jaitsi nintzenean harrituta gelditu nintzen, Egunero hasten delakoren publizitate-kanpaina orokor baten aurrean aurkitzen nintzelako sentsazio izan bainuen. Santaren argazki bat baino gehiago nituen ikusita, eta antza zuten arren, bat ere ez zen hurbiltzen Alberto Corazónen marrazkira hura bezainbeste. Berdin-berdinak ziren. Azkenean egia zen, diseinatzaile famatuak kontrakoa esan arren, santa baten argazkian oinarritu zen abortatzen zuen neska baten aurpegia irudikatzeko, edozein katolikorentzat blasfemia garbia. Honek are harrigarriagoa egiten du Saizarbitoriaren lehen liburua frankismoaren garaian argitaratu izana.

Lehen eleberri modernoa ala lehen eleberri modernista?

Azal kontuak alde batera utzita, jo dezagun literaturari berari dagokionez askoz garrantzitsuagoa den kontu batera. Azken urteotan hainbat kritikarik adierazi dute, Ibon Sarasolak aspaldi esandakoaren kontra, Egunero hasten delako ez dela lehen euskal eleberri modernoa, eta ohore hori Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua-ri dagokiola. Ez dakit arrazoi duten ala ez, ziur aski bai, baina lehen-lehenik ongi zehaztu behar genuke zer den eleberri modernoa, eta gero alderatu Txillardegi eta Saizarbitoriaren lehen eleberri horiekin. Lan ederra dago hor azterketa erkatzaile interesgarri baterako. Agian Egunero hasten delako ez da lehen euskal eleberri modernoa, baina bai lehen euskal eleberri modernista anglosaxoiek ulertzen duten moduan (ez inolaz ere hispanoamerikarrek edo espainiarrek bezala), hau da, XIX. mendeko bukaeran eta batez ere XX. mendeko lehen hamarkadetan ingelesez landu ziren joera literario abangoardisten multzoan sailkatzen den literatura mota, zeinaren barruan hainbat poetaz eta antzerkigilez gain, James Joyce, Virginia Woolf, John Dos Passos, Gertrude Stein edo William Faulkner bezalako eleberrigileak sailkatzen diren. Modernismo anglosaxoia literatur forma tradizionalen kontra agertzen da, hala nola hauei dagozkien pertzepzio estetikoen aurka, eta horregatik, joera esperimentatzaile setatsuaren alde (honen adierazle garrantzitsuenak, ziur aski, stream of consciousness edo barne-bakarrizketa eta joera objektibista lirateke). Korronte horretan, beraz, forma berrien bilakuntza nahitaezkoa da errealitatea modu berri eta aberatsago batez islatzeko. Begien bistakoa da Nouveau Roman mugimendu frantsesa idazle abangoardista modernista horien erradikalizazioa dela, eta hortik datorkio Saizarbitoriari batak zein besteak hainbeste gustatzea. Baina gauzak asko nahastu ohi dira, mugak oso garbi ez daudelako batzuetan. Nouveau Roman-ak bi joera garbi ditu Jean Ricardouren ustez, la fase molle hasieran, hau da, eleberri modernista anglosaxoiarekin bat datorrena gutxi gorabehera, eta la fase dure aurrerago, hau da, benetako Nouveau Roman-a (gehi fase molle delakora itzultzeko azken nahi bat, Ricardouren ustez traizio hutsa). Nouveau Roman-a eleberri modernoa eta modernista da, baina edozein eleberri moderno ez da Nouveau Roman, eleberri moderno guztiak modernistak ez diren bezala (Txillardegiren lehen eleberria agian modernoa da, baina garbi dago ez dela modernista zentzu anglosaxoian). Saizarbitoriaren lehen liburua eleberri modernista anglosaxoi horien artean sailka daitekeen arren, nekez iritsiko litzateke Nouveau Roman-eko fase molle-ra ere (100 metro gehiago hurbilduko litzateke, eta Ene Jesus arazo gutxirekin sailka liteke fase dure delakoan).

Beraz, agian Saizarbitoriaren lehen eleberria ez da lehen euskal eleberri modernoa, baina bai lehen euskal eleberri modernista zentzu anglosaxoian (lehen eleberri abangoardista), zeinean formaren modernotasuna oso garrantzitsua den. Txillardegiren lehen eleberria oso urruti dago eleberri mota horretatik.

Hasierako harrera epela eta geroagoko harrera arrakastatsua

Harrerari dagokionez gogora dezagun hasieran eleberriak ez zuela salmenta arrakastarik izan (garai hartan ohikoa zena euskal liburu gehienen kasuan), ezta kritikaren aldetik ere. Urte askotan zehar pentsatu nuen ez zitzaiola artikulu bat ere dedikatu argitaratu zenean. Ez nuen ezein bibliografiatan erreferentziarik bat ere aurkitu. Donostiako Koldo Mitxelena liburutegira joan, hemeroteka arakatu, eta garai hartako Zeruko Argia guztiak miatu ostean aipu txiki bat baino ez nuen aurkitu beste liburu asko aipatzen ziren artikulu batean, baina ez benetako kritika. Donostiako biblioteketan urte haietako Anaitasuna aldizkariaren alerik ez zegoenez gero, Lazkaoko beneditarren komentura jo nuen, 1969-1971ko Anaitasuna guztiak aztertuz gero zer edo zer agertuko zen esperantzan. Halaxe topatu nuen Xabier Gereñok idatzitako laudoriozko artikulu ahaztua (urte batzuk geroago Interneten zintzilikatuta ikusiko nuen zorionez). Orduko lekuko batzuek kontatu zidatenez, ahoz ahoko iruzkinak oso ugariak izan ziren eta testigantza batzuen arabera Saizarbitoriaren eleberria oso polemikoa izan zen euskal kulturaren zirkulu minoritario batzuetan. Zeren eta liburuaren egitura ez ezik bertan jorratzen zen gaia ere oso modernoa baitzen. Eta jakin nahi nuke urte haietako literatura unibertsalean abortatzeko eskubidearen aldeko zenbat eleberri argitaratu ziren Saizarbitoriarena baino lehenago. Ez asko agian. Zoritxarrez liburuaren gaia ez da modaz pasatu, zeren-eta abortatzeko eskubidea debekatuta baitago oraindik estatu askotan, eta legeztatuta dagoen batzuetan oztopo handiak ezagutzen ditu. Horregatik eta beste arrazoi batzuengatik, hala nola euskal literaturaren historian duen leku garrantzitsuagatik eta bere kalitate ukaezinagatik, edizio asko ezagutu ditu Egunero hasten delakok. Ez zen best-seller bat izan argitaratu zenean, baina long-seller harrigarria izan da urte askotan zehar. Eta oraino ere saltzen da oso ondo.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Ramon Saizarbitoria

Ramon Saizarbitoria kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2009ko apirilaren 12a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude