Legearen ostikadak kale gorrian utzi ditu

  • Etxebizitza eta hipoteka garestitzeak kaltetu garbi batzuk ditu: aita bananduak. Dibortzio lege bidegabearen ondorioz, gizon gehientsuenek etxetik alde egin behar dute, baina hipotekaren %50a eta seme-alaben mantenu-pentsioa ordaintzen jarraitu. Ekonomikoki xahututa, goizetik gauera aterperik gabe ikusten dute euren burua, eta askotan, etorkizun handiegirik gabe.
Aita bananduak
Aita bananduakLander Arbelaitz
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Jesus Celada 47 urteko donostiarra 2002an banandu zen eta etxea emazteari eta bien semeari utzi behar izan zien. Gurasorik gabe –gazte zenean hil zitzaizkion–, pisu partekatuak, udal aterpea, bere argazkilaritza-estudioa, Emausen egoitza… izan ditu bizitoki ordutik. Egoera ekonomiko gogorrak eraginda edanari eman zion eta Gizakia Helburun dago orain, azken fasean.

Edanaren erruz hiru urte daramatza 10 urteko semea ikusi gabe –telefonoz hitz egiten dute–, baina lehenbailehen errehabilitazioa amaitu, haurraren bisita-erregimena berreskuratu eta pisu sozial batean sartu ahal izatea du amets: “Etxebizitza duin bat eskatzen dut, nire haurra bertara eraman ahal izateko, leku bat izan dezan aitarekin behar bezala egoteko”.

Muturreko kasua dirudien arren, halako egoerak eta dramatikoagoak ohikoak dira gizonezko bananduetan. “Bat-batean eskutitz bat jasotzen duzu hamabost egunetan zure etxetik alde egin behar duzula esanez, dibortzio legeak beti emakumearen alde egiten duelako, eta kale gorrian ikusten duzu zure burua. Nik negozio bat nuen, ekonomikoki ongi bizi nintzen, eroso… eta begira iezadazu orain. Hau inpotentzia!”, dio Celadak.

Bikotea banandu edo dibortziatu egiten denean, hitzarmen bat adosten da eta horretan etxebizitza eta seme-alaben inguruko akordiorik lortu ezean –eta gehienetan ez da adostasunik izaten–, zaintza ia automatikoki amari ematen zaio Espainiako Estatuan. Adin txikikoaren zaintza ez duen pertsonak etxetik joan behar du eta haurraren mantenu-pentsioa ordaindu: bere soldataren %25 inguru lehenengo haurrarengatik eta portzentualki besteengatik, kontuan hartuz seme-alabek 24, 25 edo urte gehiago bete arte ez dutela agian independentzia lortuko. Gainera, dibortziatuen profila 27 urtetik 40ra bitartekoa izanik normalean hipotekatuta egon ohi direnez, gizonezkoak bota duten etxeko hipotekaren %50a ordaintzen jarraitu behar du.

Ondorioa? Bizirauteko zailtasun handiak. Adibide bat jartzearren, 1.200 euroko soldatarekin, seme edo alaba bakarra duen aita bananduak 300 euro ordaindu beharko lituzke mantenurako eta beste 500 euro 1.000 euroko hipotekari aurre egiteko. Hilean 400 euro baino ez litzaizkioke geratuko bizitzeko eta etxebizitza duin bat eskuratzeko. Kasu askotan, familiarren baten aterpea bilatu ohi du eta ahal duena pisu partekatura joaten da ondoren. Pisu sozial, aterpetxe, egokitutako garaje edo pentsioetara jotzen du hainbatek, campinga bera ere, garai batean alternatiba zen arren, garestiegia delako egun. Kasurik krudelenetan, autoan lo egiten bukatzen dute. Caritas erakundeak aditzera eman duenez, halako egoera jasan duten gizonezko bat baino gehiago dago gaur egun ate joka dituzten eskaleen artean.

Kidetza EAEko Aita eta Ama Bananduen Federazioko presidentea da Justo Saenz. Bere hitzetan, hausturarekin pertsona batzuek dena galtzen dute eta adinaren arabera ez dakite euren bizitzarekin zer egin: “Lehengoan 70 urteko gizon bat iritsi zitzaigun elkartera, maletatxoarekin, etxetik bota zutela eta nora joanik ez zuela. Bere buruaz beste egingo zuela errepikatzen zuen behin eta berriz, baina lortu genuen instituzio sozialen bitartez nolabait aurrera ateratzea. Pertsona horrek gurea bezalako elkarterik aurkitu ez balu, auskalo nola bukatuko zukeen…”.

Arazo serioa dela dio Saenzek: batetik, dibortzioak geroz eta ugariagoak direnez, egoera geroz eta ohikoagoa da. Urtean 5.400 dibortzio inguru jazotzen dira EAEn eta gehienetan gaizki bukatzen da harremana –banaketaren lehen arrazoia infidelitatea da eta bigarrena apatia–. Bestetik, pertsona bananduaren eboluzioa zaila da: “Hots, gazteek etxebizitza erosteko arazoa izan dezakete, baina euren egoerak hobera egin ohi du, bizitzarako proiektua dute eta adinarekin handitzen doan ahalmen ekonomikoa.

Bananduaren kasuan aldiz, orainari lotutako proiektua dauka, eta jasateko gauza ez bada, gainbehera joan daiteke. Ekonomikoki ezin du biziraun, pentsioa ordaintzeari utz diezaioke, seme-alabekin duen harremana galdu…”.

“Aita-txekeak” eta seme-alaben etxe eskubidea

Adin txikikoen eskubidea bermatu nahi du dibortzio legeak. Horregatik, etxebizitza amaren esku uzten da seme-alaben onerako, honek etxebizitza duina izan dezan, baina ez da kontuan hartzen haurrak urtean gutxi gorabehera 126 egun pasatzen dituela bisita-erregimena duen aitarekin, eta aitak ez badu bizileku duinik, haurrak ez dauka non egon aitarekin. Nora eraman seme-alabak, campingera? Pisu partekatura? Pentsiora?...

Halaber, seme-alaben mantenua guraso biek ordaintzen dute, baina amak haurra zaintzen ematen duen denbora ekarpena den bitartean, aitaren ekarpena dirutan baino ez da kontabilizatzen. Saenzen esanetan, “hori epai matxista da, gizonezkoak orain gehiago inplikatzen dira haurren zaintzan, baina ‘aita-txeke’ bihurtzen ditu legeak, ordaintzea beste helbururik gabe. Ama berriz, bera bakarrik seme-alabak zaintzera kondenatua dagoela dirudi eta bizitza asko mugatu diezaioke horrek”.

Fran Pintadok bi urte daramatza bananduta eta bi seme-alaba dauzka, 11 eta 6 urtekoak. “‘Aita-txekeak’ edo ‘aita-kanguruak’ gara eta azkenean gaizki hezten ditugu, eurekin asteburuan baino ez gaudenez konpentsatzen saiatzen garelako. Gehiegi mimatzen badituzu burutik behera kaka egiten dizute eta errieta gehiegi egiten badiezu berriz, galdu egiten dituzu, erraza dute amarekin bueltatzea”. 37 urteko errenteriar honek oraindik ez du etxebizitza independenterik lortu: hasieran anaiak hartu zuen berean eta duela hilabete batzuetatik neska-lagunarekin bizi da, azken honen etxean. Hezurretako gaitz baten erruz bajan egon da denbora luzez eta orain enpresatik bota dute, ezin duelako lanik egin. Ondorioz, pentsioa eta hipoteka ordaintzeko arazoak ditu. “Ahalmen ekonomikoa gutxitzean, helegitea aurkez daiteke haurraren mantenua gutxitzeko eskatuz, baina helegitea jartzea azkenean garestiago ateratzen zaizu mantenutik kenduko dizuten portzentajea baino”.

Legea oztopo

Legeak gizonezkoa diskriminatzen duela kritikatu du Pintadok. Bere kasuan, emazteak adarrak ipini zizkion eta dibortzioa horrek eragin arren, Pintadok utzi behar izan zuen etxea. Hasieran, seme-alabek asteburua berarekin pasatzen zutenean, gauez amak jaso behar zituen, aitarekin non lo egin ez zutelako, eta haurren bila ez joateagatik salaketa pare bat jarri zizkion errenteriarrak emazte ohiari. “Salaketa aurrera atera izan balitz 20 euro baino ez zituen ordaindu behar izango, eta alderantziz izan balitz, ziurrenik aldentze-agindu bat izango nukeen, edo seme-alabak ez ikusteko aginduren bat”.

Zaintza partekaturik gabe, aita haur gabekotzat hartzen da babes ofizialeko etxebizitza edo laguntzaren bat eskatzeko garaian. “Legeak dio urtean 126 egun inguru egon behar dutela seme-alabek aitarekin, gainera mantenua pasatzen du, baina gizarte zerbitzuetara joan eta laguntza bat eskatuz gero, ez dauka lehentasunik, haurrik izango ez balu bezala”, azaldu du Saenzek. Are gehiago, etxebizitza salduz gero, berau okupatzen duenak (amak) ez du Ogasunean zergarik ordaindu behar, bere etxebizitza saldu du, baina beste zatiak, alokairuan edo gurasoen etxean egon arren, Ogasunari %30eko zerga ordaindu behar dio, “bigarren etxebizitza” duelako, ez baita bertan bizi. “Izugarrizko bidegabekeri konparatiboa da eta Foru Aldundiko Ogasunari gure kexa adierazi diogu, baina oraingoz ez dute ezer egin”, salatu du Kidetzako presidenteak.

Etxebizitzarena ere arazoa da laguntzak eskatzeko garaian: nonbait erroldatuta egotea beharrezkoa da, eta pentsioan edo autoan bizi denak zail dauka. Pintadok 14 urte eman zituen Errenterian, baina anaiaren etxera Pasaiara aldatu zenean, han erroldatu behar izan zuen. Bada bai Pasaiako Udalak –denbora nahikoa ez eramateagatik– eta bai Errenteriakoak –errolda galtzeagatik– laguntzarako eskubidea ukatu zioten.

Salaketa faltsuak

Horretaz gain, tratu txarren gaia hain larria izanik ere, hainbatek salaketa faltsuak jartzen dituztela adierazi du Justo Saenzek, etxea eta zaintza errazago lortzeko edo senarra gaztigatzeko. Espainiako Estatuko Justizia ministroaren arabera, 2007an tratu txarrei buruzko 3.500 salaketa faltsu inguru egon ziren. Saenzen hitzetan, “neurriak hartu behar dira salaketa horiek aurretik aztertzeko, zuzenean ertzaina bidali gabe. Legeak dio emakumearen hitza froga dela eta automatikoki kondenatu egiten zaituzte. Gau bat edo bi giltzapetuta emango dituzu, etxetik eta seme-alabengandik urrun, horrek uzten duen estigmarekin”. Azkenean, kaltetuta ateratzen direnak benetan tratu txarrak jasaten dituztenak dira.

Gezurra direla frogatuta ere, ofizioz ez dira salaketa faltsuak pertsegitzen, artxibatu baino ez dira egiten eta zigorrik ez dagoenez, iruzurrera tentatuta egon daiteke hainbat. Saenzek gertutik ezagutzen ditu halakoak, emazte ohiak tratu txarren inguruko salaketa ipini baitzion duela urte batzuk: “Haurra zegoen eskolatik ateratzea eta nigandik urruntzea lortu zuen horrekin. Epaiketa baino egun bat lehenago, salaketa faltsua kendu eta ez zuen zigorrik jaso; niri aldiz, izugarri kostatu zait nire semearekin harremana berreskuratzea”.

Noski, aitaren egoeraz ari garen arren, ez dugu ahaztu behar amarena ere ez dela erraza: seme-alabaren kargu egin behar du eta ekonomikoki kaltetuta ateratzen da –gainera, aitak arazo ekonomikoak baditu, haurraren pentsioa jasotzeari utzi diezaioke–. Kidetzak egindako inkesta baten arabera, emakumeek beraiek ez dute pisuan geratu nahi, denarekin apurtu nahi dute, baina etorkizunik gabe ikusten dute euren burua; nora joan? Dibortzioak ekonomikoki bi aldeak kaltetzen ditu eta bakoitzak bere ongizatea bilatzen du. Saenzen ustez, babes ofizialeko edo alokairu sozialeko etxebizitzen aukera emango baliete, gatazka gutxiago egongo lirateke, baina legea ez dago egungo errealitatera egokitua.

Ondasun-likidazioa eta etxebizitza alternatibak soluzio

Ipar Euskal Herrian legea egokiagoa da, Frantziako Estatuko ereduak etxebizitzaren afera errazten baitu. Hots, bikoteak segituan derrigortzen dituzte bitartekaritza familiarrera joatera, akordioa bultzatzeko, lortu ezean epaileak automatikoki zaintza partekatua emango die oro har eta etxebizitzaren inguruan inongo adostasunik ez badute, berehala saltzera behartuko ditu, ondasun-likidazioa egitera, alegia. Zaintza partekatua duten Europako beste herrialdeetan ere –eta hori da ohikoena– eredu bera jarraitzen da. Azken finean, bi aldeentzako bidezkoena dirudi, legearen aurrean behintzat berdindu egiten baititu. Espainiako Estatuan ordea, zaintza partekatua oso arraroa da eta ondorioz, baita ondasun-likidazioa ere. Gainera, etxebizitza sistema desberdina da atzerrian: jende asko alokairuan bizi da, Estatua promotore handia da eta etxebizitzarekin espekulatzea ez da normala.

Haatik, Kataluniako Generalitatea prestatzen ari den lege erreformaren arabera epaileak zaintza partekatuari eman beharko dio lehentasuna, bikotekideen adostasuna ez dagoen kasuetan. EAE eta Nafarroako administrazioek ere arlo hau arautzeko eskumena dute, baina ez da oraingoz halakorik eman. Beraz, Kidetzan lehentasuna ematen diote alokairu sozialeko eta babes ofizialeko etxebizitza gehiago eraikitzeari. Presidenteak ez du ondo ikusten egungo sistema: “Ez dago apenas pisu sozialik eta baldintzak betetzen ez dituen jende askok etxea lortzen du, banandu edo dibortziatuei dagokien kupoa baztertuz. Gainera, Donostiako Intxaurrondo auzoan adibidez, iaz pisuen %60 bete gabe geratu ziren”. Denaren gainetik, aldeen arteko akordioa lortzea da soluziorik onena eta bitartekaritza familiarra garrantzitsua da gatazka saihesteko.

Administrazioak ez duela esku hartzen ere kritikatu du Saenzek. Eusko Jaurlaritzatik hainbat keinu baikor jaso dituztela dio, eta Espainiako Etxebizitza Ministerioa aztertzen ari da gazteei zuzenduriko alokairurako 210 euroko hileroko laguntza bananduei ere ematea, baina oro har “adabakiak jartzen dira gure aldarrikapenen arabera. Udalek arrazoia ematen digute, baina ekintzetara pasatzeko garaian ez dute etxebizitza arloan duten eskumena baliatzen. Kontua da politikariak oso harroak direla eta diote: dibortzioaren legearekin bi urte baino ez daramatzagu eta guztien adostasunarekin onartu genuen; nola aldatuko dugu hain goiz?”.

Aldaketarik ezean, ordea, eta dibortzioak goraka doazela kontuan hartuz, gain hartuko digun arazo sozial larria aurreikusten du Saenzek, bere ustez Administrazioak oraindik ez baititu arretaz aztertu banaketek ekarriko dituzten benetako ondorioak. Jesus Celada eta Fran Pintado dira ondorio horiek jasan dituztenetako bi eta etorkizuna ilun ikusten dute, baina iparra galdu gabe borrokan jarraitzeko ilusioarekin. “Lana, etxea eta nire semea berreskuratzea dut erronka, beraz badut zereginik aurretik”, diosku Celadak.

Bikote askok ere bidegurutzean ikusten dute euren burua harremanak hausterakoan. Malda psikologiko, emozional eta ekonomiko hori gainditzeko, bidetik kendu beharreko harri asko dago oraindik.
Justo Saenz, Kidetzako presidentea
“Gizonezkoak ‘aita-txeke’ bihurtzen ditu legeak, ordaintzea beste helbururik gabe. Ama berriz, bera bakarrik seme-alabak zaintzera kondenatua dagoela dirudi”.
Jesus Celada, sei urte bananduta
“Pisu sozial bat eskuratzea dut amets. Etxebizitza duin bat eskatzen dut, nire haurra bertara eraman ahal izateko, leku bat izan dezan aitarekin behar bezala egoteko”.
Fran Pintado, bi urte bananduta
“Emazte ohiari jarri nion salaketagatik 20 euro baino ez zituen ordaindu. Alderantziz izan balitz, aldentze-agindua izango nukeen, edo seme-alabak ez ikusteko agindua”.
Campinga, higiezinen agentziak eta bankuak
Duela urte batzuk, ohiko bihurtu zen nora joan ez zeukaten aita bananduek campingaren hautua egitea; are gehiago, camping batzuk “dibortziatuen campinga” izenarekin ezagutzen ditu oraindik jendeak. Egun, ordea, bestelakoa da egoera: mobil home direlakoen prezioa asko igo da eta beste bezero mota bat nahiago dute campingetako arduradunek –ordaintzeko arazoak izan ditzakeen sektorea da aita bananduena–. Roulottea erosi eta bertan bizi den dibortziaturik baden arren, kasu isolatuak dira, campingean hilero 500-600 euro ordaintzea baino merkeago ateratzen baita pisu partekatua. “Eta gainera, ez da soluzioa; ez zait iruditzen bizitzeko modu duina denik, ezta haurra eramateko lekua ere”, azpimarratu du Jesus Celadak.

Babesturik ez dagoen etxebizitza erosi edo alokatzea ere garestiegi ateratzen zaio soldataren portzentaje txiki batekin bizi behar duenari. Hala ere, urrats hori eman dezakeenak logela bakarreko minipisuetara jotzen du, higiezinen agentzietako datuen arabera. Banku batzuk ere hasi dira sektore honen eskari berrietara egokitzen eta banandu eta dibortziatuei zuzendutako mailegu eta hipoteka bereziak atera dituzte, BBK-k eta Nafarroako Kutxak kasu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Jaizkibel konpainiak gutuna eman dio alkateari, desfilean: “Estrategia aldatzeko garaia dela adierazi diogu”

Jaizkibel konpainia berdinzaleak bi ekintza berezi egin ditu Hondarribiko alardearen egun honetan. Batetik, urte luzez ukatu zaion eta Alarde Tradizionalak baino erabili ez duen espazio oso sinbolikoa bere egin du; bestetik, gutuna eman diote alkateari, mahai gainean bestelako... [+]


Enpatia garaia

Ekofeminismoak bizitza nondik eta nola baloratzen duen, ikuspegi konplexuagoa eraikitzeko proposamena dakart. Desazkundearen inguruko ekofeminismoa eta antiespezismoa ezagutzearen ondorio dira datozen lerroak; landa eremuan jaio eta hirigunean bizitzeak dakartzan ikuspegiekin;... [+]


Asimilazioaren kontrako topagune izanen da Izpegi irailaren 19 eta 20an

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan

Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.


Pantailen gehiegizko erabilera, desinformazioa eta indarkeria praktikak identifikatu ditu adingabeen artean Macsonrisas-ek

Ikasleek pantailekin duten harremana aztertu eta "Heziketa digitala LH eta DBH" izeneko txostenean jaso dituzte ondorioak Macsonrisas-eko kideek.


Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeei eraso egin diete Errioxako Cervera herrian

Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]


2025-09-05 | Gedar
Gaztetxea lortu dute Etxaurin

"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".


“Hondarribiko alardearen bi aldeak parez pare jartzea da zilegitasun bera ematea zapaltzaileari eta zapalduari”

Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]


Gipuzkoako Aldundiko zaintzaileek ez dute euskara jakin beharrik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera

Donostiako epaitegi batek aurretik emandako epaia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. ELAk eta LABek mobilizazioa antolatu dute ostiralerako, eta Euskalgintzaren Kontseiluak bat egin du.


2025-09-04 | Aitor Aspuru Saez
Sara Fantova
“Ez dugu film feminista edo bolleroa egin nahi izan, baina gure esperientzia hori da eta islatu dugu”

Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan filma zinema aretoetara helduko da irailaren 12an. Pelikula komunitarioa sortu du Kaskagorri eta Kranba konpartsekin, Bilboko Aste Nagusian girotuta baitago amodioa, jaia, gaixotasuna eta zaintza ardatz dituen istorioa.


2025-09-04 | El Salto
Genoako portuko zamaketariek Israelerako bidalketak blokeatuko dituzte, sionistek elkartasun ontzidiari eraso eginez gero

2010ean "Mavi Marmara" itsasontzia abiatu zenetik, Palestinarekiko elkartasun itsas operaziorik handiena osatzen du Global Sumud Flotillak. Israelgo Gobernuak terroristatzat jo ditu nazioarteko ekintzaileak.


Errepublika kartzeleroak

Guatemala da. baina izan zitekeen El Salvador edo Honduras. Erdialdeko Amerikako kaleak husten ari dira, segurtasunaren eta herrialdearen garapenaren izenean, eta kartzelak bete. Munduan, proportzioan, preso gehien dituzten herrialdeen artean daude. Baina ziegetan ez daude... [+]


2025-09-03 | ARGIA
Baionako Atalante zinema-ohia jarduera politiko eta kulturalerako okupatu du Kontseilu Sozialistak

Baionako Herriko Etxearen jabetzapean, eraikinak bost urte daramatza hutsik, eta espazio hori hartu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, “elkartzeko, kolektiboki pentsatzeko eta borrokak antolatzeko”.


Eguneraketa berriak daude