1968ko maiatza Parisen

Harrien azpian politika

  • Esperantzaren udaberria izan zen, desilusioaren negua. Dena zegoen aurretik, guztia atzean geratua zen. Hasiera izan zen eta amaiera aldi berean. U urtea izan zen, H hilabetea. 1968ko maiatza Parisen. Tapoiak hegan egin zuen eta botilak askatasuna isuri. Gero trago garratzagoak etorriko ziren eta galdera bat: mozkorraldi hartatik zerbait geratu al zaigu?
Gorka Bereziartua Mitxelena @boligorria
2008ko apirilaren 20a
1968ko maiatza
1968ko maiatza
Telebistak Jimmy Hendrixen gitarra gogoratzen du, hippyak, Vietnam, sexua, drogak eta ikasle zoro batzuk poliziari harri tiraka. Irudi batzuk, estetika eta ganbara bete nostalgia; kontrolatua, hori bai. Pragako tankeen urtea izan zen, Mexikoko Tlatelolco-ko ikasleen hilketarena. Tommie Smithek eta John Carlosek Joko Olinpikoetako podiumean ukabila altxa zuten AEBetako beltzen eskubideen alde, Martin Luther King hil zuten, ultraeskuindar batek Rudi Dutschke-ri hiru bala sartu zizkion buruan Alemania demokratikoan. 1968 ugari izan ziren, baina bakarrak du mitoaren oihartzuna mende honetako lehen hamarkadan. Berrogei urteren buruan Parisko maiatza oraindik joan-etorri handiko kontua da beren burua ezkerreko eta aurrerakoitzat dutenentzat. Eskuinarentzat –Frantziakoarentzat batez ere–, gainetik kendu ezin duen fantasma. 2007ko apirilaren 29an, bozen aurreko diskurtso batean Nicolas Sarkozyk 68ko “espiritu, jarrera eta ideiak” alboratzearen alde egin zuen, “morala, autoritatea, lana eta nazioa”-rekin berriz politika egiten hasteko.

Hainbesteko kaltea egin al zuten ba lau ikasle zorok? Ala hilabetez Paris eta Frantziako Estatua geldiarazi eta mundu osoa eurei begira jarri zutenak hogeitaka urteko utopiko batzuk baino gehiago ziren? Urte nahasi samarra izan zelako izango da akaso; seguruago, gertakariek boterearentzat arriskutsua zen aurrekaria ekarri zutelako. Atzera begira jarrita gutxi aipatzen da udaberriko erreboltak izan zuen indar politikoa. Belaunaldien arteko talkaz hitz egiten dute telebistako dokumentalek, “debekatua dago debekatzea” bezalako esloganak erakusten dituzte. Gutxi –ia ezer ez– fabrikak hartu zituzten langileez, alderdi politikoak eta sindikatuak buruz gain pasa zituzten asanbladez, Charles de Gaullek sua itzaltzeko sentitu zuen beharraz, hauteskundeak aurreratuz.

Nanterreko sua nola zabaldu zen

Historia kontatu nahi duenak artaziak erabili behar ditu ezinbestean. Zail dago ordea ebakia non egin asmatzen, orain dela lau hamarkadako matxinadaren hasiera aurkitzeko. Lehenengo guraizearen ahoa 1964an sartuko dugu, urrian. Orduan zabaldu zuten unibertsitateko fakultatea Nanterren (Franzia). Hirigunetik kanpo, txabola-auzoa zuen inguruan, zerikusi gutxi aberaskumeen unibertsitate perfumatuekin. Ezkerreko talde ugari aritu ziren lanean hasieratik, baina lau nagusitu ziren 1967ko ikasturte hasierarako: LEA (anarkistak), JCR (trotskistak), UJCml (maoistak) eta CLER (trotskistak hauek ere, baina Pierre Boussel-en ildokoak). Dena dela, korronteen gainetik ikasleen artean sortu zen klimak izan zuen garrantzia Nanterren. Gaizki komunikatuta, garraiobide egokirik gabe, unibertsitate-hirian bizi ziren ikasleen artean harreman bereziak sortu ziren, ohiko antolamendu politikoen gainetik pasa zirenak. Martxoaren 22ko mugimendua da horren adierazle.

Jean-Pierre Duteuil-ek mugimendu horren sorreran parte hartu zuen; gerora zalaparta handia sortu zuen ikasle taldeak 142 gazte baino ez zituen bildu martxoaren 22an, unibertsitateko eraikin administratiboa okupatu zutenean. Duteuilek duela hogei urte plazaratu zuen Nanterre 65-66-67-68. Vers le mouvement du 22 mars (Editions Acratie) liburuan kontatu zituen mugimenduaren hastapenak –bide batez, manual interesgarria da ikasle mugimenduaren bazterrak ongi nahasten ikasi nahi duen edonorentzat–. Berrogeigarren urteurrenarekin batera, laster aterako du labetik Mai 68, Un mouvement politique liburua.

La Bussière-ko (Frantzia) bere etxean eseri, liburu berriaz galdetu eta bere eduki nagusia laburbildu du: hedabideek eta intelektual frantsesek erabat distortsionatu dute 68ko mugimenduak izan zuen izaera. “Ikuspuntu kulturala ematen dute huts-hutsean. Eta aspektu horretatik atera egin dute urte hartatik aurrera gertatu zena: emakumeen borroka, antisorgailuen aldekoa, irakaskuntza... Horiek borroka sozialaren testuinguru orokorretik atera dituzte. Horrek eragin du orain esan ahal izatea 68koa egin zuten gazteak exekutibo bihurtu direla”. Etxe xume bateko sukaldean eserita, liburuz inguratuta, ziurtatu dezakegu Duteuil ez dela topiko horretan kabitzen.

Hizketan jarraitu du, eta aipatu dituen maiatzeko zenbakiak ez dira ohiko bertsioarekin egokitzen: zortzi milioi grebalari. Nondik atera ziren? Duela berrogei urteko gertakarien memorietan hutsune nabarmena dagoela uste du Duteuilek; langileak ez dituela inork aipatzen. Eurak izan ziren herrialdea geldiarazi zutenak, ez zen kalea hartzeko adina jende egongo ikasleak bakarrik matxinatu izan balira. Eta hala ere belaunaldien arteko talka izan zela azpimarratzen da etengabe. “Freudismoa da, AEBetatik pasea, sinplifikatu eta xehetua: noski, izan zen gazteen errebolta egitura errepresiboen kontra, baina 68 aurreko egitura horiek ez ziren horrelakoak gurasoen erruz”. Mobilizazioetan ikasleak gutxiengoa ziren Duteuilen esanetan.

Foku handiak Nanterreko gelak argitu zituen aurrena eta Parisko kaleak ondoren. Baina aurretik ere izan zen zer kontatua. Duteuilek ez du uste beraiek ezer hasi zutenik, Frantzian 66an eta 67an ere langileek istiluak eragin baitzituzten; grebak izan ziren fabrika handietan, manifestazioak... Martxoaren 22ko mugimendua sortzeak eztanda eragin zuen, gazte asko politizatu zituen, pentsarazi egin zien, martxan jarri. Baina dena Nanterren hasi zela esatea anekdota txikiari erreparatzea izango litzateke bere aburuz. Testuingurua ez da behin ere ahaztu behar.

Gerraren ondorioekin hazi zen belaunaldia

Patxi Apalategik bere Donostiako etxean kontatu digu nola iritsi zen Parisera 1967an. Bost urtez bizi izan zen han, soziologia eta filosofia ikasten. Frantziako hiriburuan ordurako baziren euskaldun errefuxiatuak. Zer zen hura. Garai hartan Parisko harrien gainean ibiltzea Mendebaldeko gurpilaren ardatzean egotea zen. Orduan eta han gertatutakoa ez da kasualitatea Apalategiren ustez, globalizazio aurreko munduan Frantziak zuen garrantzia ikusita. 68ko maiatzaren abiapuntuaren bila bigarren aldiz ebakiko dugu historia guraizez, oraingoan 1945ean, II. Mundu Gerraren amaieran alegia. Gerra hark eragin nabarmena izan zuen, baita bizi izan ez zuen belaunaldiarengan ere.

Parisko maiatza gizarte zibilaren errebolta izan zela uste dutenetakoa da Apalategi. “Ez zeukan iraultza izateko aukerarik, baina lortu zuen gizartean aldaketa sakona egitea”. Unibertsitateko ikasleak 1940-50eko hamarkadetan jaioak zirela azpimarratu du, gerraren gordina ezagutu gabeak; baina mundua oraindik bonba, herio eta miseriaren arrastoa gainetik kendu gabe zegoen. Boterearen erreferentziak militarrak ziren oraindik, gerra galdu zuten herrialdeak (Alemania, Japonia) hazkunde betean, Erresuma Batua neokolonialismoarekin entseatzen Commonwealth-arekin, AEBak indar nagusi bihurtuta...

Eta Frantzian? Aljeriakoa konponduta, Vietnamdik irtenda, hazkundea bazegoen, baina etekin gutxi iristen zen herritarrengana, Apalategiren ustez. “Protesta bere egunerokoarekin lotzen hasi zen jendea, eta noski, langileria eta negozioaren etekinetatik parterik jasotzen ez zuen gizartearen gehiengoak bat egin zuen”. Erreferentzia militarrak goitik behera botatzea eragin zuen 68ko maiatzak, bai Mendebaldeko herrialdeetan, baita Ekialdekoetan ere.

Francoren diktadurapeko Hegoaldetik Parisera joandako gaztea izaki, protesta giroak kontraesanen bat ere sortu zion Apalategiri. Manifestazioetan De Gaullengatik ‘dix ans, ça suffit’ nola esaten zuten gogoan du. “Gu hori garrasika, hemen Francok 30 urte zeramatzanean!”. Protesta olatua aparretan zen Euskal Herrian ere: Txabi Etxebarrietaren heriotza eta ETAren lehen atentatuak, Aberri Eguna setio egoeran... Orduz geroztik garai hartako gazteen lanketa intelektuala faltan botatzen du. “Euskal Herriak kapital politiko handia zeukan orduan munduaren aurrean, gero ikusi zen Burgosko epaiketarekin: Parisen izan nintzen manifestazioan ehunka mila pertsona zegoen. Baina Franco hil eta demokrazia formala azaldu zenean alderdi politiko abertzaleek ez zuten jakin kapital hori kudeatzen. Eta orduan hasi zen ezkerra pentsamendua pixka bat debekatzen, eta eskuina eskalatzeko antsia handiegiarekin, salbuespenak salbuespen, noski”.

Denak galtzen du kolorea, hemen bezala han. Parisko maiatza sindikatu eta gobernuaren arteko negoziazioarekin eta Grenelle-ko akordioekin itzaltzen hasi zen. Errendizioa? Patxi Apalategik “etsipena” izan zela uste du. “Ez zerbait galdu zelako... ‘Aspertu gaituk, nahikoa diagu’ esan zuten langileek. ‘Hori al da? Ez gaudek konforme baina egunerokoarekin segitu beharra zegok’. Jendea lanean hasi zen eta estudianteak oporretan etorri ginen. Irailerako bukatua zen”.

Bigarren industrializazioaren hondarrak

Bistakoa da testuinguruak garrantzi handia izan zuela 68ko maiatzeko gertakarietan, ezer ez zela hutsetik sortu. Baina galdera bat airean geratzen da berrogei urte beranduago: aro berri baten hasiera izan al zen, ala aro zaharraren azken hatsa? Bigarrenaren alde lerratu da Mikel Urkola. 1966an arribatu zen Parisen filosofia ikasteko; ustekabean harrapatu zuen sortu zen nahasmenak.
Donostiako Lorea auzoko bere etxean izandako solasaldian Urkolak bi testuinguru eman dizkio 68ko maiatzari. Batetik, 60ko hamarkada mugimendu sozialentzat gogoangarria izan zela nabarmendu du, protesta giroa mundu guztira zabaldu zelako; baina bestetik, testuinguru historiko zabalagoa izan zuela uste du: bigarren industrializazioaren amaierarekin batera etorri zen eta faktore hori kontuan hartzekoa da. “Europan 1973an jarri ohi dute aro horren amaiera, baina soziologo batzuek esaten dute Ipar Amerikan 68rako bukatzen hasia zela”. Garrantzitsua da industriaren garapenaren epe horrek ekarritako ezaugarriak ongi ulertu eta lehen industrializaziotik bereiztea. Urkolak aldaketa teknikoak aintzat hartuta ere, aro horrek ekarritako aldaketa sozialak nabarmenagoak izan zirela uste du. Lehen industrializazioan boteredunen klasea gizartearen %1ak osatua zen eta baliabideen erdia zegoen euren esku. 1870etik aurrera ia ehun urtean luzatuko zen bigarren industri iraultzak aldatu egin zuen hori.

Asegurantza soziala, hezkuntza orokortua... aro berriaren adierazgarriak dira Urkolaren esanetan. “Borobil esateko ehun urtean, 1870etik 1970era, demokrazia gehitzen joango da: eskubide sozialak, demokratikoak, sindikatuen indarra, alderdi demokratiko samarrak, feminismoa...”.

Aro horretako azken urteekin batera jazo ziren 68ko gertaera gehienak. Instituzio demokratikoagoak nahi zituztela esplikatu du, progresoan sinesten zutelako. Eskubide sozialen gailurrean zeudela, baina berdintasun osoa ez zegoenez, gehiago galdegiten zutela. Konparazio bat, gauzak nola aldatu diren ikusteko: “Denok etxejabe egin ginen, gaur ezin duzue! Parisen estudiante asko zegoen 18-20 urterekin etxetik alde egiten zuena. Posible zen hiru bat ordu lan eginez, errestaurante batean platerak garbituz-edo, bakoitzak bere bizimodua egin ahal izatea”. Sabaia jo ondoren hasi zen gainbehera. Emaitza ezaguna izan du, hurrengo belaunaldiek bizi izan dute.

Erantzuna baino, galdera dabil haizean: zer geratu zaigu duela berrogei urteko mugimendu hartatik? Hausterreak eta belaunaldi baten memoria baino ez, askoren ustez; antolakuntza politikorako eredu berriak eta botereak ikasitako lezioa, beste batzuentzat. Gizartearen mobilizazioaren gailurra izan zen, inflexio puntu bat. Geroztik emakumeek eskubide gehiago eskuratu dituzte, askatasun sexualak aurrera egin du; langileen soldatak eta lan baldintzak ez dira hobeak; unibertsitatearen eta gizartearen arteko lotura hautsi egin da. Eta AEBek herrialdeak inbaditzen jarraitzen dute. Testuingurua ez da bera, ordea. Erreportaje hau osatzeko elkarrizketatutako hiru pertsonek ikuspuntu diferenteak azaldu dituzten arren, bat etorri dira erantzun batean: gaur egun horrelako zerbait errepikatzea ia ezinezkoa da. Parisko galtzadetako harriak ondo lotu dituzte lurrera, inork jaurti ez ditzan. Gainontzekoa zigarro baten kea da galernaren erdian. Garaia izango da arrazoia, ideiak gastatu dira, ilusioa desegin. Maiatz hura ez zen kasualitatea izan, datozenak ere ez dira izango.
Testigantzak
Jean-Pierre Duteuil

 “68ko ikuspuntu kulturala ematen dute huts-hutsean. Eta aspektu horretatik atera egin dute urte hartatik aurrera gertatu zena: emakumeen borroka, antisorgailuen aldekoa, irakaskuntza... Horiek borroka sozialaren testuinguru orokorretik atera dituzte”.

Patxi Apalategi


“Euskal Herriak kapital politiko handia zeukan orduan munduaren aurrean, gero ikusi zen Burgosko epaiketarekin: Parisen izan nintzen manifestazioan ehunka mila pertsona zegoen. Baina Franco hil eta demokrazia formala azaldu zenean alderdi politiko abertzaleek ez zuten jakin kapital hori kudeatzen”.

Mikel Urkola

“Parisen estudiante asko zegoen 18-20 urterekin etxetik alde egiten zuena. Posible zen hiru bat ordu lan eginez, errestaurante batean platerak garbituz-edo, bakoitzak bere bizimodua egin ahal izatea”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: 68ko Maiatza  |  Frantzia  |  Langile borroka  |  Ikasle mugimendua

68ko Maiatza kanaletik interesatuko zaizu...
Tokioko aireportuari 50 urtez aurre egin dioten baserritar egoskor horiek

Japonian 2020ko Olinpiar Jokoak hasterako estreinatuko ote dute Tokioko Narita aireportuaren hirugarren pista? Agintariek proiektuari ekin eta 50 urte geroago, osatu ezinik segitzen dute beren lurrari eta lanbideari uko egin nahi ez dioten baserritarren erresistentzia dela medio. Jasandako presioengatik edo diru beharragatik amore eman badute gehienek, bakan batzuek eusten diete baratzeei bizirik. Hegazkinez inguratuta aitzurrean, erresilientzian maisu.


2018-05-20 | Bea Salaberri
Orain eta hemen 1968-2018

Egun hauetan, alde guzietatik ateratzen ari dira 1968ko maiatzari buruzko filmak, erreportajeak, garaiko kanten bildumak, “izan balitz eta egin bagenu” moduko mahai inguru surrealistak. Eta saltsa bera zerbitzatuko digute hilabete bukaera arte. Gero kito.  

Tarteka iraganaren melankolia nagusitzen da, lortu ez zen iraultzaren ametsa, esperantza ondar batzuk han-hemenka, hain urruna eta ezina den zerbaiten gisan. Beste batzuetan, sentimentalismoa baino, ezkerrari eta... [+]


2018-05-08 | Euskal Irratiak
68ko maiatzaren eragina Euskal Herrian

50 urte egiten du aurten, maiatzan izan zirela manifestaldiak, grebak eta beste gertakari franko. Emazteen mugimendu azkarra izan zen ere, elkarteak sortu ziren, planning pfamilial delakoa eta ere haurzaindegiak.


2018-05-03 | Euskal Irratiak
68ko maiatza mugimenduak 50 urte

50 urte egiten du aurten, maiatzan izan zirela manifestaldiak, grebak eta beste gertakari franko. Ikasletarik abiaturik fite hedatu zen langileriari; maiatz 68ak markatu zuan garai baten urhentzea, eskuinaren politika bortitza salhatuz, hala nula langabezia azkarra eta hilabete sari apalak ere. 


2018-05-03 | Kristin Ross
Macronek 68ko maiatza ospatzeko ametsa zeukan. Gero blindatuak bidali ditu ZADera

Kristin Ross historialariak ZADari buruz esandakoak jaso ditu Le Nouvel Observateur agerkariko Eric Aeschimann kazetariak, tartean esklusiba bat emanez: Macronen gobernuak iazko urrian mezu bat bidali zion 68ko maiatzaren urteurrena zela-eta. Matxinada hark edo Parisko Komunak utzitako ondarea sakon aztertu du irakasle estatubatuarrak eta uste du ZADean 10 urtez garatutako egitasmoak baduela loturarik gertakari iraultzaile horiekin.


Marina Garcés
"Borroka konkretu bakoitzean guztia dago jokoan"

Ideia sakonak ulergarri eta ukigarri egiteko gaitasun harrigarria dauka Marina Garcés filosofo kataluniarrak (Bartzelona, 1973), pentsamendua eguneroko bizipenekin konektatzeko argitasuna; eta bizi ditugun garai nahasi hauetan, jarrera bat: eraldaketaren aldeko apustua egiten dutenekin bilduta, erantzun erabatekoak baino, galdera berriak planteatzekoa. Zaragozako Unibertsitatean filosofia klaseak ematen ari da azken urteetan eta 2002tik bultzatu du Espai En Blanc proiektua ere, zeinaren... [+]


2017-06-18
68ko Maiatzaren uzta

“68ko Maiatzaren biharamunean ideia berriak loratu ziren Ipar Euskal Herrian ere. Feminismoarekin hori gertatu zen. Baina maleruski, zabalduz joan den kontsumismo giroak printzipio anitz hil zituen. Funtsean, orain berriz pizten ari diren balore horiek berak. Badirudi zola hunki behar dugula berriz balore humanisten, elkartasunaren edota xumetasunaren garrantziaz ohartzeko”.


Kristin Ross
"Ezin gara kontzeptuetatik hasi pertsonak erakutsi nahi baditugu"

Communal Luxury izenburuak luxuaren definizio polemiko bat iradokitzen digu, luxuaren eta kapitalista handien arteko lotura konbentzionalaz harago. Italiako mugimendu autonomoa dakarkigu burura, 1970eko hamarkadan nola salatu zuen langileen eskubideak mugatu nahi izatea oinarrizko beharretara, luxua klase nagusien eskubide esklusiboa balitz bezala; eta hori salatzeko nola erabili zituen “kabiarra jateko eskubidea dugu” bezalako leloak. Parisen 1871n aldarrikatutako “luxu... [+]


2013-01-27
Paris, 1968ko maiatza *

“Hemen bandera gorria airean ibili da langileek hilabete luzez okupatutako hainbat fabrikatan, petankan aritzen ziren bitartean, emaztea eta seme-alabak lagun. Handik pasatzean entzundakoek oinarrian kutsu askoz gogorragoa zuten sindikatuen aldarrikapenek baino. Sindikatuak Gobernuarekin sokatira penagarrian ari ziren bitartean, hemengo %5 eta hango %8, fabriketako hormetan eskuz idatzitako eskabideak harrigarriak dira, egungo zerga sistema konplexua kontuan izanda:

‘Ez gara... [+]


2010-11-14 | Mikel Asurmendi
Battitte Salaberri
"Batzuek 68ko maiatzeko moldeak erabili nahi dituzte, baina garaiak aldatu dira"

Zer balorazio egiten duzu Sarkozyren politikaz? Zein izandako mobilizazioaz?



Lehenbiziko gauza, erretretaren erreforma egin behar da sakonean. Funtsezkoa eta beharrezkoa da erreforma egitea. Gero, Sarkozyren gobernua formetan ez dela asmatzen ari uste dut. Baina mobilizazioetan ere formetan ez dira ongi ari, nik uste. Findegiak blokeatzea eta herrialde bat geldiarazi nahi izatea ez dut ongi ikusten, jokamolde horiek sobera bortitzak dira. Batzuek 68ko maiatzaren garaiko mezu eta moldeak... [+]

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude