Gutxiago kontsumituz hobeto bizi

  • Krisia dela-eta, gutxiago kontsumitu beharra nagusitu da. Beharra baino, bizimodu filosofia bat da ordea, kontsumismotik askatzea –muturreko bizimodu aszetan erori gabe, detaile txikiak kontuan hartuz baino ez– zoriontsu bizitzeko bidea da. Argiako lau erredaktorek kontsumoari lotutako arlo bana hautatu eta bi aste iraun dituen esperimentua egin dugu. Hona emaitza.
Kontsumoa
Urko Apaolaza
Etxe-barne bizian (Urko Apaolaza)

Txapapotea bezala, gure etxeko alfonbraraino sartu zaigu krisia. Goizero gosaltzen dugu, zerealekin, EVEren “eta aurreztu energiaaa...” estribilloa, izan ere, gure poltsikoak ere nabarituko duela diote kontseilu eman zaleek. Baina nola? Ez al dit bizimodua aldrebestuko? Hain gustura nago, etxean goxo-goxo, egun euritsu hauetan...

Zin dagizuet eszeptiko xamarra nintzela aurreztearen kontu horrekin: hemendik aurreztuz handik gastatu, hor inbertituz han irabazi... Ez dago kalkulagailu magikorik. Azken finean Madoff-ek inguraturik gauzkate, eta esnatzen garenean iruzurrak hor segitzen du. Baina gauza bat aitortu behar dut, eta da esperimentuak aurreiritzi galanta gainditzen lagundu didala: norbere jarrerak balio du, asko gainera. Eta ez, ez dit bizimodua batere aldrebestu.

Bi aste eta hiru erasoaldi: ura, argia eta gasa.

Errazenarekin hasiko gara, urarekin. Agua-dulce.org webguneari jarraituz, oinarrizko printzipio batzuk segitu ditut: komuna ez da paperontzia, tapoia existitzen da ontziak garbitzeko, neguan egunero dutxatzea denbora galtzea da, etxe barruko landareek maite dute euria... Euskaldunok egunean 130 litro ur inguru gastatzen omen dugu, 2009an Eusko Jaurlaritzak metro kubikoko 0,6 xentimoko kanon ekologikoa kobratuko die hortik pasatzen direnei; ni ez nago horretan xentimorik gastatzeko prest, lotsa pixka bat badut aizue!

Bale, egia da Europako izkina hau tropiko txiki bat dela, “total, bestela itsasoan bukatuko du” esango du batek baino gehiagok. Baina kontuz, hori pentsaera tranposoa da-eta. Ez al zarete oraindik enteratu ura izango dela etorkizunean ondasunik jeloskorrena? Gainera, ez gara soilik ura aurrezteaz ari, gasa ere hor dago. Min ematen dit gasaren fakturak, eta uda etortzen denerako asmakizun paregabea daukat buruan gasa aurrezteko. Nire terraza labe bat da udan; ba ziur nago, behatz potoloa jokatuko nuke, eltze bete ur jarriz gero entsaladarako arrautzak bakar-bakarrik egosiko liratekeela bertan. Lau arrautza gutxiago Naturgasen gasbide erraldoi horretatik tiratzeko.

Orain negua da ordea. Gure etxean kerosenoz berotzen dugu sala. Bada, egun hauetan sukaldea berdeskubritu dut, eta jakin dut zergatik zen arbasoen bilgune. Aitona-amonek... Haiek bai bizi kalitatea! Afalostean, telebista ikusteko sala korrika berotzea deprimitzekoa da; nahiago sukaldeko beroan berriketan segi. Gainera, nire sudurrak eskertu du kerosenoarena.

“Bonbilla normalari agur”, esan dute egunkariek. Etxeko kontsumoaren %10 argiak eramaten du eta kontsumo baxuko bonbillak irabaziko du borroka. Aurreragoko lanak izan ditugu ordea: sukaldeko fluoreszenteari trapua pasa, argi txikia jarri gau erdian fluoreszente mantso hori piztu behar ez izateko, stand bay alaenak amatatu eta kontsumo fantasmak uxatu... Ah! eta gortinak ederrak dira, baina ederragoa argi naturala. Armendarizen pelikuletako protagonista sentitu naiz leihotik sartutako argi meak ukitu nauenean; lasaitasuna ekarri du etxera, buruko minak kendu dizkit, eta ez soilik Ibedrolako gutun detestatua irakurtzeak behingoz poztu nauelako.
Ogia ez doa zakarretara (Onintza Irureta)
Amonak kontatzen zidan haren etxean janaria zakarrontzira botatzea bekatua zela. Familiak bizirauteko irudimena latz landu behar. Nik ez dut irudimena muturreraino estutu eta helburua ez da bizirautea, baina bai zabarkeriaz ez kontsumitzea eta planetaren makineria zoroa, tanta bat bada ere, lasaitzea.

Ezin esan negua lehorrean lasai paseatzeko aukera handirik ematen ari zaigunik. Hala ere, kilometro gutxiko jira-bueltan ibiltzeko aukera izan dut. Masustak azkar ikusi ditut, gaztainen bila herri lurretara jo behar izan dut, biak ala biak, dezente pilatu ditut. Postrerako moldatu naiz egun batzuez, doan eta fruituok milaka kilometrotako bidaiak egin gabe, paper-plastiko-poltsatan bildu gabe, elaboratu gabe... Perretxikoak nekezago aurkitzen dira, modan jarri baita mendia alderik alde garbitzea. Horiek aurtengoz paso. Ez ditut bildu intxaurrak, ezta urrak ere, baina horiek ere batzuetan harrapatu beharrik gabe eskura egoten dira, bilatuz gero, noski. Osabaren sagar arbolaz akordatu naiz. Bakarra da, baina aurten sagar urtea izan da. Kilo batzuk ekarri ditugu eta gordinik jateko makal samarrak direnez, konpota goxoa egin dugu.

Astearte buruzurian afaria izan dut elkartean. Ia denak kirolariak gara eta lepo jaten dugu. Sukaldariak erruz prestatu du janaria: arroza barazkiz josia eta arraina patatekin. Lotarako gehiegi jan dugu, eta hala ere, arroz asko ontzian hoztu da. Jendea, agurtu eta badoa etxera.“Eta soberakinak?”, erantzunik ez. Ontzi galanta soberakinekin etxera eraman dut, tupperware famosoak lau bete ditut. Lau janalditarako badaukat, lantegiko jangelan jaten baitut.

Hantxe nago, lantegiko jangelan nire arroz platerkadaz harro. Albokoak eguneko ogia eskaini dit, ez baitut bazkaltzeko inoiz ogirik erosten. Elkarteko sukaldariaren arroz goxoa dena barrura joan da eta ogia sobratu da: “Zurea da ogia eta tori, nik ez dut behar, gauerako beste bat erosiko dut, zuk hartzen ez baduzu zakarrontzira doa”. Zakarrontzira? Afaltzeko eguneko ogia, afaltzen jaten ez badut biharko gosariko kafesnetan bustitzeko primerakoa, bestela izozkailura. Amonak koxkorrak gogor-gogor egin arte gordetzen zituen, baratxuri zopa gozoa egiteko. Hara zakarrontzirako bidea zeraman ogi gaixoarentzat laugarren bizi aukera.

Agian txorakeriak dirudite, zekena deituko didazue... baina ez dut ez gutxiago ez okerrago jaten, dirua aurrezten da, eta oso-oso gutxi bada ere, alferrikako ur eta gasolio tantak, argindarrak eta beste saihestu ditugu. Jangelan norbaitek esan du Amerikako Estatu Batuetan ohikoa dela jatetxeko mahaian jan gabekoak poltsan jaso eta etxera eramatea. Agian adibide hori guaiagoa da.
Burua astindu, gerra garaiko amonaren estuasunak eraginda ez bada ere.
Garraioa: Bizi kalitatea pausotan neurtzen da (Estitxu Eizagirre)
Gai arraioa egokitu zaidana, murrizteko. Ez mugitzea da formula eraginkorrena: herrian bertan egitea bizimodua. Tolosaldeako (Gipuzkoa) herri txiki bat da gurea, trenik eta autobusik gabea. Eta bi langilez zein haur txiki batez osatutakoa, etxea.

Erosketak etxera datoz

Goizero ogia eta egunkaria atean zintzilik izaten ditugu, oihalezko (lo)zorroan, okinak egiten baitu etxeetara itzulia. Barazki-frutazaleak ostiral eguerditan irekitzen dizkigu furgonetako ateak. Esnea bertako baserritarrari hartzen diogu. Arraina izozkailuan dugu, denbora baterako. Harategia bizikidearen ofizio da, baina gainerakoan arrainarekin bezalaxe egingo genukeelakoan nago. Ondorioa: latako eta zorroko produktuen bila jaisten gara. Ohitura bihurtu da ingurukoei “erosketetara noa, zerbait behar?” galdetzea. Diote etorkizunean Internetez egingo ditugula mota honetako erosketak, eta etxera ekarriko dizkigutela... oraingoz, denda askok ez dute herri txikietaraino banaketarik egiten, eta beste batzuk oso garestiak dira.

Aisialdia? Plazako haizealdia

Bertan ematen ditugu arratsaldeak. Baten etxean kafea, bestearenean “ludoteka”... Elkarte gastronomikoa leku goxoa da neguko arratsaldeak luzatzeko. Asteazkenetan zabaltzen da liburutegia, eta frontoiak ere arratsalde batzuk arintzen ditu. Eta zeruak barkatzen duenerako, plaza zein parkea baino hoberik ez da... Bizi kalitatea pausoka neurtzen dela entzun dut. Haurrek euren pausoz iristeko moduan dute jolastokia, etxea, eskola...

Haurreskola eta eskolara oinez

Irailan jarri genituen martxan haurreskola eta eskola. Beste alor askotan bezala, mugikortasunean ere asko irabazi dugu: Iaz orduerdi lehenago jaikitzen ginen, kotxean sartu eta ondoko herriko haurreskolara joateko. Aurten lo gehiago egiteko tartea dugu, haurra oinez eramaten dut, sarri lo, behartuta esnatu gabe. Herrian, lau urteko haurra bere kasa joaten da eskolara, goiz batez jaiki eta gurasoei “ez etorri nire bila” esan zienetik.

Frustrazioak: Lanera nola heldu?

Egunero lanera joaterakoan datoz komeriak. Egia esan, ez dut soluzio magikorik aurkitu. Aukera eraginkorrena, ahalik eta lan gehiena etxetik egitea da. Bilerak asteko egun batzuetan kontzentratu, eta gainerako egunetan etxetik aritzea. Baina joan beharra dagoen egun horietarako, 18 kilometrora (kotxez 20 minutura) dut lana. Garraio publikoa erabiltzeko, bi aukera: lehena, bi kilometrora dagoen ondoko herri txikira oinez jaitsi, eta bertan autobusa hartzea. Ordea, ordutegia nahiko mugatua du eta ez datorkit parean: ni iritsi bitartean, bi orduz haurra zaintzeko norbait lotu beharko nuke. Bigarren aukera hurrengo herrira (sei kilometro) txirrindaz joan, eta handik bai, maiz ditudan autobusak hartzea da. Negu giroa eta errepidearen oraingo egoera ikusita, udaberrira arte arrisku kirol horri uko egin diot. Udaberrirako, ordea, egin behar dut saiakeraren bat txirrindarekin. Lehen bi kilometroak salbu, bide-gorri ederra dugu autobusa hartuko dudan herriraino. 40 minutu inguru beharko ditut etxetik lanera, haurrarengana iristeko moduan. Gainera 2009 honetan taxi-busa jarriko dutela entzuten da herrian... Ea aukera berriak zabaltzen dizkigun.


Bidea puskaka
Frustrantea gertatzen da garraioari alternatibak bilatzea. Bidea puskaka egiten dela ohartzea izan da, niretzat, irtenbidea. Adibidez, gurasoen herriraino (19 kilometro) ez naiz oinez iritsiko. Baina ondoko herrira txirrindaz edo kotxez joanda, trena hartu dezaket bertan. Donostiara ere horrela joaten gara. Denbora irabazten dugu eta aparkatzeko buruhaustea arindu dugu. Eta haurrarentzat bidaia magikoak dira trenekoak. Baina dena ez da ideala: Euskotrenekoak andenaren parean geratzen dira, haur kotxeak igotzeko primeran. Renfekoetara, ordea, ez dago bakarrik igotzerik. Eskerrak beti dagoen norbait laguntzeko prest... Eta garraio publikoaren egungo prezioak ez du erabilera sustatzen.
Aisialdiaz gozatzeak ez du preziorik (Mikel Garcia)
Bizikleta hartu eta hondartzara hurbiltzea, itsasoa ikustera; tortilla bokata eta ur botila alboan mendi aldera gerturatzea lagunekin; etxe ondoko parkera jaistea patinatzera, korri egitera edo paseatzera… Euskal Herrian dugun inguru pribilegiatua aprobetxatuz kontsumo urria eskatzen duten ekintza ugari bururatu zaizkit hamabost egun hauetan egiteko. Arazo bakarra dago, ordea… Ez da uda, neguko eguraldi hotz eta euritsua da nagusi eta bustita dago inguru pribilegiatu hori.

Beraz, beste plan batzuk bilatu behar. Irakurtzea aukera erraza da: herriko liburutegiko eskaintza zabala da. Hala ere, noizbehinka etxeko apaletan begiratzea ere ez dator gaizki, hautsa hartzen ahaztuta nituen eleberri interesgarri asko aurkitu baitut nire edo nire guraso eta arreben logeletako liburuen artean, bere garaian irakurri ez nituenak. Are interesgarriagoa da afizioa lagunen batekin edo gehiagorekin konpartitzea: nik nire liburuak gomendatzen dizkiot eta lagunak bereak uzten dizkit, doan noski. Zinema ere gustuko dut; Internetetik jaitsitako pelikulak baino, pantaila handia nahiago, baina hain da garestia zinemara joatea… Oraingoan, asteburuan joan beharrean, ikuslearen egunean hurbildu naiz –gazte txartelarekin edozein astegun buruzuritan ere egin daiteke– eta bi euro aurreztu ditut. Askaria hartuta joan naiz, litxarreriak erosteko tentazioa saihesteko.

Bi aste hauetan nire buruari jarritako erronkaren ondorioz, gauza bat argi geratu zait: telebista eta Internet ez dira eguraldi tristeetarako aisialdi merke bakarra –eta eskerrak!–. Reflex kamerarekin orduak eman ditut inguruko paisaia, objektu eta pertsonak objektiboarekin harrapatzen; norberak bere zaletasuna berreskura dezala: musika tresnaren bat jo, margotu, sukaldatu, musika entzun, mahai jolasak armairutik atera… Hobetuz programak langile eta langabeentzat doan eskaintzen dituen ikastaro andanatik gustuko bat hautatu dut; anitza da eskaintza, eta auzo elkarteetan ere, merke aurki daitezke hizkuntzak, dantza, yoga, sukaldaritza, kirolak, musika eta beste hamaika gai jorratzen dituzten ikastaro eta proposamenak. Zaletasun bera duen jendearekin taldean biltzeko aukera paregabea dira gainera.

Halaber, egunkariko agendak mundu berria zabaldu dit begien aurrean: doan edo diru gutxigatik inguruko gaztetxe, kultur etxe, auzo elkarte, bideoklub edo aretoek eskaintzen dituzten erakusketa, pelikula, ikus-entzunezko proiekzio, kontzertu eta emanaldiak asko dira. Herriko auzo elkarte batek antolatutako antzezlana aukeratu dugu astebururako, eta gustura egin dugu barre, ezer ordaindu gabe. Ondoren, kañak eskatu beharrean zurituak hobetsi ditut, eta koadrilako afarirako, bikoteka jaki desberdinen ardura hartu dugu: etxean prestatuta eraman ditugu elkartera, edariak baino ez ditugu ordaindu, eta afalosteko elkarrizketa atsegina ordu txikiak arte luzatu da.

Izan ere, doakoak dira gauzarik onenak: “denbora galtzea” norberaren gauzetan pentsatuz; bikotearekin, seme-alabekin edo txakurrarekin paseatzea; berriketan aritzea; sexua praktikatzea…

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontsumismoa
2023-11-12 | Bea Salaberri
Iraun ala iraungi

Etxeko garbigailua hautsi eta konponarazten saiatu ginelarik, beste baten erostea hobe genuela erran zigun konpontzaileak. Merkeago genukeela, ez, aise merkeago genukeela berriaren erostea. Lehen batean ez bazen begi bistakoa, argudiatu zitzaigun, baietz, epe ertainean hala... [+]


Chromebookak gutxi irauteko diseinatu ditu Googlek

Hezkuntzan erabilera oso zabala duten Chromebookak gutxi irauteko diseinatuta daudela ondorioztatu du AEBetako Public Interest Research Group erakundeak (PIRG, Interes publikorako ikerketa taldea). Zaharkitze programatua onartezintzat jo dute, eta ikasle bakoitzak gailu bat... [+]


2023-01-29 | Sukar Horia
Xanpaina eta petrolioa

Abendua igaro zaigu, urtarrilean sartu gara eta, beraz, ipar hemisferioan negua hasi zenetik aste batzuk igaro dira dagoeneko, tenperatura epel bezain kezkagarriekin. Gure arbasoek, neguko solstizioan, eguna eta gauaren txandakatzea gurtzen zuten, baita urtearen zikloa edo... [+]


Jon Etxebarria 'Txontxe'
"Ospa ditzakegu Eguberriak erlijioan eta kontsumismoan murgildu gabe"

Eguberriak ospatzeko beste modu bat bilatu guran, euskal herritarrek antzina zuten ohituretako bat berreskuratu du Jon Etxebarria Txontxe gorliztarrak. Dioenez, neguko solstizioan, "neguburuan", enborrak erretzen zituzten Eguzkiari indarra emateko, eta kiskalitako zur... [+]


2022-12-18 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Afektuen ekologia

Eraikin bat gorputz bat bezala irudikatzea datsegit. Instalakuntza-hoditeriak zainak bailiran, zutabeak eta habeak hezurdura gisa, fatxada, azal-zuntza bat. Eta eraikinaren arima eta bizi-taupadak pertsonek eragiten dute, espazioa erabiltzen eta zaintzen duten... [+]


Eguneraketa berriak daude