"Sahararron borroka ezin da bereizi borroka feministatik"

  • Mendebaldeko Saharan Marokok okupatutako lurretan bizi diren emakumeen borrokaz mintzatu da, Sultana Khayaren bizipenak ardatz. Khayak biolentzia pairatu eta bideo bidez dokumentatu du.


2022ko azaroaren 29an - 08:45
Jadiyetu el Mohtar saharar herriaren ordezkaria da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Juanba Berasategik emandako hitzaldiko argazkia da honakoa.

Sahararen Ordezkaria da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Villa Cisnerosen (Mendebaldeko Sahara) jaio zen 1959ko otsailaren 4ean, espainiar kolonialismo garaian (1884tik 1976ra arte luzatu zen okupazioa), eta bere burua deskribatzeko eskatuta, hala hasi da: «Aktibismo asko egindakoa naiz saharar herriaren alde».

Kazetaria; gaztelania irakaslea saharar errefuxiatuen kanpamenduetan (bigarren hizkuntza ofiziala da Saharako Errepublikan); Saharako Hezkuntza Plan Nazionalaren eratzean parte harturikoa; Saharako Emakumeen Batasun Nazionaleko eta Fronte Polisarioaren Espainiako Ordezkaritzako kidea 1986tik; Itzulpengintza eta Interpretazioan graduatua… Egun, lehentasun nagusi ditu «saharar herriaren autodeterminazioa eta emakumeen eskubideak».

Ezkerrean, Jadiyetu El Mothar. Elkarrizketatzailea, Garazi Alegria (Bixi-Bixi)

Hilaren 15ean, Donibanen, Bixi-Bixi Elkarteak antolatuta, ‘Sultana Jaya 558 egun ilunpean’ dokumentala aurkeztu zenuen. Zer erakusten du bideoak?

Salaketa dokumental bat da, Sultana Khayakak egindakoa. Saharako Okupaturiko Lurretako Giza Eskubideen Defentsarako Ligako Lehendakaria da bera, baina zuzeneko biktima ere bada; giza eskubideen urraketaren biktima, orokorrean, eta emakumeen kontrako erasoen biktima, partikularki, marokoar erregimenaren partetik, eta bertako militar eta paramilitarren eskutik.

Hark dokumentalean irudi eta ebidentziak bildu zituen pandemiak iraun zituen bi urtetan. Bojador herrian [Mendebaldeko Sahara okupatua] kokatzen da, haren etxean; bertan bizi izan zen, setiatuta, birusaren aitzakiapean.

Irudi oso gogorrak dira, non argi eta garbi ikusten den jazarpena, askatasunaren eta mugikortasunaren murriztapena, eguneroko erasoak… Likido kirastu eta kaltegarriak ere isuri zizkieten etxean bertan, bertako altzariak suntsitu, hesiak jarri leiho eta ateetan ezin irteteko, ur eta argi hornidura moztu… Bortxaketa bat ere ikus daiteke dokumentalean, gauez, iluntasunaren babesean. Sultanak egindako kanpaina Sultana Jaya 558 egun ilunpean izenpean aurkeztu zuen horregatik.

Bideoaren asmoa da giza eskubideen urraketa etengabeko hori argitara ateratzea, erasotzaileen kontrako kondena gisa baliatu dadin. Dokumentala hark aurkeztu zuen egindako gaitzespen hitzaldi guztietan, eta guk, aktibistok, ere badugu baimena hori erakusteko, betiere asmo horrekin.

Dokumentala pandemiak bidezkoturiko murrizketen testuinguruan grabatu zen. Marokok, baina, murrizketa horiek betikotu ditu lurralde okupatuetan.

Maroko, Mendebaldeko Sahara okupatzen duen lehen unetik, lurra oinazpiratzeko asmoz dator. Edozein indar okupatzaile, erasotzaile eta inbaditzaileri bezala, interesatzen zaizkio bertako baliabide naturalak, horregatik esplotatzen gaitu ilegalki eta bereizketarik gabe. Bestalde, egiten duena da saharar herria oinperatzea, eta bereziki euren eskubideak aktiboki aldarrikatzen dituztenak; Sultana Khaya da horietako bat.

Hortaz, bai, pandemia probestu zuten, baina ez da lehen aldia. Emakume ezagun askok, eta anonimoek ere, euren azaletan sufritu dute Marokok gauzatzen duen biolentzia okupazioaren kontra altxatzen den edozein ahotsen gain.

Pandemia hobeezin datorkio oraindik gehiago murrizteko, hori posible bada, sahararren eskubide eta mugimenduak. Marokok okupaturiko lurraldeetako herriak aire zabaleko kartzelak dira. Munduko kartzelarik handiena da.

"[Militarren] bortxaketa bat ere ikus daiteke dokumentalean, gauez, iluntasunaren babesean"

Marokok isiltasun-mediatikoa inposatzen du, lurra zeharo itxita dago nazioarteko kazetarientzat, begiraleentzat. 2022an soilik, Marokok lurralde okupatuetatik kanporatu ditu 170etik gora eragile, aktibista, politikari… eta guztizko zigorgabetasunarekin, gainera. Ez dago inor ahotsa goratzen duenik Marokok lurralde okupatuetan inposatzen duen itxituraren gainean.

Saharar herria hirutan dago banatuta.

Hala da. Saharar herria hirutan dago banatuta, eta saharar lurraldea, bere horretan, bitan: alde bat Marokok du okupatuta, eta bestea liberatuta dago eta Fronte Polisarioak kudeatzen du. Azken horretan, sahararrek eraikita genituen eskolak, ospitaleak, administraritza guneak… eta nekazaritzaz edo abeltzaintzaz bizi ziren zibilak. Baina gerraren bigarren fasea piztu zenean, [2020ko azaroaren 3an], Marokok, askatutako lurralde hori guztia bonbardatu zuen, behartzeko bertako zibil guztiak bueltatzera errefuxiatuen kanpamenduetara.

Oraintxe bertan, lehen lurralde askatuetan bizi ziren 45.000tik gora saharar daude erbestean, eta laguntza humanitarioak ez zuen, noski, hori aurreikusita. Beraz, orain, Fronte Polisarioak ikastetxe eta anbulatorio berriak eraiki behar ditu, eta horiek guztientzako etxebizitzak eta baliabideak lortu.

Hortaz, herritarrak, herria, hirutan dago banatuta: batzuk Marokoren errepresiopean bizi dira. Beste multzo bat, 200.000 lagunetik gorakoa, errefuxiatuen kanpamenduetan bizi da, zeinak, zoritxarrez, nazioarteko laguntzari esker soilik biziraun dezakeen; kanpaleku horiek, nagusiki, saharar emakumeek kudeatzen dituzte, gizon gehienak bataila frontean daudelako. Eta, azkenik, badago zati minimo bat diasporan bizi dena, nagusiki Espainian eta Frantzian; biztanleria hori kanpoan dago edota tratamendu medikuak behar dituztelako, edo ikasten ari diren gazteak direlako, edota euren familiak mantendu ahal izateko kanpoan lanean ari direlako.

Hala ere, diaspora ere antolatuta dago kolektiboetan, eta nolabait ahalegintzen dira hedatzen euren herriaren mezua. Batik bat emakumeak dira horiek.

Bi urte baino gehiago baitaramazue isilpean gordetako gerra horretan.

Bataila horiek ere egin behar ditugu gerra militarraz gain, ikusarazi behar baitugu Marokok inposaturiko beto hori, eta blokeo informatiboa suntsitu. Hedabide-korporazio handiak ere horren konplize dira, ez baitira enpresa eta multinazionalak baino.

"Marokok okupaturiko lurraldeetako herriak aire zabaleko kartzelak dira"

Azken batean, ez dute nahi Saharako gerrari buruz hitz egin, baina bai, ordea, Ukrainiako gerraz. Zergatik? Baliabide naturalen espoliazio guztizko bat dagoelako, non Ibex-35eko enpresa mordoa inplikatuta dagoen, eta ez dute nahi jakin dadin Saharan gerra bat dagoela, bertako baliabideen negozioei esker bizi baitira. Izan ere, lurralde batean gerra bat baldin badago, ezin zaie dei irekia egin enpresei lurralde horretan inbertitu dezaten. Horregatik, hain zuzen, Marokok diru piloa inbertitzen du hedabideetan, erredakzioburu asko ere erosiz, ez dezaten Saharako gerrari buruz hitz egin.

Aurtengo Azaroaren 25aren harira, Euskal Herriko Mugimendu Feministak ‘justizia feminista’ aldarrikatuko du. Zure hitzak dira: «Mendebaldeko Saharakoa justizia eta giza eskubideen auzi bat da».

Sahararron borroka ezin da bereizi borroka feministatik; herriaren borroka are gehiago indartzen duen osagaia da emakumeen borroka.

Saharako emakumeak beti batu izan gara, eta jarraituko dugu, emakume guztien aurka, mundu osoan zehar, gertatzen den indarkeria salatzeko. Lur batean edo bestean modu desberdinean ematen baita biolentzia hori, baina erasotzailea beti bera da; biolentzia berdina da.

Biolentzia eguneroko ogi duten horretan ere, zuk zeuk esan zenuen aurkezpenean: haurrek ilusioa mantentzen dute.

Eta hori, hein handi batean, emakumeei esker da. Saharar herriaren borroka identitatearen aldeko borroka ere bada. Guk, herri bezala, desberdintasun izugarriak ditugu Marokorekin, eta Maroko, bere presentzia koloniala inposatuz, horiek suntsitzen saiatzen da. Saharar herriak Marokorekiko dituen desberdintasunak ikusaraziz soilik lortuko ditugu argudioak independentziarako dugun eskubide legitimoa aldarrikatzeko.

"Marokoar emakumeen % 64a analfabetoak dira eta lan gogorrenetarako erabiltzen dituzte"

Lan hori oraindik hobe ulertzen dugu emakumeok. Gure eskubide eta askatasunengatik borrokatzeaz gain, gure identitatea mantendu eta indartzeko ere egiten baitugu borroka. Aurreiritzi asko daude Europa Mendebaldean, uste dute emakume sahararrok orain eskubide hauek ditugula askapen prozesuan murgilduta gaudelako, eta gure gizonek behar gaituztelako askatasunera bidean laguntzeko. Baina errealitatea bestelakoa da. Hori gure kulturatik datorkigu, gure izaera nomadatik, eta horregatik, hain zuzen, nahi dugu hori babestu.

Saharar herrian emakumeok oso presentzia nabarmena dugu, eta horrek min handia ematen die gure inguruko herrialdeei, zeinek beti menperatu izan dituzten euren emakumeak Islamaren interpretazio zorrotz baten pean. Marokoar emakumeak menperatuta daude. Horregatik horien % 64a analfabetoak dira eta lan gogorrenetarako erabiltzen dituzte; ez dute askatasunik.

Saharar emakumeak, inguruan, benetan aske diren bakarrak direla esan izan duzu.

Gure usadio eta gizarte-kodeetan emakumeak beti izan dira askeak; dibortziatu daitezke nahi bezainbeste aldiz, beti dute seme-alaben tutoretza. Hori da saharar kultura, purua, zeinetan gure belaunaldiak hezi garen. Horregatik askapenerako borrokan adineko emakumeen presentzia handiagoa da gazteena baino, gazte asko erbestean jaio direlako, edo marokoar menperatzearen testuinguruan. Horregatik ere asko kezkatzen gaitu erbesteak; zenbat eta gehiago luzatu hori eta okupazioa, orduan eta gehiago ahulduko da saharar kultura parekidea.

Horretan, uste dut, antzekotasun handia duela saharar kulturak euskaldunarekin, emakumeek, paper funtsezkoa dutelako identitate errotze horretan.

Sultana Khayaren borroka; etxean eta kanpoan

Sultana Sidi Brahim Khaya (Bojador, Mendebaldeko Sahara, 1979) Mendebaldeko Saharako autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidearen aldeko aktibista da.

Hari buruz mintzatzerakoan, eta nor den azaltzeko, Jadiyetu El Mohtarrek lehen ahotan hartu duen terminoa «saharar emakumea» da. Horren ondotik, honakoak: lur okupatuetako Giza Eskubideen Defentsarako Ligako lehendakaria da, eta baita Baliabide Naturalen Espoliazio Ilegalaren Kontrako Ligako burua ere.

17 urte zituenetik ari da borrokan Marokoren okupazioaren kontra. Bai hura, eta bai bere ama eta ahizpa ere.

2019an, askapenerako gerraren bigarren faseak eztanda egin zuenean Marokok su-etena hautsi izanagatik, hura tratamendu medikuan zegoen Espainian, eta sorterrira bueltatzea erabaki zuen.

Bueltan, aireportuan, marokoarrek atzeman zuten. «Txekeo sakona» egin zioten, biluztuz ere, kamerarik ez zeramala baieztatzeko, lurralde okupatuetan ematen diren giza eskubideen urraketak ezin dokumentatu ahal izateko. Une hartatik aurrera etxean espetxeratua izan zuten marokoar militarrek. Bi hilketa saio egin zituzten haren kontra, Euskadiko ordezkariak azaldu duenez, eta bizirik irtetea lortu zuen. Are: «Bere etxea botatzen saiatu ziren kamioi erraldoi bat erabiliz».

Horren aurrean, zenbait nazioarteko erakundek laguntzarako deia egin eta aktibista batzuk pandemia bete-betean bere etxean sartzea lortu zuten; bertan hiru hilabete baino eman zituzten, babeserako.

Nazioarteko presioari esker lortu zen Marokok aktibistari baimena ematea, herrialdetik irten eta azterketa medikua egin ahal izateko, eta horri esker, Khayak nazioarteko salaketa egin ahal izan zuen, dokumentala euskarri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


'Saharari kantari' diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Eguneraketa berriak daude