"Gustatzen zaidana egin dut, nahi izan dudanean"

  • “1926an jaio nintzen Tolosan, bertan egin dut bizimodua, hara eta hona ibili banaiz ere. Gerra da nire denboran ikusi dudan gauzarik handiena. Ez ona, jakina. Oroitzen naiz Urriko Iraultzaz, 1934koaz. 8 urte nituen. Asko ibiltzen nintzen kalean. Gerra hasi zenean, berriz, 10 urte nituen, eta gogoan daukat nafarrak sartu zirenean, nola erre zituzten liburuak Tolosako kalean… Horiek ezagutu nituen bai. Gerra. Gainerakoan, heriotza da ikusitako handiena, amarena, aitarena, emaztearena… Oso sentibera naiz, ez naiz haietaz ahazten”.
Julen Garmendia
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

[Eusko Ikaskuntzaren Juan Garmendia Larrañaga. Solasean, Lankidetza bildumako alea ikusi dit eskuan].


Jose Maria Velez de Mendizabalek egin zuen lan hori. Berari eskaini diot hurrengo liburua. Abenduan ateratzekoa da, okerrik ez bada. Izan ere, hain nahastua dago gauza orain! Eginak ditudan lan argitaragabeen bilduma izango da. Tira, bat edo beste lehendik argitaratutakoa joango da, baina gehienak inoiz publikatu ez ditudanak dira. Liburu horren ondotik, beste bat etorriko da, artxiboko lanaren ondorioak. Bi arlo horietan ibili naiz beti: batetik, kanpo lan edo ikerketan; bestetik, Historian, kondairagile. Gainera, bi arlook erraz uztartzen dira. Askok ez du horrela usteko, baina hala da. Bietan jardun ezik, hankamotz geratzeko arriskua duzu, eta hankamotza, badakizu, eserita dagoenean ez da bat ezagutzen, oinez hasten denean ezagutzen da hankamotza!


Ezkoaren inguruan egin zenuen zure lehen etnografia lana.


Bai eta ez. Gure etxean, Tolosako Kale Nagusiko obradorean, kandelak, atxoiak eta gainerakoak egiten ziren. Gure aitak egiten zituen, gure aitaren osabak ere bai, baita haren aurrekoek ere. Nik ez nuen hartan lan egin, eta zorionez edo zoritxarrez izan den ez dakit. Lanik hartan egin ez, baina ikusi bai! 13 urte nituela Oronozeko kolegiora eraman ninduten, maristetara, eta hantxe. Ez nuen askorik iraun, hura oso diziplina gogorreko ikastetxea zen-eta. Irakasle onak bai, baina diziplina gogorra. Han urtebete egin eta hanka! Etxean argizagi asko egiten zen, ezkobildua, eta Nafarroara eta bestetara saltzen genuen. Kandelak, besteak beste. Baina ohitura galtzera zetorrela ikusi nuen. Apaizak aldatu ziren –eliza zikintzen zela zioten–, jendeak ere ohitura baztertu… Bezeroak urritzen ari ziren. 50eko hamarkada izango zen, gutxi gorabehera. “Martxa honetan hau ezkutatu egingo dek!”, esaten nion neure buruari. Eta langintzari buruzko oharrak hartzen hasi nintzen. Horretan, Joxemiel Barandiaran ezagutu nuen, Santa Agedan.


Arrasateko Lezetxikin…


Bai. Ordurako Barandiaranen lanak irakurtzen hasita nengoen, banuen haren berri. Bada, Tolosan bazen marrazkilari bat, ni baino hogei urte zaharragoa baina oso laguna nuena: Manuel Ugarte Beraza. Erbestera joan behar izan zuen hark ere, eta Barandiaranekin batera gertatu zen harako bidean. Ezagutzen zuen, beraz. Erbestetik etorri berriak biak, behin esan zidan: “Nahi al dek Barandiaran ezagutu? Lezetxikin ari dek lanean!”. Eta halaxe joan ginen biok eta ezagutu nuen. Behin, ezkoaren inguruan hartuak nituen oharrak erakutsi nizkion. Eta Joxemielek: “Argitaratu egin behar dituzu! Interesgarria da oso”. Eta halaxe atera ziren ohar haiek, bi liburutan, Artesanía Vasca Euskal esku-langintza, Barandiaranen hitzaurrea lagun. Dena dela, ordurako banuen historia lan bat argitaratua, Federico Zabala zenarekin batean. 1967an Tolosako monografia egin eta saritu ziguten. Federicorena zen meritua, nirea baino handiagoa, berak berotu ninduen-eta lanera. Lagun handiak ginen. Bera etorri zitzaidan, lana egin eta sariketara aurkeztu behar genuela esanez. “Baina Sebastian Intxausti aurkeztekoa dek-eta!”, esan nion nik. Kondairagile ona, kategoriakoa zen Intxausti, apaiza. Hala ere, aurrera egin genuen Federicok eta biok. Lana banatu, osatu, aurkeztu, eta saria eman ziguten. Sebastian etorri zitzaidan, zorionduz, guk egin genuena egin nahi izango zuela esanez, eta beraren lana non argitaratu ote zezakeen. Eta Antonio Labaienengana zuzendu nuen. Han argitaratu zioten lana.

Bi hitz ditugu eginak eta Joxemiel Barandiaran, Federico Zabala, Antonio Labaien… aipatu dituzu.


Jende asko ezagutu dut, askorekin lan egin dut, bai. Antonio Labaien gure etxera etortzen zen, obradorera, hogeitaka urtetan tertulia leku izan zenera. Jende asko biltzen zen hara. Egunero biltzen ginen, igandean izan ezik. Batean hiru lagun, bestean hamabi, hantxe gu… Ni oso tertulia zalea izan naiz. Orain ez daukat horrelakorik, zoritxarrez. Tertuliak direla-eta, badira tertuliarako balio ez duten pertsonak, beren iritziari kosta ahala kosta gogor eusten diotenak. Horrelakoetan hautsi egiten da tertulia, eten. Ideia guztietako jendea biltzen ginen gu. Adibidez, Jose Luis Goikoetxea Usandizaga. Euskal milizien osasun arduraduna izan zen. Errepublikarra, abertzaleen kontrakoa oso. Tolosarra zen. Ez zuen inorekin alternatzen: gure etxera etortzen zen, atzeko atetik sartuta. Etortzen zen, botatzen zuen bere diskurtsoa eta aurrera. Beste bat, Larramendi medikua, oso abertzalea, espetxean urteak egindakoa… Era guztietako jendea. Bat bakarra bizi da egunero etortzen zen haietakoa: Jose Luis Castro, abokatua. Aita Bizkaiko gobernadore izan zuen Errepublika garaian. Errepublikan, tolosarrak izan ziren hiru gobernadore: Nafarroakoa, Ramon Bandres; Gipuzkoakoa, Ramon Aldasoro; Bizkaikoa, Luis Castro Casal, Jose Luisen aita.

Zer du Tolosak, hainbeste agintari bertan sortuak izateko?


Eta gerra hasi zenean, Euskadiko Buru Batzarreko buru, Doroteo Ziaurriz, tolosarra. Medikua. Eta nafarrak Tolosan sartu zirenean ere, Gipuzkoako diputatu nagusia Fidel Azurza zen, tolosarra. Kasualitatea, diot nik. Gaur egun, hor duzu beste tolosar bat, Jonan Fernandez. Asko balio du horrek, meritu handiko gizona, bere burua berak egindakoa. Jonan Fernandez Erdozia da hori.


Federico Zabala aipatu duzu, eta…


Federicoren aita Gipuzkoako Diputazioko presidentea izan zen, integrista. Federicoren anaia bat –Madrilen bizi da, gaixo dago orain– espainiar enbaxadore izan zen Polonian. Tolosan ez du inork jakingo.

Federico Zabalak politika aldera jo zuen, zure inguruko beste zenbaitek bezala. Ez zaituzte behin ere tentatu?


Nire inguruko gutxik jo dute politikara. Antonio Labaienek, esaterako. Baina politikan baino gehiago zen kulturan. Tolosako alkate izan zen gerra hasi zenean, eta hortik ezagutuko du askok, baina gehiago zen kulturan. Biolina jotzen egoten zen Saran, erbestean. Federicok bai, politikara jo zuen. Tentatu ninduten ni ere, baina politika zaletasunik ez dut, eta hemengo egoera kontuan hartuta, are gutxiago: denak zatituta eta haserre segituan. Bi biltzen badira, akabo! Bakarra baldin badago ere, bere buruarekin haserre. Ez, ez, ez… Nafarroa Bai? Hor dabiltza, ezin konpondurik. Ikusiko duzu. Haserre! PNV? EA sortu zen. Eta EA bera ere zatitu. Desastrea! Esan izan dut nik: “Kanpokorik ez dugu behar guk. Geu nahiko, haserretzeko!”. Optimista naiz izatez, baina politikan ez. Eta euskararen aldetik okerrago oraindik ere.

Euskararen erabilera Tolosan zenbat hazi den eta horrelakoak entzuten dira, zuen garaian gaztelaniaz hitz egiteko joera handia zen hemen…


Nire aurreko denek euskaraz zekiten Tolosan. Ez naiz batere optimista. Nik uste daukagun arazorik zailena euskara dela. Zailena. Oso euskara-maitea naiz ni. Politika zaletasunik ez dut. Euskara, bai. Euskara galtzen badugu, zer? PNV buru xamarrean ibili direnak badira euskaraz ez dakitenak. Horiekin nora joan behar duzu?


Langintza asko ikusi dituzu galtzeko zorian, gaur egun galduak. Eta euskara galduko balitz?


Leku askotan galdu da! Oronozen, Lekarozen, Iruritan, Elizondon… Garai batean dena zen euskaraz. Joan zaitez orain! Ibiltzen naiz ni oraindik, joaten naiz eta zaharrak bai, euskaraz mintzatzen dira, baina gazteak ez. Galdu egin dute. Ultzaman, euskaraz zen dena. Iraizotzen nintzen orain dela hiru hilabete. Ni euskaraz, baina hangoak ez. Ni euskaraz hasten naiz beti, penagarria da. Gure aitak ez zidan erantzuten gaztelaniaz hitz egiten banuen.

Etxean ez ezik etxetik kanpo horrela egingo bagenu, epelak entzun beharko genituzkeen…


Horrela egingo bagenu, ondo egongo litzateke. Egingo bagenu! Ez al da horrela?

Etnografiari dagokionean, maisurik izan duzu inoiz, ala zeure burua egin beharrean gertatu zara?


Maisurik ez, adiskidetasun handia bai zenbait lagunekin: on Joxemiel Barandiaran, on Manuel Lekuona… Hori ere esan nahi nuen: ahaztuegi dago Manuel Lekuona. Nire iritziz. On Manuel Lekuonak intuizio handia zuen. Denak Barandiaranengana joan ziren, hari begira denak! Politikariek ez dute jakiten. Dakienak ez du kargurik hartzen. Politikarien jokaera zein da? Txillida eta kito. Tira, azkenaldian, Oteiza ere aintzat hartzen hasi ziren… Bi edo hiru hartzen dituzte, goratzen dituzte eta kito.


Manuel Lekuonaz ari zinen…


Euskaltzaindian izan zuen gorabehera on Manuelek. Baina hori baino gehiago zen hura. Ez dugu jakin hura gure egunera ekartzen. Jende askorekin izan dut harremana, maisurik ez. Barandiaranen bidea jarraitu dut nik, eta gero, Julio Caro Barojarekin izan nuen lotura handia. Niretzat oso erraza izan zen harekin harremanetan izatea. RIEV aldizkaria bigarren aldian hasi zenean, bera izendatu zuten buru. Deitu zidan eta: “Juanito, jar hadi hi nire ondoan aldizkariaren koordinatzaile. Erredakzio batzordea ere izango duk, baina horiei guk kasurik ez!”. Horrela jardun genuen hamahiru urtean, hil zen arte. Behin, etorri zen gure lehengo etxera, Tolosako Kale Nagusikora, hasi zen nire liburu eta oharretan begira eta esan zidan: “Hauek doktoregoa egiteko moduko lanak dituk!”. “Doktoregoa? 50 urtetik gora nauk ni. Ez diat doktorego beharrik!”, esan nion. 1984 urtea zen. “Lepoan zakukada eramatea bezala duk hori, lanok hemen gordeta edukitzea. Hobe duk bildu eta publikatu. Eta herri honetako ergel asko isil daitezen ere balioko dik!”. Asko gustatzen zitzaion hitz hori: ergela. “Tesi zuzendaria behar duk hemen. Neure burua eskaintzen diat. Ez daukak lanik egin beharrik, eginda daukak-eta”. Halaxe, urte batean lizentziatura egin, eta hurrengoan doktoregoa. Ordukoa da Euskal lexiko etnografikoa lana. Tartean sartu genuen Koldo Mitxelena… Jorge Oteiza jenioa zen, dudarik gabe. Bada, Mitxelenak ere jenio ukituak zituen!... Cum laude eman zidaten. Caro Barojari zor diot doktoregoa. Doktore naiz, ez dut ezertarako baliatzen, baina beti izango diot esker ona Juliori. Barandiaran eta Julio izan dira niretzat gidariak.

Jarraitzailerik baduzu, eskolarik sortu duzu?


Ez. Oso independentea izan naiz beti lanean. Ez naiz artaldekoa. Artaldea tristea da, beee!, beee! Ardiek ez dute behin ere eguzkirik ikusten, beti burua begira-begira. Eman dezagun, Etniker. Oso lan ona egiten dute, baina ni ez naiz Etnikerrekoa, bakartia naizelako. Barandiaran etorri zitzaidan Etniker sortu zenean. Kostatu zitzaidan, baina ezetz esan nion: “Ez dut balio horretarako. Nik ondo ezagutzen dut nire burua. Gauza asko dira taldeak egitekoak –gauza asko, gero!–, baina ni ez taldeko gizona. Beste gauza asko badira, bakarka egitekoak”. Bizkarrean txapla-txapla jo eta esan zidan: “Jarrai, jarrai zeure bideari”. Ez naiz taldekoa izan.

Bakarka jarduteak baditu bere lanak…


Bai, baina badu abantailarik ere: nahi duzuna egiten duzu. Bata etorri igual eta: “Zera nahiko genuke, elikadura zertan izan den Tolosan aztertzea zuk”. Eta nik: “Ez, ez, beste horretan ari naiz”. Inoren agindura jardun, ez. Gustatzen zaidana egin dut nik, nahi izan dudanean. Eta kito. Halaxe osatu ditut nire lan osoak, hamar liburuki.

Azkenak
11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Eguneraketa berriak daude