Kohesio hizkuntza euskara izan dadin

  • Euskara, gaztelania eta frantses hiztunek baino, ehun hizkuntza inguru hitz egiten dituen jendarteak osatzen du Euskal Herria. Hizkuntza aniztasunean euskarak zein toki duen hausnartu nahi izan zuen Topaguneak joan den astean.

Immigrazioa Euskal Herrian
Immigrazioa Euskal HerrianArgia

Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, Euskara aniztasunean izenburupean egin zituen egun osoko jardunaldiak, urtarrilaren 25ean, Durangon (Bizkaia). Etorri berrien eta ez hain etorri berrien hizkuntzak, eta etxekoak, nola kudeatu hausnartu zen. Kataluniatik heldu zen Carme Junyent, Grup d’Estudi de Llengües Amenaçades-eko lehendakaria. Euskal Herriko hizlariek ikerketak eta praktikak azaldu zituzten, eta bukatzeko Petra Elser, Agustin Unzurrunzaga eta Mario Zapata izan ziren mahai-inguruan (Zer egin beharko litzateke euskaratik urrun bizi diren herritarrak (beren aniztasun osoa aintzat hartuz) euskarara hurbiltzeko?).

Hasteko, bukaerari helduko diogu. Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeriako kide esperimentatuak Espainiako Estatutik kanpoko etorkinen erradiografia gordina egin zuen: Etorkinak lana egitera datoz, bizitza duina izatera. “Zuek hor eta gu hemen” gaude, eguneroko bizitzan ez dago gatazkarik, ezta bereziki harremanik ere. Guztiok ez ditugu eskubide berak, haiek irregular daude; jendeak mesfidantzaz begiratzen die, eta gorrotora ere iritsi gara. Unzurrunzagaren ustez, Gipuzkoako etorkinek bi hizkuntza bereizten dituzte, bata handia, eta bestea, “telebistan entzuten den hori”. Gero, seme-alabak eskolara daramatzatenean, orduan bai, orduan euskararekin egiten dute topo. Unzurrunzagak dio, bi norabidetako integrazioa hobesten dela, baina bere iritziz, sozialki ahulagoa denari eskatzen zaio eginahala, eta hark ahal duen moduko ahalegina egingo du.


Integrazioa, euskararik gabe?

Unzurrunzagaren mahaikide Mario Zapata soziologoa hasi zen esaten hausnarketa hau, alegia, euskararen tokia eta etorkinak, aspalditik datorren hausnarketa dela eta inpresio bat duela: zenbat kostatzen zaigun honetaz hitz egitea. Galdera-erantzun labur dezente bota zuen Zapatak, hala nola: Migrazioek badute zerikusirik hizkuntz ordezkatze prozesuetan? Bai, ez da elementu behinena, baina hala da, eta horrek ez du esan nahi etorkinak errudun sentiarazi behar ditugunik. Beste galdera bat: Immigrazioa euskararen lehen mailako arazoa da? Lehentasunen artean izatekoa bada, baina baditugu arazo potoloagoak. Adibide bat eman zuen hori azaltzeko. Etorkin asko A ereduan matrikulatzen dituzte. Grabea da A eredua bera existitzea.

Hirugarren galdera. Integrazioaren izenean euskara bazterrean utziko dugu? Aurreko migrazio aldian (Espainiatik etorriak) euskara ikasi gabe integratuta sentitzen ziren. Petra Elserri hitza eman aurretik Zapataren azken galdera-erantzuna: Aurreko migrazioko lehen belaunaldikoek ikasi zuten euskara? Ez. Orain ere, lehen belaunaldiko asko ez dira euskaldunduko.
Elser euskaldun-alemanaren bi gogoeta labur ekarriko ditugu hona. Bata, guk ez diogu esan behar etorkinari zergatik ikasi behar duen euskara. Bestea, euskara ikasteko euskaltegira bidaltzen dugu eta integratzeko Gobernuaren zerbitzuetara bideratzen dugu. Euskalgintzak eta euskal hiztunak badu ardura lan horretan.


Kontatu zurea eta galdetu berari

Carme Junyent sarri egoten da Kataluniako udaletako zinegotziekin. Udal dezentetan hizkuntzen inbentarioa egiten dute, alegia, herri horretako biztanleek hitz egiten dituzten hizkuntzak jasotzen dituzte. Helburua ez da zifra lan bat egitea, herri katalan horietara nondik etorri diren, etxeko hizkuntza zein duten... azken batean nor diren jakitea baizik. Besteari nor den galdetzeak, agian, bi norabidetako harremana sor dezake. Pakistandar denek urdua ez dutela hitz egiten ikasiko dugu horrela, eta marokoar batzuk arabiera baino amazigh hitz egiten dutela. Simetria bitxi baten berri eman zigun Junyentek: Kataluniako eskola batzuetan hautazko ikasgaia da amazigh hizkuntza gutxiagotua –besteak beste Marokoren menpe bizi diren tamazighek hitz egiten dute– eta Marokon ere hasi dira ikasgai gisa eskolan erakusten. Etorkin batzuek beraien hizkuntza gutxiagotuaz gogoeta katalanaren harira egin dute. Junyenten ustez, nortasunak gehitzea errazagoa da kentzea baino, nortasunen bat ezabatuz gero, lehenago edo geroago, nonbaitetik aterako da. Etorkina ez dadila baztertua sentitu. Gutxiespen horren adibide da, aditu katalanaren iritziz, gurera etorri denari hizkuntza menperatzailean hitz egitea. Borondate onez edo paternalismoz egingo diogu gaztelaniaz, baina hark ondoko mezua jasoko du: “Katalana (edo euskara) ez da zuretzako”.

Junyentek gauza bat dauka argi, ez dakiela metodo horrek zerbaitetarako balioko digun, baina funtzionatu duen bestelako sistemarik ez omen dugu ezagutzen.

Beste batek ere hala esan zuen jardunaldiak hasi aurretik: gaur bakoitzak bere ekarpena egingo du, baina inork ez dauka irtenbiderik.

Zertan ari garen
Jardunaldietan teorizazio eta hausnarketez gain, kontu zehatzagoak ere izan ziren. Batetik, pare bat ikerketa lanen berri izan genuen, eta bestetik, beste pare bat ekintza zehatz azaldu zituzten. Julen Zabalo eta Iker Iraola EHUko irakasleek 1950-1980 aldiko migrazioa eta euskara izeneko ikerlana aurkeztu zuten. Egunean zehar, batik bat etorri berriez mintzatu ziren bai hizlariak eta baita entzuleak ere, baina aldian-aldian konparazioak egin ziren aurreko migrazio aldiarekiko. EHUko irakasleek migrazio aldi hartako hainbat herritar elkarrizketatu eta haien euskararekiko pertzepzio ugari jaso dute.

Idoia Illarramendik (Emun) eta Joxean Amundarainek (Gipuzkoako Foru Aldundia) Bizilagun berriak eta euskara Gipuzkoan izeneko ikerlana aurkeztu zuten. Azken lau urtetan etorri diren hamazazpi laguni egin dizkiete elkarrizketak. Besteren artean, galdetu diete ea nola izan duten euskararen berri eta gehienek adierazi dute kalean egin dutela topo euskararekin.

Emuneko Olatz Irizarrek Hizkuntza Harrerarako Gidaliburu praktikoa ezagutarazi zuen. Katalunian kalean den liburuxka da eta Emunek euskaratu eta Euskal Herriratu du. Jardunaldietan izan zuen tokia harreraren gaiak, hau da, iritsi berritan etorkinari harrera nork egiten dion eta ea hizkuntzaren errealitateaz azalpenik ematen zaion. Irizarrek aipatu zuen egoera soziolinguistikoaz, kontzienteki, ohartarazi behar zaiola etorri berriari.

Topagunearen beraren Auzoko egitasmoaren berri izan genuen bukatzeko. Sei herritan egin den esperientzia pilotua da, euskaratik urrun daudenak hurbiltzeko asmoz. Euskaraz dakitenek eta ez dakitenek osatzen dute taldea eta kohesio hizkuntza euskara da. Hiru hilabeteko proba herri batzuetan beste batzuetan baino hobeto atera da. Orioko adibidea Arantxa Arrillaga dinamizatzaileak azaldu zigun eta kontatzeko modukoa iruditu zaigu. Hemen tokirik ez dugunez, hurrengo zenbakiren batean patxadaz landuko dugu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura aniztasuna
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


Borderline Fabrika
Arteetatik komunitate arteko nahasketaz gozatzeko gunea

Tarte luze batez espazioa eraldatzen ibili ondoren, azkenik, 2021eko martxoan zabaldu zuten Borderline Fabrika; Hendaiako geltokiaren albo batean dagoen "lan egin eta topatzeko lekua". Proiektua ezagutzeko asmoz, bertako kide eta bultzatzaile den Ander Fernandezekin... [+]


"Ileapaindegi honetan inor ez da ilegala"

GureHaizeak Donostiako Gros auzoan irekiko duten ileapaindegi komunitarioa da. Bost lagunek abiatutako proiektua da, baina kultura desberdinak elkartuko dituen eta auzoan sustraituko den proiektua izatea nahi dute.


“Ongi etorri eskolara” programa
Nola utzi bizkarra emateari

Dorleta Mikeok esango digu elkarrekin baina nahastu gabe bizi garela, ez dagoela bizikidetzarik bertakoen eta beste jatorri batzuetatik etorritako familien artean. Mikeo eta Lola Boluda Donostiako Egia auzoan, Aitor ikastolako jolastokian, abiaburua izan zuen egitasmoa garatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude