«Familia, lagunak… Dena falta zait, baina ez AEBak»

  • Bereterbide zuen aitatxi. Berterbide, aita. Beterbide da Max, arbasoen kontrako bidea eginik. Euskal Herritik hara aitatxi-amatxiak, Amerikatik hona ilobak. Euskal amerikarra euskaldun huts da Larratxon (Donostia).
Max Beterbide
Dani Blanco

Beterbide zara, zure aurrekoak Bereterbide izanagatik ere…


James Paul Beterbide ditut izen-deiturak. Hala ere, gure benetako izena Bereterbide da. Aitatxi AEBetara iritsi zenean aldatu zioten. Ellis uharteko amerikarrek ezin, bada, Bereterbide zuzen jaso, eta Berterbide idatzi zuten. Aitaren jaiotza agirian Berterbide ageri da, garbi. Nire deitura, aldiz, ez da Bereterbide, ez Berterbide, Beterbide baizik. Beterbaid, han, AEBetan. Baina, egiazki, ezta hori ere. Amerikarrek Beterbaid bera esateko ere lanak dituzte eta Berbaid esan ohi dute.
 

Arbasoak...


Aitatxi Luzaidekoa zen. Ez dakit noiz sortua, baina 1912an Amerikara joana. Manex zuen izena. Manex Bereterbide. Ni sortzean, aitatxiren izenez hots egiten hasi zitzaizkidan: Manex. Baina, berriz, AEBetan Manex ez da izena, eta laburtu egin zidaten: Max. Aita Paul nuen. Nevadako Lovelock-en sortua. Euskaldun gehiago ere baziren han. Hori badakit. Amatxi, Arcimisbehere Salaberri zen. Hazparnen sortua, Labiri auzoan, Leku Ederra etxean, AEBetara 1914an joana. Aitatxi-amatxiek han ezagutu zuten elkar. Bata Luzaidekoa, bestea Hazparnekoa… han elkar ezagutuak, han ezkonduak, Nevadan bertan; Lovelocken, ziurrena. Bost ume izan zituzten, lau mutil eta neska. Ni, berriz, Susanville-n (Kalifornia) sortu nintzen. Gurasoak hara mugitu ziren 20ko hamarkadan. Zerrategi bat zen han, non aitatxik lan egin baitzuen; gauzaina izan zen bertan. Bitartean, amatxik haurrak hazi eta ostatu bat zuzendu zuen. Zerrategiko langileak ostatatzen ziren bertan, ezkongabeak, immigranteak… Susanvillen, hala ere, euskaldun guti zen: baziren irlandarrak, mexikarrak, txinatarrak, suitzarrak… denetarik…
 

Euskaldun iraun zuen familiak AEBetan?


Euskaldun eta amerikar. Aitatxi ez zen solas handikoa, ez zuen askorik esaten… Hamahiru-hamalau urte nituela hil zen eta arrasto batzuk besterik ez ditut gogoan. Baina ziur dakit kontziente zirela, jakitun, beren euskaltasunaz. Etxea Euskal Herriko gauzakiz beteta zeukaten. Ehunka zeuzkaten. Eta, hainbeste gauzaren artean, nik oso gogoan daukadan bat: Zazpiak Bat armarria. Hori bai: Zazpiak Bat. Horman eskegia… Amatxik ekarria behar zuen, inondik ere.
 

Garai hartan, sinestunak ere izango ziren.


Bai, guztiz sinestunak, erlijiosoak. Hala zen normala. Eta da, oraino. Amatxik fede handia zuen, baina bere baitarakoa, pribatuan bizi zuen. Zinez gauza pribatua zuen...
 

Paul, zure aita, amerikarrarekin ezkondu zen.


Lau senide gara. Aitak hogeita hamar urte zituen ezkondu zenean. Amak, hemezortzi. Ama oso gaztea eta, aita, aldiz, oso zaharra; garai hartako, esan nahi baita. Lau haur izan zituzten bost urtean. Bikaina!
 

Zer zen zuen haurtzaroko nahas-mahasa: euskaldunak batetik, amerikarrak bestetik…


Gure euskal izatea mundu sekretua zen. Esan duzunez, aitak amerikarra hartu zuen emaztea, gure ama. Alaba bakarra, erdi mailako familia batekoa zen, Susanville-n berean, herri ttipia baita. Amaren aldeko aitatxia, suhiltzaile burua zen; kargu hautetsia, AEBetan. Amatxi, langilea zen etxetik kanpo, gauza ezohikoa 50eko hamarkadan. Sistema judizialean lan egiten zuen. Familia ezaguna zen… gero, gure ama izango zena, familia ezaguneko alaba bakar hura, euskaldun bati lotu zitzaion; familia handiko euskaldunari, hain zuzen. Aitaren aldetik, hamahiru lehengusu-lehengusina izan ginen, denak Susanvillen berean. Institutuan baginen bost, Beterbaid edo Berbaid izenekoak. Lehengusu-lehengusinok tributzat hartzen gintuzten eskolan, eta kode sekretuaren jabe ere baginen. Izan ere, guk, elkarren artean euskarazko solasak baliatzen genituen, zenbait perpausa… Baita zenbait solas frantsesez ere, esaten ari ginena inork ez konprenitzeko. Han ikasi genuen elebidun izatea gauza handia zela: beti genuen kode sekretu hura, baliagarri.
 

Kode sekretua euskara…


Gaineratekoan, amerikar ume bagina bezala jokatzen genuen. Haietarik ginen, batere ez berezi. Baina, esam dut, aldi berean zeharo kontziente ginen euskaldun ginena, ez baitzen gauza normala. Normala zen italiarra izatea, mexikarra, txinatarra, beltza, indioa… Normala zen hori, baina ez euskalduna izatea. Basque, gauza arraroa zen, bitxia.
 

Gogoan duzu euskaldunek elkarretara jotzen ote zuten garai hartan Susanvillen?


Haurtzaroari dagokionez, ez naiz gogoratzen euskaldunak biltzeko batere saiorik izan zenik. Dela kluba sortzeko edo zernahi Basque egiteko. Guztiarekin ere, gogoan dut zenbait jai handi ospatzeko elkarretaratzeak egiten genituela. Urteberri egunez, esaterako, euskal familia guztiak halako euskaldunen etxaldera jotzen zuten, Zatikarenera. Hiruzpalau Zatika ziren, gure aitaren adinekoak. Ez zen kluba, ez genuen jota dantzatzen, ez bestelakorik, baina denok euskaldunak ginen han. Ez zen kluba, esan dut… baina bolo liga antolatzen zuten, beraien artean: Zatika, Berterbide, Eugenio Garriola… bolotan jokatu eta elkarrekin joaten ziren tabernara. Talde ttikia zen. Taldea osatzen zuten, ez euskaldunak zirelako, baina bai euskaldunak zirelako. Neke da esplikatzen… Ez ziren euskaraz mintzatzen, ez zuten ezer bereziki euskaldun, ez dantza ez beste, ezer ez, baina euskaldunak ziren denak. Hori ziur dakit.
 

Jai seinalaturen bat eta bolo txapelketa huraxe zuten bilgune.


Bai. Bolo taldea ere osatu zuten, Eskualdunak izenekoa. Denek ere amerikar neskak hartu zituzten emazte eta, ondorioz, ondoko belaunaldia ez zen hain euskalduna etorri. Hori baita nire kasua. Baina milioika solas genituen –exajeratzen ari naiz, bistan da, “milioika”–, baina solas asko izan genituen, euskaraz esan ahal genituenak, bestek ez konprenitzeko.
 

Susanvillen zenbait euskaldun ezagutu nituen: Richard Goñi, Tom Bikondoa, Ignazio Urrutia… Euskal kluba ere bada, euskal jaia… Geroan ere izan dira euskaldunak han.


Nire garaian, herri ttiki bat zen, denok elkarren ezagunak ginen, herri segurua zen. Orduan, bederen. Zeharo libre bizi ginen. Guztiarekin ere, gauza bat. Gure aitaren anaia zahar bat Susanvilleko emazteki batekin ezkondu zen; DuForest zuen deitura. Emaztearen familian hamahiru senide ziren eta zinez inportantea –zinez inportantea–, zen Susanvillen. Ez ziren kargudunak herrian, ez auzapez, ez hautetsi: aldiz, langile gogorrak ziren, errespetagarriak guztiz. Haietarik bat –ene osaba, azken finean, Gaky deiturakoa–, konderriko sheriff izan zen, eta sheriffa da, izan, konderriko pertsonarik inportanteena. DuForest haiek hamahiru zirenez, eta gure Berterbide familian ere hamahiru lehengusu-lehengusina ginenez, konderriaren erdia familia egin genuen!... Urte onak izan ziren, egiazki.
 

Euskaltasuna urtu egingo zen zuen belaunaldiarekin…


Gazte ginelarik, galtzen ari ginen gure historia AEBetan, euskaldunaren historia esan nahi dut. Gure familiak zori ona izan zuen, amatxi ia 90 urte arte bizi izan zelako eta, beraz, beti izan genuen itzal hura. Egia esateko, gure osaba batek bai, euskalduna hartu zuen emazte, eta haien seme-alabek euskara eta frantsesa mintzatzen dituzte, pittin bat bederen. Gure izebak ingelesez izugarri gaizki hitz egiten zuenez –izugarri gaizki, ordea–, euskaraz edota frantsesez hitz egiten genuen berarekin. Hala egiten dugu gaur egun ere, bizirik baitago… Telefonoz deitzen diodalarik, euskaraz, frantsesez eta ingelesez hitz egingo dugu. Eskerrak berari, eta amatxirekin genuen harremanari, bagenekien euskaldunak ginela. Eta, gehienok, gaztelania ikasi ahal izan genuen: ez euskara, ez frantsesa; ez hango eskoletan! Geroago, ni Euskal Herrira etorri nintzelako, eta euskara ikasi nuelako, eta denak hona etorri direlako inoiz edo behin ni ikustera, nire errealitate hau ikustera… uste dut horrek are gehiago indartu duela gure euskaltasuna, horren kontzientzia bederen.
 

Euskal Herrira etorri zinen, bertan bizi zaitugu…


Renotik barrena, nahi baduzu. Renon egin nituen unibertsitate ikasketak, ordu eta erdira baitago hura Susanvilletik. Nora joan behar nuen, bada? Logikoa da. Unibertsitate ikasketak Renon eta Santa Cruzen (Kalifornia) egin eta Susanvillera itzuli nintzen, eskolan erakustera. Hamar bat urte egin nituen bertan. Haietarik batean, urte sabatikoa hartu eta Europara etorri nintzen, zenbait lagunekin. Bidaian izan ginen urte batez. Tartean, amatxiren familia bisitatzera joan nintzen, Hazparnera. Bizirik zituen arreba bat eta bi neba. Haiekin egon nintzen, Hazparnen, baserrian. Eta Euskal Herriaz maitemindu nintzen. Urtea iragan eta AEBetara itzuli nintzen. Handik lasterrera, euskara ikastea erabaki nuen. Biderik onena, Renoko Euskal Ikasketen Programa nuen. Eta 1983-84 ikasturtean ikastaroa antolatu zutenean, lehenbiziko aldiz hemen, Donostian, izena eman nuen. Hogeita bost bat lagun ginen, seihileko batean. Ikaslerik gehienek gaztelania estudiatu zuten. Bospaseik, euskara.
 

Irakasleak?


Carmelo Urza –Robert Laxalt idazlearen suhia–, zen programaren zuzendaria… Alan King, euskara irakaslea. Jon Bilbao, Historia irakaslea. Felix Mentxakatorre, gaztelaniaz arduratzen zen, Sandra Ott… Urte osoa iragan nuen hemen. Ondoren, ikasketak jarraitu behar nituela jabetu nintzen, eta AEBetara itzuli nintzen. Urtebetez lan egin eta Renoko unibertsitatera itzuli nintzen, bi urtez, lizentziatura bukatzera. Han nintzela, egun batean, non etortzen zaidan Carmelo Urza, esanez: “Lana daukat zuretzat Euskal Herrian”. Urte baterako lan asmoa zen. Ni, oso zorigaitzekoa nintzen AEBetan. Oso zorigaitzekoa naiz AEBetan. Ez dut maite. Ez da ez dudala Amerika maite, ez dudala nire herria maite. Ez naiz pozik AEBetan.
 

Zer dela eta?


Oso zaila zait, oso zaila, esplikatzea. Baina nire familia laster konturatu zen, ulertu zuen hemen urtea iragan eta nola sentitzen nintzen. Esan ere egiten zuten: “Europartu egin zaigu!”… Ni horrela, eta, behin, Carmelo Urzaren eskaintza modukoa. Ez zen egiazko eskaintza izan. Berak, lan baten berri eman zidan. Harremanetan jarri ninduen Loiuko Lauro Ikastolako arduradunekin, ingelesa erakusteko bertan. Ingelesa erakustea ez da nire lanbidea, baina mintza praktika eginarazteko nahi ninduten, euskaraz ere zer edo zer ikasita nengoenez. Lana onartu nuen. Hiru urte egin nituen Lauron, nahiz eta urte bateko asmoan etorri. Ondoren, hemen bizi izateko bestelako bide bat egin nuen, eta geratu nintzen.
 

Zein bide?


Tour gidaria izan nintzen.
 

Tour gidaria?


Bai. Lehenengo gidaria izan nintzen, eta amerikar bakarra, AEBetako turistak Euskal Herrira ekartzen. Zortzi urtez egin nuen lan hura. 40 tour baino gehiago egin nituen, bi astekoak, hamabost bat lagunentzakoak… Oso arrakasta handiko operazioa izan zen, sinetsi gero! Madrileko gobernuak –Madrilekoak, ez euskal gobernuak–, itzuli beharrik gabeko diru laguntza eman zidan… Era hartako gidari bakarra izan nintzen Euskal Herrian. 88tik 96ra jardun nuen horretan. Jo ezazu internetera, zenbait informazio bada horretaz, oraindik.
 

Zer erakusten zenien amerikar bisitariei hamabost eguneko tourrean?


Dena.
 

Dena? Nevada alde hartan hona datozen euskaldunei galdetu eta haiek ere “denean” ibili direla esaten didate. Jakina da etxean izan direla, baina, ondoren, berdin ibili dira Bartzelonan edota Malagan.


Guk ez genuen Euskal Herritik irteten. Hamahiru gau ziren denera. Hiru gau, Irunen, Iparraldera joan-etorrian ibiltzeko eta, garai hartan liberak eta pezetak zirenez gero, errazago genuelako Irunen diru trukea. Irunen ginela Maule, Donibane-Garazi, Donibane-Lohizune, Miarritze, Otsozelaia… bisitatzen genituen. Ondoren, Irundik Orreagara joaten ginen, Karlomagnoren historia kontatzen genuen. Iruñean ere hiru gau egiten genituen: Leire, Erriberri, Xabier eta beste ikustera joaten ginen. Hurrena, Arabara: legebiltzarra bisitatzen genuen, Urkiola… Gero, Donostiara: Arantzazu, Oñati, Loiola ikusten genituen… Loiola, izan ere, famatua da AEBetan. Amerikarrek harreman horixe maite dute: “San Inazio, euskalduna? A!”. Loiola izena ezagutzen dute. “O! Hau da, hortaz, Loiola?”. Ez dute haren historiaren berririk, baina izena ezagutzen dute… Amaieran, Bilbora joaten ginen, aireportua hurre zegoelako. Han geundela, Plentzia, Gernika, Lekeitio, Balmaseda… ikusten genituen. Dena!
 

Horixe bai, Zazpiak Bat!


Eskualde guztiak jotzen genituen, batzuk besteak baino gehiago. Tourraren iragarkiak ere horixe zioen: “Euskal Herri historikoa”, historia, hizkuntza, politika, edertasuna… erakusten genituen, eta janaria!... Eta janaria! Tour hauetara oso euskal amerikar gutxi heldu ziren. Zergatik? Gehienek familia dutelako hemen, eta ez dutelako tourra egin beharrik bazterrak ikusteko. Familia ikustera datoz… baina ez dute Euskal Herria ezagutzen, ez dakite Historia. Tourrean etortzen zitzaizkigunak bidaiari zailduak ziren… Milioi erdi pezeta balio zuen, gutxienez, gure tourrak. Ez zen txantxa. Hotel garestietan hartzen genuen ostatu, gure bezeroak ez ziren motxila bizkarrean hartuta dabiltzanak. Bazekiten zertan diren bidaiak, inork ez zuen protestarik jotzen… Haietarik asko Antartikan ere ibiliak ziren, edota Afrikan, edota Bangladeshen. Asko ibilitako jendea zen. Herrialde bestelako bat ezagutu nahi zuten, bidaia trinkoagoa egin… Zortzi urte haietan ez nuen arazo bat bera ere izan, arazo bat bera ere ez, ez bidaiarirekin, ez ezerekin… Perfektua izan zen!
 

Ari gara, baina bada zure bizitzan alderdi bat azalera ekarri nahiko nukeena: maite duzu irakurtzea, maite idaztea, maite musika egitea…


Maite ez, egiten ditudan gauzak dira, besterik gabe. Ez dago sekreturik horretan… Samuel Beckettek esan zuenez, “finean, bizitza ez da istorio sorta besterik”. Nik neure istorio-historiak ditut, ez dut besterik behar, anonimatoa maite dut, auzo honetan ibili, Larratxon, era anonimoan. Hori bai, maite dut. Zer edo zer behar dut nire burua lanpeturik edukiko badut eta, beraz, musika egiten dut, irakurtzen dut, idazten dut… Idatzi egiten dut, baina neure buruarentzat, ez beste inorentzat, ez ondoan dagoenarentzat… Neure historia dut, ondo bizitza betea, ondo betea, zirraragarria, abentura handikoa… Historiak? Besterik ez daukat!
 

Azalean geratu gara gaurkoan…


Horixe, azalean.
 

Itsaso hondora iristeko aukerarik izango ote dugu?


Ez dut uste. Beharbada, denborarekin. Ez naiz pertsona inportantea, eta ez dut inportantea izan nahi ere. Ez dut daukadana baino gehiago nahi. Nire historiak neuretzakoak dira, edo historia horiek bizi izan dituztenentzakoak. Orain bizi naizen lekuan inork ez daki nire berri. Ez diot inori kontatzen, jakin behar ez duenari ez dagoelako ezer zertan kontatu beharrik. Gauzak besterik gabe kontatu, ez.
 

AEBetan jaioa zaitugu. Hemen bizi zara, senideak itsasoz hara dituzula… Mirarik ez duzu? Falta zaizunik ez duzu?


Denaren mira dut. Dena falta zait, baina ez AEBak. Familia, lagunak… Gure ama hil berria da, bat-batean. Aita ni hamasei urte nituela hil zen. Anaia zaharrena Los Angelesen bizi da. Arreba, Chicon (Kalifornia), unibertsitateko irakaslea da; berak nauka sasoian, lagunik onena dut. Anaia gazteagoa Calima-n (Washington) bizi da… Lagunak han dira, baina denboraren joanean zerbait ikasten duzu: lagunek ere barreiatu beharra daukatela, beren bidea egingo badute, bizi berria egin. Garai bateko lagunak lagun ditut oraindik, harremanak ditut haietarik askorekin… Bai, falta zaizkit nire lagunak, baina oraintxe tabernan gure ondoan dagoen horrek ere, Larratxotik egundo alde egin ez duen horrek ere, faltan ditu bera 30 urte zituela zeukan laguna. Eta, haren delako lagun hura, harako mahaian jarrita dago, taberna berean… Hazi egiten gara, aldatu… Ez dut lagunen mirarik, ez zuk 25 urte zenituela zeneuzkan lagunen mira baino handiagoa. Kontua da ez ditudala orain hemen, ondoan. Horixe da alde bakarra.
Nortasun agiria
James Paul Beterbide, Max (Susanville, Kalifornia, 19XXX). Euskaldunak zituen aitatxi-amatxiak. Ameriketan sortu euskalduna, aita. Amerikar hutsa, ama. Erroetara bidaia egin eta euskaldun da Max Beterbide. Historia eta Espainiar literatura ikasketak egin zituen Renon(Nevada), eta Santa Cruzen (Kalifornia). Irakasle izan zen AEBetan. Euskal Herrira etorri eta herrialdeaz maitemindu zen. Hemen laketu zen. Ingeles irakasle izan zen Loiuko (Bizkaia) Lauro ikastolan, eta tour gidaria, ondoren. Larratxon (Donostia) bizi da, irakurtzen, idazten eta musika egiten.
Jon Bilbao
Renoko Unibertsitateak Donostian antolatu zuen ikastaroko irakasleen artean Jon Bilbaok… txunditu ninduen. Berak bazekien ni euskalduna nintzela, eta Historia maite nuela. Bazekien gainerako ikasleak amerikarrak zirela, eta ez zutela Historiaren ardura handirik. Eskolara joan beharrean, ostiralero, Jon eta biok Donostiako bulebarrera joaten ginen, tabernan garagardo bat edan eta Historia erakusten zidan.
Intzidentea
Gogoratzen naiz gizon batek gure amari esan ziola: “Italiar batekin ezkondu zinen!”. Gure amak erantzun: “Ez da italiarra, euskalduna da!”. Eta gizonak orduan: “Gauza bera da!”. Eta gure ama… histeriko jarri zen! Gizonari erasotzeko puntuan izan zen! Euskaldunak ez ziren italiar, ez ziren espainol, ez frantses… Gure ama, euskalduna ez izanagatik ere, gaitzitu egin zitzaion gizon hari. Intzidente horixe daukat gogoan…
Idaho Urrutia
Ignazio Urrutia zuen izena. Badira urte batzuk hil zena. Janari denda zuen Susanvillen. Urrutia Idahotik etorri zen gure herrira eta, hori dela kausa, “Idaho Urrutia” izenez ezagutzen zuten denek. Janari dendak ere izen horixe zuen: Idaho. Nire aitaren adinekoa zen eta ez dut uste askotan hitz egin genuenik, baina berak bazekien ni nor nintzen, eta nik ere banekien bera nor zen… Idaho Urrutiaren historia izkiriaturik dago. Beste askorena, ez. Goñi nafarraren St. Francis hotelaren historia, adibidez.
AZKEN HITZA
Ni hemengoa naiz
Renoko Euskal Ikasketen Programan Joxe Mallea izan nuen irakasle. Han, Laura Mintegi, Marian Sarrionandia, Goio Monrealen emaztea… ezagutu nituen, baina ni ez naiz akademikoa, ez da nire giroa. Ni kalean bizi naiz. Ez nintzen Renoko euskal jatetxeetara euskaldun bila joaten. Nire bizitza normala ingelesez zen. Ez dut inora joan beharrik euskalduna izateko. Ni euskalduna naiz, hemengoa naiz…

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
"Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna"

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
"Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan"

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Eguneraketa berriak daude