1960ko hamarkadan, Luis Otaño Arzelusek (Errenteria, 1934) bitan irabazi zuen Espainiako Txapelketa, eta Tourrean hamar alditan hartu zuen parte. Argiara ekarri ditugu garai hartako txirrindularitzari buruz Otañok Hernaniko Kronika egunkariari kontatuak.
Txirrindulari langilea zinen, Luis.
Langilea, eta denei laguntzen saiatzen zena. Pelotoiko bat gehiago. Gaur egunean gregario deitzen dieten horietakoa nintzen ni.
Profesionaletako saltoa Peugeot taldearekin egin zenuen.
1959an izan zen, Peugeot etxearekin. Kotxeak, bizikletak eta motoak egiten zituztenekin. Atera ginen Eibar-Gasteiz erlojupekoan, Elgeta, Durango eta Urkiolatik. Ziklistek egiten dituzten erlojupekoak, gaur egunekoak kexatzeko modukoak omen dira, baina garai hartakoak 80 kilometro ingurukoak ziren... Erlojupeko horretan ni atzera xamar atera nintzen, eta nire atzetik irten zen Roger Riviere frantziarrak (Peugeot taldeko liderra) irabazi zuen. Suarezek bigarren egin zuen, eta nik hirugarren. Rivierek ez ninduen harrapatu Gasteizera iritsi arte eta esan zuen: ‘Gazte hori nire taldean nahi dut’. Peugeotekoek niregatik galdetu zuten eta Frantziara eraman ninduten. 1960 eta 1961ean egon nintzen ekipo hartan Europa osoko jendearekin. Holandarrak, alemaniarrak, belgikarrak eta ingelesak zeuden ekipo hartan baina futbolean bezala, urte haietan atzerritar kopurua mugatzea erabaki zuten. Orduan sortu zen Margnat-Paloma taldea, Bahamontes, Campillo eta nirekin. Marseillako taldea zen: Margnat ardoagatik, Paloma bizikletengatik eta Motul olioen publizitatearekin joaten ginen. Bertan geunden estatu espainiarreko hirurei los tres mosqueteros [hiru mosketariak] deitzen ziguten.
Pelotoiko mito askorekin ibili zinen urte horietan: Coppi, Riviere, Anquetil, Poulidour, Van Looy, Stablinski, Gimondi, Merckx... Nolako erlazioa zenuen beraiekin?
Merckxekin gutxitan egon nintzen, nire karrera amaieran baino ez. Lasterketa bakar batzuetan izan zen Belgika aldean. Gaur egunean pelotoiko oilarrak nahiko paretsu dabiltza, baina garai hartan gehiago nabarmentzen ziren. Guk garai haietan ez genuen medikurik ere. Ez bitaminarik ez ezer; guk ere EPOa izan bagenu garai haietan hartuko genuen, e... [ironiaz]. Orduan bakoitza bere etxera joaten zen, bi plater babarrun hartu, eta aurrera egiten genuen. Horrekin ere baloratu behar dira txirrindulari handiak. Anquetil eta Poulidour oso onak ziren eta beraien arteko lehiak izugarriak ziren. Bi haien anekdota bat kontatuko dizut. Anquetil osasunez oso gaizki zegoelarik Poulidour-i esan omen zioten ea ez ote zuen joan behar ospitalera bere arerioari bisita egitera. Azkenean, Jacques Anquetil handia ikustera joan zen ospitalera. Anquetil azkenetan zegoen eta Poulidour, beti Anquetilen itzalean ibili zen txirrindulari frantziarra, bisitan joan zitzaionean zera esan zion: ‘Ni lasterketetan beti zure aurretik ibili naiz eta orain ere hala izango da heriotzaren orduan’. Poulidor gainera pesetero samarra zen. Tourreko etapa batean biok gindoazen Manzaneque eta Bahamontesekin batera, eta Poulidour zen liderra. Dirua eskaini zidan, Anquetilen kontra laguntzeko. Nik ‘zenbat?’ galdetu nion, eta hark ez zidan erantzun. Nik , noski, ez nuen tiratu. 20 kilometroren faltan harrapatu gintuzten eta Poulidour errepideko zulo batean sartu eta erori zen. Erorikoak sortutako haserreagatik eta bizikleta aldatzeagatik bi minutu eta lidergoa galdu zituen helmugan.
Peña Otaño Hernaniko elkarteko sortzaileak nola ezagutu zenituen?
Soldaduskan ibili nintzen beraiekin. Joxe Santana, Lareki eta Patxi Gorospe ziren soldaduskan ezagutu nituenak eta nire omenez jarri zioten izena elkarteari. Hasieran Oarso kalean zuten lokala eta geroago etorri ziren gaur egunekora. Batzuk karreretara etortzen ziren ni animatzera eta asko estimatzen nuen.
Nola egiten zenituzten zuek lasterketak?
Goizeko 5ak eta 8ak artean esnatzen ginen lasterketaren irteera orduaren eta kilometro kopuruaren arabera. Arroz plater bat hartu eta errepidera. Gutxienez 160 km. egiten genituen, eta etapa luzeenak 330 km. izatera iritsi zitezkeen. 240-250 km.-ko etapak normalak ziren. Nik egin nuen azkeneko Tourrean gogoratzen dut 300 km.-tik gorako etapa: goizeko 5etan atera ginen, eguzkia oraindik atera ez zenean. Enarak hortxe zebiltzan kantari izugarrizko garrasiekin. Gaur egunekoarekin alde ederra zegoen. Gu Hamabi-hamalau bat ginen taldean: bi mekaniko, bi masajista eta txirrindulariak. Askotan pentsioetan egin behar izaten genuen lo. Hara iritsi eta ‘4. pisua’ esaten zigun harrerakoak, bizikleta bizkar gainean hartu eta gora. Ziklismoak hobera egin du azkeneko urteetan, gu esklaboak ginen.
Besteentzako lan eginda ere palmares ona bildu duzu, ez?
Beno, ez da horrenbesterako. Orain bizikletan ibiltzen direnek hobea lortu dute, e!
Bourg d’Osains-en garaile izan zinen Tourrean. Etapa hori nola irabazi zenuen?
Tourrean bazeuden Donostiako txirrindularitzako epaile pare bat eta orduan Frantziara karrera ikustera jende asko hurbiltzen zen. Bi epaile horiek esan zidaten: ‘Bihar erasoa jo behar duzu!’. Aurreko egunean erlojupekoa izan genuen eta nik lasai hartu nuen hurrengo egunerako indarrak gordetzeko. Pentsatua nuen zein maldatan edo zein tokitan erasoa jo, eta indar handiz atera nintzen. Nirekin pelotoitik atera ziren zenbait ziklistek oihukatzen zidaten mantsoago joateko, baina niri mantso erlojupekoan tokatzen zitzaidala erantzun nien. Erasoari eutsi zioten bakarrak Julio Jiménez eta Galera espainiarrak izan ziren eta gurpilean eraman nituen goraino. Beherakoari indartsu ekin nion eta hauek ere kexatu egin ziren azkarregi jaisten ari nintzelako. Bideak zulo ugari zeuzkan eta bizikleta dominatzea oso zaila zen. Horren ondorioz, zulo horietako batean sartu ondoren bidetik atera nintzen eta bazterrean zegoen zutabeari heldu nion ez erortzeko. Zutabeari helduta, bi buelta eman nituen bizikletatik erori gabe, eta bidera bueltatzea lortu nuen. Horrelako jaitsiera arriskutsua eginez, Jimenez eta Galera gurpiletik atera nituen, eta horrela iritsi nintzen Bourg d’Osains-eko helmugara lehenengo postuan.
Espainiako itzulian ere ederki aritzen zinen. Hiru etapa irabazi, bost egun maillot horiarekin eta sailkapen orokorrean bigarren egitea lortu zenuen. Gainera etapa horietako bat Donostian irabazi zenuen eta horiz jantzi zinen. Ederra izango zen Atotxako belodromoan garaile sartzea eta Vueltako lidergoa eskuratzea.
Bai, esaten zuten, etapa horretan, Perez Francesek (nire taldekideak) Poulidour gurpilean ekarri zuela helmugaraino; eta gero Madrilen Poulidourrekin galdu nuen Espainiako Vuelta 30 segundorengatik. Etapa hori Iruñetik atera zen eta Elizondora iristean Gómez espainiarrak salto egin zuen pelotoitik eta bere atzetik Momeñe, Barrutia, Uriona, Fulgencio Sánchez, Beltrán, Cazala, Melckenbeeck, Desmet eta ni neu atera ginen. Aritxulegin gora egin nuen eraso eta gero beherakoan ere dena eman nuen. Jaisten ari nintzela oiartzuar bati entzun nion, ‘honek ez dik bizia asko estimatzen...’. Belodromora bakarrik iritsi nintzen eta belodromo barruan buelta ematea bakarrik falta zitzaidanean, lasterketako epailea zen hernaniar batek gaizki seinaleztatu zidan belodromorako sarrera. Alderantzizko zentzuan eman nuen belodromoko buelta eta nire atzetik zetozen txirrindulariak parez pare aurkitu nituen Atotxako belodromoaren barruan. Agian nik ulertu nion gaizki, baina azkenean etapa irabazi nuen.
Orduko kronistek zioten negar malkoak ikusi zitzaizkizula Madrilgo podiumean. Zergatik izan ziren: txapeldunorde izatea lortzeak eman zizun pozarengatik ala bigarren gelditzearen penarengatik?
Nik kirol legez hartu nuen Vuelta hartako emaitza. Kirola da eta besteak irabazi egin zidan. Poulidour ni baino gehiago izan zen eta listo, ez zaizkio buelta gehiago eman behar.
Egia al da Italiara bizikletan joan zinela Munduko Txapelketarako entrenatzeko?
Bai, Munduko Txapelketa Italian egitekoa zen eta entrenatzaileak esan zigun bizikletan joango ginela Bresciaraino. Bera autoan joaten zen gure aurretik eta hotelak hartzen zituen guk lo egiteko. Saint Etiennetik atera ginen, ni bertan bizi nintzelako, eta Alpeak pasa ondoren eta gutxi gorabehera 700 km. bizikleta gainean egin eta gero Como-ko Lakura iritsi ginen hiru egunetan. Saint Etiennetik ere batzuetan Errenteriaraino joaten nintzen. Gauez abiatu eta goizerako etxean izaten nintzen.
Txirrindularitzan aritzen zineneko lagunak mantentzen dituzu?
Bai, asko. Karlos Etxeberria, Anton Barrutia, Vélez, San Miguel, Gandarias… Gehienak bizkaitarrak dira, baina gipuzkoarrak ere baditut: adibidez, Txomin Perurena edo Iragorri. Frantziar eta belgikar batzuekin ere erlazioa mantentzen dut oraindik. Duela gutxi bildu ginen Darrigaderi omenaldia egiteko.
Zer ziren gogorragoak, Frantziako Tourreko mendateak ala Italiako Girokoak?
Tourmalet da sekula igo dudan mendaterik gogorrena. Niretzat bai gutxienez. Mendate luzeetan ez nintzen ondo moldatzen... indarrez igotzen bainituen. Hemen inguruko mendietan ez nuen beste txirrindulariekiko tarte handirik galtzen, baina Tourreko aldapa luze horietan… Gainera, garai haietan ez zeuden gaur bezala asfaltatuta. Errepide erdian mendietako urak jaisteko kanalak egoten ziren eta ur hori oso hotza etortzen zen. Ur horrek hankak moztu egiten zizkizun. Italiako Giroko mendateak ez ditut ezagutzen, ez nuen bertan sekula korritu.
Andrea Velasko dietista eta nutrizionistak elikaduraren bidez menopausiak eragindako aldaketak kudeatzeko zenbait gako eman ditu.
BRN + Auzoko eta Sain mendi + Odei + Monsieur le crepe eta Muxker
Zer: Uzta jaia.
Noiz: maiatzaren 2an.
Non: Bilborock aretoan.
---------------------------------------------------------
Ereindako haziek ura, argia eta denbora behar dute ernaltzeko. Naturak berezko ditu... [+]
Sei urteko etenaldiaren ostean, maiatzaren 18an, Sortzen jaia ospatuko dute Takoneran D ereduko eskola publikoen aldeko jaia. Ikuskizunak, haurrendako jolasak eta Gorka Urbizu edota Borla taldeen kontzertuak izango dira.
Ikusiz zenbat psikologok, medikuk, terapeutak… metodo mirakuluak partekatzen dizkiguten, pentsa daiteke haurren heziketa nazioarteko kezka dela eta denok adituak bilakatu garela.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoko (CHE) lehendakariak egin du iragarpena aste hasieran: Esako urtegia handitzeko lanen laugarren moldaketari aurten ekingo diote eta urtegiaren eskuin magala egonkortzeko 47 milioi euro gastatuko dira.
Gasteizko Udalak esan du enpresa negoziatzera deitzen ari dela. Sindikatuek eskatu diote Gasteizko langileak defendatu ditzala Enviserren jabea den AEBetako inbertsio funtsaren aurrean.
Bilboko, Gasteizko eta Donostiako herri jaietako ordezkariek agerraldi bateratua egin dute maiatzaren 8 honetan, txosnei jarritako zailtasunak salatzeko eta jai eredu herrikoa "desagertzeko arriskuan" dagoela ohartarazteko.
Aurreneko aldiz Euskaraldiaren barruan Hikaldia egingo da. 83 herrik eman dute izena. Iaz hitanoa bultzatzeko sortu zen ZirHika talde eragileak antolatu du ekimena, Tauparekin batera. Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea elkarrizketatu dugu. Bi helburu dituzte estreinaldian:... [+]
Azken asteotan, energia berriztagarriei buruzko eztabaida komunikabideetan zabaldu da. Euskal Herrian, lehenik eta behin, Aritz Otxandianok jasandako erasoaren kasu mediatikoa izan genuen, berak energia berriztagarrien aldeko jarrerari egotzi ziona; handik egun gutxira,... [+]
Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]
"Bake zubiak eraikitzeko laguntza" eskatu dio jendeari balkoitik egin duen lehen agerraldian.
“Proposamen oso eskasa egin du Hezkuntza Sailak, berme eta zehaztapenak txertatu barik”, kontatu dio ARGIAri STEILASeko bozeramaile Haizea Arbidek. Ostegun honetan bilera izan dute sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EAEko irakaskuntza publikoko... [+]
Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.
Sorionekuak mugimenduak larunbaterako mobilizazioa deitu du. Goizean herriz herri Nafarroako zubietan elkartuko dira eta arratsaldean Iruñean manifestazioa abiatuko dute, Kostarapea parketik (Trinitarios-Tren parkea) abiatuta 17:30ean. Ireki ateak euskarari lelopean... [+]