«Erraietatik drama sortzen zait; burutik, umorea»

  • Norbaitek “istorio bat kontatu nahi dizut” esaten badizu, utziozu, bizitza oso baten motorea izan daiteke-eta.
Patxo Telleria
Dani Blanco
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ingurura begiratu eta inork ez omen du behin amestu zuen hartan lan egiten. Zuk bai?


Bai, neurri batean bai. Jende gehienarentzat lana maldizioa da eta, nire kasuan, batzuetan ez da hala. Batzuetan nire bizitzako gauzarik politenetakoa da.

Aktore baino gidoigile hobea omen zara.


Bai, kosta zitzaidan aktore bezala nituen mugez jabetzea. Ezagutu ditudanetik aktore hobea naizela ere egia da, baina badakit muga asko ditudala. Idazle gisa, ezjakintasunagatik izango da akaso, baina ez dakit nire mugak non dauden. Beharbada, egunen batean konturatuko naiz: “Honaino iritsi naiz eta ez naiz gehiago emateko gauza”, baina, momentuz, jorratzeko esparrua ikusten dut alor horretan. Telebistan, zineman eta teatroan nik baino hobeto egiten duten aktore pila bat ikusten ditut. Gidoi batzuen maila altuaz ere jabetzen naiz, baina ez zait hain ezinezkoa iruditzen. Pentsatzen dut, “egunen batean, inspiratuta banago, agian ni ere izango naiz horrelako zerbait idazteko gauza”. Aktore bezala, ez zait iruditzen. Bardem ikusten dut eta esaten dut: “Zertarako ahalegindu ez banaiz sekula maila horretara iritsiko?”.

Aktore on batek nola lantzen du bere burua?


Aktore ona izateko lehenbiziko baldintza aktore izateko grina da, eta nik, egia esan, ez daukat. Ez naiz casting-etara aurkezten… ez daukat interes berezirik. Bestalde, aktore asko lotsatiak direla esaten da, baina ez dakit zer puntutaraino den egia. Ni lotsatia naiz, eta egoera batzuetan, bitartekoa menderatzen badut eta, batez ere, nik sortutako obra baldin bada, ez daukat antzezteko arazorik; baina, beste batzuetan, kikildu egiten naiz, ez dut daukadan guztia ateratzen. Gainera, fisikoki ez naiz pertsona espresiboa eta, nire interpretaziorik onenak buru barrenetik sortzen dira, pertsonaia ulertzen dudalako, akaso. Baina adierazkortasuna gorputzera pasatzeko mugak ditut. Horregatik esaten diet ezetz eskaintzen dizkidaten paper gehienei, topatuko dute nik baino hobeto egiten duen beste norbait.


Eta pertsonaia on bat zerk definitzen du?


Pertsonaiek motore bat izan behar dute, grinaren bat, pasioren bat. Gogo bat. Gogorik gabeko pertsonaiak zailak dira gauzatzeko. Pultsua behar dute.


Errazagoa al da idaztetik bizitzea aktore izatetik bizitzea baino?


Nik uste antzekoa dela, gremio berekoak gara. Aspaldiko garaiekin konparatuta, gauzak ondo samar joan dira azkenaldian, eta lana egon da teatroan eta telebistan. Bai aktoreentzat, bai idazleentzat. Baina oso herri txikia gara, eta eskaintzak eskaria gainditzen du. Gehiegi ekoizten dugu. Hori oso ona da kalitatea eta lehiakortasuna areagotzen direlako, baina txarra da egitea baino, eskaintzea bilakatzen delako arazo. Batzuetan galdetu behar diogu gure buruari: “Badago norbait beste aldean?”.


Ikusle faltan, askotan egin behar izan al diozu uko nahi zenuena idazteari?


Behin gaur egun zentsurarik ba ote zegoen galdetu zidaten, eta zentsurarik handiena guk geuk aldez aurretik egiten duguna dela erantzun nien. Gauza batzuk ezinezkoak direla ikusten dugunez, geure burua zentsuratzen dugu. Zenbat eta ikusle potentzial gutxiago, orduan eta aukera gutxiago gauza bereziak egiteko. Telebistan oso nabarmena da; ETBk berak edo ekoizleek eskatzen dizutelako: “Ea, publiko guztientzako produktu bat egin behar duzu”. Horrek sormena izorratzen du. Eta ulergarria da, ez dute arriskatu nahi. Milioi bateko ikusle kopuru teorikoa daukagu; sailkatzen hasiz gero, ezinezkoa litzateke ezer ekoiztea.


Hitza eta gorputza dira aktorearen lan-tresnak. Zure kasuan zerk du pisu handiagoa?


Mota askotako antzezlanak idatzi ditut, baina azken urteetan Mikel Martinez eta biok egiten ari garen proiektua guztiz desorekatuta dago hitzaren alde eta, gainera, apropos. Asko esatea da, baina guk obra bat eskuak poltsikoetan sartuta eta baldosa batetik mugitu gabe egin genezake. Eta, hala ere, antzerkia litzateke. Teatroan ez da gorputzarekin bakarrik interpretatzen; ahotsarekin, modulazioarekin eta intentzioekin ere antzezten da. Baina gure ikuskizunetan hitzak du garrantzirik handiena, eta ni esparru horretan erosoago sentitzen naiz.


Pianoa erosi omen zenuen behin.


Bai, duela urte asko, 20 urterekin. Eta nire kontura hasi nintzen ikasten. Gero, neska batekin bizitzera joan nintzen eta neska hark isats-piano bat zeukan. Orduan nire pianoa baztertu egin nuen. Banandu ginenean berreskuratu nuen. Urte batzuen buruan beste etxe batera joan nintzen bizitzera, eta etxe hartan bazegoen piano bat. Etxejabeek esan zidaten asko sentitzen zutela, baina ezin zutela pianoa eraman, axola ez bazidan bertan utziko zutela. Izugarri piano polita zen eta oso soinu onekoa… Gaur egun bi piano ditut: pianista oso txarra naiz, baina ez da piano faltagatik izango.


Antzerkian hasi eta hamar urtera zerbait deskubritu zenuen: ez zenekien beste ezer egiten. Beldurtu egin zinen?


Ez. Antzerkian nahiko modu axolagabean hasi nintzen eta, gainera, garai hartan Maskaradan genbiltzanok bageneukan halako aurreiritzi bat, gaur egun nahiko barregarria egiten zaidana: gu ez ginen aktore sentitzen, guk ekimen kultural bat egiten genuen. Ez genuen eskolarik, eta mesfidantzaz eta axolagabetasunez ikusten genuen aktoreen glamourra eta hori guztia. Zer nintzen galdetzen zidatenean oso gutxitan esaten nuen aktorea nintzela, gehienez antzerkia egiten nuela esaten nuen. Baina handik urte batzuetara pentsatu nuen: “Zer arraio nabil? Aktorea naiz, onerako edo txarrerako, baina aktorea naiz”. Eta orduan konturatu nintzen behin hasitako abentura hark ez zuela atzera bueltarik, eta hobe nuela aurrera jarraitu: alde batetik, nahi nuelako, baina beste alde batetik, beharbada, beranduegi zelako beste abenturaren bati ekiteko.


Mikel Martinez da zure taula gaineko bikotea. Zer jartzen du bakoitzak bikoak hain ondo funtzionatzeko?


Mikelek inspirazioa ematen dit, obra hauek idazten ditudanean bai baitakit norentzat idazten ari naizen. Badakit esaldi bakoitza nola esango duen, eta badakit zer dohain eta muga dituen. Zentzu horretan, neurrira egiten dizkiot lanak. Mikeli eta neure buruari ere bai. Eta berak sekulako ilusioa ematen dit. Ni gauza askotan nabil, teatroa egiteaz gain gidoiak idazten ditut, pelikula bat egiten ari naiz… Kostatu egiten zait zentratzea. Eta Mikelek gogoa pizten dit. Berari sekulako ilusioa egiten dio elkarrekin lan egiteak. Gainera, hori da berak gaur egun aktore bezala egiten duen eta egin nahi duen gauza bakarra. Mikeli ere askotan deitzen diote aktore lanak egiteko, baina ez du nahi. Badaude aktore batzuk oso kamaleonikoak direnak, eta badaude beste batzuk zigilu bat daukatenak: Groucho Marx edozein egoeratan zen Groucho Marx, eta Mikel beti da Mikel. Eta edozein egoeratan nik Mikel ikusten dut eta badakit bere komikotasuna nondik nora doan.


Idaztea bakardadearekin lotzen da, eta antzerkia talde lanarekin. Nola sentitzen zara erosoago?


Inolako dudarik gabe, bakarrik lan egitea nahiago dut. Batzuetan, beldurtu egiten naiz neure buruarekin autista hutsa naizelako. Lau egunean etxetik atera gabe eta inorekin hitz egin gabe egon naiteke. Familiakoek ere, batzuetan, kortxo-kentzekoarekin atera behar izaten dizkidate hitzak. Ideiaren batekin buruan bueltaka baldin banabil, asko kostatzen zait nire oskoletik irtetea. Eta askotan kezkatu egiten naiz, beste alde batetik, lagunkoia bainaiz. Lagunartea gustatzen zait, baina joera bakardaderakoa dut. Nire txokoan ez naiz aspertzen. Ditudan afizio gehienak ere bakartiak dira: bizikletan bakarrik ibiltzea gustatzen zait, piraguan itsasora bakarrik irtetea… Han egoten naiz, ordutan itsasoan buruari bueltaka baina denbora galtzen, sekula ez baita ezer produktiborik ateratzen. Eta jendeak esaten dit: “Jakina, piraguan zaudenean hor ibiliko zara gidoiei bueltaka…”, eta ez, txorakeriak pentsatzen egoten naiz.


Dena den, laguntasunari garrantzi handia ematen omen diozu. Zer paper dute lagunek zure bizitzan?


Uste dut lagunek moldatu nautela ni, haiek egin nautela naizen modukoa. Oso harreman estua izan dut lagunekin. Gazte-gazterik irten nintzen etxetik, ez inora joateko: lagun batzuk elkartu eta, Bilbon bertan, nolabaiteko komuna batera joan ginen. Hamar urtean egon nintzen oraindik nire koadrila denarekin bizitzen, eta jende horrekin egin naiz pertsona. Nire ideia asko adoptatuak dira, edo elkarrekin sortuak. Dudan mundu ikuskera ere hor sortua da. Gero, familia izan dut, baina lagunekin oso harreman estua edukitzen jarraitzen dut. Egia esan, familiak bezain beste edo, beharbada, gehiago moldatu nau lagunarteak.


“Antzerkia ez da hilko” irakurri dizut, baina zer behar du ondo bizitzeko?


Antzerkia ez da hilko, baina beti hilzorian biziko da. Behin pellokeria bat esan nuen: “antzerkia ez da inoiz hilko, bere sinpletasunagatik”. Hain da gauza sinplea, xumea, erraza… Pertsona bat, edo bi, edo hamar toki batean eta jendea begira, besteek zer egingo. Zinea hilko da, beste euskarri batzuk sortuko direlako, baina antzerkiak beti iraungo du. Kontua da orain arte iraun duen bezala iraungo duela. Jende askok pentsatzen du antzerkia gaur egun dela gutxiengorako, telebista, zinema edo bideoak daudelako, eta ez da egia. XIX. mendean ez zegoen bideorik, baina antzerkira joaten zen biztanle kopurua antzekoa zen. Antzerkia inoiz ez da masa-fenomenoa izan, ezta bere garairik onenetan ere.


Euskarazko teatroa ez al dago komedietara mugatuegia?


Bai, baina arrazoi beragatik. Garai batean bi obra nituen aldi berean: Euskara sencilloaren manifestua eta Sonata segundo batean… eta piku. Nire ustez bigarrena askoz obra borobilagoa zen, baina harekin 22 emanaldi egin genituen, eta bestearekin 200. Jada badugu nahiko eskarmentu, eta energia neurtzen dugu. Obra bat egiteak energia asko eskatzen du, denbora asko, urtebeteko prozesua da… Eta obra amaitzerako hustuta zaude, fisikoki eta mentalki. Ikusten baduzu hurrengo egunerako paperontzira bota behar duzula… Neurriz, ez?


Nola sortzen da umorea?


Nire kasuan ez da bat-batean sortzen, ni ez naiz graziosoa, tabernetan txisteak bururatzen zaizkion horietakoa. Ideia bat hartu eta, buztina lantzen den bezala, umorea non egon daitekeen begiratzen dut, arakatu egiten dut, saiatu, erratu, probatu… Nire kasuan, prozesu mentala da. Beharbada, erraietatik gehiago sortzen zait drama, eta burutik umorea.


Definizio bat: gauzen ordena logikoa aldatzea da umorea.


Bai, hori da txisteen iturburua, diskurtso bat bide logiko batetik doa eta, halako batean, istripu bat medio, desbideratu egiten da.


Gazteleraz ere idazten duzu. Egia da zure amak ulertu ahal izateko egiten duzula?


Neurri batean bai, gaztelera ere nire hizkuntza delako. Nik gustura idazten dut gazteleraz. Horretarako oso eskizofrenikoa naiz, eta ezingo nuke esan zein hizkuntzatan moldatzen naizen erosoago. Gauza batzuetarako gaztelera nahiago dut eta beste gauza batzuetarako euskara, moldearen, generoaren eta euskarriaren arabera.


Zertarako hobesten duzu hizkuntza bakoitza?


Euskararekin ganberroago sentitzen naiz. Hizkuntzaren urregile sentitzen naiz, nolabait. Euskarak badu abantaila handi bat: oraindik hizkuntza moldagarria da. Gazteleraren adierazkortasuna askoz ere finkatuago dago. Lorcak lortu zuen moldatzea… baina ni ez naiz Lorca. Euskara, hizkuntza urbano hau, hizkuntza batu hau, hizkuntza moderno hau asmatzen ari gara oraindik, eta libreago sentitzen naiz jolasteko.


Euskaldun berria zarela diozu. Noiz arte?


Hori zuria ala beltza izatea modukoa da, ez da sekula aldatzen, Michael Jackson izan ezean.


Dena dela, euskaldun berriaren traumak euskararekin umorea egiten lagundu dizu.


Bai, baina, egia esan, nik ez dut traumarik ezagutu euskararekin. Ulertzen ditut beste batzuen traumak baina nik oso prozesu erosoa izan nuen. Nik ez nuen andereño edo maisurik izan, autodidakta izan nintzen, baina euskaldun berrien kasuak banan-banan aztertuz gero… Gaur egun, helduen kasuan, euskara ikasten ari diren gehienak beharragatik egiten dute, ez ilusioagatik. Hori oso gogorra da, eta traumak sortzen dira.


Telebistako gidoiak idatzi dituzu. Nola kabitzen da artista hain formatu estuan?


Ba, kontorsionismoak eginez. Formatu nahiko industriala izan arren artista izan behar duzu. Ezin duzu daukazun guztia eman, baina telebistako gidoiak egiten ere artista izan behar duzu. Artisau puntu bat dauka lanak, hau da, ofizio bat da, baina ofizioarekin bakarrik gauza grisak sortzen dira, eta gauza askori magia falta zaie. Artistak barruan daukana espresatu nahi du eta telebistako gidoigilea bazara, hori, neurri batean, baztertu egin behar duzu. Muga jakin batzuen barruan, baina artista izan behar da, dena den.


Euskal eszenaren hiriburua Donostia da gaur egun. Nola bizi du hori bilbotar batek?


Autopistan.


Teatroa nahiago duzu antzerkia baino. Hitzei garrantzia ematen diezula argi dago.


Bai, eta gainera, hor nostalgia puntu bat ere badago Arestirekiko.


Aresti da zure kuttunetako bat. Groucho Marx, bestea.


Ez nuke esango Aresti miresten dudanik, nire aita balitz bezala sentitzen dut, eta hori oso kuriosoa da, ez bainuen ezagutu. Beharbada, berak nire berri izango balu kaiku totala naizela pentsatuko luke, eta egiten dudanak ez duela deus balio. Baina tutoretza hori, itzal hori sentitzen dut. Identifikazio irrazionala da neurri askotan: euskaldun berria zelako, Bilbon bizi zelako, berak euskara bizi zuen moduarekin asko identifikatzen naizelako… Aresti ez zen nazionalista, komunista zen, euskararekin interesatu zen aurreneko komunista. Tipo arraroa zen, ez zuen lekurik euskal mundu jatorrean. Euskara maite zuen, baina gizakia euskararen gainetik jartzen zuen. Nik ere hala sentitzen dut.

Eta Groucho?


Maisu bat delako. Eta, gainera, idazten hasi nintzenean kaligrafia erakutsi zidana bera izan zen. Idatzi nuen lehenengo istorioa Marxkarada izan zen: Grouchoren dialogo batzuetan oinarriturikoa zen, nik moldatu egiten nituen. Orain asko urrundu naizen arren, kaligrafia hori, eszenari eraso egiteko modu hori… Nik Grouchorekin pentsatzen nuen idazten ari nintzenean.


Noizko Euskal Antzerki Konpainia Nazionala?


Egia esan, ez naiz halako proiektuetan nahi beste inplikatzen, eta amorrua ematen dit, gehiago inplikatu behar nintzatekeela uste baitut. Eskandalosoa da halakorik ez egotea, gutxienez, lehenago aipatzen genituen ezinezko proiektu horiek gauzatu ahal izateko, konpainia pribatuok egin ezin ditugun horiek egin daitezen. Guztiz beharrezkoa da. Hamar urte baino lehen izango dugulakoan nago. Orain hasiko dira eskolarekin, eta pauso naturala konpainia sortzea izango litzateke.

“Esaidazu zer zabor sortzen duzun eta nolakoa zaren esango dizut”, dio zure pertsonaia batek Kontenedore baten istorioak obran. Zer zabor sortzen duzu zuk?


Ba, nire obrak ikusi besterik ez daukazu.
Nortasun agiria
Patxo Telleria 1960an jaio zen Bilbon, eta bertan bizi da. Pedagogia eta Euskal Filologia ikasi zituen, eta istorioak kontatzea gustatzen zitzaiolako hasi zen aktore. Gidoilaria eta idazlea da, eta hainbat antzezlan, telesail eta filmetan aritu da lanean aktore, idazle eta zuzendari. Orain, goizetan, La máquina de pintar nubes filma muntatzen ari da Aitor Mazorekin eta, arratsaldez, Mikel Martinezekin obra berria prestatzen. Geratzen zaion denboran Bilboko Zazpi Kaleetan errodatuko den telesail berri baten gidoiak koordinatzen ditu eta, oraindik astirik badu, pianoa jotzen du.
Komedia = tragedia + denbora
“Ez da definizio txarra. Gainera, tragedia eta komedia normalean nahastuta ematen dira, bizitzan ere nahastu egiten direlako. Definizio hori oso nabarmena da bikoteen banaketetan. Momentuan tragedia da eta, askotan, denborarekin, komedia bilakatzen da. Badago anekdota bat: 2001eko irailaren 11n Dario Foren Muerte accidental de un anarquista obra estreinatzen zuen Aitor Mazok Donostian, eta bazeukan halako esaldi bat: ‘Mundu kapitalista erraietaraino usteldua dago, eta behera bota behar da’. Bera gertatu zenaren jakitun zen, eta ikusle guztiak txundituta zeuden bi ordu lehenago ikusitako irudiekin. Esaldi hori esan zuenean isiltasuna jabetu zen aretoaz. Baina gauzak zer diren: hurrengo egunean ez zen erreakzio bera izan”.
AZKEN HITZA
Zinemaldia
“Beste ikusle bat gehiago naiz, ez da nire kontua. Egia esan, grazia handia egiten dit Donostiako jaialdian glamourrari ematen zaion garrantziak. Garrantzitsua izango da jendea erakartzeko, baina uste dut batzuetan pasa egiten garela. Azaleko informazioak maiz lerro gehiago betetzen ditu edukiak baino”.

Azkenak
Epaileak Cerdán espetxera bidali du behin-behinean

Fiskaltzak Santos Cerdán PSOEko antolakuntza idazkari ohi nafarrari fidantzarik gabeko behin-behineko espetxeratzea eskatu dio astelehen goizean, eta ordu batzuetara, epaileak Cerdán espetxeratzea erabaki du. Cerdánek epailearen aurrean esan du legez kanpoko ezer... [+]


Trantsizio energetikoa deseraikitzen

Manuel Casal Lodeiro (Barakaldo, 1970) informatikaria eta gai energetiko eta ekosozialen inguruko aktibista eta dibulgatzailea da. Besteak beste, 15/15/15 aldizkari eleanitza eta Galiziako Instituto Resiliencia koordinatzen ditu, eta Véspera de Nada por unha Galiza sen... [+]


Seaskak bigarren lizeo bat irekiko du 2027ko irailean, Donapaleun

Kanbon egin duten urteko biltzar nagusian ontzat jo dute lizeo berriaren garapenari buruzko txostena. Donapaleuko ikastolaren ondoan egongo da, eta hasiera batean 180 ikasle hartu ahal izango ditu, Seaskako arduradunen arabera. Lizeo berriaz gain, urteko biltzarrean azken... [+]


Bizitza arriskuan jarri behar dute palestinarrek Gazako elikagai banaketa guneetan

Laguntza humanitarioa banatzen duten puntuetan 50 palet inguru jartzen dituzte. Bertara elikagaien bila joaten direnek ahal dutena hartzen dute israeldar eta AEBko mertzenarioen erasoen artean.


Harrotasunez bete dituzte Euskal Herriko hiriburuetako kaleak, E28ko manifestazioetan

LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat kolektibok deituta sexu askapena eta harrotasuna aldarrikatu dituzte larunbatean Euskal Herriko hiriburuetan eginiko manifestazioetan. Loratuz Lotu, Anitzak, Lumagorri eta Sumin Trans taldeek jaso dute Ehgamek... [+]


Rosa Zarraren familiak Atutxari eskatu dio “barkamena eskatzeko aukera” ez galtzeko

Rosa Zarraren hilketaren 30. urteurrena da ekainaren 30ean. Ekainaren 29an, biolentzia polizialaren biktimaren omenaldian, hainbat eskakizun egin zituen Egiari Zor fundazioak. Zarraren familiak Juan Mari Atutxa Segurtasun sailburu ohiari barkamena eskatzea galdegin dio.


2025-06-30 | Behe Banda
Madril A, Madril B

Bécquer no era idiota ni Machado un ganapán… Hogeita hamabost gradutan eta Gabinete Caligari-ren Camino Soria entzunez igaro dut bidaiaren gehiengoa, errepide ertzean noizbehinka agertzen diren zezen beltz erraldoiei agur eginez. Laugarren orduan sartzear,... [+]


Irantzu Mugeta hil da, gerra zikinak kolpatutako antifaxismoaren sinboloa

Bere konpromiso politikoagatik eta unibertsitatean zuen militantziagatik, eskuin muturreko taldeen hainbat eraso pairatu zituen 1987 eta 1988 urteetan. Hemezortzi urterekin pairatu zuen lehen erasoa, Bilboko Santutxu auzoan bizi zen eraikineko igogailuan; geroztik, hiru eraso... [+]


Tentsioa eta liskarra Gasteizko Udaleko osoko bilkuran, herritarrek PPko zinegotzi Antépararen negozioak salatzean

Ekainaren 20ko osoko bilkuran, herritarren txanda baliatuta, hitza hartu zuen Auzoan Bizi etxebizitza sareak, gasteiztar guztiei errolda eskubidea bermatzea aldarrikatzeko. Etxebizitza sareko kideek PPko zinegotzi Gustavo Antépararen negozioak ere salatu zituzten, eta... [+]


San Martzial eguna, Irungo Udalak elikaturiko marmotaren eguna

Irungo udal gobernua ez da gai izan 29 urte luzetan alardeari lotutako gatazka konpontzeko… ez duelako nahi izan, beste alde batera begiratu duelako, alarde baztertzailea babestea aukeratu duelako, ausardia politiko falta eta arduragabekeria instituzional itzela erakutsi... [+]


2025-06-30 | Garazi Zabaleta
Oiartzun Burujabe
Auzolan praktikak herriko nekazari eta abeltzainekin

Burujabetzan sakontzeko egitasmoa da Oiartzun Burujabe proiektua, udalaren, herriko ehun ekonomikoaren eta herritarren artean bultzatu dutena. “Oiartzungo herritarrek bertako baliabideak eta produktuak, bertan ekoizten dena erabiltzea bultzatu nahi dugu, kanpoko... [+]


2025-06-30 | Jakoba Errekondo
Zelai gorrietako gorbela eta patata

Belazea gorri azaltzen zen, egun batetik bestera. Gorri-gorri, gorri bizi urrutitik ikusgarri. Gorbela zen, itsas-belarra edo alga. Nekazariak itsas bazterretik bildu eta lehortzeko belazean zabaltzen zuena. Gorbel arrea eta gorbel gorria izaten ziren eta gu bezalako... [+]


2025-06-30 | Nagore Zaldua
Itsaso bat zahagi gardenetan

Aszidiak tunikadun modura ere ezagutzen diren itsas ornogabeak dira. Munduko ozeano guztietan dauden animalia iragazle sesilak dira: bizitzaren zatirik handiena azalera solidoetara –arroka, maskor edo egitura artifizialetara– finkatuta emango dute, ura etengabe... [+]


Oporretako plana

Ostirala da, bero handia egin du gaur ere. Baserriko lanak bukatu ditugu, belarretan egin dugu. Nekatuta, izerditan, berotuta, baina pozik! Denon artean lortu dugu, denok bat ekinda lana hobeto egiten da.


Eguneraketa berriak daude