"Preso kritikoen ahotsa entzun behar da eztabaida sustatzeko"

  • Baigorri, 1970. Banka herrikoa da. Historia eta euskal filologia ikasia. AEKn eta Seaskan aritu zen irakasle. Uztaritzeko Ikas-en –dokumentazio zentro pedagogikoa– ari da lanean orain. Demoak (Demokrazia Euskal Herriarentzat) taldeko bozeramailea da. Demoek sustatzen duten desobedientzia zibilaren eta bortizkeria ezaren karietara solastatu gara berarekin.
Antton Hariñordoki
Antton HariñordokiGaizka Iroz

Mugimendu abertzalean engaiatu zinen gaztetatik. Zure burua libertariotzat jotzen duzu, dakigunez.


Libertarioa izateak badu bere garrantzia nire bilakaeran. Libertarioa hamasei urte nituela bihurtu nintzen. Historia ezagutzeko grinak eta irakurketak bideratu ninduten ildo horretara. Militante izanda, iraultza ezberdinez irakurtzen hasi nintzen. Ezkerra askotan dogmatikoa bilakatzen zela ohartu nintzen. Gorriek usu iraultza irabazi ondotik –eta iraultza garaian ere bai–, diktadura ezartzen zutela. Errusiako 1917ko iraultzaren ondoko estalinismoa lekuko. Libertarioek hierarkiak baztertzen dituztela ikasi nuen, ez dutela behin betiko agintea onartzen. Esaterako, Fidel Castro 50 urteren buruan iraultzaren gidaritzan egon izanak libertarioa harritzen du, ni biziki kolpatzen nau bederen.

Gaur ere halatsu pentsatzen duzu.


Bai, asanbleak manatu behar duela eta ez abangoardiak. Askatasuna da balore nagusia. Askatasunak eraginkortasunean laster aitzinatzea galarazten digula irudi du, baina ororen buru, askatasunean hazitako mugimenduek gizartea hobeki eraikitzen laguntzen dute. Eraginkortasunaren mesedean askatasuna baztertzen bada, behin borroka irabazirik nola itzuli askatasunera?

Patxa taldeko kide izan zinen gazte garaian. Egun Demoak taldeko kide eta bozeramailea zara. Zergatik Demoak? Zertarako?


Demoen hautua aipatu ditudan nire ideien segidan heldu zen, Euskal Herriko talde armatuaren estrategia militarra kritikatzetik. ETAk Yoyes hiltzea eta Imanol kantariak bere alde azaltzeagatik jasan zuen tratua onartezina iruditu zitzaidan. Gazte mugimenduan ari nintzen, borroka armatua “sostengatzen” nuen. Estrategia militarraren eraginkortasunaz eta balore etikoez eztabaida biziak ukan genituen. 1995ean, ETAk Gregorio Ordoñez hil zuelarik beste jauzi bat izan zen. 25 urte nituen, mugimendu abertzalean burubelarri ari nintzen. PPko hautetsien eta kazetarien hilketak ugaldu ziren. Urte batzuk lehenago faxistek Josu Muguruza hil zutelarik, nire “mugimendu”ko hautetsia hil zutela sentitu nuen. Hautetsi bat hiltzen duzularik sinbolikoki bere hautesleak hiltzen dituzu. “Haiek egin zuten berbera egiten diegu guk. Etsaia ahuldu beharrean azkartuko dugu” pentsatu nuen.

Borroka armatuaren bilakaera horrek militante abertzale zenbaitengan eragina izan du, antza.


Hain ziur. Komunikabideen eta kazetarien aurka jotzen duten mugimenduak gutxitan dira progresistak, gehienetan “erreakzionarioak” dira. Gainera, talde iraultzailearen eraginkortasunaren kontrakoa da erabat. Kazetari bat jotzen duzularik bere aldeko elkartasuna zure kontra doa. Garai haren ondoren Lizarra-Garaziko Akordioa heldu zen, nik sinetsi nuen ekimenean. Hots, bide zibila irekitzeko aukera zen. Bide zibila gauzatzeko sortu ziren Demoak.

Nola oroitzen duzu esperientzia?


Demoen ideia ETAren su-eten garaian mamitu zen. Espiritua desobedientzia zibila garatzea zen, batzuetan legearen aurka joanez, baina gure eskubideen legitimotasunaren defentsan bortxa erabili gabe. Molde horretako ekintzak egin genituen, eredua landu genuen eta oihartzun handia ukan zuten. Ekimena alimaleko abiaduran hasi zen eta gero moteldu zen arrazoi ezberdinak tarteko: lana, errepresioaren higadura... Bestalde, su-etena bukatu zen. Batzuek Demoak utzi zuten beste borroka ildo batzuen urratzeko.

SNCFeko geltokien aferak oihartzun handia izan zuen.


Baina ez genuen gure xedea erdietsi, azkenik ez zituzten tren geltokiak elebitan ezarri. Eramandako borrokaren ondoren porrot gisako bat sentitu zen, baina ez zen arras horrela izan. Asko ikasi genuen, gure borroka moldea areago ezagutarazi genuen.

Egun berriz zertan dira Demoak?


Aspaldi honetan bildu gara berriz ere, taldetxo bat eztabaidan ari gara. Aktibitatean segitzea erabaki dugu, baina kanpaina zabalik antolatu gabe. Aktualitateari segituz gauza puntualak eginez, horrek jendarte dinamika berpiztu dezakeelakoan. Funtsezkoa bortizkeriarik gabeko dinamika sustatzea da. Antolakuntza landu eta jendea motibatu behar dugu, lehenik gure taldekoak, eta gero agian inguruko jendeak hurbilduko dira. Laborantza Ganbararen aldeko sostengua azpimarratuko nuke egun, desobedientzia zibilaren bidean ari da gauzatzen, gure bidea eta eskakizunetako bat da.

Laborantza Ganbara auzipetuta dago eta Mixel Berhokoirigoin espetxeratua izateko arriskuan.


Lehenik, Iparraldean laborantzaren bi eredu elkarren kontra ari dira: Euskal Herriko Laborantza Ganbararena (EHLG) eta Paueko Chambre d’agriculture delakoarena. EHLGren eredua laborantza iraunkorra da, bere proiektua Euskal Herritik kanpo ulertua eta sostengatua da. Auzipetzeak Estatuaren ahulezia agerian utzi du. Izenetik hasita: Estatuarentzat euskarak ez du izaterik, orain alta, izorratzeko euskara existitzen da. Paueko Ganbara ofizialki Chambre d’agriculture da. Sekula ez dute Laborantza Ganbara denik erran, ez dago elebitasunik ez itzulpenik. Bestalde, Estatuak Laborantza Ganbara debekatzen badu administrazioari dagokion lana egiten duelakoan, elkarte sozial andana debekatu beharko du. Auzi hau irabaziko dugu, ziur naiz. Atxikimenduak asko dira. Gure borrokak Euskal Herrira mugatu ohi dira eta kanpokoek ez dute ulertzen. Oraingoan ulertzen dute. Laborantza gaia Euskal Herriko eta mundu osokoa baita.

Orain aste batzuk Txelis, Pikabea, Gisasola eta Urrusolo presoen aldeko ekimena burutu duzue Mugerren. Azaldu iezaguzu zer izan den berau.


Hasteko, Demoek preso guztiak sostengatzen ditugula azpimarratu nahi dut. Gure eskakizun nagusietako bat “Euskal Presoak Euskal Herrira” da. Eskubide bat da. ETAren estrategia militarrarekin ados izan gabe ere, sostengatzen ditugu. Lau preso hauek publikoki adierazi dute ez daudela ados oraingo estrategia militarrarekin. Beren mezuari oihartzuna eman nahi izan diogu.

Zer balorazio egin duzue ekimenaren ondoren?


Ez dugu balorazio publikorik egin nahi. Ekimena burutu dugu preso horiek tratatuak izan diren moldearengatik inarrosiak izan garelako. Estrategia militarrari buruzko kritika politikoa egin dute eta horri politikoki erantzun beharrean irainez erantzun zaio. Hori debatea saihesteko moldea besterik ez da, kritika politikoari kritika politikoz erantzun behar zaio, iritzi guztiek adierazpen askatasuna merezi dute. Guk ez dugu bereizketarik egiten presoen artean, ez dugu ahanzten adierazpen askatasunaren urratzaile handiena Euskal Herriarentzako Espainiako Estatua dela ilegalizazio politikarekin, baita Frantziako Estatua ere. Bi estatuei adierazpen askatasuna exijitzen diegu, baina ETAri eta ezker abertzaleari ere bai. Preso kritikoen ahotsa entzun behar da, askatasuna eman behar zaie eztabaida sustatzeko.

Espainiako Gobernuak presoen edozein ekimen erabiltzen du.


Bistan da. Horregatik kritikatzen ditugu barne ministro Perez Rubalcabaren jukutriak. Bere hitzekin preso horien gogoetak baliogabetu ditu, baita erabili ere. Kasu honetan, ezker abertzaleko sektore gogorrenari hatsa eman dio eta presoen analisiaren balioa kendu. Jendeak ez ditu beren gutunak irakurriko, alderantziz: “Hurbildu dituzte? Hara, tratu bat egin dute Estatuarekin”. Estatuak ETA indarrean nahi du, baina ahula. Horri esker justifikatzen du Euskal Herriaren autodeterminazioaren ukapena. Ondo baino hobeto ikasi du ETAren borroka armatua kudeatzen. Garai batean ez zekien beharbada, baina gaur egun bai. Errentagarria ateratzen zaio hauteskundeetan. Frantziako Estatua ez da eredua, kasu! Baina Frantzian alderdien programetan gai sozialak nagusitzen dira hauteskundeetan, Espainiakoetan berriz ETA da gai nagusia.


IK erakundea aspaldi gelditu zen. Orain Irrintzi-ren –edo beste hainbat talderen– atentatuak izaten dira. Zer iritzi duzue Demoek honelako ekintzez?


Ekintza armatuak Iparraldean diren arazoen agerkari dira, ezin da ukatu. Euskaldunen eskakizunei ez zaie biderik ematen eta batzuk desesperatzen dira. Etxebizitzaren eta lurraren egoera etsigarria da eta batzuek bide militarra hautatzen dute. Alabaina, zergatia ulerturik ere, zertarakoan dugu arazoa. Arrazoia izanik ere, ekintzek zer ekarriko dute? Borrokaren helburuarentzat bitartekoak kaltegarriak edo lagungarriak diren aztertu behar da. Borroka armatuak ez dio botereari kalterik egiten, alderantziz, Estatua lasai bizi da borroka armatu honekin. Sarkozyk eta Alliot-Mariek beren diskurtsoa errepresioaren gainean eraikitzeko erabiltzen dituzte ekintzak. Alain Ducasse sukaldariaren afera ikusi besterik ez da. Kalaka ostatuaren afera horri esker justifikatu dute, baita Batasunaren kontrako errepresioa ere.


Badago zer ikasirik.


Bai. Adibidez, ez da ahantzi behar: Euskal Herriko lurrak saltzen badira, arrazoi nagusia euskaldunek saltzen dituztelako da. Hori ere funtsezko arazoa da. Lan pedagogikoa egin behar da. Laborariak lurrak horren garesti ez saltzeko konbentzitu behar ditugu. “Lurra behin saldua betiko galdua” erran zaharra oroitarazi behar dugu.
Baterak 250 pertsonen engaiamendua behar du

Batera ekimenean aritu zara. Zertan dira bere eskakizunak?


Batera plataformaren laguntzaile naiz, baina ez naiz zeregin erabakitzailetan ari. Batera motelaldi batean dago, edo bere aldarrikapen batzuk bederen. Ekimena azkarki hasi zen eta orain moteldu da pixka bat, ez da gelditua hala ere. Euskal Herriko Laborantza Ganbara bizi-bizirik dago. Unibertsitate arloko eskakizunak aldarrikatzeko indarrez ez dakit gauza handirik. Euskararen ofizialtasunarena ere motelaldian dago. Departamenduaren kasuan indar handia izan da, sinadura asko bildu da: 35.000 mila inguru. Iparraldeko hautesleen %16 inguru da hori. Frantziako Estatuko populazioaren mailara ekarriz, 9,5 milioi sinadura biltzea bezala da.
 
Bateraren helburua 46.000 mila sinadura lortzea da Departamenduaren aldeko erreferenduma egiteko. Erreferenduma legez egiteko Pirinio Atlantikoak Departamenduko biztanleen %10en sinadurak behar ditugu. Dakidanez, berriki egin den gogoeta hauxe da: ez bada 46.000ra heldu gure etsai politikoek hori baliatuko dute errateko: “Ez dute lortu”. Hartako, ahalegin bat eginen da oraino eskas diren 11.000 sinaduren erdiesteko. Baterak 250 lagun galdegin du, bakoitzak egun bat pasatzeko sinadurak biltzen, bereziki kostaldean aritzeko, barnealdean dagoeneko emaitza itzelak izan baitira. Hirietan pertsona bakoitzak 50 sinadura bildu ditzake egunean. Nik ere Baionako ZUP auzoan hori egina dut egun batean. 250x50: 12.000 dira aise. Horretan dago Batera, 250 pertsonen engaiamendua bildu beharrez.


Lortuko balira erreferenduma egingo litzateke? Sinadura kopurua lortu gabe, nola ikusten duzu erreferenduma egitea?


Nik noizbait erreferendum hori antolatuko dela espero dut –adibidez, Ibarretxek Hegoaldean agindu zuena, baina bete ez zuena–. Erran nahi baitut: Estatuak erreferenduma ukatzen badu guhaurrek egin behar dugu, herriz herri. TGVren kasuan [AHT Hegoaldean], hainbat herritan egin den bezala, gai izan behar dugu Departamenduaren aldeko erreferenduma antolatzeko. Emaitza erabakigarria izanen ez bada ere, horren bidez gizarte dinamika pizteko balioko du bederen.
 
Dena den, Baterako militanteentzat mementoko lehentasuna Laborantza Ganbararen sostenguan dago. Hau irabazi eta, beste aldarrikapenei berriz lotuko gatzaizkie!
Baigorri eskualdeaz

Bankako eskola publikoan ikasi zenuen txikitan, frantses elebakarrean. Eskolari dagokionez, nolakoa zen orduan, nolakoa da egun?


Gaur egun ere Urepeleko eta Bankako eskolak elebakarrak dira, astean bizpahiru ordu erakusten dute euskara. Gure garaian ez ginen zigortuak euskaraz mintzatzeagatik, baina irakaslearen ‘mintza ezazue frantsesa’ entzuten genuen. Gaur egun, Iparraldeko ikasleetako %80k ez du euskarazko irakaskuntza segitzen. Ikasleen %6 A ereduan ari da. %12 B ereduan eta %5 inguru D ereduan. Egoera ez da hainbeste aldatu oro har. Bankak herri euskalduna izaten segitzen du, pozten naiz ikustean Bankako nerabeak oraino ere euskaraz ongi mintzo direla. Hori gero eta gutiago gertatzen da iparraldean. Aldiz, duela 30 urte, nerabe batzuk euskaraz frantsesez baino errazago mintzo ziren, ez da gehiago horrelakorik.


Baigorri eskualde biziki dinamikoa izan zen iraganean. Zuk zer gorde duzu sortu zineneko hamarkadatik?


1970eko hamarkada aldaketa garaia izan zen, belaunaldi bat hasi zen politikagintzan. Antzinakoekiko –tradizionalak, notableak, gaullistak –haustura eman zen nolabait. Auzapeza koronela zen, Minjonnet, gaullista, II. Mundu Gerran nabarmendu zen nazien aurkako soldadu gisa. Geroago, oposizioak –ezkerrekoa eta abertzalea– Jean Haritselhar eraman zuen Herriko Etxera. Haritselhar auzapeza zela berriz, udal batzarrak kanporatu zuen IK-ko bi militanteren ehorzketara joan zelako. Haietako bat Ramuntxo Arruiz baigorriarra zen –bestea Txomin Olhagarai itsasuarra–. Nik 10 urte inguru nituen. Gauza hauek geroztik ikasi ditut. Berantago, IK-ri leporatu zioten bi polizien (CRS) hilketa gogoan dut. Eskolatik landa autobusean gindoazen etxera eta gertakariaren ondokoa ikusi genuen. “Enbata zikinek” [abertzaleak izendatzeko moldea orduan] hil zituztela entzun genuen. Oroitzapen horiek gorde ditut.

Tentsio biziko garaiak...


80ko hamarkadan abertzaleak arrunt kriminalizatuak ziren, baztertuak. Geroztik, Baigorrin aldaketa soziologikoa izan da. Lehenbiziko Nafarroaren Egunean herritarrek leihoak hersten zituzten. Nire aitatxi-amatxi beldur ziren, Hegoaldeko bizardunak heldu baitziren, haien hitzetan espainolak eta enbatak. Gaur egun, egoera soziala normalizatuta dago, ez dago boikotik. Abertzaleen ideiek aitzina egin dute eta nolabaiteko onespena erdietsi dute. Euskararen defentsa ez bada garatu arras ere, errespetua irabazi da bederen. Kirol giroan adibidez abertzaleak ez ziren orduan ongi ikusiak, baztertuak ziren nolabait, egun hori normalizatua da. Arrola eta Basaizea euskal kultur elkarteak onetsiak dira.


Gaur egunera helduz, Jean-Michel Galant abertzalea izana da Pauen hautetsi. Azken hauteskundeetan aulkia galdu zuen, ordea.


Alabaina, Galantek aurreko hauteskundeetan baino boz gehiago eskuratu ditu azkenekoetan. Orduko hartan eskuina zatitua zen, oraingoan eskuinak ongi lerrokatu ditu bere sektore guztiak. Hautagai bakarra aurkeztu zuten eta Galant-i irabazi diote. Baina Galantek Herrien Arteko Sindikataren presidente kargua bereganatu du. Galantek Paueko kontseilaria izan zelarik boikota jasan zuen, arrunt baztertua izan zen, baita Baigorriko kantonamenduko auzapez gehienek baztertua ere. Orain, Baigorri eta Garaziko auzapezen gehiengoaren sostengua du. Aulkia galdu du Pauen, baina bi kantonamenduetako Sindikataren presidentea da eta gehiengoaren laguntzaz gobernatzen du. Lorpen handia da.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langraitz bidea
2019-10-04 | ARGIA
‘Langraitz 2’ bidea martxan jartzeaz hitz egin du Jesus Loza Espainiako Gobernuaren ordezkariak; gero atzera egin du

Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Jesús Lozak "Langraiz 2" posible bati buruzko adierazpenak egin ditu Ser irrati katean. Ondoren, adierazpen horiek “bere iritzia” direla esan du ñabardura gisa, eta ez dela “Langraiz 2”... [+]


2016-07-06 | Mikel Asurmendi
Joseba Urrusolo Sistiaga Preso politiko ohia
“Gure borrokaren erradikaltasuna oso artifiziala izan da”

Pasaia 1957. Herria utzi zuenetik 35 urte iragan dira. 16 urte eman zituen klandestinitatean eta 19 espetxean: “Preso izan denarentzat ahalegin itzela da hedabideen aurrean jartzea, niri ez dit plazerik ematen”, esan digu ETAko kide ohi honek. Preso direnekiko... [+]


Carmen Gisasola aske utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Carmen Gisasola aske geratu da astelehenean, kartzelan 24 urte eman ondoren. 1990. urtean atxilotu zuten Gaskoiniako Landetan (Okzitania) eta azken urteetan Zaballako (Araba) kartzelan zegoen preso. Langraitz bideari helduta, hirugarren graduan zegoen Gisasola.


50 euskal preso inguru aske geratu daitezke Frantziako espetxealdia kontuan hartuta

Espainiako Auzitegi Nazionala 50 preso ingururen kaleratzea aztertzen ari da Frantzian igarotako espetxealdia aintzat hartuta, Noticias taldeko egunkariek argitaratu dutenez. Langraiz bideko Josu Garcia Corporales presoa izan daiteke aldaketak eragindako lehena; tramite... [+]


2013-07-08 | ARGIA
Presoen alorrean urratsak emateko eskatu diote ezker abertzaleari Langraitz bideko bi kidek

“Langraitz bidea” hautatu duten bi presok, Joseba Urrusolo Sistiagak eta Rafael Caride Simonek, ezker abertzaleari presoen alorrean urratsak emateko eskatu diote Noticias taldeko egunkarietan argitaratutako iritzi artikulu baten bidez.


Eguneraketa berriak daude