Karrika bat Konpostelarantz

  • Pirinio lerro katearen iraganbide, Ibañeta zaindari, Auritz eta bere lautada asko ikusiak daude. Erromatarren, arabiarren, frankoen eta armada gehiagoren burrunbek dardararazi zituzten, sutan utzi, birrindu. Baigorriarrek behin baino gehiagotan erasotu. Auriztarrak baigorriarrei mendekatzen zitzaizkiela. Orain, bazterrak baretu direla dirudi. Erromesak izaten dira mendi zeharkatzale, edo mendizaleak ala gero eta artzain bakarragoak.

Auritz (Nafarroa)
Auritz (Nafarroa)Josu Santesteban

“Jauna jaiki bedi, gidaria zain dauka beherean”.

Haize eztiak alegeraturiko udako goiz tirrintean, gaueko ihintzean zuritu mihise artean, gizon bat, ezin etzauntzatik jalgiz. Kasko urdina azaltzen hasten zaio, eguzkiak urreztu bular eta beso azkarrak. Neptunoren koroa irauliak matelezur sendoa estaltzen dio. Dio marmarrika, ilea harrotuz:

Fuckin’ red wine!”.

“Iepa Ernesto! Bahator, ala zer demonio?!”.

Demonioa, deabrua, gorriak, adardun akerrak, Madrilgo setioa, bonba hotsak, Weirmarch eta Gernika, Ebro, Almeria, Mola, zirimolaka dabiltza Illinoiseko erreporteroaren buruan. Eta makia, eta Iratiko oihana. Preseski, hara doa, arrantzatzera. Aurten ere, San Fermin gogorrak egin zaizkio.

God!”. Ohetik altxatzea lortu du. Iruñean utzi duen Perla hoteleko sotiltasuna ez zaio dolutzen. Badaki gidaria, sukaldaria eta mandoa aiduru dituela, Auritzeko ostatuko atearen aitzinean, mando kakoletan kanpatzeko materiala, egun batzuetarako hazkurriak eta arno zahagia doazela. Eskailerak jautsi, bezperan jo zuen piano iluna ferekatu, sukaldean etxekanderea agurtu eta kabalaren kaka meta biltzen ari den palaren karrankarekin bat, “Buenos días!” ozena botatzen die nafar menditarrei. Behiala Kaliforniako izan ziren Zapataren edota Flores Magonen karabana matxinoan joatekoa dela pentsatuko du idazleak. Espainiako gerla galduak eta errepresio zikoitzak baina, ametsa zapuzten dizkiote. Diktadura urrina darion Auritzeko karrikari monturaren kaka freskoaren usaina gehitzen zaio. Gizon-emazte gaizki armatuez oroitzen da, Nafarroakoak ez ziren beste mendi malkar haietako kobazulorako sarreran.

Let’s go, guys!”. Xapela zabala bermatzen du eta alkandorako sakelatik petaka ateratzen. “Hoy, mucho calor, amigo!”, dio ezpainak ukaraiaz idortuz. Auritzeko ezkilak zortziak jotzen ditu, doi-doi. Itzalez itzal, Urrobi ibaian gora bi auriztar gizonek Ernest Hemingway laguntzen dute barneko sugarra eztitu ohi dion Iratiko bere arrantza-egonaldira.

Auritzeko “hiri ona”, Orreagako santutegiaren auzoa

Urrobi ibaiaren inguruko bailara ordokian gozokiro dago Auritz, Iparrean mendi gorez harresitua: Ortzanzurrieta (1.570 m), Mendimotz (1.499 m) eta Astobizkar (1.506 m), besteak beste. Hamabost kilometro koadroko lautada hori Erroko Konderrikoa izan zen XI. eta XII. mendeetan. Hori dela eta, XI. mendeko Nota Emilianense San Millango Kodizea oinarri harturik, Jimeno Juriok erakutsi zuen Roncesvalles euskarazko “Erro zabal” toponimiatik zetorkeela. Hedadura honetan leku izen zehatzagoak izanik eta, Ibañetako gainari Auritz deitu izan ere zaio. Finean, mendi gailurra, santutegia nola herria ere elkarloturik daude historiako gertaerak eta auzo harremanak tarteko. Egiari zor, Auritz “zenbait mendez” Orreagaren aitzinekoa izan zen, historialarien erranetan. Abadetxea egonkortu zen arau, Auritz “burgo” bilakatuz joan zen, hau da, herri gotortua. Baina “burgoak” herri baten beste batekiko menpekotasuna adierazi nahi duenez, askotan nahasi izan dira Auritz eta Orreaga, honek lehenaren gainean erabaki eskubidea zuela pentsatzera utziz.

Nolakoa zen beraz, Auritz? XII. mendean, Sancho Sanchez Erroko Kondeak Aveyron (Okzitania) eskualdeko Conques-ko monasterioari opari egin zion. Baina Nafarroa eta Aragoiko Erregea Alfonso Borrokalaria Clunyko ordenaren kontrakoa izanik, urte gutxi iraun zuen jabegoak. Hortaz, Auritz Zangozako merindadeko bailia bihurtu zen eta Nafarroako “hiri ona”. Hainbesteraino non Gorteetan ordezkatua izan baitzen. Eta Foru legeei jarraikiz, San Nikolas bere elizan batzar irekia egiten zen alkatea, juratuak, eta unibertsitateko ordezkari guztiek parte hartzen zutela.

Orreagako auzoarekiko harremanak 1219tik harat jasota daude ofizialki, orduan Auritz hasi baitzen monasterioak eskatu zerga ordaintzen. 1546an Auritzeko bikario izendatzeak gatazka sortu zuen bi herrien artean. Orreagako abadeek Orozeko Martin izendatu zuten, Auritzekoek arbuiatua. Meza aitzin eta apezez jantzita zegoela, hiru auriztar gogorki jazarri zitzaizkion eta meza kantatzea eragotzi. Kontseiluak hiru hilabeteko desterrura zigortu zituen. Eta Orreagak bikarioa izendatzeko bere gaitasuna mantendu zuen mendeetan zehar, 1893ra arte. Gaur Auritz herri-udaletxea da, Erroko bailetik kanpokoa.

Ura herri erdian

Noizbait, karrika bakarrekoa izanen zen Auritz, dudarik gabe. Herria antolaturik dago Iparretik hegora zabalera osoan zeharkatzen duen kale nagusiaren inguruan. Hau luzea da, gainbehera eztiarekikoa. Espaloi hertsiak ditu, xuxurlariak ordea. Karrikaren bi aldeetan alabaina, mendiko turrusta isurtzen baita zementuzko ubidean, iragan dorpearen oroitarri. Ezbeharrek nola, hala gerlek herriko etxeak behin baino gehiagotan kiskali baitzituzten. Auritzen zoritxarrari aurre hartu nahi izatea eta suari exorzisioa egitea da ura eskura ukaitea. Auritzera ibiltari doanak berezitasun gozoa aurkituko du. Martxoko elurrondoko egunaz badoa gainera, haur arduratsuak begimenduko ditu helduen gisan burdinazko palaz elur metak arroileratzen, urak eta eguzkiaren printzeek gesal ditzatela.

Auritzeko karrika “erromesen galtzada” deitu zen XVIII. mendearen bukaera arte. Ez da gutxiagorako ezen XV. mendeko kronika batek zioen bezala, Auritzeko biztanleak “beilariek herritik pasatzean” uzten zituztenez baliatzen baitziren. Konpostelako bidearen erromesaldiaren oldarra 600 urte lehenago abiaturik zegoen, Done Jakue Apostoluaren hilobia atzeman zutelarik 813. urtean. Orreagakoaren ondoan eta honek kudeaturik, Auritzek ere bere ospitalea zeukan, elemosinarium izenekoa, 1794ra arte iraunen zuela.

Denborak aldatu badira ere, Konpostelakoa ekonomia suspertzen jakin izan duen bidea dela ez daiteke uka. Orreagatik Konpostelara abiatzen diren beilarien kopurua izugarri bezain etengabea da gaur, uda zein negu. Horrek Auritzera ekarri ditu Konpostelako bidean famatuak diren ostatuen eskaintzak. Eguneko menu ala platerak eta lo egiteko hotelak ala ganbarak etxeetan, gosariarekin ala beste, hautua dago hainbat hizkuntzatan, gainera. Errotulazioa ere maskorra ezagunaren inguruan egiten da, nagusiki. Hala ere geroak baizik ez daki, krisia ezagutzen duen XXI. mendeko herrialde garatuetako ekonomian Konpostelarako beilak zer garrantzi izanen ote duen. Eta ikusgai ere dago biharko Auritzek Konpostelako bidearekiko zer harreman izanen duen. Momentuz, Auritzen ikus ere daitezke Hemingwayren urratsetan dabiltzan kuriosoak, japoniarrak omen direlarik ikusgarrienak. Diote –ala herriko elezaharra ote da?– ideia bakarreko izaten direla: idazle amerikarrak jotzen zuen pianoaren ondoan potreta hartzea.

Auritzeko etorbide nagusitik baztertu eta, “Erro zabal” bataiatu zuten lautada berehala nabari da. Mendebaldera Lindux zuritua, Nafarroa Behereko lehen herria Urepelerekiko muga naturala eta ekialdean berriz, Lepoeder eta Aezkoako Garraldako herria daude.

Zelaia mintza baledi

“Erro zabalak” ikusitakoak konta balitza izu gintezke. Zeltiarrek, erromatarrek, arabiarrek, frankoek, galesek edota frantsesek noizbait zapaldu dute zaldiz nahiz oinez, burdinez estaliak, armez josiak, odolez hustuak ala odolez egarrituak. Dela mendiak zeharkatu berri, dela egin beharrak. Gerla kontuetan lautadak armada armadaren aurkako olatu basatiaren adiera latza dauka, hezur hautsi, gorputz zulatu, buru lehertu, jendeen eta animalien deiadar eta garrasiena. Horra zibilizazioaren omen laudagarria, Frantziako eta Espainiako estatuak bilakatuko zirenen arteko mugak finkatu aurretik. Ondotikako emaitza maleruski, ez da askoz goraipagarriagoa. “Frantses” auzoengandik gerizatzeko eta muga defenditzeko asmoz, XVI. mendetik soldaduen tropa egonkorra izan zen Auritzen. 1856ko ituna arte, baigorriarren eta auriztarren arteko gatazka ugari gertatu zen, alhapide, larre eta oihanak zirela kausa. Artaldeak eta beste lapurtuko dizkiote elkarri Auritzekoek ala Baigorri aldekoek, etxolei sua emanen, ikatza egiteko zuhaitzak botako. 1718an, Auritzek Nafarroako Diputazioari hel egiten dio laguntza eske. Izan ere, Etxauzeko kondeak zirikaturik, 600 baigorriar sartu baitziren Auritzen eta herriari su eman, ahal zuten guztia lapurtzen ibili eta.

Karlistek ihesi joatean Orbaitzetatik zein Auritzetik pasatzea hautatu zutela diote bigarren karlistadetako kronikek. Zumalakarregi Auritzen egona zen 1834an. Eta 1872ko otsailaren 26an omen zuen Karlos VII.a errege tronu gabeak herrian lo egin; diotenez, Txiki Polit ostatuan.

Ordurako Auritzek mugako herriaren izaera barneraturik zeukan. Harritzekoa da “frantsesa”-ren izengoitiak zer pisu lortuko zuen, denborarekin. Are gehiago, zer dikotomia hausgarriren sortzaile izanen zen. Jakin behar da 1789ko frantses iraultza piztean, Ipar Euskal Herriak inbidiatzen zituela Gipuzkoa eta Nafarroa, han erlijio giristinoaren kultua ez zegoelako debekatua. Aldudeko herriak demagun, Nafarroako bihurtzeko eskari ofiziala helarazi zuen Iruñera. Hots, baxenafarrek sortzetik gaitzetsi zuten unibertsal bilakatu nahi zuen iraultza. Konbentzioko gerraren karietan 1794an Auritzera sartu zen frantses armada. “Iraultzaren barbaroek” herria setiatzeaz gain, herritarrak hil eta herriari su eman zioten. Baina mugaz bestaldeko euskaldunek “frantsesarekiko” nafarren ikuspegi bera bazuten ere, kronikagileek “frantsesa” deitzen dute Baigorriko haraneko Aldudarra nola ere Garrau edo Baudrot armada inbaditzaileko buruzagiak.

Larreko

“Ai eta mila aldiz ai!” tristetzen zen Fermin Irigarai Larreko (1869-1949) sortzez auriztarra, idazle, mediku eta Nafarroako Ospitaleko Zuzendari izana. Gerla urte, gezur urte liburuan euskararen egoera tamalgarriaz ari zen honela. 36ko Gerraren garaian idatzi zuen, ezkutuan.
 

Sorginen auziak

Auritz inguruan, mendiko izen batzuek paganismo arrastoa darakutsate: Basajaunberro, Sorginaritzaga eta beste. 1525ean Balanza inkisidoreak bost herritar auziperatu zituen eta San Nikolas elizan haien San Benitoak luzaz zintzilik egon ziren.
 


ASTEKARIA
2011ko apirilaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude