Hogei urte ibilian lege babesik gabe

  • Datorren urtean hamarkada bi beteko ditu UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Harrezkeroztik haziz joan da etengabe, baina zailtasunez beteta aurkitu du bidea maiz. Espainiar legediak jarritako oztopoak aski ez, EAJrekiko harremanak normalizatzeke ditu oraindik UEMAk, eta horrek traba bat baino gehiago egin dio. Azken hatsa ematear den legegintzaldi honetan gehiago izan dugu bigarrenetik lehenengotik baino.
UEMA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
1991n abiatu zenetik, itsaso zakarrean ibiltzea egokitu zaio UEMAren ontziari. 1988an, EHEren ekimenez, Euskararen Erabilpena Normaltzeko Udal Arautegia onartu zuten hainbat udalek. Hala sortu zen Udalerri Euskaldunen Mugimendua, hiru urte geroago, Aizarnazabalen egindako ekitaldian, UEMA bihurtu zena. Helburua gaurko bera zen: herritarren bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratzea. Udal haien jarduna, noski, euskara hutsezkoa izango zen aurrerantzean. Mankomunitateko kidea izateko baldintza bi bete behar ziren: hala nahi izatea eta biztanleen %80, gutxienez, euskalduna izatea. Geroago, Eusko Jaurlaritzak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia argitaratu zuenean, %70era jaitsi zuten muga, planak ezarritako tarteekin bat egitearren hain zuzen.

UEMA sortu zuten lehenbiziko hamasei udal haiek ez zuten helduleku gehiegirik legedian, eta gaur egungo 59ek ez dute orduan baino gehiago. Izan ere, UEMA jaio orduko Espainiako Konstituzio Auzitegiak ebatzia zuen funtzionamendu elebakarra legez kanpokoa zela, ele hori euskara izatekotan noski. 80ko hamarkadaren erdian, aipatutako Auzitegiak Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen EAEko Euskararen Legearen 8.3. artikulua: “Udalaren gizarte-hizkuntzazko egoera dela eta, herritarren eskubideen kaltetango gerta ez dedinean, herri-agintariek, Toki-Arduralaritzaren alorrean, euskara bakarrik erabili ahal izango dute”. Argitu beharrik ez dago “elebakar”, “euskara bakarrik” eta abarrek ez dutela errealitatea islatzen: gaztelania hiztun elebakarren eskubideak guztiz bermatuta daude, Hego Euskal Herri osoan bezala, UEMAko herrietan ere. “Euskaldunak ez direnen biztanleen kexarik ez dago”, azpimarratu du Jon Bollar Aulestiko alkate eta UEMAko presidenteak. Aitzitik, UEMAko herritarrek ez dute bermatuta zerbitzu guztiak euskara hutsez jasotzea, dena ez baitago udalaren borondatearen menpe.

Nafarroan are gutxiago eskaintzen du legediak: eremu euskaldunean euskara ofiziala izatea, hori bezain lausoa izan da eta da herrialde horretako UEMAko kideentzat lege-bermea. Praktikan, zorioneko 8.3 artikulu haren filosofiari eutsi zion mankomunitateak, oraindik eusten dion bezala. Jon Bollarren berbetan, “guk euskara hutsez funtzionatuko dugu, legeak baimendu ala ez, hizkuntz eskubideak legearen gainetik daude eta”.

Lege babesa lortzeko ahaleginak

Ez dezala inork interpretatu UEMAk legearen babesik bilatzen ez duenik. Mankomunitatearen hastapenean haren aholkulari juridikoa zen Iñigo Urrutiak dioskunez, 90eko hamarkadan hainbat aldiz eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari udalerri euskaldunentzat nolabaiteko estalki juridikoa sortzea, baina alferrik. 2000. urteak beste kolpe bat ekarri zien: estatuko abokatuak helegitea aurkeztuta, Espainiako Auzitegi Gorenak legez aurkakotzat jo zituen UEMAren estatutuak.

“Argudio nagusia zen mankomunitateak obrak edo zerbitzuak eskaintzeko eratu behar direla, eta euskara ez dela ez obra ez zerbitzu”, azaldu digu Jon Bollarrek. 2008an estatutu berriak egin zituzten eta udalez udal onartu, baina bitartean herri bat baino gehiago geratu zen UEMAn sartu ezinik, horretarako eman beharreko pausoa udalbatzak mankomunitatearen estatutuak onartzea baita. Bide batez esateko, 90eko hamarkadan ere UEMAn sartzea galarazi zieten udalerri batzuei, nahiz eta orduan, jakina, argudio legalak beste batzuk ziren. Bitxia da hala ere, bai 2000. urtea baino lehen bai ondoren, udalerri asko inolako trabarik gabe bihurtu direla UEMAko kide. Bollarren ustez, “estatuko abokatuak aleatorioki aukeratzen du zein udalerriren aurka jo”.

2008an onartutako estatutuetan Auzitegi Gorenak leporatu ziena konpondu zuten: UEMAk hainbat zerbitzu eskaintzen ditu orain. Horietako bat, etorri berriak integratzekoa. “Azken urteetan gero eta gehiago dira udalerri euskaldunetara oso urrutitik etorritako pertsonak, eta oro har, ez zaie jakinarazten bertako errealitatea zein den. Euskal kulturatik edo euskaratik at uzten dira”, azaldu dute. Etorri berri horiek euskarara erakartzeko, Auzoko izeneko programa pilotua abiarazi dute Berriatuan, Bergaran eta Zestoan. Horrez gain, herri askotan harrera protokoloa daukate, Bollarrek esplikatu digunez: “Kanpotar bat datorren bakoitzean erroldan izena ematera, orri bat ematen diogu esateko Euskal Herrira etorri dela, udalerriko hizkuntza ofiziala euskara dela... Hizkuntza bitan egiten da orri hori: euskara eta beste bat”.

Kontuak kontu, UEMAren estatutu berriek ez dute Espainiako Estatuaren erreakziorik eragin oraingoz. Mankomunitateko kideak itxaropentsu ageri dira: dagoeneko ez badute egin, ez dute uste “ukituko” dituztenik. Bitartean, jarraitzen dute saiatzen euskara hutsezko funtzionamendua legedian nola edo hala jasoa egon dadin. Eta ez hori bakarrik: UEMA bere burua birdefinitzen ari da.
1991tik gauza asko aldatu dira Euskal Herrian. Garaiei egokitu beharrak aginduta, udaberrian burutuko den hausnarketa prozesuan murgilduta dago UEMA. Betiko helburuei eutsiz, hori bai. Esan gabe doa euskal udalerri elebakarrentzat marko juridikoa eratzea dela hausnartzen ari den gaietako bat. Abiapuntua ez da oso sendoa, tamalez.

Ezin hizkuntza propioari lehentasuna eman

Uneon daukaten heldulekuetako bat EAEko Euskararen Aholku Batzordeak kaleratutako Euskara 21 txosteneko esaldi hau da: “Arnasgune horiek [gune euskaldunak] zaindu, sortu eta, ahal balitz, hedatu ezean, alferrik izango da, seguruenera, gainerako ahalegin oro. Horrenbestez, lehentasunezko trataera garbia eman beharko zaie euskararen arnasguneei XXI. mende hasierako hizkuntza politikan”. UEMAren ustez, hitz horietan gordetako teoria lege bihurtzeko jauzi handia egin beharko litzateke, gauden-gaudenean. Are okerrago. Iñigo Urrutiak gogorarazi digu etorkizun hurbilean ezin daitekeela ezer onik espero Espainiako Konstituzio Auzitegiak Kataluniako Estatut-ari buruz emandako sententziaren ostean. “Bertan esaten da ezin zaiola bertako hizkuntzari lehentasunik eman gaztelaniaren gainetik”. Aurrekari horiek ikusita, Urrutia seguru dago udalerri euskaldunen balizko lege bat Konstituzioz kanpokotzat joko litzatekeela.

Zailtasun eta guzti ere, eraginkor

Legea alde ez izateak ez die eragotzi aurrerapausoak egitea. 2006 eta 2009 bitartean, Kontseiluak hizkuntz politikaren neurketa egin zuen ehundik gora udaletan, eta emaitza onenak lortu zituzten hamarrak UEMAko kideak ziren. “Horrek argi uzten du gure hautua dela eraginkorrena euskararen normalizazioa bultzatzeko”, diote.

Zailtasunik ez zaie falta, euskara hutsez aritzea ia ezinezkoa baita. “Udalerriaren bizitza guztia euskara hutsezkoa izan dadin ahalegintzeko ‘borroka’ asko egin behar da, aldundiekin, osasun sailekin, garraio konpainiekin, enpresa pribatuekin...”, dio Jon Bollarrek. Legerik ezean, Udalaren esku ez dauden zerbitzuak euskarazkoak izatea zerbitzu-emailearen borondatearen menpekoa da. Esan gabe doa UEMAren ahaleginek ez dutela beti saria lortzen, eta zenbait esparrutan benetako zulo beltzak daudela, osasun zerbitzuan esaterako.

Agian horrek kentzen die gogoa udal askori UEMAn sartzeko. Bollarren berbetan, “sarritan zalantzak aipatzen dizkigute, ez dakite gure hizkuntz politikara egokitzeko gai izango diren”. Mankomunitateko udalerri gehienak txikiak dira, eta txikiak dira, halaber, kide izateko baldintzak betetzen dituztenak. “Euren arazo handiena errepidea konpontzea izaten da, hizkuntz politika nahiko kezka urruna da haientzat. Askok uste dute euskara beraien herrietan primeran dagoela, kalean egiten delako, eta ez diote hainbeste garrantzi ematen Udaletxeak euskaraz funtzionatzeari”.

Nolanahi, UEMA etengabe saiatzen da kide berriak bereganatzen, eta emaitzen arabera arrakasta dutela esan daiteke: legegintzaldi honetan hamazortzi udal sartu dira, inoiz baino gehiago. Alta, datuak badu bere ifrentzua, aldi berean inoiz baino gehiago irten dira-eta: zortzi, horietatik zazpi bizkaitar. Guztira, UEMAkoak izan daitezkeen eta ez diren 77 udalerri daude gaur egun Hego Euskal Herrian.

EAJrekin harreman zaila

EAJren jarrerak noraino daukan horrekin zerikusia ez da neurtzeko erraza, baina eragiten duela ezin ukatuzkoa da. Adibide modura: UEMA utzi duten azken zortzi herri horien gobernua jeltzaleen esku dago. Egia da, halaber, EAJk agintzen duen beste udalerri batzuek bertan jarraitzen dutela, eta baita ere baten bat sartu dela legegintzaldi honetan. Auzi honi buruz galdetu diogu EAJri, eta hauxe erantzun digu haren prentsa zerbitzuak, ohar baten bidez: “Euzko Alderdi Jeltzalearen UEMArekiko harremanak, herri honetako beste edozein erakundeekiko harremanak bezalakoak dira. Hala ere, eta UEMA udalen arteko erakundea izanik, Alderdiaren aldetik udalen esku geratzen da harreman zuzena izatea eta baita bere kudeaketa”.

Aurten Arratzu eta Bermeo irten dira UEMAtik. Arratzuko Udalak argudiatu zuen UEMAtik bideratzen zizkioten bitartekoak ez zituela lar erabiltzen, eta Bermeokoak, berriz, badituela lau euskara teknikari eta euskara sustatzeko nahikoa dela haiek egiten duten lana. Argudiook, itxura batean, bat egiten dute EAJren oharrak aipatzen duen udal autonomiarekin. Haatik, UEMArekiko alderdi politika ongi definitua, eta ez preseski aldekoa, egon daitekeela pentsarazten dute legegintzaldi hasierako gertakariek.

Jon Bollar UEMAko presidenteak azaldu digunez, mankomunitatearen Zuzendaritza Batzordea alderdi bakoitzak azken udal hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera osatzen da. Momentu honetan, Ezker Abertzaleak lau ditu, EAJk hiru, eta beste hirurak gainerakoen artean banatuta daude. “Baina hauteskunde osteko lehenengo Batzar Orokorra egin genuenean, Zuzendaritza Batzordea osatzeko hain zuzen, alderdiko norbait joan zitzaien bertan zeuden EAJkoei, handik alde egin behar zutela esatera”. Ordutik, hutsik daude EAJri dagozkion hiru jesarlekuak. Horri buruz galdetu diogu alderdi jeltzaleari, baina ez digu erantzun. UEMAk egin dizkien biltzeko eskaerei ere ez, Bollarren esanetan.

Mamuek bizirik jarraitzen dute?

UEMA eta EAJren arteko tirabirak ez dira bart gauekoak. Mamuek ilundutako harremana, genioen Argian 1997an. “Mamuak” ezker abertzaleak UEMAn gehiegizko presentzia edukitzea –EAJren ikuspuntutik– ziren garai hartan, eta zenbait adierazpen entzunda harreman txarraren muina lehengo bera dela dirudi. “Inolako siglekin lotzeak zein apurtzeak, euskararen sustapen eta erabileraren eskubideen aldeko lanari on gutxi ekar diezaioke. Euskara liskar ideologikoen gainetik dagoen altxorra dugu”, esan digu EAJk, liskar ideologikoez galdetu ez diogun arren. Jon Bollarrek, berriz, zera dio: “UEMAko Zuzendaritza Batzordeak hizkuntzaren normalizazioaren aldeko erabakiak hartzen ditu, ez erabaki politikoak. Eta ez daukagu erreparorik ezker abertzalearen herri batek egindako politikari kritika egiteko, okerra begitantzen bazaigu”.

Azkenak
Ez hil, faborez

HIL FABOREZ FEST
Lekua: Ibaola Harriak, Eskuernaga.
Taldeak: Lukiek, Las Sexpeares, Seggs Tape, GAL, Chuleria Joder!, Aposapo, Bayou la Batre, Borla, Türbot, Malakias MX3

Data: 2025eko ekainaren 14a.

--------------------------------------------------------

[+]


EAEko herritarren %58k mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu du 2024an

EAEko 1,3 milioi biztanlek Europar Batasunak 2030erako ezarri berri dituen mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu zuten 2024an, Ekologistak Martxanek eginiko ikerketaren arabera.


2025-06-25 | Hala Bedi
Gasteizko lorezainek grebarako eskubidea aldarrikatu dute hiriko hainbat iturri berdez tindatuz

ESK eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, lorezainek greba egiteko duten zilegitasuna aldarrikatu nahi izan dute ekintza ikusgarri honen bitartez. PSE eta EAJren gobernu-taldea seinalatu dute erantzule nagusi gisa, "Green Capital markaren atzean hiriaren ikurra zaintzen... [+]


2025-06-25 | Rafael Poch | CTXT
Mendebaldea bere mundu-gerra eskalatzen ari da

Gaza izan zen iragarpena, Ukraina tanteoa, Iran eskalada, baina Errusia eta Txina dira traka eta azken helburua. Europar Batasunak "Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea" baieztatzen jarraitzen du, eta bere lehen potentziaren buruak aitortzen du "Israel lan... [+]


2025-06-25 | Xiberoko Botza
Ikusgarrietako intermitenteek lana mentx düe

Frantziako gobernamentüak ekonomiak egin nahian, leküko kolektibitateer eta eskülder sos pübliko gütigo banatü dü. Horrek ondorioak badütü, ekonomia handiena kültüran egin beita. Intermitenteek nekeziak ezagütze... [+]


Statkraft, Kutxabank eta Azpeitiko Udala

Ia oharkabean pasa da joan zen asteazkenean (2025eko ekainak 18) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia.

Izenburua: Azpeitiko 5. poligonoko 58. lurzatian aldi baterako estazio meteorologiko bat
interes publikokotzat deklaratzeko eskaera (GHI-049/25-J01)
. Hemen... [+]


EAJren hizkuntza eskakizunetarako proposamena “atzerapausoa” dela salatu dute ELAk eta LABek

Euskara eskakizunak zehazteko derrigortasun indizea ezabatzea eta erabakia erakunde bakoitzaren esku uztea proposatu zuen iragan astean EAJk. LABek salatu du derrigortasun indizea kenduz gero, epaileen "borondate euskarafoboak" ezarriko lukeela hizkuntza eskakizunaren... [+]


Arabako Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei arreta murriztu diela salatu du ESK-k

Lanpostuak, emakumeak artatzeko egonaldi ertaineko harrera zerbitzua eta aurrekontua murriztu ditu Aldundiak.


Zenbait lagun zauritu dira Hernaniko San Joan gaueko istiluetan, eta gutxienez pertsona bat atxilotu dute

Xabier Lertxundi alkateak adierazi du istiluak leku eta ordu ezberdinetan gertatu direla, eta haien artean ea loturarik dagoen ikertzen ari dira. Udaltzaingoak laguntza eskatu dio Ertzaintzari 03:30 aldera, eta haiek oldartzean hainbat lagun zauritu dituzte. Segurtasun Sailak... [+]


2025-06-24 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Chen Yun: txoria eta kaiolaren auziak hortxe jarraitzen du

Ekainaren 13an, ezohiko ekitaldi baten lekuko izan zen Pekineko Herriaren Areto Handia: Txinako Alderdi Komunistaren aginte goren osoak (baimenduta leudekeen absentziak salbu; nola jakin horietakoa ote zen He Weidong jeneralarena? Izan ere, ez zen ageri mahai nagusian,... [+]


Bilboko Bira Kulturak eskaintza gutxituko du laguntza publikoen murrizketagatik

Ez dute itxiko, baina orain arte eskaini duten programazioari ezin izango diote eutsi. "Bira txikiago bat" izango dela zabaldu dute sare sozialetan.


Nola debekatu sare sozialak erabiltzea 16 urtez azpikoei? Australiako Gobernuak badu formula

Legez, 16 urte bete arte ezingo dituzte sare sozialak erabili Australian, urte bukaera honetatik aurrera. Baina nola gauzatzen da hori praktikan? Gobernuaren azterketa batek ondorioztatu du teknikoki bideragarria dela, eta aurrekaria jarri du bide bera hartu nahi duten... [+]


Israeli boikota musika jaialdietan ere

El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]


NATOtik ukatu egin dute Sánchezek iragarritako gastu militarraren salbuespena

Mark Rutte NATOko Idazkari Orokorrak ukatu egin du “baztertze klausula” onartu zaionik Espainiako Estatuari. Kalkuluen arabera, BPGren %3,5a gastu militarretara bideratu beharko du gobernuak, NATOk eskatzen dituen kompromisoak betetzeko.


Trumpek Israel eta Iran arteko su-etena iragarri du eta ordu gutxira zalantzan dago jada

Iranek AEBen Qatarreko base militarrari eraso egin ostean eman du ustezko akordioaren berri Etxe Zuriko maizterrak, Truth Social sare sozialean. Ostean, Israelgo Gobernuak adierazi du Trumpen proposamena onartu duela, eta berdina egin du Irango Segurtasun Nazionaleko... [+]


Eguneraketa berriak daude