Gaur lan gehiago egin, bihar gutxiago kobratzeko

  • Greba orokorra deitu du euskal gehiengo sindikalak urtarrilaren 27rako. Gizarte zerbitzuen murrizketei, eta bereziki, Espainiako Gobernuak onartu nahi duen pentsioen erreformari erantzutea dute helburu. Erreformak, iraganean irabazitako eskubide sozialak ezabatuko dituela diote sindikatuek. Ekonomia krisia lehertu zenetik hirugarren greba orokorra izango da.

U-27 greba orokorra

gehiengo sindikalak (ELA, LAB, STEE EILAS, EHNE, HIRU, ESK) Hego Euskal Herriko herritarrei urtarrilaren 27an greba orokorra egiteko deia luzatu die, pentsioen erreformari eta 2011rako hainbat aurrekontutan –estatu, autonomia eta foru aurrekontuetan– aurreikusten diren murrizketa sozialei erantzuteko. Espainiako Gobernuak pentsioen erreforma urtarrilaren 28an onartzea aurreikusi du, eragile politiko eta sozialekin akordioa lortu ala ez. Erreforma horrek etorkizuneko pentsiodunek gehiago lan egitea eta gutxiago kobratzea ekarriko du. Krisialdia hasi zenetik Euskal Herrian deitzen den hirugarren greba orokorra da eta, sindikatuen arabera, hau ere beharrezkoa da azken hamarkadatan euskal langileek defendatu dituzten eskubideei eusteko: “Pentsioen historiako erreformarik gogorrena izango da, ez daukagu beste aukerarik” esan zuen Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak greba aurkezteko unean. Bestalde, Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek erreforma negoziatzen darraite, eta artikulu hau idazterako unean, badirudi Espainiako Estatuan greba orokorra deitzeko mehatxua desegiten ari dela.
Erreforma horrek ez die Euskal Herriko 700.000 pentsiodunei eragiten, ondoren datozen belaunaldi gazteei baizik, hau da, langabezian dauden edo enplegu ezegonkorrak dituzten gazteei. Zalantzarik ez dago Euskal Herriak pentsio sistema propioa izatea guztiontzat askoz hobea litzatekeela, baina hori beste eztabaida bat da.
 

Kaudimena bermatzeko neurriak

Gobernua, alderdi politikoak eta gizarte eragileak bat datoz pentsioen erreforma ezinbestekoa dela, pentsioak beste 25 urtetan bermatu ahal izateko, aldaketa demografikoak, jaiotza tasa murrizteak eta bizi itxaropena luzatzeak, horretara behartzen baitu. Hala ere, pentsio sistema ziurtatzeko hartu behar diren neurrietan ez datoz bat.

Espainiako Gobernuak sistemaren kaudimena erretiro adina pixkanaka 65 urtetatik 67ra luzatuta bermatu nahi du eta, hala, 2027an erretiroa 67 urteko adinarekin hartzea derrigorrezkoa izango litzateke. Gainera, kotizazioaren zenbaketa aldia zabaldu nahi du. Kasu horretan gaur egungo 15 urteak 25 izatea da asmoa. Zantzu guztien arabera, oraingoan 15 urtetik 20 urterako jauzia egingo da eta horrek etorkizuneko erretirodunen pentsioak batez beste %6 murriztea ekar lezake. Beste herrialde batzuetan zenbaketa aldiari buruzko antzeko neurriak hartu dituzte dagoeneko. Frantziako Estatuan 10 urtetik 25era igaro dira, Austrian, aldiz, 15etik 40ra eta herrialde askotan (Finlandian, Polonian, Portugalen eta Suedian) lan bizitza osora zabaldu dute.

Sindikatuek erretiro adina atzeratzea arbuiatzen dute, baina zenbaketa aldia zabaltzea onartzen dute, beti ere kotizazio urte onenak aukeratu ahalko balira, hori pentsiodunen mesedetan izango litzatekeelako. Nolanahi ere, sindikatuek puntu hauen alde egiten dute: kotizazio oinarriak handitzea, soldatak hobetzea ekarriko lukeena; sistemaren barruan nekazaritza asegurua dutenak eta etxeko langileak integratzea; estatuak zenbait kontu sail beregain hartzea, hala nola minimoen osagarria; eta, jakina, lan merkatua hobetzea langile gehiagok ordain dezan.


Gazte eta emakume izatearen zailtasunak

Zalantzarik gabe, pentsio sistema erreformatuak lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien dutenei kalte egingo die, hau da, egungo gazteei eta emakumeei. Lan ezegonkortasuna nagusi den merkatuan kotizazio urteak zabaltzeak esan nahi du gazte gehienek pentsio duina lortzea ezinezkoa izango dutela. Eta berdin gertatuko zaie egungo merkatuan sartzeko eta bertan eusteko zailtasun handiak dituzten emakumeei. Hala, 35 urtetan kotizatzeko lan merkatuan 30 urte bete baino lehen sartu behar da eta handik aurrera etengabe lanean aritu. Baina gazteen erdiak langabezian daude eta ez dute lanpostu finko bat lortzeko aukerarik. Eta dagoeneko lana daukatenen %23k kontratu ezegonkorrak eta jarraipenik gabekoak dituzte.
 

Politikari izatearen abantailak

Gehiengo sozialaren pentsioak murriztu arren, murrizketa horiek inposatzen dituzten politikariek uko egiten diote beren pentsio abantailatsuak ukitzeari. Iragan azaroan Espainiako parlamentuan eta senatuan saiakera bat egin zen, baina ez zen onartu. 2006an onartutako pentsio sistemari esker, gure politikariek %80ko pentsioa lor dezakete 7 urteko jarduera parlamentarioaren ondoren eta %100ekoa 12 urte kotizatu eta 60 urteak beteta izanez gero. Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan ere egoera antzekoa da.

Zer pentsio, zer etorkizun
Pentsioen sistemak erreformatu eta pribatizatzeko asmoak ez dira atzo goizekoak. Sarkozyk eta Zapaterok aspaldi idatzitako gidoi bati segitu diote, eta finantza krisiak sortutako egoerarekin ezin egokiago bete dute euren papera. Ekonomia kritikorako Taifa mintegi katalanak Qué pensiones, qué futuro (Icaría, 2010) liburuan errepaso itzela ematen dio pentsioen auziari eta agerian uzten ditu atzean dauden interesak.

Liburuan, Miren Etxezarreta ekonomia katedradunak dio, Alemanian sortu zirela zahartzaroko pentsio publikoak XIX. mendean; gero, Bigarren Mundu Gerraren ostean loraldia bizi izan zuen pentsio sistema publikoak herrialde industrializatu ia guztietan, AEBetan izan ezik, jakina. Baina 1970eko hamarkadan, AEBetako ereduari jarraitu nahi izango diote Argentina eta Txileko diktadurek, eta pentsio pribatuak bultzatuko dituzte. Hor hasten da, askoren aburuz, pentsio publikoaren gainbehera, Reagan eta Tatcherren garairik gogorrenetan hain zuzen. 1994an Mundu Bankuak Adverting the Old Age Crisis (Zahartzearen krisia saihestuz) txostena kaleratu zuen, eta teoria demografikoari bidea ireki zion. Geroztik, pentsio publikoak “krisian” daudela esateko arrazoi nagusiena populazioa zahartzea izan da.
Eta zein da Mundu Bankuak eta enparauek eskaintzen duten soluzioa? Pentsio pribatuak sustatzea, boluntarioki batzuetan, eta derrigorrez bestetzuetan: “Bistan denez, aurrezteko era pribatuak beti existitu dira –dio Etxezarretak–. Zergatik orduan, hain argudio elaboratuak pentsio plan pribatuak hazteko? Gakoa derrigortasunean dago. Epe luzeko funts bihurtzean oso interesgarriak dira finantza negozioentzat. Langileak produktu hauek ‘erostera’ derrigorturik daude”. Espainian 1989koa da pentsio pribatuak baimentzen dituen legea. 1995ean lehenengo Toledoko Ituna egin zen alderdi politikoen artean, eta itun horretan pentsioen espiritu solidarioa murriztu zen, aportazioaren araberako kategoriak sortuz. 2001eko bigarren Toledoko Itunean ere torlojua estutuko da “malgutasunaren” izenean. Estrategia sinplea da: pentsio publikoa hustu eta zailtzen den bitartean, pentsio plan pribatuak sustatzen dira –hobarien bidez, esaterako–. Espainian, funts pribatu horiek kasik ez ziren existitzen 90eko hamarkada hasieran, baina 2007an 80.000 milioi euro gestionatzen zituzten, Gizarte Segurantzak Erreserbako Funtsean duen kopuruaren ia bikoitza.

2008ko finantza krisiak gogor kolpatu zituen pentsio funts pribatuak, eta orain bere produktua “erosiko” dion bezero egarriz dira, eta hain zuzen, Espainiako Gobernua pentsioen erreforma bultzatzen ari da, etorkizuneko pentsionistok has gaitezen kontatzen bat, bi, hiru… 41 arte, eta kakalarriak sarturik La Caixa edo BBVAko bulegora joan gaitezen.
700.000 pentsiodun Euskal Herrian
Euskal Herrian, 2010. urtearen amaieran, pentsiodunen kopurua 680.000 ingurukoa zen. Horietatik 617.608 Hego Euskal Herriari dagozkio eta gainerakoak Ipar Euskal Herriari. Lurraldez lurralde, Araban 64.316 pentsiodun daude, Bizkaian 264.570, Gipuzkoan 168.258 eta Nafarroan 120.038. Ipar Euskal Herriari dagokionez, 2009an Ipar-Hegoa fundazioak egindako ikerketa baten arabera 58.947 pentsiodun zeuden. 2010. urtearen amaieran, Espainiako Estatuan orotara 8.739.732 kontribuzio pentsio ordaintzen ziren.

Iragan abenduan EAEko batez besteko pentsioa hileko 972 eurokoa zen. Espainiako Estatuko batez besteko altuena da, Asturiasko eta Madrilgo pentsioen gainetik. Nafarroan batez besteko pentsioa 886,26 eurokoa da eta Espainiako Estatuko sailkapenean laugarren postuan dago. Sailkapen horretan Galizia da azkena, 657,24 euroko batez besteko pentsioekin. Ipar Euskal Herriko batez besteko pentsioa 800 euro ingurukoa da.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


Eguneraketa berriak daude