«Ni torturatu ninduena Billy el Niño izan zen»

  • Ama-alabek hartu gaituzte etxean. Zergatik dute distira berbera begietan?
Begoña Lete
Dani Blanco

Hiru urterekin harrapatu zintuen Gerra Zibilak. Zer ikusten zuten haur begi haiek?


Etxean aita, ama eta bost ahizpa ginen. Aita Astigarragakoa zen, eta ama Oreretakoa. Ni txikia nintzen, baina badakit denak nazionalistak zirela: gure aitak-eta sortu zuten Batzokia, eta ahizpek festak antolatzen zituzten bertan. Santa Klara kalean bizi ginen, aitaren izena zeraman Kandido tabernaren gainean. Gerra garaian, nire ahizpak oso nazionalistak ziren, nabarmenenak, eta herriko karlistek ezin zituzten begien aurrean ikusi. Gurasoek kontatuta dakit, Santa Klarako mutil bat, Patxiku, fusilatzera zeramatenean gure ahizpa nagusiak pertsianak ireki –itxita izaten baikenituen– eta Gora Euskadi askatuta! oihu egin zuela. Aitari abisua eman zioten: Kandido, hartu zure emaztea eta alabak eta alde hemendik, zure alabei ilea moztu nahi diete, eta Orereta osoan zehar ibiltzera behartuko dituzte buru soilarekin. Amak baserrira eraman nahi izan gintuen, baina esan zioten baserrian ere ez ginela seguru egongo.

Nora egin zenuten ihes?


San Juanen Galerna barkua hartu genuen, bakailao-ontzi bat, eta Santanderra joan ginen. Gerora jakin genuen barku hura hondoratu egin zutela. Santanderren ez genuen seniderik, baina Bilbon bai, aitaren arreba han bizi zen. Osabak erreklamazioa egin zuen gu Bilbora ekartzeko, eta hara joan ginen. Etxe bat eman ziguten, ihes egindako norbaitena, Sendeja kalean: Caramona etxea zuen izena. Urte batzuk igaro genituen han. Oreretako mutilak, lekuonatarrak, gure ahizpen mutil-lagunak... etortzen ziren gu bizi ginen etxe hartara, baimena zuten bakoitzean. Gure amak arropak garbitzen zizkien eta ahal zuen guztian laguntzen zien. Ahizpak joan ohi ziren errazionamenduko janarien bila: buztinezko pitxar bat ematen zien amak, eta han ekarri ohi zuten arroza edo dena delakoa. Etxe hartatik beste batera joan behar izan genuen. Apaiz baten etxea zen, apaiza ere nazionalista zen, osabaren laguna, eta hark utzi zigun.


Gogoan duzu frankistek Bilbo hartu zuten eguna?


Bai, bandera espainolekin eta tanketekin sartu ziren, eta haurroi kalera jaisteko esan ziguten, jaten emango zigutela-eta. Amak oihu egin zigun ezta pentsatu ere!. Nahiago zuen gosez hil. Beste urte txar bat izan zen, haur guztiak handik kanpo bidali nahi gintuztena: Ingalaterrara-eta. Orduan Santanderra alde egin genuen berriro. Lehengusu batzuk Belgikara joan ziren, beste batzuk Errusiara... Nire ahizpa nagusiak barku batera igoarazi zituzten, eta gu, txikienak, beste batera. Banandu egin nahi gintuzten. Orduan amak esan zuen: Agian denok batera hilko gara, baina nik ez ditut alabak utziko. Barkura igo, ahizpa nagusiak jaso, gure barkura igo, gu hartu, eta denok lurrera jaitsi ginen. Eta berriro Bilbora buelta. Bilbon gelditu ginen Oreretatik itzultzeko abisua eman ziguten arte. Izan ere, Oreretako Santa Klara kaleko etxejabea karlista zen, baina oso gizon ona: Jose Luis Carrera, alkate izana. Gure aita gerra garaian hil zen, ihes egin genuenetik ez genuen gehiago elkar ikusi. Dei bat jaso genuen aita hil egin zela esanez. Hura hil zenean etxera sartu zitzaizkigun lapurtzera, ez dut esango nortzuk, gauza serioa baita hori, baina ahal zutena harrapatzera sartu ziren etxera. Carrerari abisu eman zioten eta hark, haserretuta, esan zuen: Ezta pentsatu ere! Neuk gordeko ditut giltzak Kandidoren emaztea itzultzen den arte. Itzuli ginenean etxeko eta tabernako giltzak eman zizkioten amari, baita aitak utzitako sos batzuk ere. Hasieran Gorriak! esaten ziguten, itzuli zarete? Ez luzerako! eta txistua ere bota zieten ahizpei, baina gero gauzak baretu egin ziren herrian.

Hiru urteko haurra koxkortuko zen...


Bai, eta ama ere hil zitzaigun. Gero Meliton Manzanasena gertatu zen. Garai hartan propagandarekin ibiltzen ginen gu. Eta bazen neska bat Oreretan denda txiki bat zuena, kontakatilu hutsa. Hark fitxatuta gintuen, eta salatu egin gintuen. Meliton hil zutenean gure ahizpa nagusiaren bila etorri ziren, beste batzuen artean. Asko eraman zituzten. Klandestinitatean ibiltzen ginen, eta gertutik zelatatzen gintuzten. Nire ahizpek asko borrokatu zuten hemen, gauza asko eraman zituzten beste aldera... Asko mugitu beharra zegoen, eta gure etxean beti mugitu izan gara, bizitza osoan. Ahizpa-eta eraman zituztenean, egun dezentez egon ziren Donostiako komisarian grisekin. Gure ilobari tinpanoa hautsi zioten. Torturatu egin zituzten. Ilobari propaganda nori eramaten zion galdetu ziotenean, izebari ematen ziola erantzun zuen, niri. Ni ere komisariara eraman ninduten orduan, eta propagandarekin zer egiten nuen galdetu zidatenean sutara botatzen nuela erantzun nien, eta orduko hartan niri ez zidaten ezer egin.

Orduko hartan ez, baina 1982an hamar egun igaro zenituzten inkomunikatuta alabak eta biek.


Halako batean egokitu behar zitzaigun. Gu ere atzera-aurrera ibiltzen ginen gauzak eramaten eta ekartzen, eta Idoia ere propagandarekin ibiltzen zen. Oso fitxatuta geunden. Biok batera atxilotu gintuzten 82an, lege antiterroristarekin. Denetik egin ziguten: bainera, poltsa... Oraindik ere norbaiti poltsa egin diotela entzuten dudan bakoitzean dardarka hasten naiz, infernua da poltsa. Eva Forest idazlea ere etorri zen behin horri buruz galdetzera.

Hamar egunez torturatu zintuzteten?


Bai. Izugarrizko egurra eman ziguten. Nik orduan ez nuen ia bularrik, baina bularretatik lotu nahi izan ninduten; kirofanoa ere egin zidaten... Bi ur balde jarri zizkidaten: batean eta gero bestean sartzen ninduten, beraiek nahi adina denbora. Gero buzo bat jarri zidaten; bainera batean mundu guztiaren txizak eta kakak irentsi nituen; karate estiloan jo ninduten gorputz osoan... Eta poltsak... Zuk ez dakizu zer den hori! Poltsena ikaragarria da. Nik ordutik ez dut ondo entzuten. Eta nire alaba gajoari egin zioten guztia... Gaixoa. Alaba atxilotu izan ez balute askoz errazagoa izango zen dena, baina biontzat karga psikologiko handia zen besteari zer egingo ote zioten pentsatzea: niri egin zizkidatenak egin bazizkidaten, alabari zer egingo ote zioten? Gauez ahots asko entzuten dira, eta izenak entzuten dituzu. Une batean, Idoia goitik jaitsi zutenean, aurpegi guztia puztuta zuela ikusi nuen. Pomada bat zuen aurpegi guztian emanda, eta besoa zintzilik. Ni erotu egin nintzen, oihuka hasi nintzen zer egin diozue nire alabari?! garrasika. Polizia batek esan zidan lasai egoteko, alabak ez zuela besoa hautsita. Orduan beste ziega batera eraman zuten Idoia, baina haren izena entzuten nuen bakoitzean, Idoia Etxeberria entzuten nuen bakoitzean, oso gaizki pasatzen nuen. Gero, berriro igo ninduten galdeketa gelara eta koadro bat jarri zidaten aurrean, argazki pila batekin. Ezagutzen nituen, Iparraldera egiten nituen joan-etorriengatik, eta bat seinalatu eta esan zidaten: Zu honen korreoa zara. Nik ukatu egin nuen, eta orduan ea zergatik ezagutzen nituen galdetu zidaten. Eta nik egia esan nien: batzuk auzokoak zirelako ezagutzen nituela, eta beste batzuk patatak eramaten nizkielako nituela ezagun. Letxugak-eta eramaten nizkiela Iparraldera. La patatera ezizena jarri zidaten. Gero berriro jipoia, eta berriro zeldara. Behera jaistean txiza egin behar nuela esaten zidaten, baina nik ez nuen nahi, bai bainekien polizien aurrean egin beharko nuela, eskuak atzean lotuta eta burua makurtuta. Nire atzetik Idoia eraman zuten gora, eta ni larri, izugarrizko ezinegonarekin, denbora asko zeramalako itaunketa gelan. Ile luzea zuen, eta ilea pertxa batean korapilatuta jaisten zutela ikusi nuen. Eta berriro oihuka hasi nintzen, baina isiltzeko agintzen zidaten, edo berriro jipoituko nindutela. Baina nik alaba hil egin behar zidatela sinisten nuen! Ikaragarria izan zen: lurrean etzanda nengoen, jantzi zuri batekin. Edurne Zuri deitzen zidaten, trufaz. Tira, Edurne Zuri! Gora!, eta batek esaten zidan ez dakizu nolako gogoa dudan zuri zizta egiteko, metraileta saihetsean jarrita. Eta nik ba, hil nazazu behingoan! Hil nazazu eta utzi bakean! Ni torturatu ninduena Billy el Niño izan zen, hala deitzen zioten. Esaten zidan alaba oso gaizki zegoela, eta ama hil izana sinatuaraziko ziotela. Horrela torturatzen zaituztenean edozer sinatzen duzu, baita zure ama hil duzula ere. Ez daukazu beste irtenbiderik, galdeketak jasanezinak dira.


Eta hamar egun horiek eta gero, zer?


Audientzia Nazionaletik pasa ginen eta kargurik gabe utzi gintuzten libre.

Beste behin, manifestazio batean tiro bat jaso zenuen izterrean. Nola gertatu zen?


Aberri Egun batean. Ikurrina debekatuta zegoen, eta bilera batean galdetu ziguten ea nor ausartuko zen Londres hotelean ikurrina jartzera: lauk altxa genuen eskua, bi mutilek eta bi neskak. Joan ginen, inuzente-inuzente, baina ez genekien barruan zeudenak txakurrak zirenik. Kalez jantzita zeuden. Ikurrina jartzera joan ginenean pistola atera ziguten. Mutilak haiekin eztabaidan hasi ziren baina guk alde egin genuen. Bioi eman ziguten tiro: Londres hoteleko kantoian niri, eta pixka bat harantzago, besteari. Erremin moduko bat sumatu nuen izterrean, eta eskua pasa nuenean odoletan nengoela ikusi nuen. Gizon bat gerturatu zen nigana eta zer gertatzen zitzaidan galdetu zidan. Ez nekiela esan nion, harri batekin-edo jo nindutela. Baina soinekoa altxa nuenean tiro bat zela ikusi nuen. Pistola berezi batzuk ziren, haragia zartatzen dutenak. Sarrera garbi-garbia izaten du balak, baina barruan lehertu egiten du haragia. Nik zortea izan nuen, balak ez baitzidan hezurrik ukitu, beste neskari bai. Hura ospitalera eraman zuten, eta ni ere hala eraman nahi ninduten, baina nik ez nuen joan nahi.


Zergatik?


Denok uste genuen ospitalera joanez gero segituan emango zutela gure helbidea, identifikazioa eta guztia. Orduan, gizon hark suhiltzaileengana eraman ninduen, sendaketa egitera, baina suhiltzaileek ere segituan eman zuten partea, eta etxera joan nintzenerako polizia bertan zen. Baina ni ez nintzen nire etxera joan, ilobaren etxera baizik; izterra ikusita beldurtu egin zen hura, eta anbulatoriora joan ginen. Anestesiarik ez zuten, baina ahal zuten bezala sendatzeko eskatu nien. Dena den, ohartarazi zidaten ez nintzela poliziaz libratuko, etxera joango zitzaizkidala, arma zuriz eginiko zauria zelako. Etxera joan nintzenerako bi polizia zeuden bertan, eta senarra izututa, gizajo bat da-eta. Ezagutu egin nituen bi poliziak, Oreretakoak ziren: Pili eta Mili deitzen genien, antzinako Oreretako sekretak. Bata altua eta goapoa zen, eta bestea txiki-txikia, ondo ezagutzen genituen. Galdera batzuk egin, eta ospitalera joan behar nuela esan zidaten, militarrek deituko zidatela gero, kasua haiei pasa zietelako. Loiolatik deitu zidaten militarrek, eta teniente batek edo kapitain batek galderak egin zizkidan: zenbat metrotik egin zidaten tiroa, nola ikusi nituen, ea poliziak ezagutuko nituzkeen... Tiroa jaso nuenean ni non nengoen galdetu zidan, eta nik hondartzan nengoela erantzun nion. Hondartzatik irtetean, Topoa hartzera nindoala jaso nuela tiroa.

Hau guztia bizi ostean, badiozu beldurrik poliziari?


Ezta pentsatu ere! Manifestazio guztietara joaten naiz ni, ez diet beldurrik. Orain zahartuta nago, hanka ez daukat ondo, eta bultza eginez gero ba, ez daukat orekarik, baina nik askotan egin diet aurre, kolore guztietako poliziei. Orain dagoen beldurrik ez geneukan guk. Beste garai batzuk ziren, eta errazagoa ere bazen gauza batzuk egitea. Gazteak atxilotzen zituztenean, adibidez, jeepetara igo eta guk ateratzen genituen bertatik. Orain ez da halakorik gertatzen, ez dute uzten. Udaletxean bilerak egiten ari ginela grisak sartuz gero aulkiak botatzen genizkien guk. Orain asko baretu dira gauzak.


Zertan aldatu da abertzaletasunaren aldeko borroka?


Orain beldur handia dago, abertzale batzuei beldurra ematen die etxeko balkoian Euskal Presoak Euskal Herrira dioen banderola jartzeak ere. Mesedez! Zertara iritsi gara! Baina beldurra barruraino sartu digute. Hori lortu egin dute. Batzuei Herriko Tabernara joateak ere izua ematen die. Lehen askatasun handiagoarekin hitz egiten genuen, asko hitz egiten genuen politikaz, beti. Orain hori ere galdu egin da. Orduan abertzale guztiak bat eginda geunden. Orain zatituta gaude.

Urteak joan dira, belaunaldi berriak sortu... Suhia eta biloba preso dauzkazu gaur egun. Zer sentitzen du amaginarrebak? Eta amonak?


Harrotasuna! Kotxez joaten gara bisitan ahal dugun guztietan, eta oso pozik. Bisitetarako gehienez hamar laguneko zerrenda osatzen uzten diete, eta hori oso gogorra da. Baina eskerrak amona joan daitekeen! Ni ikaragarri harro nago biekin. Biloba, Hodeiertz, ondo dago, burua bere lekuan jarrita, eta nire suhiak urrea balio du, 23 urte daramatza barruan, eta ikaragarri maite dut. Jende askori ezin diot halakorik esan, erotuta nagoela pentsatzen dutelako, baina ni benetan nago harro. Hodeiertz ikaragarri heldua iruditzen zait, bere aita bezalakoa da. Eta hamar urte pasa behar baditu... Aitak gehiago daramatza barruan! Agian aita semea baino lehenago etorriko da, ez dakigu. Ni oso pozik nago. Niretzat daukadan handiena dira. Batzuk triste daude, baina ni ez, nik animatu egiten ditut, animoak ematen dizkiet bisitetan, poztasuna kutsatzen saiatzen naiz. Han badaude badakigu zergatik dauden: Euskal Herri osoaren askatasunagatik.

Baduzu federik politikan?


Ez, ez dut federik. Lehen banuen, baina galdu egin dut. Gustatzen ez zaizkidan gauza asko ikusten ditut, eta asko haserretzen naiz. Orain daramagun politika ez da egokia, gauzak kaletik hasi behar dira, kaleko mugimendua galdu egin da, eta ez da bueltatuko, Europan gaude. Seme-alabak eta bilobak kartzelara doaz, baina zer mugimendu egiten dugu guk? Ilusioa galdu dut gauza askotan, eta ez diot oraingo gazteengatik, e! Lehen pisu handia zuen jendeaz ari naiz, orain erregeen pare bizi direnez. Jada ez dira oroitzen “letxugak” eramaten genizkien garaiaz. Inoiz baino preso gehiago dauzkagu, eta zer egiten dugu?


Hedabideetan gaur egun Euskal Herrian eta Espainian ez dela torturatzen entzuten duzunean, zer sentitzen duzu?


Telebista apurtuko nuke. Lotsagabe hutsak dira. Askotan telebistara deitzeko gogoa ematen dit, baina alabak esaten dit ez didatela kasurik egingo. Tortura bizi izan dugunok oso ondo dakigu zer den. Nik alaba ikusi nuenean aurpegi guztia puztuta... Munstroa zirudien. Badakizu zer den ama batentzat bere alaba horrela ikustea? Gainera nahita pasatzen dizute muturren aurretik. Hori ez da ahazten. Horrekin bizitzen ikasten duzu, baina amorrua barruan geratzen da.
Nortasun agiria
1933an jaio zen Errenterian, abenduaren 14an. Familia abertzalean alaba, ahizpa, ama, amona eta amaginarreba. Gerrako umea eta gerra osteko emakumea. 1982an alabarekin batera atxilotu zuten eta hamar egunez izan zituzten inkomunikatuta. Torturatuak izan ziren. Beste behin, tiro eman zioten Donostian, manifestazio batean. Jokin Urain “Kixkur”-en amaginarreba da, eta biloba ere preso du Valdemoroko kartzelan. Martxoaren 7an omenaldia egin zioten Errenteriako emakumeen barrikotean.
Umorea
“Edozein borroka klasetan umorea behar da, eta niri saltsa gustatzen zait. Orain aspertu samartuta nago, hankako minez ezin baitut nahi beste mugitu. Baina, bestela, zoriontsu naiz! Harro nago bizitzan egindako gauza guztiekin. Poza gustatzen zait. 76 urte ditut, baina ez naiz nire adineko beste askoren modukoa: parrandazalea naiz, afarietara joatea gustatzen zait... Ikaragarri ondo pasatzen dut herriko emakume gazteekin, ekintza guztietarako deitzen didate. Lagunei esaten diet atzerakoiak direla, nire adinekoekin baino antzekotasun handiagoak ditut gazteekin”.

ASTEKARIA
2009ko apirilaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude