Julen Arexolaleiba: "Hizkuntza politika ez da hautu pertsonal bat"


2010ko martxoaren 28an
Julen Arexolaleiba (Arrasate, 1962) HUHEZIko magisteritza eta psikopedagogian irakasle da. 2007-08 eta 2008-09 ikasturteetan emandako Euskal Kulturgintza graduondoaren koordinatzailea ere bada. Datorren urrian ekingo diote berriz 2010-2011ko graduondoari (www.mondragon.edu/huhezi/ekt). Soziolinguistikaren eremuan mugitzen denak aspaldi ezagutuko du Arexolaleiba, urte luzez ari baita lanean esparru horretan.


Has gaitezen definizio kontuetatik. Zer da euskal kultura?


Guretzat euskal kultura euskaratik eta euskaraz sortzen dena da. Gero gaiarekiko hurbilpenak hor dira, hau da, euskal kulturaren mesedetan beste hizkuntzetatik egin daitezkeen ekarpen guztiak. Edo hitzezkoak ez diren adierazpenetatik euskal kultura horri erreferentzia egiten zaionean. Asko luzatu gintezke honekin, baina adierazgarriena da gaur egun gure burua izendatzeko ere zailtasunak ditugula. Oraintsu arte euskalduna esanda, bertako jendeak berehala ulertzen zuen horrek zer esan nahi zuen, euskaraz jakin eta egiten duena. “Vasco parlante” erabili behar al dugu? Euskaraz ez al dugu terminorik gure burua izendatzeko? Kulturarekin ere beste horrenbeste gertatzen delakoan nago. Zein izen emango diogu euskaratik eta euskaraz sortzen denari?

Nola ematen da transmisio hori?


Hemen eta edozein lekutan, transmisioa etxean, eskolan, gertuko komunitatean… eman izan da. Oso oraintsu arte ahoz egiten zen batez ere transmisio hori eta gaur egun, ahoz ahoko horrez gain birtuala deitzen dugun hori ere badugu, esate batera. Baina garrantzitsua da ohartzea digital hori formatua dela, aurretik datorren zerbaiti, badagoen izateko gogo bati, bide emateko modua dela.

Transmisioak nola ekarri du euskal kultura gaurdaino? Nola gaude?


Izateko gogo batek ekarri du euskal kultura gaurdaino eta transmisio hori batez ere bide ez instituzionaletatik gauzatu da, hau da, eskolarik gabe, administraziorik gabe, edo estatu modernoek beren egiturak birsortzeko dituzten tresna horiek guztiak gabe. Eliza litzateke, izatekotan, transmisio horretan parte hartu duen instituzio bakarretakoa. Izateko gogo hori modu inkonsziente batean transmiti liteke, elebakartasunaren eraginez; baina transmisio hori gauzatu da historian zehar, era berean, euskaldun izateko gogo batek eragindako pertsona eta talde antolatuen bidez.

XX. mendea aintzat hartuta, egile askok bereizten dituzte bi fase euskal kulturan: egungo autonomia estatutuen aurrekoa (botere publikoa aurka) eta ondorengoa (botere publikoa bultzagile, EAEn behintzat).  Ikuspegi historikotik horrek zer eragin izan du transmisioan?


Autonomiarekin ematen den instituzionalizazioa inflexio puntu bat da. Graduondoan aztertu da instituzionalizazioaren aurreko  garaiaren mitifikazioa. Orduan ere, jende gehienaren motibazioa sinbolikoa eta idilikoa izango zen, benetan euskaltzalea baino. Baina 60ko hamarkadaren amaieran eta 70ekoan Ez Dok Amairu sortzea, AEK, korpusaren inguruan egindako ahaleginak… horiek ez ziren ari motibazio sinboliko-idiliko horregatik. Jakitun ari ziren, izateko gogo euskaltzaleari erantzun nahian.

Eta garai haietan biziraupenari erantzun nahian, ezta?


Bai, hori da gakoa, denboran iraunkortzea. Gure artean badakigu euskara ez dela izan zabalkundearen kultura, iraunkortasunarena baizik. Korpusaren inguruan 60-70eko hamarkadan egindakoak itzelak izan ziren, eta berriz ere gehienetan instituzioen babesik gabe. Mitifikatzen dira garai haiek, baina joandako edozein garai ez da per se gaurkoa baino hobea.

Instituzioekin galdera garrantzitsu bat dator: norena da gidaritza? Ezagunak dira Gernikako Estatutuaren ondoren jeltzaleek eta ezker abertzaleak euskal kulturaren garapenaz izandako ikuspegi desberdinak.


Hor bada galdera polit bat: euskalgintzan ibili izan den jende asko zergatik ibili da hor, ezker abertzalekoa zelako edo euskaltzalea zelako? Baina bai, garai hartan eten gatazkatsua sortu zen. Instituzionalizazioari esker, bide ez instituzionaletatik garatu izan den transmisioa beste leku batzuetara ekarri ahal izan da: eskoletara, unibertsitatera, komunikabideetara, administrazioko hainbat zerbitzutara eta abar.


Zein da gizarte zibilaren tokia? Zein botere publikoena?


Elkar elikatu beharko lukete, eta hainbat urtetan horretan baino elkarri lekua jaten eta irainka aritu dira, eta ez hizkuntzaren lehentasunetatik abiatuta, baizik eta norberaren unean uneko sinkronia politikoen lehentasunetatik.


Eta zein gutxieneko adostu behar dira euskal kulturaren garapen indartsurako?


Kulturak aseko baditu hizkuntza komunitate baten premiak, betebeharrak… horretan zientziak esan dezake zerbait edo arlo honetan ez dago zientziarik eta aldian aldiko politikak finkatzen du zer den hizkuntza eta kultura-politika? Hau gako inportantea da ondorengo galderei erantzuteko: Delako eleaniztasunean eta delako kultur artekotasunean euskara 50 urte barru biziko bada, zer da gizarte zibilaren eta unean uneko botere publikoen artean adostu behar dena? Hamar hiztun dituzten ehunka hizkuntza ere badira, baina bizirik daude edo hiltzear? Kulturaren museo ondare ikuspegi batetik, gaelikoa, gaur egun dagoen egoeran, beste ehun urtez ere iraunarazi dezakete Irlandan. Hori opa diogu gure buruari?
Beraz, gauza bat da leku batean botere publikoak zer egin nahi/ahal duen unean uneko, eta beste bat hizkuntzak berak behar duen adostasuna. Eta adostutako gutxieneko gako horiei zer politika dagokie?

Aurreratu al da gutxieneko gako horien identifikazioan?


Hizkuntzen biziraupenerako gutxieneko eredu teoriko hori zehaztuta dago. Norabidean ez okertzeko, Jonek [Sarasua] esaten duena azpimarra liteke: “Nire ustez, elean hiztuna izatea behar bat da. Gero, beharbada, eleaniztuna izatea ere bai”. Hizkuntza politika ez da hautu pertsonal bat, hau da, zuk hainbat hizkuntza dakizula eta nahi duzuna erabili ahal duzula. Hizkuntza politika eraginkorra izango da, baldin eta bermatzen badu euskaldun osoak ez zaizkiola euskarari bukatuko. Kopurutan hiztunak handitzen bazaizkio, baina euskaldun osoak gutxitu, euskararen osasuna ez da hobea izango. Hau da, eleaniztasunaren barruan hurrengo belaunaldiek euskara lehen hizkuntza moduan izan dezaten, zer gutxieneko bete behar ditu etxean, eskolan eta gertuko komunitateetan, den-dena beti gera ez dadin norberaren motibazioaren baitan? Hori zehaztea da politika publikoen sakoneko erantzukizuna.

Nola lotzen da hori gidaritzaren gaiarekin?


Hizkuntza komunitate baten geroaren bermea ezin da utzi lau urtez behin aldatzen diren politikarien bueltan. Euskaratik bertatik bideratu daiteke beste mugimendu bat instituzioak erantzutera animatuko dituena? Ikustea besterik ez dago gobernuetako hizkuntza edo kultura sailek zer lortzen duten euren etxe barruan, gobernuetako beste sailetan, eta emaitzak oso urriak dira. Orduan, euren eremu hurbiletan emaitza urriak lortzen dituztenean, gizarte zibil osoaren gidaritza egin dezaketela pentsatzea, autoirudi gehiegizkoa ere bada. Norabidearen erantzukizuna gizarte zibilarena da eta botere publikoei dagokie hori sustatzea, forma ematea, kudeatzen ari diren ondare unibertsal hori hondoratu ez dadin.

Euskal Herrian, beraz, Kontseiluak edo horren moduko batek egin beharko luke gidaritza hori?


Etxea gobernatu ezin duenak kanpokoa gobernatu nahi izatearen kritika hori gizartera ere eraman dezakegu. Kontseiluak agian lan hori bete nahi du, baina betetzen al du? Eta betetzen ez badu zergatik da? Kontseiluko elkarte bazkideek, adibidez, zer pertzepzio dute gai horrekiko? Bistan da ez duela nahi bestean asmatu. Gizarte mugimenduan ere denok ezagutu ditugu kontrajarri diren ekimenak, adibide gisa herri komunikabideetara begiratu besterik ez dago. Lidergo sinbolikoa agian bai, baina oraindik inork ez du hizkuntza komunitatearen lidergo politikorik irabazi. Egiteke eta egiteko daukagu hori.

Gaztelania, frantsesa, ingelesa, etorri datozen beste kultura txikiago batzuk… eta euskara. Zein da euskarak euskal gizartean behar duen lekua?


Hiritartasunaren edo ciudadanía-ren diskurtsoak hala dio: “Zuek %20 zarete eta zuen herriko udaletxean ez badago inor euskaraz dakienik, zuek badakizue erdaraz eta erdaraz eginda arazoa bukatu da”. Hizkuntza eskubideak euskaldunok izango garen populazioaren ehunekoari lotuak badaude jai dugu. Hemen euren burua espainiartzat dutenek, Estatuaren indarrari esker daukate duten estatusa. Ez badute euskara ikasi nahi, Estatuak babestu ditzake euskara ikas ez dezaten eta kenduko dituzte hizkuntza eskakizunak. Estatuak ematen die babes hori. Gero AEBra doaz, eta Estatuak babesa ingelesari ematen dionean, zer esaten diete Cervantes Institutuak eta Academia de la Lengua Españolak Kaliforniako hispanoei? “Zuek nazio linguistikoa zarete eta eskubidea duzue Estatu horren barruan eskola gehiago izateko, komunikabideak… finean, babestuak izateko”.
Euskal Herrian seguruenik euskarak aurrerantzean ere ez du autopistarik izango, eta gaztelaniak eta frantsesak bai. Kontua da ea euskaldunok zer izango dugun pribatutasunaren eremuan geratu ez gaitezen, jakinik erdaraz badakigula eta edonon erdaraz molda gaitezkeela. Autopistarik izango ez bada ere, bidea izan behar dugu zerbitzu publikoetan zein pribatuetan euskaraz naturaltasunez ibiltzeko.

Euskalduntzea ezin dela identitatearen eta legearen gainean eraiki dio orain erakundeetako diskurtsoak, sinpatia eta erakargarritasunetik egin behar dela lan hori, kontsentsutik. Seguruenik bada arrazoi zatirik diskurtso horretan, baina badirudi hizkuntza eta kulturen arteko gatazka ere ahaztu gura dela. Non da oreka?


Zer dela-ta daude kontraesanean identitatea eta legea moduko kontzeptuak, sinpatiarekin eta erakargarritasunarekin? Esate baterako, EAEn, demaseko gatazka omen zegoen norbaitzuen irudiko, ikasle guztiei euskara ikasarazten omen zaielako. Ikusi berri dugu 2010-11 ikasturteko matrikulazio-aldian halako gatazkarik ez dagoela. Nafarroan, ordea, euskaraz eskolatu nahi dutenei, zergatik ez zaie aukera hori ematen lurralde osoan? Koinzidentzia bakarra EAEn, Nafarroan eta Euskal Herri osoan: gatazkazaleek ez diote euskarari bide handirik zabaldu nahi!
Etxegarateko bidesarian Gipuzkoako Diputazioa ez da ari pentsatzen sinpatiko edo erakargarri ote den. Botereak zerbait nahi duenean, sinpatia eta erakargarritasuna ez zaizkio asko inporta, legez egiten du.
Kontsentsua delakoari, bestalde, boterean dagoenak jartzen dizkio mugak. Sarri askotan, helburua lortzeko bitartekoa baino, kontsentsua bera helburu bihurtzen da. Gu hizkuntzaren lehentasunetan oinarritutako diskurtso batean bagaude, nekez onartuko dugu aterabidea hautu pertsonalean dagoenik, delako kontsentsuok aldarrikatu ohi duten eran.

Goazen adibideetara, eremu praktikoetara: Hegoaldeko eskola publikoetan euskara,  gaztelania eta ingelesaren hizkuntza eredu berria jarri gura da indarrean. Zer ondorio izan dezake horrek euskararengan?


“Kafea guztiontzat” horrek ez du balio. Urrestillako [Azpeitiko auzoa] hiru urteko umeari ingelesa eman ahal zaio eta ez da ezer gertatuko, 16 urterekin hiru hizkuntza horietan gaitasun maila bat izango du. Barakaldon, aldiz, euskararik entzun ez duen hiru urteko umeak bi hizkuntza intentsitate berarekin aldi berean garatu nahi izatea ezinezkoa da. Ez da iritzi bat bakarrik, datuak hor daude. Badakigu A, B eta D ereduek eman dutena. A ereduan inork ez du lortu B2 maila ematea, B ereduan heren batek lortu du eta D ereduan bi herenek. Beraz, bi hizkuntzekin lortu ez dena nola lortuko dute hiru hizkuntzekin? Ingelesaren behar horri euskararen bizkar erantzun nahi zaio.
Non dira minimoak irakaskuntzan, gure haurrek 16 urterekin euskaraz egin dezaten? Gazte horrek zenbat ordu hitz egin behar du euskaraz elebitasun orekatu batera iristeko? Eta etxean egin ez baditu non egingo ditu? Eta etxean eta lagun artean egiten ez baditu, eskolan entzunda bakarrik zer lortuko da? Hor dugu 30 urteko esperientzia. Botere publikoaren erantzukizuna honakoa da: hizkuntz eleaniztasunean, zeintzuk dira gure minimoak euskararen etorkizuna bideratzeko? Funtzio edota lurralde hegemonikorik gabe, nola lortu ahal da hori? Galdera horiei erantzutea dagokie erakundeei, beti ere parametro zientifikoak aintzat hartuta, jakina. Agian, gaur egun gabiltzan parametroetan, erantzunetik urruntxo egon gaitezke, baina gakoa hor dago.

Hizkuntzari lotuta sarri aipatzen da: kantitatean euskaldunok irabazi egin dugu, baina kalitatean behera egin da. Zer ondorio du horrek?


Euskarak bizirik jarraituko badu sormen hizkuntza delako izango da. Itzulpenen bitartez nahi beste handitu dezakegu produkzioa, kuantitatiboki ere hiztunetan aurrera egin dezakegu, eta hori ona izango da. Baina galdera zera da: kuantitatibotasun horretan kualitatibotasunean ere handitzen ari gara ala urtzen ari gara?

Eta urtzen ala handitzen ari gara?


Eskolatik datozen hiztun berri gehienak elebidun pasiboen edo erdal elebidunen multzora datoz. Gakoa non dago? Batetik, ikusi behar da elebakarrik geratzen ez den honetan, euskal elebidunak eta elebidun orekatu samarrak zenbat diren, erlatiboki, elebidunen kopuru horretan. Eta erdal elebidunen multzotik elebidun orekatuaren multzora pasatzearena eskola sasoian bakarrik egin daiteke edo bizitzan zehar ere bai? Hona hemen izan daitezkeen bi joera. Bat, sei urterekin erdal elebidun izatetik 18 urterekin elebidun orekatua izatera pasatzea. Baina zer intentsitate behar da horretarako gertuko harreman-sareetan? Eta beste joera bat izan daiteke gero eta erdal elebidun gehiago izatea, gero eta euskaldun pasibo gehiago, ulertzeko gauza direna baina ez hitz egiteko. Ze norabide nagusituko da? Zer nolako erakarmen-indarra jarraituko dugu izaten? Hori guztia ezin da banakako hiztunaren pentzudan utzi.

Iaz Berria-n egindako elkarrizketa batean hiru plano aipatzen zenituen:  hiztuna, komunitatea eta lurraldea. Nola ikusten duzu plano bakoitza?


Hiztunen planoan egin ditugu aurrerapauso handienak. Garenak kontuan izanda sormen maila handia lortu dugu, proportzioan handiagoak diren beste hizkuntza komunitate askotan baino gehiago. Baina zer oihartzun du horrek plano komunitarioan? Elkarte eta hedabide ugari sortu dira, baina gizarte mailan oraindik ez dugu behar besteko oihartzuna izateko ahalmenik lortu. Eta lurraldea? Nola dugu tokian tokiko bizi-indar etnolinguistikoa? Eremu horretan badira gauza kezkagarriak. Adibide bat, Iruñerriko Euskalerria irratia. Garai batean beharbada bost euro jarriko genuen bakoitzak bere poltsikotik eta sostengua emango geniokeen, besteak beste. Gizartean hedatu den indibidualismo hori agian gure hizkuntza komunitatean ere zabaldu da eta talde eta elkarte bakoitza agian inoiz baino gehiago berean zentratuta bizi da. Haiti urruti geratzen den moduan, agian Iparraldea ere oso urruti geratzen ari zaigu, berriro ere.
Hiru eremuotan bada, bai!, zer hobetua. Halaxe bizi izan gara, baina, euskaldunok beti: unean unean daukagunetik sortzen eta berriro sortzen. Euskararen hil kanpaiak askotan jo izan dira mendeetan zehar, baina hemen gara gu. Aurrerantzean, ordea, beste nazio linguistiko askok ere erantzun egin beharko diete guretzat jada endemikoak diren desafioei.

Azkenak
Klimaren errekorrak birrindu dira 2023an

Munduko Meteorologia Erakundearen (MME) 2023ko txostenak erakusten du beste behin ere markak hautsi direla klimaren adierazle diren hainbat alorretan: berotegi-efektuko gasak, lurrazaleko tenperatura, ozeanoen berotzea eta azidotzea, itsasoaren mailaren igoera, Antartikako itsas... [+]


Eneko Etxeberria: “Ez nioke nire semeari Jose Miguelen bilaketaren zama utzi nahi”

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua aurkitu gabe bukatu da Frantziako Landetan egindako bigarren indusketa. 44 urte dira militantea desagertu zenetik eta bere familiaren belaunaldi batetik bestera pasa da bere bilaketaren zama. Azken indusketa honek ez du, berriki hildako... [+]


2024-05-06 | Gedar
Asteartean hustu nahi dituzte Otxantegi Herri Lurrak

 

Hirugarren aldiz, Berangon birjabetutako lurrak husteko data berri bat ezarri dute. 08:00etan bertaratzera deitu dute Otxantegi Herri Lurretako kideek.

 


"Elkarren berririk izan gabe lelo berdina hautatu dugu, 'Palestinako umeak gureak ere badira': esanguratsua da"

Gasteizko hezkuntza komunitateko hainbat zentrok eta eragilek ekimena antolatu dute maiatzaren 10erako, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Urriaz geroztik zenbait eskola ekimenak antolatzen hasi ziren Paletinarekin elkartasunez, nork berea;... [+]


Eguneraketa berriak daude