Emakumeak borrokan

Marokok “terrorismoa” du nahiago erreferenduma baino

  • Azaroaren 8an, Marokoko soldaduek indarrez desegin zuten Agdaim Izik kanpalekua. Ehunka saharar Aaiun hiriko kaleetara irten ziren protestatzera. Ordutik hilabetera, abenduaren 6an, Hach Embarek Irizar sendiarekin solastatu gara.

Mikel Asurmendi @masurmendi
2010ko abenduaren 26a
Mendebaldeko Sahara
Mendebaldeko Sahara

Ormaiztegin gaude. Gurutze Irizar, Garazi eta Beñat Hach Embarek-en etxean. Mendebaldeko Sahararen egoera ezagutu nahi dugu. Aita –Mohamed Salem Hach Embarek– Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararreko diplomatikoa izan zen. Ama, Gurutze edota Fatimetu da. Egongelan egokitu gara bost lagunak. Saharako tea atontzen hasi da Beñat.

Saharar herria eta Marokoko armadak azaroan suntsitu zuen Agdaim Izik kanpalekua ditugu mintzagai. Iraganera jo dugu abiatzeko: “Sahararren genozidioa 1966an hasi zen. Marokoar ejertzitoak napalmez bonbardatu zuen saharar populazioa. 1975ean, berriz, sahararrak kanpalekuetara ihes egitera behartu zituzten. Tinduf-ekoa da kanpaleku horietako bat. Marokoar agintariek egiten zituzten astakeriak ez ziren ezagutarazi munduan. Marokoko kontrolpeko lurraldeetan ez zen inor sartzen, ezta ateratzen ere. Egun, teknologia berriak medio, marokoarrei euren jarrera ezkutatzea zailago egiten zaie”, diosku Gurutzek.
Garazi da mintzo segidan: “Marokok garatu duen estrategia politikoa ezagutzea oso beharrezkoa da, politikoa zein soziala. Marokoko Estatuak saharar gizartearen identitatea desagertarazi nahi du. Sahararren hezkuntza trabatzen du, ez du lana sortzen uzten. Gizartea alienatzen saiatzen da modu ankerrean. Eskubide politikoak ukatuz batera, eguneroko bizitzan eskubide sozial guztiak ukatzen dizkie sahararrei”.

Gurutzek Mendebaldeko Sahararen lurraldea marraztu digu orri zurian –ikusi mapa–: Maroko iparrean. Mauritania hego-mendebaldean. Itsasoa ekialdean eta Aljeria ipar-mendebaldean ipini ditu. Mendebaldeko Sahara euren artean dago, baita lurralde askea ere. Fronte Polisarioak egoitza dauka bertan, Tifariti hirian: “Ni gerra hasi zen garaian kanpalekuetan nengoen, 1975ean. Marokok eta Mauritaniak Mendebaldeko Sahara inbaditu zuten, biek ala biek, iparretik eta hegotik. Saharar herria kolonizatu zuten. Herriak ez zeukan armarik, jendeak ez zuen soldadutza egiten, ez zuen defendatzeko asmorik, ez baliabiderik. Herriak basamortu aldera alde egin zuen. Urte batera gerra hasi zen. Mauritaniak atzera egin zuen gerrari ezin eutsiz, herrialde pobrea baitzen”.

Marokoarrek lurraldea menpe hartu zuten: “Mendebaldeko Sahara lurralde aberatsa da. Basamortu balitz, Marokok ez luke menperatzeko daukan enpeinua jarriko, ezta Frantziak ere; besteak beste. Petrolioa eta gasa dago, ustiatu gabe baina. Fosfatoetan eta arrantzan ere aberatsa da”.


Tinduf kanpalekua

Tinduf kanpalekua Aljeriako lurraldean dago. Saharar kanpalekuak oso garrantzitsuak dira. Ume sahararrak handik etortzen dira udaldian Europara. Elikagaiak eta laguntza hara bidaltzen zaizkie: “Gu han bizi izan ginen. Aljeriak saharar populazio zibila babestu du. Sahararrek gerra garaian hara joateko aukera izan ez balute, desagertuta egongo ziren. Bertan bizi diren saharar gehienek nazioartera ateratzeko nortasun aljeriarra darabilte Beñatek eta biok espainiarra darabilgun bezala. Baina, kanpalekuetan nortasun-agiri sahararra daukagu. Gure identitatea sahararra da”.
Mendebaldeko Sahara ez da estatu-nazio bezala onartua, jakina. Alabaina, laurogei herrialdek onartua da herri bezala. Hassania mintzo dira gure hiru solaskideak, arabiar dialektoa. Gauza ofizialetarako, hedabideetan, arabiar klasikoa erabiltzen da. Mendebaldeko Saharako eskoletan –Marokoko kontrolpeko lurraldean– frantsesa da bigarren hizkuntza, marokoarrek inposatua. Kanpalekuetan zaharrak hassaniaz eta gaztelaniaz mintzo dira, espainiar kolonialismoaren ondorioz.

Agdaim Izik kanpalekua
Agdaim Izik kanpalekuak ez zeukan jite politikorik, soziala zen. Jendeak etxebizitza eta lana aldarrikatu izan ditu, soldata bat bizitza aurrera ateratzeko. Ez zegoen ekintzailerik, politikan inplikatuak alegia. Baina 20.000 bizilagun izatera heldu ondoren egoera larritu zen: “Orduan, ‘zergatik gara zapaldurik?’ galderari erantzun bakarra aurkitzen diote bertakoek: sahararrak garelako”. Sahararrak kokoteraino daude. Beti esan zaie legea eta arrazoia beren alde daudela, baina Marokok ez ditu NBEko ebazpenak betetzen, autodeterminazioa eskubidea, kasu: “Erreferenduma sinatu bai, baina ez du utzi berau gauzatzen, oztopatu du. 35 urte pasa dira eta sahararrak baketsuak izan dira. 1990ean sinatu zen bake plana, su-etenaren truk. Harrezkero ez da tirorik ez lehergailurik izan. Saharar herria zain dago. NBEk, nazioarteko komunitateak edo beste inork zerbait egiten duen zain. Baina inork ez duela ezer egiten konturatu dira, tontoen moduan tratatu dituztela”, diote ama-alabek.

Bien bitartean jendea atxilotzen eta torturatzen dute. Giza eskubideak erabat txikituak daude. Agdaim Izik-en sahararrek marokoarrei beldurra galdu diete eta oldartu zaizkie. Beste biderik ez dutela ikusi dute: “Hildakoez gainera, desagertuak daude. Baina, batez ere marokoarren bertsioa ezagutu da. Hamar izan omen dira marokoar hilak, militarrak, ez poliziak, kanpalekuan soldaduak sartu baitira. Sahararrez, ezer ez. Batzuek sinesten dute bertsioa. Espainiako Gobernuak esaterako. Amnistia Internazionalek esan duena esanda ere, frogak –bideoak eta abar– erakutsi arren, Espainiako Gobernuak Marokoko bertsio hobetsi du”.

Lehenengo te zurrutak dastatu ondoren, Beñat sartu da solasean: “Irakurketa politikoa egitea funtsezkoa da. Zergatik sartu ziren marokoar militarrak kanpalekuan? Egun horretan Frente Polisarioa eta marokiarrak negoziatzera eseri zirelako. Marokok elkarrizketak boikotatu zituen. Negoziazio mahaian galtzeko beldurrez sarraskia eragin zuen kanpalekuan”. Hildako sahararrak ehunka izan daiteke, batzuk desagertuak, bestetzuk beldurrez ezkutaturik. Kartzelan dagoen jendea bestalde.


Saharar izateaz harro

“Harro sentitzen gara garenaz eta egiten dugunaz” diosku Garazik. Sahararrak Mendebaldeko Saharan arrotzak dira. Bertan 20-80 proportzioan dira sahararrak eta marokoarrak. Kolonizatua eta inbaditua bizitzeak sahararrak gatazkara bultzatzen ditu: “Eskolan marokoar ereserkia abestera behartzen zaituzte, frankismo garaian bezala hemen. Hizkuntza marokoarra inposatzen saiatzen dira, gurearen antzik ez daukana”. Sahararrek ez dute lanik, baina horregatik ez diote utziko saharar izateari. Saharar izateaz arro daude lurralde okupatuetan, lurralde liberatuetan eta Aljeriako kanpalekuetan ere bai.


Frente Polisario

Marokok errealitatea mozorrotu du, nazioarteko komunitateari lurralde moderatua dela ulertarazi nahi dio, estatu liberala, modernoa eta baketsua dela. Saharar herriarekin eskuzabala dela, autonomia eskaintzen diolako. Autonomiaren bidez eskuzabalak agertu dira munduan. Ohiko leloa darabilte: “Lehen ez zenuten hori. Ea, hartu. Tontoak al zarete? Zergatik ez duzue onartzen hori? Orain lehen baino hobeto zaudete...” diote marokoarrek.

Hirurak mintzo dira, txandaka: “Marokok arazoa ere nahierara erabili du noski, baina betiere frantziar eta espainiar agintarien laguntzaz. Marokoarrak saguak baino okerrago bizi direla sinetsarazi dute bi estatuetan, eta munduak sinetsi du euren bertsio mozorrotua”. Saharar askok Fronte Polisariori gerran sartzeko deia egiten diote. Beste irtenbiderik ez diete utzi. Halere, jende gehienak lehenik erreferenduma egitea eskatzen du. 1990eko Bake Itunean idatzia dena gauzatzea, Marokok sinatua: “Bi gauza ziren: su-etena eta –erreferenduma gauzatzeko– izenen zerrenda osatzea. Su-etena indarrean ezarri zenean, zerrendak egin ziren. Artean, Maroko saiatu zen Mendebaldeko Saharako sahararren boto eskubidea deusezten. Polisarioak ez zuen onartu. Marokok badaki, bertako sahararrek nahiago dutela Sahara aske batean bizitzea, euren menpe bizi baino, badaki erreferenduma aldez aurretik galdua daukala. Noski, Marokok itunak sinatzen ditu, baina ez ditu betetzen”.

Hassan II. erregearen ondorengoa Mohamed XI. da, haren semea. Marokoko erregimenak okerrera egin du solaskideen iritziz. Espainiako Estatuaren jokabideaz ari gara orain: “Espainia potentzia kolonizatzailea da, NBEren ebazpenaren arabera Mendebaldeko Sahara –okupatua zein librea– Espainiak administratu behar luke. Hau da, prozesu deskolonizatzailea bukatu gabe dago. Prozesua ez zen behar bezala egin. PSOE eta PP, biak, gaizki aritu dira, baina aukeran, Marokok ez du PP gobernuan nahi, PSOE nahiago du. Auzia 1975etik dator. Garai hartan, militarrak ez zeuden kolonia uzteko ados. Alde egin zuten, baina poltsikoak ondo beteta. Espainiako Gobernuak lapurrak bezala utzi zuen lurraldea, gauerdian, Maroko eta Muritaniari bidea libre utziz. Handik urte batzuetara, Felipe Gonzalez presidenteak “me comprometo ante la historia” esan zuen, baina kontrakoa egin zuen. PSOEk honela esan zuen: “Espainiak kolonizazio txarra eta deskolonizazio are txarragoa egin zuen, eta ez zaituztegu azken garaipenera arte abandonatuko”.

Gobernuen alternantzia izan da Espainian: PP eta PSOErenak. Baina ez dute arazoa konpontzen lagundu, ez batek ez besteak. Haatik, PSOEk, gobernuan dagoenean, Marokorekin harreman hobeagoak ditu PPk baino”. Frantzia da berriz armak Marokori saltzen dizkiona. Espainia sikarioa da, babeslea Frantzia, jendarmea: “NBEko kontseiluan Frantziak beto eskubidea dauka. Frantziak NBEk aurkezten dituen ebazpenak pikutara bidaltzen ditu. Frantziarentzat Maroko oso garrantzitsua da, herrialde are eta handiago –Mendebaldeko Sahara menpean– Frantziarentzat hobeto. Frantziak Espainiak ez dituen interesak dauzka. Printzipioz Frantziari baino gehiago Espainiari komeni zaio Sahara herri independentea izatea. Espainiaren ekonomiarentzat egokiagoa litzateke, Frantziako enpresen interesen menpe jardun gabe. Oraingo estatusean baina, marokoarrek frantziarren interesak hobeto babesten dituzte”.

Espainiari Sahara independentea hobekiago joango litzaiokeela esaten bada, zergatik ez du Espainiak Sahara independente baten alde egiten? Galdera ez da samurra. Estatuen arteko interesak daude horren atzean. Frantziarenak lehenik eta behin. Espainiak daraman jokamoldearekin hainbat hipotesi erabiltzen dute adituek. Euskal gatazkaren konponbideak eragina duela pentsa dezake batek baino gehiagok.
 

Al Qaeda

Marokok gerra hasi nahi du berriz ere, mundu guztiak “hauek terroristak dira” esan dezan. Al Qaedak esku sartu nahi duela zabaldu da hedabideetan: “Marokoarren artean badabil, sahararren artean ez da sartu Al Qaeda. Marokoko sistema politikoa monarkikoa da, Erdi Arokoa. Herritarrak oso pobreak dira eta gehienak hiri handiko aldirietan bizi dira. Erlijioak eragin handia dauka, Al Qaedako militanteak sortzeko ekai egokiak daude: pobrezia, erlijioa, marjinalizazioa eta estatu feudala. Al Qaedak badu non jardun eta nola aritu, aldiz, sahararrekin ez. Mendebaldeko Sahara ez da erlijiosoa, fundamentalismoa ez da suspertu. Beñat mintzo da: “Behinola kazetariak kanpalekuetara joan ziren eta ‘zuek zergatik ez dituzue mezkitak sortzen?’. Lagun batek ‘ospitaleak eta eskolak eraikitzeko garaia da. Nork bere jainkoari bere etxean erreza diezaiola” erantzun zien.

Beñaten aburuz, lurralde okupatuetako egoerak eta Ipar Irlandan iraganean izan zenak antzeko konnotazioak dauzka: sahararrak irlandarrak dira batetik. Bestetik, marokoarrak unionistak dira. Marokoarrek lanpostuak dauzkate, sahararrek ez. Horrelako egoeran zilegi da gazteak eskubide sozialen aldeko borrokan altxatzea. Eskubide politikoak modu baketsuez eskatzen hasten dira, baina estatu menperatzaileak zapaltzen ditu. Egoera horrek Ulsterren IRAren sorrera eta gatazka ekarri ditu urte luzetan. Bada, Saharan ere aurre fase horretan egon gaitezke.

Testuingurua hori bada, zein da irtenbidea?: “Gazteak ekintzara pasako balira, gatazkaren parametroak gogortu litezke. Marokok hori nahi du munduaren aurrean ‘horra terroristak’ zilegitasunez esateko”.

Garazi Salem Hach Embarek
“Euskaldun eta saharar izaerek bi herrialde aberats ezagutzeko eta disfrutatzeko aukera eman didate. Batzuetan alde batekoak nahiz bestekoak kritikatzen ditut, baina autokritika bezala; biek daukate elkarren antza eta zer eman elkarri. Agdaim Izik kanpalekuan gertatua eta gero, euskaldunei lozorrotik esnatzeko eskatuko nieke; zerbait gehiago egin dezakegu. Egoera zaila izan arren, ardura gure esku dago. Badakit ezinezkoa dela munduko gatazka guztiekiko arreta izatea, baina gutxienez, informazioa jarraitu eta zeini bozkatu eta zeini ez jendeari interesatzea gustatuko litzaidake. Gure botoek eskubide batzuk ematen dizkigute edo berauek errebindikatzeko aukera behintzat”.
Gurutze Irizar
“Saharar herrikide izatea nire bizitzaren partea da. Nork bere bizitza aukeratzen du, nik horrela egin nuen. Gauzak datozen bezala hartu behar dira, egoerak ezin dituzu beti aukeratu baina pertsonak bai. Ondoan ditut Garazi eta Beñat seme-alabak. Euskaldunok oso eskuzabalak izaten gara, baina azken urteetan zerbait botatzen dut faltan: elkartasuna ekonomikoa da bakarrik. Ordea, Saharako arazoa politikoa denez, irtenbide politikoa behar du. Elkartasun ekonomikoa motz samarra geratu da. Edo niri horrela iruditzen zait. Saharar herriak bizi duen egoera aldatu nahi badugu, egoera konpontzeko bultzada politikoa behar-beharrezkoa da”.
Beñat Salem Hach Embarek
“Euskal Herria eta Sahararen artean berdintasunak daude: independentzia nahiak adibidez. Baina bi herrik eraman duten borroka ezberdina da. Saharar herria batua dago, Euskal Herria ez. Euskal Herrian bide estrategikoa aldatzea beharrezkoa da. Ezker abertzaleak pauso garrantzizkoak eman ditu. Gazteok hemengo prozesu politikoa egingarria ikusten dugu, baina Espainiako legedien barruan ez dakit zer lortu dezakegun. Saharan berriz Estatu marokoarrarekin ez dagoela ezer egiterik uste dut. Borroka armatua lehertuko ote den beldur naiz. Herri txikiak garela kontziente izan behar dugu, hiltzen den pertsona bakoitza berreskuratzerik ez dagoela, eta borroka armatua sakrifizio gogorra dela”.
Hara, Sahara!
Azaroaren 8an, Marokoko soldaduek indarrez desegin zuten Agdaim Izik kanpalekua. Ehunka saharar Aaiun hiriko kaleetara irten ziren protestan. Ondorengo lerroetan Askapeneko Julen Zulaikak idatzi duen artikulua duzue, aipatu elkarrizketaren aurrerapen gisa.

Hara, Sahara!

Saharaz hitz egiterakoan errefuxiatu guneak, martxa berdearen ondorioak, ihesian joandako herriaren nahigabeak, edo Euskal Herrian eta non nahi plazaratutako elkartasun egitasmoak datozkigu burura; haurrak gure artera ekartzeko edo elikagaien bilketak osatzeko. Errealitate konplexua da baina sahararrena, nazioartearen utzikeriak eta batez ere espainiar nahiz frantziar estatuen axolagabekeriak oinarrian saharar herriaren zapalketa mantentzea du helburu. Estatu inperialisten estrategia gordinenetan oro har, herrion aldarrikapenei beti egingo diete itzal estatu interes eta desio ekonomikoek. Espainiako oposizioari aldiz, sahararren aldeko jarrerak bozak eskuratzeko balio dio, ametsik deliranteenean ere ez luke lekurik Alderdi Popularrak autodeterminazioaren alde egiteak. Frantziar estatuan berriz, itxurarik egin beharrik ere ez dute, oihartzun apala baitu komunikabideetan eta kaleetan Afrikako azken kolonia ofizialaren auziak.

Lurralde okupatuetako sahararren protestek zapalketa salatzea dute helburu, duela bost urte ekin zioten Intifada baketsu horri jarraipena emanez. Oraingoan, 20 mila lagun elkartu zituzten, Aiaun-etik gertu sortutako hayma zeru horretan. Aldarrikapen sozialek bere pisua izan dute salaketetan, bigarren mailako biztanle baitira egun bertakoak, eta diru etekinak nahiz baliabide naturalak, urruneko diru zorroak soilik betetzeko balio dute. Euren herrian arrotz baina harro dira ordea sahararrak, honegatik, urte luzetan jasan behar izan dituzten arren militarren gehiegikeriak, atxiloketa arbitrarioak, hiltzerainoko torturak, gartzela beltzak, desagerketak...

Kanpalekuaren aurkako eraso bortitzaren biharamunetan, Europar Batasunak arrantza kontratu paregabeak lortu zituen Marokorekin. 144 milioi euroren truke euro arrantzuntziek nazio batuen araudiaren aurka, herri ukatu baten uretan arrantzan jarrai dezaten. Sare pelagikoekin dozenaka estatu ariko diren bitartean, baxurako kontraturik gehienak espainiar estatuarentzat izan dira, deskolonizazio prozesu bitxia hautatu du, oraindik orain, ardura horren erantzule denak. Okupazioari bere zilegitasuna emateaz gain, urteetako elkarlan baten jarraipena baino ez da azaroko ebazpena, inork ez dezala pentsa krisia arintzeko azken orduko erabakia izan denik. Suediak baino ez dio uko egin lege hauste honi, gainerakoek, bestaldera begiratzen jarraituko dute genozidio zahar berri honetan, poltsikoak nola betetzen dituzten ikusten jarrai dezaten. Arrantza bankuez gain lurralde okupatuak, fosfato eta bestelako mineralen harrobi paregabeak dira bestalde atzerriko potentzientzat, desertuetako harea ere eramateraino.

Frente Polisarioak eta Marokok bake ituna sinatu zutenetik ia 20 urte pasa dira, bi hamarkada jada irtenbide baten zain. Tarte honetan kolonoz bete ditu erregeak lurralde okupatuak, armaz ongi hornitu den bitartean. 2008an Frantziar estatuaren bezero hoberena Mohamed VI. izan zen eta esanguratsua da oso, armen salmentan Frantziak mundu mailako laugarren lekua duela jabetuz gero. Azken urteetan Zapateroren eskutik heldu zaizkie gerra eskaintzarik erakargarrienak, ohiko kontratuez gain, opari eta beherapenekin. Saharar herria bitan zatitzen duen harresian aldiz, milioika pertsonen aurkako mina behar izan zituzten, besteak beste zenbait euskal enpresa labeldunei esker.

2008ko apirilean izan ginen lurralde okupatuetan eta bertatik bertara ikusiak, sentituak, ezin egona sortarazten dit, amorrua., daukatena, daukaguna ez dugulako merezi. Badugu beraz galtzak bete lan, han eta hemen egitekorik ez da falta. Herriok izan gaitezen behingoagatik geure buruaren jabe eta besteekiko erantzule, begira dezagun aurrera, ikusten dugun hura ikusten ez dugula ziurtatu arte, besarkada bat saharar herri borrokalariari, ikusi arte!
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Mendebaldeko Sahara

Mendebaldeko Sahara kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude