Bildu eta SNP, bi urrats normalizaziorantz

Bildu koalizioko ordezkariak.
Bildu koalizioko ordezkariak.Lander Arbelaitz

PSOE-K Bildurekin egin duena ulertzea ez da samurra, eta operazioak ertz ugari izan badezake ere, bi hipotesi nabarmentzen dira gainerakoen artean. Zapateroren Gobernuak bultzatutako Bilduren inpugnazioa medio –gehi errepresioa, kartzela politika…–, pentsa liteke PSOEk ez duela euskal gatazkaren bukaera duinik gura, ez duela euskal gizartearen onerako izango den bake prozesurik bultzatu gura, ez duela prozesu hori 2012ko hauteskundeei begira erabili gura, ETArekin bukatzearena dagoeneko ez dela errentagarria Espainian… Espainian irabazteko Euskal Herrian galdu behar bada, hala egiten dela eta listo. Eta horrela ulertuko litzateke inpugnazioarena.

Baina pentsa liteke baita ere –PPk egiten duen gisan– jokaldia oso kalkulatua zuela PSOEk, eta parean zituen bide malkartsu denetatik, arinenari heldu diola, bide batez ezker abertzalea estutuz eta PPren erasoetatik ahalik eta gehien babestuz –“ez naiz ni izan, epaileek erabaki dute”–. Bere helburu nagusia 2012ko Espainiako hauteskunde orokorrak dira, eta hauek irabaztea oso zaila badu ere, orain denbora da edozeren gainetik behar duena; eta jokaldi honek ematen dio hori, batez ere EAJren sostengua bermatzen diolako, eta horrela edozein egoeratan emango zen PPren erasoaldiari erosoago eutsi ahal izango diolako. Ikuspegi hau arriskutsua zen, baina aurrera eginez gero, borobila ere bai: Bilduren partehartzearekin bake prozesua elikatuko luke, Madrilen EAJrekin jarraitu ahalko luke eta EAEn PPrekin gobernuan.

EAJk ere trebeziaz mugitu ditu hariak, ohi bezala bere burua ondo kokatuz eta euskal gizarteari bere garrantzia ondo salduz. Zapatero bere menpe zegoela irudikatu du, bere printzipioak bere pragmatismoaren aurretik jartzeko prest zegoela –PSOErekiko ituna apurtuz–; eta, gainera, oposiziotik bada ere EAJ PSE baino gehiago dela beste behin pasa dio sudurren aurretik Lopez lehendakariari.

Eta operazioan, ia gehien irabazi duena Bildu da, aurkeztu ahal izateak suposatzen duen guztiaz gain –eskubideak, bake prozesua…–, hauteskunde kanpainari begira, Gorenaren ezezkoa eta Konstituzionalaren baiezkoarekin, koalizioari egin zekion kanpainarik on eta eraginkorrena egin zaiolako. Baina ia gehien irabazi duena diot, gehien irabazi duena euskal gizartea bera baita. Gatazka bortitzaren amaiera eta normalizazio politikoaren hasieraren bigarren ate garrantzitsua zabaldu da; lehena ETAk zabaldu zuen iazko irailean, bere su-eten erabakigarriarekin. Gero eta gehiago, etorkizunari beste aldarte batekin begiratzen dio euskal gizartearen gehiengo zabalak.

BIZITZAKO gai arruntek garrantzia irabaziko dute eztabaida eta lehia politikoaren plazan: neoliberalismoaren krisi ekonomikoari nola erantzun, Pasaiako portua, zaborren kudeaketa, zerga politika, pentsioen eredua, hizkuntza politika, garraioa… Bazen ordua gatazka eta nazio arazoez gain, herritarren bizitza baldintzatzen duten gaiek ere dagokien lekua irabazten hasteko. Azken finean, Eskoziako abertzaleen garaipenak ondo erakusten duen moduan, horiek dira soberanismoaren tranpolinik onenak eta horietatik bakarrik hel daiteke bultzatzera independentismoa eraginkortasunez.
Krisiari aurre egiteko SNPk Eskoziako instituzio autonomoei eman dien garrantzia giltzarri izan da bere inoizko garaipenik handienerako, baina baita krisi horren aurrean erakutsi duen ikuspegi soziala ere. Eta egungo Euskal Herrian, ikuspegi sozial horri, ezinbestean gehitu behar zaio baita ere ingurumen ikuspegia ere, apurka Lurra eta pertsonak egun gailurrean diren finantzen aurretik jar daitezen. Apurka, independentismoak ere bere bidea egin ahal izan dezan, normaltasunez, herritarrek duten beste aukera bat gehiago moduan. Belgika, Eskozia, Katalunia, Euskal Herria… Europar Batasunean gero eta normalago izan daitekeena da.

JON AGIRRE, Jose Mari Elordui edo Antton Troitiñoren kasuek, dena den, oraindik non gauden erakusten digute. Espainiak “politiko” etiketa kendu nahi die ezinbestean, baina berak kolektibo handi honekin egiten duen erabilera politikoak ematen dio inork baino argiago izaera politikoa kolektiboari. Eta –deitu terrorista edo gudari– izaera politikoa duen gatazka baten ondorio denez, irtenbideak ere politikoa izan behar du. Bada ordua Espainiako Gobernua espetxe politika laxatzen has dadin. ETAk jarraitzen du urratsak ematen –zerga iraultzailearen amaiera– eta jarraitu beharko du gainera, baina, bada ordua Estatuak presoen munduarekiko keinuak ere egin ditzan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskoziaren independentzia
2023-06-12 | Leire Artola Arin
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ohia atxilotuta izan dute zazpi orduz

Kargurik gabe aske utzi du Poliziak, galdekatu ostean. Susmagarri gisa atxilotu dute, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren finantzaketaren inguruan irekita jarraitzen duen ikerketa baten harira. Bigarren erreferenduma egiteko dohaintzan jasotako diruari lotuta dago kasua.


2022-11-23 | ARGIA
Londresen baimenik gabe, erreferendum legalik ez
Eskoziari erabakitzeko eskubidea ukatu diote Erresuma Batuko Auzitegiek

Bi hilabeteren buruan eman du ebazpena Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak: Eskoziako parlamentuak ez du independentziari buruzko galdeketaren inguruko legeak egiteko eskumenik, ezinbestekoa da horretarako Westminsterreko parlamentuaren onespena.


2022-10-11 | Leire Artola Arin
2023an independentzia erreferenduma egiteko asmoa berretsi du Eskoziako lehen ministroak

Britainiako Auzitegi Gorenak orain erabaki behar du legezkoa den ala ez Erresuma Batuko Gobernuaren onespenik gabe 2023ko urriaren 19an erreferenduma egitea. Sturgeonek ziurtatu du baimenik eman ezean hauteskundeak baliatuko dituztela independentzia galdeketa gisa.


Olatu berria Eskoziatik?

Denbora azkar pasatzen da, are gehiago pandemiaren eraginez bi urte hain geldo eta arraro bizi ostean. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak, ekain amaieran, iragarri zuen 2023ko urrian herrialdearen independentziari buruzko kontsulta berria egiteko asmoa duela, eta horrek... [+]


2022-07-06 | ARGIA
Eskoziako bigarren independentzia erreferendumari ezezkoa eman dio Boris Johnsonek

Independentziari buruzko bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak joan den astean. Ezezkoa erantzun dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak


Eguneraketa berriak daude