CSI Egipto: Kleopatraren hilobiaren bila

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2009ko ekainaren 07a
Elizabeth Taylor, Kleopatraren paperean
Elizabeth Taylor, Kleopatraren paperean
Egipto, K.a. 30.eko abuztua. Kleopatra VII.ak, antzinako Egiptoko azken erreginak, bere buruaz beste egin zuen. Iras eta Charmion neskameei frutaz betetako saski bat eramateko eta bertan aspis bat sartzeko eskatu omen zien. Eta aspisak helduta hil zen. Egiptoarren porrotaren ondorioz, antzinako zibilizazio handia Erromako probintzia soil bihurtu zen eta Oktaviok erregina Erromako kaleetan erakutsi nahi zuen garaipena ospatzeko. Umiliazioa jasan baino lehen hiltzea aukeratu omen zuen Kleopatrak. Oktavioren hainbat soldadu gertaeraren lekuko izan ziren eta sugeak ezkerreko besoan kosk egin ziola esan zuten.

Horixe izan zen bertsio ofiziala. Baina The Sunday Times Magazine aldizkariko 2004ko artikulu baten arabera, ustez lekuko izan ziren soldadu horiek Kleopatra hil egin zuten. Hortaz, suizidioaren bertsioa Oktavioren jokabide okerra estaltzeko maniobra baino ez zen izan, beti ere aldizkariaren arabera.

Zalantza horiek argitzeko grinagatik edota, besterik gabe, pertsonaia historiko ezagunenetariko batek pizten duen jakin-minagatik, Kleopatraren hilobia, 2.000 urtetan aurkitu ez dena, egiptologoen jomuga preziatuenetarikoa da. Azken hamarkadan, teknologia berriei esker, egiptologian aurrerapen handiak egin dira eta, besteak beste, Kleopatraren hilobia aurkitzeko zorian daudela adierazi du Zahi Hawass adituak.

Niloko azken erreginaren arrastoak Borg el-Arab inguruan (antzina Taposiris Magna) leudeke, Alexandriatik 50 bat kilometrora. Eremua radar bidez arakatzen ari dira eta, oraingoz, Kleopatraren busto bat, haren aurpegia duten hainbat txanpon eta hainbat ganberako tunel bat topatu dituzte.

Oktaviok erreginaren nahia bete bazuen, Kleopatra Marko Antoniorekin batera ehortzi zuten. Horrenbestez, aurki, historiako maitale bikote ospetsuenaren misterioak argitu litezke.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Egiptologia

Egiptologia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude