Hilda ondu, ondua txar

Irudiotan, solanazeo ezagunenetako bi: goian, Datura generoko landare bat. Azpian, Mandragora autumnalis.
Irudiotan, solanazeo ezagunenetako bi: goian, Datura generoko landare bat. Azpian, Mandragora autumnalis. coyotebruxo.blogspot.com

Hezurra duten fruituak ematean, gozoak izaten badakite prunustarrek: muxika, gerezi, arbendola, arantzanbilo... Gozoa urrun dute, baina, behor jendeak hozka jango lukeen hostoan. Joko zaharra da landareetan: hostoetan enborrean azala pozoi eta igalia gozo. Berdejaleek bakean bizitzen uzteko pozoia eta bere arraza daraman hazia zabaltzen lagunduko dutenei fruitu gozoaren saria. Saria ez, ordaina.
Antzeko bidea hartua dute solanazeoek, belarjaleon hortzez nazka-nazka eginda, animaliontzat pozoia garatu dute eboluzioan zehar. Ez nolanahiko pozoia, gainera, esteroideak eta nikotina bezalako alkaloideak, esaterako. Ugaria da solanazeoen sendi hau, 94 genero eta 3.000 eskas espezie aipatzen dira. Ia nonahi topatuko duzu bateren bat. Maiz kalterako. Belardietan eta larreetan, adibidez. Landare hauetakoren bat berdetan janez gero ederki damutuko da jalea. Bazka berde ez, baina ihartu eta onduta janez gero are okerragoa da eragina, askotan hilkorra. Behor-aziendarentzat, batik bat. Ondua txar. Landarea hilda ontzen dugu, eta onduak azienda hil.

Eta gu? Gu, solanazeoak jan eta jan, egoskor, temati, setati. Ez baina hostoa, fruitua edo tuberkulua bai. Familia honetako senideak ez baitira huskeria. Solanazeoek garrantzi ikaragarria dute gure bizimoduan eta, beraz, ekonomian. Nicotiana tabacum, tabakotik abiatuta, otordutik jarraitu: patata, tomatea, alberjinia, piperrak, Cyphomandra edo Physalis generoak... Osasungintzan egokiak edota haluzinogenoak diren alkaloideak dituztenak, baita intsektizidak ere: tabakoaz beraz gain Atropa, Brugmansia, Datura, Mandragora, Brunfelsia generoetakoak. Baita edergarri edo apaingarriak ere: Petunia, Schizanthus, Browallia eta abar luze bat. Zenbat diru ez ote duten hara eta hona mugitzen! Pozoitutako sosak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Barazkiak eta belarrak
2020-07-14 | ARGIA
Europar Batasuneko pestizida kontsumitzaile handiena da Espainiako Estatua

Emaitza oso kezkagarriak jasotzen ditu Ekologistak Martxanek aurkezturiko txostenak. Espainiako Estatuan komertzializatutako 2.711 elikagai aztertu dituzte eta %34ak plagiziden arrastoak ditu, tartean debekatutako substantziak. Frutak eta barazkiak bakarrik hartzen baditugu... [+]


Euskal produktu ez hain gureen historia

Euskal Herrian bertakotzat dugun baratzegintza eredua produktu historiko modernoa da guztiz. Oraintxe landatuak izango dituzten Ezpeletako, Ibarrako eta Gernikako piperrak; Tolosako babarrunak; Arabako patata; edo Duzunaritzeko arto gorria; guztiak dira 1492tik Amerikako... [+]


2020-01-24 | Jakoba Errekondo
Uzta eta lana aurreikusi, eta bilakatu

Datorren uztailean izango al dugu lanik? Izango al dugu labore uzta biltzeko lanik? Gure aldean, etorkizuna planifikatzeko eta antolatzeko gaitasun handia dute landareek; ia landare guztiek. Bere zikloa biziko den tokian gertatuko diren gorabeheretara egokitua izango da... [+]


Eguneraketa berriak daude