"Euskara desagertuko balitz, “Euskal Herri ohia” izango genuke"

  • Urte askoan jardun du lanean, Etika irakasle Deustuko unibertsitatean. Euskaraz idatziak ditu lau liburu mardul eta sendo, Nietzsche eta enparauak aztergai harturik. Berrikitan, Gotzon anaia zuenaren omenezko ekitaldietan agertu izan da, familiaren izenean beti.
Dani Blanco

ARGIA dugu orain, Zeruko Argia garai batean. Urteak dira azkenekoz abadearen bereizgarri lepoko zuri hori aldizkarian ikusi genuena…


Argian agertzen zen erlijiotasuna ezkutatu egin da gaur egun. Baina gure komunitatean bertan, Deustun, baliteke lepoko zuria eramaten bakarra izatea ni. Lepoko zuri hau gure janzkera herriari egokitzeko asmotan ezarri zen, baina askotan esaten dut lagunartean –eta nire anaia Anjelmari Gotzoni ere esaten nion–, horrekin ez dugula ezer aurreratu herriari egokitzen. Behin, kenduko ote nuen ere esan zidaten, Madrilen, Nietzcheren inguruan hitzaldi egitera joan nintzen batean. Ekitaldiaren antolatzaileak: “Aizu, lepoko hori kentzea… Hemen, izan ere, ateoak ere bilduko dira eta”. Nik, “O, ateoei ez die batere kalterik egingo lepoko zuri hau ikusteak”. Jendartean zen Fernando Savater, esaterako, egin zidan galderaren bat Nietzcheren gainean, eta aurrera! Kalean noala, berriz, batzuetan etortzen zaizkit: “Aita!”. Noiz edo noiz, irain eta mehatxuak jasotzea ere gertatu zait, Bilbon bertan, eta inork tu egin ere bai! Fanatikoak leku guztietan! “Kristau al zera? Bai, jauna, kristaua naiz Jaungoikoari eskerrak” [kantuan eman du], esaten nuen nik umetan, eta irain, mehatxu eta gainerakoak eramatea ez zait batere kostatzen.

Erlijiotasuna ezkutatu egin dela esan duzu arestian.


Europan bai, ezkutatu egin da. Aurrera goazela-eta, Ilustrazioa dela-eta… kristautasunaren kontrako giroa zabaldu da, Eliza beraren kontrakoa. Nabarmena da hori. Eliza aipatzeak etsaigoa dakar, askotan. Elizari egiten zaizkion salaketak arrazoizkoak dira batzuetan, baina beste batzuetan, aldiz, kalumnia hutsa. Pederastia dela-eta, zenbat istilu izan dudan nik hainbat lagunekin, halako eta halakoren kontrako akusazioak tarteko direla. Asko zain-zain daude, nondik Elizari erasoko. Roman pederastia kasuren batean nahasita egon dela jakin eta adurretan lirateke, pozak zoratzen!

“Kristau al zera? Bai, jauna, kristaua naiz Jaungoikoari eskerrak”, esan, kantatu duzu, umetan bezala…
Txikitan euskaraz ikasi genuen doktrina. 5-6 urte izango nituen doktrinan hasi nintzenean. Euskaraz ari ginen denok. Sartu ziren nazionalak herrian eta gaztelaniaz ikastera behartu gintuzten! Hirurogeita bi neska-mutiko ginen komunio handia egitekoak. Denok ari ginen euskaraz, bi ezik. Portugesak ziren, Da Silva, tximista baino bihurriagoak, baina jatorrak. Anjelmari Gotzon nire anaiak esaten zuena, “askoz hobeto gaude orain orduan baino”. Nik bestela esango nioke. “Ez, Anjelmari maitea, ez. Zu euskararen kontrako giroa puri-purian zegoenean jaio zinen, hori da zuk bizi izan zenuena, baina zu baino bederatzi urte eta erdi zaharrago naizen honek bestela bizi eta ikusi izan nituen gauzak gerra aurrean”. Guri, euskaraz hazi ginenoi, egun batetik bestera euskaraz hitz egitea bekatu zela esan ziguten, gaztelaniaz ikastera bortxatu gintuzten. Giroak erabat erdaraz hitz egiten jarri zituen emakumezkoak. Ez ziren gu baino makalagoak, baina horretara behartu zituen giro petral hark.


Zaila izango zen, bada, egun batetik bestera gaztelaniaz hastea…


Zaila? Zailagorik bada hamaika. Zenbat aldiz entzun ote dut: “Gerra jasan dugunok, hau eta hura… traumatizatuta gaude!”. Traumatizatuta? Zazpi hilabetez bonbardatu zuten Elgoibar, egunero. Hegazkinak ziren batetik, kanoiak bestetik. Nazionalak sartu ziren Elgoibarren, gorriak ziren nagusi Eibarren. Guk, umeok, jolas egiten genuen, zernahirekin. Badut lagun bat, eibartarra, institutu sarrera egin genuen biok, gerra inzibila lehertu bezperan. Noizean behin elkartzen gara oraindik, eta gerran ikusitakoak ez digu apetitua galarazi, ezta umorea eta argitasuna ere. “Quidquid recipitur, ad modum recipientis recipitur”. Kristo aurreko esaera da: “Hartzen dena, ontziaren arabera hartzen da”. Euri zaparrada ari baldin badu, jar ezazu ontzi zabal bat, eta euri-ur guztia bilduko du. Aldiz, jar ezazu tutu estu bat eta ezin izango du ur guztia irentsi. Horretan nago ni. Sufritu ere egin genuen, negar ere bai, etxeko edo auzokoren bat hiltzen zenean, edo hankamotz geratzen zenean, bai, baina jolas egiten genuen, bonba eta metrailarekin ere jolas! Egunero ditugun ondoezak kontuan hartzen hasiko bagina, momentuan bertan hilko ginateke.

Esan duzunez, Gotzonek “orain askoz hobeto gaude” zioenean, ez zegoen zuzen.


Berak ez zekien! Nik 11 urte nituen gerra sartu zenean. Berak 2. Ez zuen aurrekorik ezagutu. Berak oraingoa ikusten zuen: ikastolak, aldizkariak, zuek bezalakoak jo eta ke euskararen aldeko lanean… Baina aurreko egoera hura ez zuen bizi izan, orduko herria, Elgoibar… Zein da, euskarari dagokionez, Euskal Herriak duen arazoa? Herriak ez duela euskaraz hitz egiten. Eta, hain zuzen, horixe da euskararen egoeraren termometrorik onena. Bai, euskara ikastoletan, unibertsitatean… baina, kalean? Kalean, orain dela hamar urte baino gehiago egiten al da euskaraz? Ez dut uste. Hori da gure arazoa, herriak zenbateraino egiten duen euskaraz.

Euskaraz hazi zinen, hala etxean nola Elgoibarko kalean, gerra sartu arte behintzat, baina gaztelaniaz egin zenituen ikasketa nagusi guztiak.


Jakina, eta euskararen kontrako giro betean. Nobiziatua Loiolan egiten genuen jesuitok. Han, nire anaia Jenaro eta biok batera geunden. Euskaraz hitz egiteko ere, baimena eskatu behar izan genion aita Intxaurrandietari. Abertzalea zen, oso, eta baietz. Baina bestela, giroa ez zen batere aldekoa. Anjelmari Gotzonek, esaterako, Filosofia bukatu eta Magisteritza egiteko destinoa aukeratzerakoan, Donostia jo zuen begiz. “Zergatik Donostia?”, gure aita probintzialak. Eta Gotzonek –oso aingeru zen gauza askotarako–, “euskara jorratzeko lekurik egokiena dela uste dut”. “Ederki. Zaragozara!”. Urrutien zegoen ikastetxera! Hori zen gure giroa.

Eta Oñan?


Oñan? Oña, hasteko, Burgosen da, ondo dakizunez. Euskararen arrastorik ez zegoen han. Ibiñagabeitia eta horiek gu baino askoz lehenagokoak izan ziren. Hala ere, Oñan zer edo zer hasi ginen euskaraz halako batean, eta azpeitiarra zen buruetako bat: Patxi Altuna “Kanpaxa”. Gainerakoan, ezta arrastorik ere. Euskara gaizki ikusita zegoen.

Innsbrucken egin zenituen Teologia ikasketak.


Halaxe bidaltzen gintuzten kanpora gure agintariek. Teologia egitera, atzerrira joaten ginen, Alemaniara edo Austriara, gehienetan. Ikasketetan erraz xamar genbiltzanok aukeratzen gintuzten harako. Ni, Innsbruckera, pozik. Urte zoragarriak eman nituen han: herria, paisaia, jendea… alemana bera ere erraza egin zitzaidan. Bizian egin dudan hitzaldirik luzeena ere hantxe egin nuen, Tirolen, alemanez. Ordu eta erdikoa izan behar zela esan zidaten, eta halaxe egin nuen. Euskaraz edo gaztelaniaz bezain ondo egiten nuen orduan alemanez. Innsbruck! “Ibai gaineko zubia” esan nahi du. Neguan, ibaia behean zetorren. Udaberrian, mendiko elur eta izotzak urtzen zirenean, gora eta gora. Zoragarria.


Nietzscheren ingurukoa duzu doktorego lana.


Erroman egin nuen tesia. Norberak aukeratzen zuen gaia. Irakasleetako bat egoskortuta zegoen nik Unamunori buruz egin nezan ikerketa. Irakurri nuen Unamuno. Asko gustatzen zait, literaturan. Baina filosofia mailan ez zeukan niri gustatzen zaidan giharra. Eta Nietzsche bururatu zitzaidan, Friedrich Nietzsche! Esatea ere! Beldurgarria zen haren izena aipatzea. Eta aita probintzialari esan nionean, “errezatu, kontuz!”… Eta Nietzsche osorik irakurri nuen, behin eta berriz, eta berari buruz egin nuen doktorego tesia. Hari buruzko azken liburua, berriz, Nietzsheren inguruan: Gizakia (duintasuna) – Jaungoikoa, duela hamar urte argitaratu nuen. Argentinan ere izan naiz Nietzscheri buruzko ikastaroak ematen. Nietzsche, fenomeno bat da, artista hutsa. Goethe, Lutero eta Nietzsche, horiek dira hiru buruak alemanez.

Etika katedraduna zara. Zein lotura egin duzu Nietzscheren eta etikaren artean?


Nietzscheren iritziz, etika, morala da deabrua, etsaia. Hortik dator ustelkeria guztia, haren iritziz. Egin zitekeen iraultzarik okerrena egin zuen Kristok. Munduaren historian kriminal bat dago: Kristo. Hala esaten du Nietzschek, greziarren balioen guztiak itzulipurdikatu zituela Kristok, edertasuna eta beste. Nietzsche, su filosofía y su tragedia en torno del bien y del mal. Horixe izan zen nire tesiaren izenburua, gaztelaniaz idatzi dudan liburu bakarra. Erreboluzio txiki bat izan zen liburua, orduan inork ez zuen hartaz ikerketarik egiten-eta. 2.000 ale atera zituzten, eta erroskilak bezala saldu ziren. Ongia eta txarkia, Nietzscheren iritziz hor datza munduaren ustelkeria. Kristok ezarri zituen ongia eta txarkia, eta horren etsaia da Nietzsche.

Hortik datoz harrezkero idatziak dituzun etikari buruzko lanak, Etika. Sarrera, Ez-ta-Bai-dan eta Etika eta askatasuna.


Askatasuna ipuin bat da! Kontu zahar bat. Esklabook asmatutako ipuina. Lehoiak ez du askatasunik. Lehoiari zera dagokio, parean fortunatzen zaion bildotsa irenstea. Joan eta esan biezaio bildotsak lehoiari: “Baina berdinak gara”. Baita zera ere, berdinak!


Zuk kontra egiten diozu Nietzscheri?


Nietzsche izan da nazistei funtsa eman dien filosofoa. 16 urte nituenean edo, britainiar kontsulatuari idatzi nion, Bigarren Mundu Gerra garaia zenean, aliatuen aldeko propagandarik hemen eskuratzerik ez zegoela esanez. Ez zidaten erantzun. Amerikar kontsulatura idatzi, eta astero bidaltzen hasi zitzaizkidan propaganda zoragarria. Aliatuen aldekoa. Izan ere, Hitlerren harrokeria, zorakeria… Ijitoak, beltzak, juduak, gaixoak… denak garbitu zituzten. Espainian, Mundu Gerra denboran, %80 Hitlerren alde zegoela esango nuke. Propaganda ikaragarria zen. Horrek giroa sortzen du, eta giroaren indarra izugarria da. Eman dezagun Franco. Zerua ilundu eta harria egiten bazuen, Loiolan piperrak txikitzen bazituen, batzuen iritzirako Franco zen erruduna. Ez, hori ere ez. Bakoitzari eman diezaiogun berea. Baina hori oso zaila da.

Non ikasi duzu horrela pentsatzen? Hori ez dator liburuetan.


Hizkuntzak berak ere filosofia bat darama bere baitan, ikuspegi jakin bat. Besterik da norberak nola baliatzen duen. Nanoak gara erraldoi baten bizkarrean. Bakoitzak egiten du bere antzera. “Quidquid recipitur, ad modum recipientis recipitur”.

Hizkuntzak filosofia jakin bat daramala bere baitan diozu.


Bai. Nik lehenengo liburua besterik ez nuen egin gaztelaniaz. Euskararen maitasunak bultzatu ninduen nire lanak euskaraz argitaratzera. Aristotelesek berak ere –“Aristoteles jenioak” dio Marxek Kapital-en–, bada, Aristotelesek “hitza daukan animalia” dela dio gizakia: hizkuntza. Hizkuntza mamitzen eta gauzatzen denean, mentalitate osoa gauzatzen da. Mitterrandi ere irakurri nion: “Hizkuntza bat hiltzen denean herri bat hiltzen da”. Ondo esan zuela deritzot. Hizkuntza zeinahi dela ere –berdin zait bretoiera izan, edo Patagoniako bat–, hizkuntza bat hiltzen denean herri bat hiltzen da. Hizkuntzak ematen dio gizakiari nortasuna. Gizakiz osatzen da herri bat. Delako herri horrek hizkuntza galtzen badu, beste herri bat izango da, ez lehengoa.


Eta Euskal Herria?


Nire ustez, Euskal Herriak nahitaezko du euskara. Euskal Herria euskaraz mamituta, bihoztuta, argituta eta osatuta dago. Euskal Herria! Besterik ere bada, ordea, eta askotan esaten nien ikasle nituenei. “Nork bere kontzientziaren arabera jokatu behar du. Zuek, gehienok, espainolistak zarete, baina, ez ezazue gaizki hartu: herri honen independentzia nire esku balego, oraintxe bertan ezarriko nuke”. Nik beste guztiak errespetatuta ere. Ulertzen dut askori min egitea ustez beraiena den zati bat kentzea, Euskal Herria, esate baterako. Bestela pentsatzen dutenak errespetatzen nituen, eta errespetatzen ditut, baina, nire iritziz, Euskal Herria euskararekin batera dator, bestela ez da Euskal Herria, beste herri bat baizik. Ez da euskaldunen herria izango. Nik neure herria maite dut, ez diot inori ezer kendu nahi, gurea geureei ematea baino.


Jaio zinenean Euskal Herria bizi izan zenuen Elgoibarren. Gaur Euskal Herri hori ez dago…


Ez dago. Erdibituta dago. Nik ez dut ukatzen, hala ere, euskaraz ez dakiten batzuek nik baino maitasun handiagoa izatea Euskal Herriari. Euskara desagertuko balitz, “Euskal Herri ohia” izango genuke. Pentsatzen dudana esaten ari naiz. Ez gara gehiago, ez gutxiago. Gure tasun funtsezkoena euskara da. Ondoren datoz maitasuna eta gainerako tasun guztiak.
Nortasun agiria
Roman Garate Goiartzun (Elgoibar, 1925) jesulaguna. Irakaslea. Lanaren antropologia, Nietzscheren inguruan, Etika. Sarrera. Ez-ta-Bai-dan, Etika eta askatasuna… ditu lanetarik batzuk. Unamunoren filosofiak aski gihar ez eta jo zuen Nietzsche aztertzera doktorego lanean. Azterbide horretan iraun du beti, Etika irakasgai harturik. Aspaldi erretiraturik, bateko eta besteko gaixoei bisitak egiten, mezak esaten eta gisako lanetan ematen du eguna, eginkizunetan beti. Bizkaiko Diputazioaren Urrezko Luma jaso zuen 1999an, Gotzon anaiarekin batera.
AZKEN HITZA
Argazkilari
“Loiolan ikasten ari nintzenean, komunitateko fotografo izendatu ninduten. 300 lagun ere izango ginen han. Esan ere egin zidaten, oso erretratu ederrak zirela nireak. Bi kamera nituen. Loiolako garaia bukatu eta esan nion neure buruari: ‘Roman, zer egin behar duk hik bi aparatu hauekin! Horiekin segitzen baduk, diru asko gastatu behar duk, ze erretratuok egin eta zabaldu egingo dituk gero! Utzi zezenak, moztu mototsa!’. Jesuitok, bestalde, pobrezia botoa egiten dugu eta, hortaz, bertan laga nuen fotografia, behin eta betiko”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude