Tokioko aireportuari 50 urtez aurre egin dioten baserritar egoskor horiek

  • Japonian 2020ko Olinpiar Jokoak hasterako estreinatuko ote dute Tokioko Narita aireportuaren hirugarren pista? Agintariek proiektuari ekin eta 50 urte geroago, osatu ezinik segitzen dute beren lurrari eta lanbideari uko egin nahi ez dioten baserritarren erresistentzia dela medio. Jasandako presioengatik edo diru beharragatik amore eman badute gehienek, bakan batzuek eusten diete baratzeei bizirik. Hegazkinez inguratuta aitzurrean, erresilientzian maisu.

‘Japan Times’ egunkariaren argazkian 
–hegazkinetik hartua– Takao Shitoren etxaldea, Naritako aireportuaren bihotzean handitu 
ezin den baina suntsitzea lortu ez duten tumore baten moduan itsatsita. Goiko aldean ageri den pista osatu ahal izateko justu
‘Japan Times’ egunkariaren argazkian –hegazkinetik hartua– Takao Shitoren etxaldea, Naritako aireportuaren bihotzean handitu ezin den baina suntsitzea lortu ez duten tumore baten moduan itsatsita. Goiko aldean ageri den pista osatu ahal izateko justu Shitoren lurren beste aldera luzatu behar izan zuten. Hegazkinak bertara eramaten dituen pasabidearen beste aldean ikusten dira oraindik amore eman ez duten beste etxaldeak ere.

Historiak ez du errukirik mainstream uhinak aparte laga dituenekin. Parisko maiatz ospetsuko istiluez edo Kaliforniako sukarraldiaz harago, 68a izan zen zerbait Japonian ere. Orduko ilintiek bizirik segitzen dute Narita aireportuaren trafiko zoroaren erdian.

Tokioko aireportura iristean hegazkinetik panoramika bitxi bat ikus dezake bidaiariak, ez hanka eta ez bururik gabeko bi pista baitauzka era bitxian kokatuak, elkarri trakets komunikatuak. Zorrotzago erreparatzen badu, baserri bakan batzuk topatuko ditu aireportuaren erdian, aireplano, pista, bide eta hesiz inguraturik baina etxalderik emankorrenak bezain txukun landuta.

Naritako baserritarrak bisitatu ditu France Press agentziak maiatzean. Argazki eta bideoetan froga daitekeenez, labore eta negutegi txikietatik metro oso gutxira aireratzen dira edo lurreratzen hegazkinak. Zer nolako zarata dagoen, aipatu beharrik ez.

“Denborarekin ohitu egiten zara” esan dio kazetariari Takao Shito nekazariak.  Batean eta bestean barreiatuta dauzkan baratze batzuetan ilarrak, errefauak edo azenarioak erein bezala biltzera soilik pisten azpiko tuneletatik iritsi daiteke.

Baina berak dioen moduan, ez dago zure esku zure bizilagunak aukeratzea. “Lurrok gure hiru belaunaldik landu ditugu, ia mende batez, aitonak, aitak eta orain neuk. Eta hemen jarraitu nahi dut, bizitzen eta nekazaritzan”. Hala izango da baldin eta Tokioko agintariek ez badute lortzen azken zortzi lur jabeak kanporatzea: urtero 40 milioi bisitari mugitzen dituen Narita hirugarren pista batez hornitu nahi dute 2020ko Olinpiar Jokoak baino lehen eta gogor datozkie bultzaka baserritarrei.

Japonia modernizatzeko beroaldi betean 1966an diseinatua, lekuko baserritarrek ezkerreko mugimenduen laguntzarekin sututako borroka gogorrak atzera erazi zituen obrak. 1978an inauguratu zuten hasieran diseinatutako hiru pistetatik bakar batekin eta 2002a arte ez zuten agintariek lortu bigarrena gehitzea.

Aireportua zabaltzeko lurrak erosi zizkieten inguruko nekazari gehienei, baina Takao Shito eta beste zazpik ez zuten onartu, Japoniak laborantzako lurra babesteko daukan legedia baliatuz. Euskal Herrian izan balitz, hilabete baino lehen desjabetuko zuketen udalak ez bada aldundiak, Jaurlaritzak edo Madrilek. Aldiz, Tokion posible da ikustea aireportu batean pistetara iristeko bide bat bihurgune bitxiak egiten baratze batzuen mugak jarraituz, hesi tartean inguratzen dituelarik baserriak.

Shitok sei auzi ezberdin dauzka aireportuarekin epaitegietan. Agintariek kalte-ordainak eskaini dizkiote baina berak dioenez “dirua ez da dena. Nik nekazaritza ekologikoa egiten dut, pestizidarik gabea. Ezin duzu pentsatu lur horren gaineko geruza hartuta beste norabait eraman eta han berdin emango dizunik”.

Tirabirak egunero dauzka aireportuarekin. Goardekin bezala beti handik dabiltzan poliziekin izan du enkontrurik. Behin eta berriro geldiarazi eta nortasun agiria eskatzen diote, nahiz eta oso ondo ezagutzen duten. Baina ez dela bertatik mugituko dio Shitok, kontent bizi dela bere 400 bazkideei barazkiak zerbitzen. “Hau da nire bizia. Maite dut barazkiak ekoiztea hemen, lur honetan, zaporea ere ezberdina daukate”.

68 japoniarraren arrastoak

Bezero eta hornitzaileez gain bestelako bisitariak ere izaten ditu Takao Shitok, bere borrokan alde dauzkanak. Kazetariak topatu du Nobuharu Ito, 71 urteko gizona, unibertsitate garaian Naritako borroketan ibilia eta berrikitan azken baserritarron erresistentziaz entzun ostean berriro mobilizatu dena: “Shitoren bizimodua, nola ez duen dirua jartzen edozeren gainetik... iruditzen zait honek jendeok hunkitzen gaituela inoiz baino gehiago”.

Nobuharu Ito unibertsitatean zebilenean, 1960ko hamarkadan, gobernuak eremu bat baino gehiago aztertu zituen Tokiok behar zuen aireportua eraikitzeko, baina udal guztiek banan-bana beren ukoa emanik, azkenean Narita hautatu zuten, zehazki Sanrizuka ingurua.

Naritak, ustez, abantaila bat bazuen: Sanrizukako lur gehienak estatuarenak izaki, II. Mundu Gerrak miserian utzitako jende txiroari alokairuan utzita zeuden eta gobernuak espero zuen maizterrok erraz konformatzea. Baina lur propiorik gabeko nekazari txiroek bat egin zuten beren soroak saldu nahi ez zituzten lur jabe txikiekin.

Naritako aireportuko gatazka azaltzen duen Wages of Resistence [Erresistentzia uhinak] dokumentalean kontatuta dago nola maizter txiroek haserre hartu zuten inolako azalpenik gabe gobernuak esatea “utzi nizun lur hori itzuli behar didazu berriz”. Beren bizimodua, oso txiroa izanda ere, urteetan lortutako guztia galtzeko beldurrez agintariekin kolaboratzeari uko egin zioten.

Polizia hasi zenean gogorrago hartzen beren lurrak defenditzen zituzten gizon eta emakumeak, ezker erradikaleko talde asko hurbildu zitzaizkien, tartean unibertsitateetako ikasleak. William Andrewsek idatzi zuen “Japanese radicalism and counterculture” blogean:  “Munduko garai hartako beste gazte askok bezala, beren gurasoek kapitalismoaren eta inperialismoaren morrontza onartzen zutela uste zuten gazte japoniarrek erreakzionatzeko aukera ikusi zuten Sanrizukako gatazkan. Hala gertatu ziren Japoniako aktibismoaren protestarik bortitzenak. Sei pertsona gertatu ziren hilik eta ehunka zauritu eta atxiloturik”.

Gaurko begiekin erreparatuta, Naritan bezala Tokioko kaleetan manifestarien eta poliziaren arteko istiluen irudiak harrigarri suertatzen dira beren gogorrean.  Kronika honen interneteko bertsiotik ikus daitezkeen bideoek –1960ko hamarkadakoa bata, 1985koa bestea– erakusten duten borrokaren gordintasuna izugarria da.

Baina baserritar sorta batek eta ezker muturreko militanteek estatuari aurrez aurre egindako desafioak ezin zuen irabazi. Atxiloketak, nekea, eskaintza ekonomikoak... mobilizazioak ahultzen joan ziren eta nekazariak lurrak saltzen. Ez denak ordea: oraindik 2018an Naritak bere soin osatu gabean krater, pikorta edo garatxo moduan erakusten dituen etxaldeetan kimikarik gabeko barazkiak ekoizten dituzte.

Aukerarik uzten badiote, Shitok jarraitu nahi du Naritako aireportuaren aldamenean bizitzen. “Gobernuak zerbait egin edo esaten duenean, jende gehienek ontzat ematen dute galdera gehiegirik gabe. Baina gobernuak kontutan eduki beharko lituzke hemen bizi diren jendeak ere. Nahi nuke munduko jendeek jakin dezaten leku honetan badela baserritar bat. Jendeak jakin beharko luke”.

Takao Shito bere lurretan aireportura begira aspaldi eraikitako erresistentzi dorrearen ondoan. (Argazkia: A.Pagnotta)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpiegitura handiak
47 milioi euro gehiago Esako urtegiaren segurtasuna bermatzeko

Ebroko Konfederazio Hidrografikoko (CHE) lehendakariak egin du iragarpena aste hasieran: Esako urtegia handitzeko lanen laugarren moldaketari aurten ekingo diote eta urtegiaren eskuin magala egonkortzeko 47 milioi euro gastatuko dira.


2025-05-07 | ARGIA
Euskal Herria Bizirik sareak kanpaldia egingo du Donemiliagan, “lurraren defentsa antolatzeko”

Maiatzaren 16tik 18ra izango da kanpaldia, AHTk eta berriztagarrien proiektu batek "mehatxaturiko" Arabako Uribarri Jauregi herrian. "Desjabetu nahi dituzten eremuetan erresistentzia antolatzeko dugun gaitasuna erakutsi eta kaleak betetzetik mendiak hartzera pasako... [+]


Argalarioko parke eolikoaren aurka agertu da Bizkaiko Foru Aldundia, ingurumenean eragingo lituzkeen kalte “kritikoengatik”

Natura Ondarearen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du Barakaldoko mendi horretan bost haize errota jarri nahi dituen Iparaixe II proiektuaren aurka. Barakaldoko Udalak duela urte eta erdi eman zion ezezkoa egitasmoari, Mendietan Eolikorik Ez–Barakaldo plataformaren... [+]


50.000 plakako zentral fotovoltaiko bat jartzeko proiektua aurkeztu dute Agurainen

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]


Itsasadarreko tunelaren obretarako leherketak legeztatzearen aurka mobilizatuko da ostiral honetan ‘Subflubiala Ez!’

Giza-katea antolatu du Subflubiala ez! plataformak eta hitzordua Artaza-Romo Institutuan jarri du gaurko 18:00etan. Bizkaiko Foru Aldundiak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) aldatzea du helburu eta horrelakorik ez du onartzen plataformak.


Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan

Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


AHTren atzerapena gaitzesteko gutuna bidali diote Europako Batzordeko Garraio Komisarioari Pradalesek eta Roussetek

EAE, Akitania Berria eta Nafarroak osatutako euroeskualdearen batzarra egin dute Iruñean martxoaren 25ean. AHT izan dute topaketaren ondoko agerraldiko aipagai nagusien artean eta Akitania Berriko ardatza Hego Euskal Herriko trenbidearekin lotzeko konpromiso politikoa... [+]


Ekologismoaren kontrako oldarraldia AEBetan: Greenpeace 660 milioi euro ordaintzera zigortua

Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.


2025-03-20 | ARGIA
Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko zinegotziek dimititu egin dute, Solariaren proiektuarekin “eskuak lotuta” dituztelako

Koalizio abertzaleko hiru ordezkariek ohar baten bidez euren "frustrazioa" adierazi dute proiektu fotovoltaikoa ezin gelditzeagatik: "Egoera horren aurrean, ez gara legegintzaldia amaitzeko indarrez sentitzen". Proiektu honi ez! plataformak salatu du EH Bilduren... [+]


AHTaren zundaketen aurkako ia bi urteko borrokaren balantzea

Datorren udaberrian, Stop AHT Zundaketak ekimenak bi urte beteko ditu. 2023ko maiatzean, ADIFek Itza, Sakana eta Goierriko udalei jakinarazi zien zundaketa geoteknikoak eta beste jarduketa batzuk egingo zituela AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko alternatibak... [+]


Espainiako Sustapen Ministerioa: “Ez dakigu Ezkioko lotunea oso bideragarria den”

Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak egindako galderari erantzun dio Espainiako Sustapen Ministerioak, eta hor berretsi du Ezkioko aukera zailtasunez beteta dagoela.


Eguneraketa berriak daude