"Besteen sufrimendua ikusita, gu ere hunkitzen gara"

  • Itzuli Ezinezko Bake Prozesuarekin Konprometitutako Presoak. Hala deitzen diote euren taldeari. Edozelako bake prozesuk aurrera egiten badu Euskal Herrian, presoena izango da gai arantzatsuenetakoa. Langraizko espetxera jo dugu eta zazpi presori egindako elkarrizketa kolektiboa da ondorengoa, Larrunek idatziz pasatako galdetegiari erantzundakoa. Gai biziki delikatua ETAko kide izateagatik zigortu zituzten pertsonentzat. Berradiskidetzea nola dakusaten jorratu dugu haiekin. Iraganaz ere galdetu diegu haien kontzientziei. Eta baita egungo egoera politikoaz ere, presoen egoeraz, Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin izandako ika-mikez. Elkarbizitza berriaren zezenari adarretatik heltzeko prest daude.

Picassoren Gernika
Gernika koadro ospetsuaPicasso

Biktimen gaia eta gatazkak eragindako kalteei erantzun behar zaiela zenioten zuen iazko maiatzeko gutunean. Hasteko, zein da biktima zuen ustez?

Gure ustez, azken urte luze hauetan gatazka politikoaren ondorioak sufritu dituzten guztiak dira biktimak. Giza eskubideak oinarri, eskubide urraketak izan dituzten pertsona guztiak. ETAk eragindakoak, GALek, Batallon Vasco Españolek eta horrelako taldeek eragindakoak, estatuko segurtasun indarrek eragindakoak, torturatuak izan direnak, bere iritzi politikoagatik, edozein aldetik izanda ere, irainak, bazterketa edo presio soziala sufritu dutenak… Tartean sartzen ditugu gure senideak, hainbeste urtetan guk hartutako bidearen ondorioak sufritu dituztenak. Biktimak ez dira bakarrik memoria egunean oroituak izan zirenak.

Bizi dugun bake prozesuak aurrera egiten badu, zer leku behar dute biktimek prozesu horretan?

Hasteko, gu ez gara pertsona egokienak hitz egiteko biktimek behar luketen lekuari buruz. Biktimei Bake Prozesuaren alde egin dezaten eskatzea bera ere asko eskatzea litzateke. Baina eskertzekoa izan daiteke zauriak itxi eta elkarbizitzarako urratsak ematen hastea nahiz eta modu sinbolikoan izan.

Esaten dute biktimarekiko elkartasuna eta enpatia dela edozelako prozesuren hasiera eta oinarria. Zuek nola bizi dituzue biktimekiko enpatia eta elkartasuna?

Besteen sufrimendua ikusita, gu ere hunkitzen gara. Baina egoera honetan nola adierazi barruan benetan sentitzen duguna? Ez da erraza. Hala ere, zauriak ixten laguntzeko urratsak ematen ari gara. Gatazka honek eragindako biktima guztiak, Euskal Herriko gizarte osoaren babesa eta hurbiltasuna laster sentitzea nahi genuke.
 

Zuek ETA kideak izan zineten eta haren izenean egindako atentatuengatik zaudete kartzelan. Horietan pertsonak zauritu eta hil ziren. Zer esaten dizue zuen kontzientziak gertakizun haiei buruz hainbat urte ondoren?

Urteetan gainditu gabeko arazo nazionalak espresio politiko ezberdinak ekarri zituen 50eko hamarkadan eta horietako bat borroka armatua zen. Beraz, guk egin genituen ekintza armatuak ez genituen jarrera pertsonal batetik egin, jarduera kolektibo horren barruan baizik. Horrekin ez dugu gure ardura pertsonala zuritu edo apaldu nahi, ezta gutxiago ere. Baina gure erantzukizuna eta gure barruan sentitzen duguna ezin da ulertu jarduera kolektibo hori kontuan hartu gabe.

Gero, norberak baloratuko du eta nahi duen moduan adieraziko du egindakoaz gaur egun pentsatzen duena. Guk behintzat iraganaren berrikuspen kritikorako gure ekarpena egin nahi dugu. Horretan inplikatuz, elkarbizitzaren aldeko urratsak emanez eta ahal dugun guztia eginez biktima gehiagorik izan ez dadin.

Zuek biktimarik eragin baduzue, zer esango zeniekete haien senitartekoei?

Uste dugu biktimen senitartekoek hitzak baino gehiago nahiago izango dutela ekintza armaturik gehiago ez gertatzea; bizi izan duten sufrimendua beste inork pairatu ez dezan. Horrexegatik, bakea lortzeko eginahalak egiten jarraitzea izango dugu beraien alde egin dezakegun ekarpenik handiena ezbairik gabe. Etorkizun itxaropentsu eta hobe bat nekez eraikiko dugu kaltetuak izan direnei gure begirunerik ez badiegu adierazten.
 

Nola hasi “elkar ulertzeko espazioak” eraikitzen?

Gatazkak eragindako zauriak ixten joateko jarreren alde gaudenok, gure herrirako behingoz elkarbizitza baketsu eta normaltasun politikoa nahi dugunok, zubiak eta topaguneak eraiki behar ditugu. Biktima guztien sufrimendua onartu eta elkarbizitza soziala izan behar da helburu.

Zentzu honetan, joan den azaroan Brouard eta Muguruzaren oroimen ekitaldian, bi ertzainen alargunen parte hartzea garrantzitsua eta eredugarria iruditu zitzaigun; eta geure buruan betiko galderak: noiz hasiko gara gu geure aldetik antzeko urratsak ematen? Gure aldetik ere norbait hasi beharko da. Gu prest gaude gai hauek jorratzeko, pertsona egokien bitartez, Euskal Herriko jende eta talde ezberdinekin bildu eta harremanetan jartzeko.
 

Bizikidetzarako, elkarbizitzarako, oso inportantea omen da, halaber, iraganaren berrikuspen kritikoa. Gatazkan parte hartu duen zuen aldeak zer berrikuspen kritiko egin behar luke?

Guri dagokigunean, alegia, ENAMeko partaide izan garen neurrian, beharrezkoa da iraganaren berrikuspen kritikoa egitea. Aurreko batean esan genuenez, ETAk borroka armatuaren zikloa betirako itxiko duen egunean konturatuko gara, beste herrialdeetako gatazken partaideak konturatu ziren legez, erabaki, akordio, edo urrats hori lehenago eman genezakeela. Ikuspuntu politiko batetik begi-bistakoa izango da zenbat denbora, kemen eta ilusio xahutu ditugun alfer-alferrik, estrategiaz lehenago ez aldatzeagatik. Zenbat aukera galdu dugun gatazka bideratzeko. Eta giza ikuspegitik, zenbat jende geratu den bidean, zenbat min eta sufrimendu eragin dugun gatazka armatu honetan parte hartu dugunok.
 

Presoak ere biktimak bilakatzen dira: sakabanaketa, preso gaixoak, Parot doktrina, asko torturatuak dira atxilo-aldian… Nola ikusten duzue, oro har, presoen egoera?

Egia da, presook bizi dugun egoera gogorra da, urte luzetako zigor izugarriez gain, sakabanaketa dela medio senideak ere gorriak pasatzen ari dira, urtetan zehar senideak ikusteko milaka eta milaka kilometro egitera behartuak. Bistan da sakabanaketa, tortura eta abarrekin amaitu beharra dagoela. Hamaika manifestazio egiten jarrai dezakegu eta ondo dago, baina bene-benetan presoen egoera konpondu nahi badugu, badakigu zein izango den giltza: borroka armatuaren amaiera.

Bizi dugun bake prozesu honek aurrera egiten badu, eta azkenean borroka armatuaren zikloa ixten bada, ETAk biktimei begira zer egin beharko luke?

Irlandan IRAk egin zuen bezala, Euskal Herrian ere borroka armatuaren zikloa behingoz ixteko, ETAK bere ekintza armatuekin eragindako biktimak eta haien senitartekoek pairatutako mina eta sufrimendua onartu beharko lituzke militante guztien izenean. Baita iraganeko akatsak eta besteengan eragindako kalte eta minak onartu ere.

Preso batzuek publikoki agertu izan duzue argi zuen jarrera borroka armatuarekiko eta aspaldi ari zarete esaten ETAk armak utzi beharko lituzkeela. Horrek arazoak ekarri dizkizue beste preso batzuekin? Eta Presoen Kolektiboarekin?

Estrategia militarrari buruzko kritika politikoa egin genuen eta horri, politikoki erantzun beharrean, irainez erantzun zigun Kolektiboa kontrolpean duen aparatuak. Baina oso ondo dakigu preso askoren sostengua eta errespetua dugula.

Borroka armatua bukatu behar zela eta presoon eskubideak eskatu (Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzea, gradu aldaketa, irteera baimenak…) eta biktimen gaia planteatzeagatik irain gogorrak jaso genituen. Orain, Batasunak eta Etxeratek Gernikako Akordioan guk aldarrikatzen genuena puntuz puntu sinatu dute.

Badirudi batzuentzat Presoen Kolektibotik aparte egiten bada damutze politikoa dela. Beraz, Kolektibo hori, Batasunak eta Etxeratek bezala, Gernikako Akordioaren estrategian erori da, eta bat egingo duenean damutze kolektiboa izango da? Batasuna etsaiaren estrategian erori da alderdi politikoen legea onartzeagatik? Min ematen digute baina motibazio handiagoa aurrera jarraitzeko.
 

Espetxe erakundeetatik presoei eskaintzen zaizkien abantailak onartzeagatik kritika gogorrak jaso dituzue Presoen Kolektibotik. Zer esan dezakezue?

Oso gogorrak, bai, eta betiko arinkeriaz idatziak. Ñabardura txiki baina garrantzitsua, irain horiek presoen izenean idazten dutenen aldetik etorri dira.

Dena dela, argi esan behar da ez direla eskainitako abantailak, baizik eta, baldintza legal batzuk betez gero, preso guztiek dituzten eskubideak. Espetxean egondako edonork daki espetxe instituzioak ez duela ezer eskaintzen. Arantza Zulueta eta beste batzuen kasuan adibidez, espetxean bost edo sei hilabete egin ondoren kalean utzi dituzte, irtetea eskatu dutelako eta espetxetik jarri dizkieten baldintzak bete dituztelako. Baldintza horiek onartu ezean (dirua ordaindu, aktibitate politikoetan edo manifestazioetan parte ez hartzea onartu) ez ziren espetxetik aterako. Hori bai, berak defenditu dituenek, espetxean 15, 20 edo 25 urte egin eta gero ezin dute baimen ziztrin bat eskatu.

Duela gutxi arte, preso gaixoek ez zuten kontrolpeko eskumuturra onartzerik kartzelatik irteteko. Penagarria zen ikustea nola esaten zitzaien ezin zirela baldintza horietan kartzelatik atera. Eskerrak batzuek ez zutela jaramonik egin eta kartzelatik ateratzen hasi ziren. Haiei esker, gero beste batzuk horrela atera dira eta orain eskumuturrekoarekin ateratzea garaipen gisa azaltzen da.

Hamaika kontraesan aipa genitzake, baina ez gara inoren jokoan eroriko. Gernikako Akordioan eskatzen dena azpimarratu nahi dugu: baldintza legalak betetzen dituzten presoek baldintzapeko askatasuna eta beste onura batzuen eskubidea dute. Baina onura horiek preso bakoitzak eskatu behar ditu, bis a bisak edo telefono deiak eskatzen diren moduan.

Horrek zuei eta zuen senideei ere eragin izan dizuela aipatzen zenuten. Zer eratako eragina?

Gure senideei hainbeste urtetan presoen sostengurako mugimenduan ibili ondoren, oso gogorra egin zaie herrietan gure argazkiak kentzen ikustea, edo laguntza juridiko eta ekonomiko barik utzi gaituztela jakitea, nahiz eta herriari elkartasuna eskatzen zaionean, preso guztion izenean egiten den. Penagarria deritzogu horrelako gutxi batzuen jarrera sektarioak ikustea.


Badakit oso galdera orokorra dela, baina laburbilduz, nola ikusten duzue une honetan Euskal Herriko egoera politikoa?

Espetxetik begiratuta azkenaldian gauza asko nahasten direla ematen du. Hemendik lau hilabetera Hego Euskal Herrian hauteskundeak izango dira. Hasiera batean, gizartearentzat positiboa dena, udalak, foru aldundiak eta Nafarroako Parlamentua berritzea, badirudi prozesurako kaltegarria bihurtzen dela.

Gernikako Akordioa ez da hauteskundeei begira egindakoa, borroka armatuaren zikloa ixteko tresna egokia baizik. Hauteskundeak hauteskundeak dira eta prozesua prozesua da. Bi kontzeptu hauek nahastean lortzen den bakarra, akordioaren garrantzia gutxiestea da. Bestalde, sinatzaileei ekintza zehatz, sinesgarri eta zuzenak eskatu behar zaizkie, Alternatiba Demokratikoa, Lizarra-Garazi, Anoeta eta Loiolako akordioekin bezala, oroitzapenen kutxan buka ez dadin.

Eta zehazki, nola ikusten duzue une honetan bake prozesua?

Galdera honi erantzuterakoan oraindik ETAren agiriaren zain gaude. Gure ustez, gehiago luzatu gabe, borroka armatuaren etapa modu ofizialean itxi behar da, behin betiko dela eszenifikatuz. Hori nola gauzatuko den arabera izango dute hurrengo urratsek garrantzia. Gizartean elkarbizitzarako giro berri bat sortzeko, preso eta iheslarien gaia seriotasunez konpontzen hasteko, arazo politikoak talde politikoen artean konpontzeko, funtsezkoa da borroka armatuaren bukaera lehenbailehen eta sinesgarritasunez amaitzea.

Nola parte har dezakete presoek bake prozesuan?

Begira, kartzela ezberdinetako patioetan egoera politikoaz behin eta berriro bueltaka ari ginela, eztabaida bero eta apaingarririk gabekoetan, hauxe esaten genuen: imajinatzen duzue hemen esandakoak gizartean entzungo balira… jendeak sekulako poza hartuko luke. Benetan pentsatzen duguna, anbiguotasunik gabe, ulerterraza eta sinesgarria dena, hori baita behingoz jendeak entzun nahi duena; beraz, presook pentsatzen duguna beldurrik gabe praktikan jartzea izango litzateke presoon benetako ekarpena.

Irlandan adibidez, irteera baimenak eskatzen zituzten bake prozesuaren aldeko batzarretan parte hartzeko, jendea konbentzitzeko, eragile sozial eta politiko ezberdinekin harremanetan jartzeko… Baina horretarako, orain arteko tabuak eta dinamikak gainditu behar dira. Gernikako Akordioan presoei dagozkien puntuak gauzatzen hasteko ezinbestekoa baita presoen inplikazioa, guri dagokigulako akordio horretan aipatzen diren presoen eskubide guztiak edota askatasun kondizionala eskatzea.

Nola ikusten dituzue euskal preso politikoak prozesu honen aurrean?

Presoen artean, eta beraien inguruan mugitzen diren batzuen artean, oraindik ere Mugarri ildoa (borroka armatua mantentzearen aldekoak) bultzatzen ibili dira. Beste batzuk, aldiz, lagun eta senideen bitartez beraien iritzia zabaltzeari ekin zioten eta horrek eragina izan du Batasunak herriz herri egindako batzarretan. Baina orokorrean presoak zain daude ea borroka armatuaren bukaera behingoz gauzatzen den, eta ea kalean ziklo berriaren aldekoek presoei inplikazioa eskatzen dieten urratsak ematen hasteko…

Gure ustez, Godot noiz iritsiko zain daudenak erratzen dira, presoen inplikazioa beharrezkoa baita. Adibidez, Arnaldo [Otegi] espetxean ez da mugatu kanpokoen zain egotera eta urratsak eman ditu, bere iritziak prentsan argitaratuz, epaileen aurrean indarkeria arbuiatuz, egoera politikoa aldatu dela argudiatu du bere askatasuna eskatuz… Eta hori da bidea: inplikazioa.

Zer esango zeniokete ETAn sartu nahi duen gazte bati?

ETA barrutik ondo ezagutzen duten militanteek (salbuespenak salbuespen) beren seme-alabei benetan esan dietena: mesedez ez sartu ETAn. Batzuek gaurko ETAn inolako konfiantzarik ez dutelako, besteek ETAren borroka armatua bukatutzat ematen dutelako, beste batzuk arrazoi etikoengatik borroka armatuaren alde ez daudelako edo ikuspegi egoistago batetik, ez dituztelako beraien seme-alabak borroka armatuaren gurpil zoroan sartuta ikusi nahi… denetarik dago.

Askotan esaten da 50 urte iraun duen borroka armatua ez dela egun batetik bestera desagertuko, denbora behar dela.

Hori aitzakia hutsa da. Urteak eta urteak pasatu ditugu horrelakoak esaten. Lehen, “negoziatzen hasi aurretik erakundea indartu behar dugu” izaten zen aitzakia. Orain, ez indartu, ez negoziatu, orain bukatuta dagoena bukatutzat emateko denbora behar omen da. Ez da egia. Denbora beharko da borroka armatua bukatutzat eman ondoren gelditzen diren arazoak konpontzeko, baina ez borroka armatuarekin amaitzeko.

Hori, orain arte bezala, gutxi batzuen artean erabakiko da. Aljerren bi izan ziren jarraitzea erabaki zutenak, Lizarra-Garazi garaian dozena erdi bat eta Loiolan beste dozena erdi bat. Zoritxarrez horrela da. Eta haiek egoera gehiago luzatzearekin tematzen badira, Ezker Abertzalean erabakitzeko gaitasuna dutenei dagokie etapa horri bukaera ematea. Ez da hain zaila gizartean, herriz herri egindako eztabaidetan eta militantziaren gehiengoaren nahia hori dela; beraz, orain, gutxi batzuen borondatea eta ausardia behar da, besterik ez.

Estrategia militarrari buruzko kritika politikoa egin genuen eta horri, politikoki erantzun beharrean, irainez erantzun zigun Kolektiboa kontrolpean duen aparatuak. Baina oso ondo dakigu preso askoren sostengua eta errespetua dugula.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langraitz bidea
2021-06-30 | Mikel Asurmendi
Antton Hariñordoki
"Preso kritikoen ahotsa entzun behar da eztabaida sustatzeko"
Baigorri, 1970. Banka herrikoa da. Historia eta euskal filologia ikasia. AEKn eta Seaskan aritu zen irakasle. Uztaritzeko Ikas-en –dokumentazio zentro pedagogikoa– ari da lanean orain. Demoak (Demokrazia Euskal Herriarentzat) taldeko bozeramailea da. Demoek sustatzen... [+]

2019-10-04 | ARGIA
‘Langraitz 2’ bidea martxan jartzeaz hitz egin du Jesus Loza Espainiako Gobernuaren ordezkariak; gero atzera egin du

Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Jesús Lozak "Langraiz 2" posible bati buruzko adierazpenak egin ditu Ser irrati katean. Ondoren, adierazpen horiek “bere iritzia” direla esan du ñabardura gisa, eta ez dela “Langraiz 2”... [+]


2016-07-06 | Mikel Asurmendi
Joseba Urrusolo Sistiaga Preso politiko ohia
“Gure borrokaren erradikaltasuna oso artifiziala izan da”

Pasaia 1957. Herria utzi zuenetik 35 urte iragan dira. 16 urte eman zituen klandestinitatean eta 19 espetxean: “Preso izan denarentzat ahalegin itzela da hedabideen aurrean jartzea, niri ez dit plazerik ematen”, esan digu ETAko kide ohi honek. Preso direnekiko... [+]


Carmen Gisasola aske utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Carmen Gisasola aske geratu da astelehenean, kartzelan 24 urte eman ondoren. 1990. urtean atxilotu zuten Gaskoiniako Landetan (Okzitania) eta azken urteetan Zaballako (Araba) kartzelan zegoen preso. Langraitz bideari helduta, hirugarren graduan zegoen Gisasola.


50 euskal preso inguru aske geratu daitezke Frantziako espetxealdia kontuan hartuta

Espainiako Auzitegi Nazionala 50 preso ingururen kaleratzea aztertzen ari da Frantzian igarotako espetxealdia aintzat hartuta, Noticias taldeko egunkariek argitaratu dutenez. Langraiz bideko Josu Garcia Corporales presoa izan daiteke aldaketak eragindako lehena; tramite... [+]


Eguneraketa berriak daude