Kontsumo merkea garesti ordaintzen da

  • Bazar txinatar handi baten modukoa da gaur egungo kontsumoa: euro gutxiren truke, Londresera bidaia dugu RyanAir hegazkin konpainiarekin, etxerako telebista erraldoia Media Markt-en, eta egongela apaintzeko mahaia Ikean. Kontsumo atsegina eta merkea, bai, baina beharginen, lan esplotazioaren eta zalantzazko jokabideen kontura.
Dani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Ongi etorri low cost-aren supermerkatu erraldoira! Krisiak krisi, prezio baxuak mantentzen dituzten enpresek gora egin dute salmentetan. Frantziako Carrefour-ek 1970eko hamarkadan marka zuriekin hasitako bidea eta duela bospasei urtetik hegazkin konpainiek modan ipinitako fenomenoa arlo guztietara hedatu da dagoeneko: elikaduran lehia gogorra dute Lidl, Dia edo Mercadona bezalakoek; telefonian Yoigo-k ekarri zituen prezio baxuak; Tata Motors auto konpainia indiarrak aurkeztu berri duen kotxea (2.000 euro baino gutxiago) eredutzat hartu dute Europako hainbat konpainiek; Belgikan koste gutxiko hamar gasolindegi irekiko dituzte aurten, langilerik behar ez dutenak; eta low cost bankuak, hotelak, bidai agentziak, jatetxeak, aseguruak… merkatua bereganatzen ari dira pixkana.
 
Baina prezio merkeak mantentzeak badu bere trikimailua: low cost enpresak low cost baldintzak eskaintzen dizkie langileei, salneurri horietan etekina atera ahal izateko beharginak baitira zukutuenak. Maiz, halaber, herrialde txiroetan dituzten enpresa-hornitzaileetako lan esplotazioa dago halako pagotxaren oinarrian. Eta hainbatetan zipriztindu dituzten eskandaluak aintzat hartuta –aurrerago zehaztuko ditugunak–, legearen muga lausoekin ere jokatzen dute.
 
Eskuzabalik onartzen ditugun negozio hauek gizarte eredu pobrea ari dira zabaltzen, eta zenbat eta eremu handiagoa hartu, orduan eta arrisku handiagoa izango dugu gu geu baldintza horien menpe erortzeko, lehia basatiaren oihanean. Euskal Herrian badugu adibiderik:
 
MegaPark, erosle konpultsiboaren paradisu

440.000 metro koadro, horietatik 137.000 saltokiak, eta 17 milioi bisitari inguru urtean. Barakaldoko MegaPark 2004an inauguratu zuten, Bilbo hirigunetik 10 minutura dago eta multinazionalen kokaleku desiratua da: bertan aurkituko dituzu Ikea, Leroy Merlin, Dechatlon, Bermudez, El Corte Inglés, Media Markt edota Saturn, beste askoren artean. Alberto Alonso LAB sindikatuko kidearen arabera, MegaPark prekarietatearen sinonimo da. Bilbo ezkerraldeko enpresez arduratzen da Alonso, eta gertutik ezagutzen du merkataritza-guneko low costen egoera: aldi baterako kontratuak, soldata baxuak eta lanaldi partzialak nagusitzen dira, 16-20 ordu astean, “eta 16 ordurako norbait kontratatzen dutenean nahi dute 30 ordukoak adina ekoiztu dezan”. Oinarrian, hitzarmen prekarioak daudela azaldu du Alonsok; erostetxe handientzako Espainiako Estatuko hitzarmena dute gehienek: “Bizkaiko edozein hitzarmen probintzialek izan ditzakeenak baino baldintza kaskarragoak ditu Estatukoak eta horren baitan daude, esaterako, Carrefour, Saturn, Ikea edota Media Markt”. Leroy Merlinek ere Estatu mailako hitzarmena du, baina lehen propioa zuen, are okerragoa. Dia supermerkatuak ere berea du, Espainiakoa baino hutsalagoa. LABeko ordezkariak dioenez, ia-ia patronalak nahi duen bezala sinaturiko hitzarmena da Estatu mailakoa, eta Euskal Herrirakoa sina dadin borrokan ari dira orain, langileek eskubide eta babes handiagoak izan ditzaten.
 
Zertan islatzen da hitzarmen prekarioa? Batetik, diru gutxi irabazten dute. Ikeako datuak eman dizkigu Alonsok, LABek ordezkaritza baitu bertan: 2008an, jardunaldi osoz lan eginda, oinarrizko soldata gordina 819 eurokoa izan zen hastapeneko kontratua zutenentzat –gutxienez lehenengo bi urteak– eta 846,71 euro gordin bi urte baino gehiago zeramatzatenentzat. Gainera, ordutegiak egun batetik bestera aldatzen dizkiete, ordu estra asko sartzeko prest egon behar dute eta, hainbat langilek salatu duenez, norgehiagoka etengabea jasan behar dute nagusiekin. “Eguneroko arazoak dira; kasik buruzagi gehiago dago langileak baino eta haien filosofia da beti irabazten atera behar dutela. Bat-batean esaten dizute ‘bihar ez zatoz goizez, arratsaldez baizik’. Edo esaten diozu ordu estra asko sartu dituzunez larunbatean jai hartu nahi duzula eta nagusiak ezetz, asteartean jai hartzeko. Eta zuk: ‘Bada hurrengo larunbatean ezin bada, bi barru’. ‘Ezetz, asteartean, eta ez dago bueltarik’. Ez dira kasu ikusgarriak, baina txiki askok erre egiten dute langilea, etengabeko markaketa sufritzen dute, beti gainean. Gazteak kontratatu ohi dituzte eta jendeak dituen beharrez aprobetxatzen dira, baldintzak gogortzeko”, dio Alonsok.
 
Kontua da prezio merkeak eskaintzeaz gain, irudi guaya eman ohi dutela enpresa hauek: familia guztiari zuzendutako negozioak dira eta arduratsu jokatzen omen dute inguruarekin eta kontsumitzailearekin. Publizitatea ondo erabiltzen dakite: “Ni ez naiz tontoa” moduko mezuak, adibidez, aukera ona galdu nahi ez duen herritarrarengana iristen dira. Kontran, enpresa hauetako jokamoldeekin loturik eskandalu larriak azaleratu dira behin baino gehiagotan:
 
Ikearen etika egurtua

Ez du curriculum makala multinazional suediarrak. Iaz hartu zuen azken kolpea: ZDF telebista kate publiko alemaniarrak argitara eman zuen langileak espiatzeko bideo-zaintza sistema instalatu zutela euren dendetan, enpresa-batzordeari jakinarazi gabe. Horrez gain, langileei fisikoki ahalegin handiegia eskatzea, ordutegi aldaketa eta luzapen neurrigabeak exijitzea eta bigarren lanpostu bat bila ez zezaten lanaldi partzialeko kontratudunei gizarte segurantza kentzea ere leporatu zieten, besteak beste. Telebista alemaniarra izan zen baita ere Ikeako trapu zaharrak agerian utzi zituen lehena: 1994tik 1998ra bitartean, Pakistan, India, Vietnam, Errumania eta Filipinetako Ikearen enpresa hornitzaileetako lan esplotazioak hedabideen arreta bereganatu zuen. Horren haritik, jendea ez esplotatzeko gida den Iway jokabide-kodea idatzi zuen multinazionalak, nahiz eta besteak beste, onartzen duen 12 urteko haurrek lan egitea, baldin eta euren herrialdeetan legala bada.
 
Iway marketin hutsa zela frogatu zen, dena den, duela bi urte, Herbeheretako FNV sindikatuaren aginduz egindako eta Le Monde Diplomatique hilabetekariak argitaraturiko ikerketan. India, Bulgaria eta Vietnameko fabriken egoeraz mintzo da ikerlana: gutxienekoaren azpiko soldatak, 12 eta 15 ordu bitarteko lanaldiak asteko zazpi egunetan, haurren erabilera, mehatxuak eta sindikatuak antolatzeko trabak. Altzarietarako egurra Errusia eta Txinako basoetan kontrolik gabe lortua dela ere salatu zuen ikerketak. 400 milioi bezero baino gehiago ditu gure etxeetako errepublika independentea dekoratu nahi duen negozioak, eta Ingvar Kanprad fundatzaileak hala esan zuen bere biografian: “Salneurri baxu hauek beti daude justifikatuta, eta horrek exijentzia itzelak inposatzen dizkie gure kolaboratzaileei. Gure gastuak zorrotz mugatu ezean, inoiz ezingo dugu gure misioa bete”.
 
Media Markt, kexen errege

Langileak behar bezala ez prestatzea, ordu estrak egitera behartzea, ez dagozkien lanak eskatzea eta soldata baxuak irabaztea dira sindikatuek eta langileek teknologiaren low cost-ari egiten dizkioten kritika nagusiak. Kexa asko, hala ere, kontsumitzaileen ahotik datoz –Interneteko foroetan Media Markt hitza sartzea baino ez dago–. Kontsumo-ondasun iraunkorreko low cost dendetan bestelako saltokietan baino kexa gehiago jasotzen direla baieztatu digu Jose Luis Segura Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketako (EKA) prentsa buruak. Arazoa normalean ez dago artikuluaren kalitatean, salmentaz geroko zerbitzuan baizik: bezeroarentzako arretan eta batez ere bermeen legea betetzeko orduan. Produktua gaizki badago konpondu, aldatu edo dirua itzuli egin behar da, baina horretarako eragozpen asko jartzen dituzte. Seguraren esanetan, teorian merkeago saltzeak ez du produktuaren kalitatean edo kontsumitzaileen eskubideetan beherapenik ekarri behar, baina praktikan gertatzen da: “Legearekin jokatzen dutela argi dago. Gaizki edo hondatuta badaude saldutako produktuak, behartuta daude konpontzera, aldatzera, dirua itzultzera… Baina hori guztia atzeratzen saiatzen dira, komunikazio trikimailuak erabiliz, ea bezeroa aspertu eta bakean uzten dituen”.
 
RyanAir, infiltratu bat kabinan

Hegazkina mantentzeak ehun milioi eurotik gora kostatzen badu, hegaldi bakoitzeko milaka litro erregai erabili behar bada eta pilotuen soldatak altuak badira, nola da posible EasyJet, Vueling, ClickAir edo RyanAir konpainiekin 30 eurotan Europako edozein herrialdetara bidaiatu ahal izatea? Zoritxarrez, oso bigarren mailako aireportuak erabiltzea, bidaian mokadurik ez banatzea eta abioia behar bezain garbi ez mantentzea ez dira arrazoi bakarrak. RyanAir-ek jaso dituen kritika anitzen lekuko dugu, esaterako, Channel 4 telebista kate britainiarrak eskainitako erreportaje gordina –ikugai http://ttiki.com/2318 helbidean, Youtuben eta ingelesez–: kazetariak lortu zuen hegazkineko laguntzaile sartzea konpainian, eta bost hilabete eta erdiz kamera ezkutuarekin bildutako materialak ez du leku onean utzi zeruetako burua. Langileei eskainitako prestakuntza praktikoa hutsaren hurrengoa da, ordu pare bat abioian ateak irekitzen ikasteko. Dirua irabazteko, abioiak martxan egon behar du ahalik eta denbora gehien, eta hori ziurtatzeko, lehorrean ez da apenas egoten: 25 minutukoa da hegaldien arteko denbora, kontrolerako eta garbiketarako –ordu pare batekoa beharko luke–. Hala, bidaiarien pasaporte egiaztatzea azkarregi egiten da, eta askotan hegazkina ez da guztiz prest uzten: salbamendu-txalekoak ez dira gainbegiratzen –“Billeteagatik penny bat ordaintzen duzunean, ez espero txalekoa izango duzunik, kar, kar, kar”, dio laguntzaileetako batek erreportajean–; inork ikusi ez zuen pakete susmagarria utzi zuen kazetariak eta egun oso batez egon zen utzitako lekuan; eta are okerrago, larrialdi arrapaletako bat ez zebilela konturatu ziren batean, langileek ez zuten jakin zer egin eta azkenean bere horretan utzita aireratu ziren.
 
Ahalik eta langile gutxien kontratatzen dituzte, 10 orduko jardunaldietarako, bospasei egun astean, eta airean dauden orduengatik baino ez dute kobratzen –eta gutxi–. Kamera ezkutuarekin hartutako irudietan, hegazkineko laguntzaileak –tartean burua– lo ikus daitezke lanordutan, nekearen nekez, eta baita ere atzerapen luzearen ostean pilotua gogoz kontra aireratzen, gauerdiz eta jota, baina bestela bota egingo duten beldurrez. Kazetariak egiten dion itaunari erantzunez, kopilotuak kontatuko dio hilean 99,9 ordu egiten dituela airean –legez, muga 70 ordukoa da 28 egunero edo 900 ordukoa urtean; beraz hilean 100 ordu eginda, bederatzi hilabetez baino ezingo luke hegan egin–. Bizkaie! aldizkari elektronikoan Egoitz Elorz pilotu komertzialak onartzen duenez, “konpainia merkeek legeak eskatzen dituan minimoak eta maximoak muturreraino eroaten dabez, euren interesen arabera. Soldatak baxuak dira eta lan-baldintzak nahiko eskasagoak. Azkenean, zeruko autobus-gidarien parekoak gara, hilean 1.200 euro kobretan”.
 
Europan, Frantzia da low cost hegaldi konpainia gehien dituen estatua (%37) eta Espainia bigarrena (%28).
 
Lidl-en liburu beltza

Iaz bertan, Stern aldizkari alemaniarrak polemika handia sortu zuen, azalera ekarri zuenean Lidl supermerkatu kateak langileen espioitza kasu larriak praktikatzen zituela. Minikamerek grabatutako irudi eta elkarrizketen bidez enpresak osatutako txostenetan, esaten da adibidez langileetako bat gehiegi joaten dela komunera, noiz joaten den, zeinekin hitz egiten duen gehien, zeintzuk duten harreman pertsonalen bat, nolako izaera duten, zein iritzi politiko dituzten edota maitalerik al duten. 2008an baita ere, Oxfam gobernuz kanpoko erakunde britainiarraren ikerketak Lidl, Aldi, Edeka, Rewe eta Metro multinazionalak hatzarekin seinalatu zituen. Salaketa, ananak eta bananak saltzen dizkieten Costa Rica eta Ekuadorreko langileen baldintza txarrak; hala nola, 12 orduko jardunaldiak, soldata irrigarriak eta umeen erabilera.
 
Lidl-ek, dena den, itzal iluna darama arrastaka 2004tik. Schwarzbuch-ek, Lidl-en liburu beltza deiturikoak, gogor kritikatu zuen enpresaren politika. Europako hainbat herrialdetako langileei egindako elkarrizketen informazioarekin osatzen da lana, eta beharginek pairatzen zuten presioa du ardatz. Hona adibide bakarra, lotsarazteko modukoa: Europako herrialde batzuetan, hilekoa zuten emakumezko langileek buruan zinta gorria eraman behar zuten, nagusiak komunera joaten utz ziezaieten lanorduetan.
 
Administrazioaren mezua

Kontuak kontu, kontsumitzaile asko eta asko ohitu egin da low cost-etara, krisi garaiotan bereziki. Belaunaldi gazteenek zuzenean salneurri baxuko saltokien bidez egin dute salto kontsumoaren mundura eta zaila dirudi etorkizunean joera aldatzea. Merke lortutako produktuagatik, zergatik garestiago ordaindu? Gainera, Alberto Alonso sindikalistak azpimarratu du administrazioa ez dela lagungarri. Mezu kontraesankorra duela dio, merkataritza txikia sustatu behar dela esanez eta aldi berean erostetxe handiak ahalbidetuz eta bultzatuz: “Megaparkeko Ikearen inaugurazioan Ibarretxe lehendakaria eta hainbat ordezkari etorri ziren aulki bat muntatzera. Halako enpresek aldi baterako kontratuekin jende gaztea lotzen dute berehala, eta alde guztietatik diru-laguntzak jasotzen dituztenez, plantilla puztu egiten dute. Diote: ‘Mila lanpostu ekarriko ditugu!’ Baina mila lanpostu nolakoak?, zein baldintzatan? Nik ere mila lanpostu sor ditzaket astean 10 ordukoak, baina horrek ez dit ezertarako balio. Astean 10 ordu lan egitearekin zenbat irabaziko dut? Beste lan bat partekatzea ere ezinezkoa zait, ordu aldaketekin lotua naukatelako”. Hori da, laburrean, hainbat eta hainbat langileren panorama. Low cost ekonomiak, finean, low cost bizimodua dakarrelako.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
2025-08-28 | LAB sindikatua
38 urteko garraiolari bat hil da Erriberrin

LABek jakin ahal izan duenez, Iruñeko garraiolari bat hil da asteazken goizaldean Erriberrin, lanerako zerabilen kamioia bidetik atera eta irauli ostean.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Bi langile hil dira lan istripuetan pasa den astean

Abuztuaren 13an, 54 urteko Nafarroako garraiolari bat hil zen Bartzelonan deskarga lanak egiten zituen bitartean. Hurrengo egunean, Errenteriako Merkaoiartzunen 58 urteko langilea hil zen istripu ez-traumatiko baten ondorioz.


2025-07-03 | Leire Artola Arin
Marbellako zerbitzari baten egunerokoa: prekaritatea, gehiegikeria eta turismoaren mendekotasuna

Udako opor hauetan ez dira gutxi izango Andaluziako eguzki eta ur epel bila doazen euskal herritarrak. Kontrako bidea egin zuen Ana Geranios (San Pedro Alcántara, Andaluzia, Espainia, 1988) kazetari eta idazleak martxo amaieran, Euskal Herrira etorri baitzen Costa del... [+]


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


Lan heriotzak salatzeko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritza blokeatu du LABek

Aurreko astean lan istripuen ondorioz sei behargin hil zirela salatzeko, 60 bat lagunek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzako sarrera blokeatu dute. Ertzaintzak bertan zeuden pertsonak identifikatu ditu. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko 26 dira aurten... [+]


Atxondon hildako langilea “diru-gosearen” biktima izan dela salatu du AHT Gelditu!-k

AHT Gelditu elkartearen esanetan, AHTren obretan asteartean izandako heriotza bezalakoen atzean "esklabotza-baldintzak" eta "tratu arrazista umiliagarri eta iraingarriak" baino ez daude. Atxondoko Udalak gertatutakoa ikertu eta argitzeko eskatu du. AHTko obretan... [+]


2025-05-29 | ARGIA
Asteko laugarren langile hila, Bilbon, teilatutik erorita

Ostegun goizean hil da langilea, Bilboko José María Ugarteburu kalean. Astelehenean bi langile hil ziren, Andosillan (Nafarroa) eta Atxondon (Bizkaia), eta asteartean beste bat Amurrion (Araba).


Lan heriotzak ez normalizatzeko deia zabaldu du Aiaraldeko Greba Batzordeak

Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Aiaraldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) Tubos Reunidoseko lan heriotza salatzeko deitutako mobilizazioan. Laneko heriotzen "odolustea" salatu eta egoera ez normalizatzeko deia luzatu dute.


Eragozpenak errepidean

Pasa den asteko berria dugu: Irunen 67 urteko garraiolari bat hil zen, kamioia kargatzen ari zela. Errepidean izan balitz, “eragozpenak errepidean” entzungo genuke; ondoren, baxu antzean, “kamioilari bat hil da istripuan”. Gipuzkoa aldean trena hartzea... [+]


Inko Iriarte (LAB): “Prebentzio neurriek egiten dute huts behin eta berriz”

"Prebentzio neurriek egiten dute huts behin eta berriz", salatu du LAB sindikatuko lan osasunerako Nafarroako arduradun Inko Iriartek. Atzo izan zen azken lan heriotza. Andosillako lantoki batean karga gainera erorita zendu zen 49 urteko errioxarra. Hamaika egunean... [+]


2025-05-27 | ARGIA
Azpikontratatutako langile bat hil da Amurrion teilatutik behera erorita

Tubos Reunidos enpresan ari zen lanean eta teilatutik behera erorita hil da, sindikatuek jakinarazi dutenez. azken honekin 22 dira 2025ean hil diren langileak.


2025-05-27 | ARGIA
50 urteko behargin bat hil da Andosillan, zama gainera erorita

Foruzaingoaren esanetan, ezbeharra gertatu den lekuan bertan hil da 50 urteko langilea. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, urte honetan dagoeneko 21 langile hil dira beharrean ari zirela.


Eguneraketa berriak daude