Kandilen, zeruaren beldur

  • PKKk dozenaka soldadu hil eta gero, Turkiak eskala handiko operazio militarra hasi du berriki. Kandil mendiak dira jomuga, Irak iparraldeko kontrabandista eta gerlari kurduen aterpea; jada bonbardaketa ugari jasaten ari den eskualdea.
Karlos Zurutuza
Txabola txiki bat baino ez dago Kurdistango Gobernu zentralaren azken checkpoint-ean. Bertako soldadu bakartiak apenas erreparatu die autoan doazen bidaiariei, eta harresia altxa du segidan, bere kalashnikov fusila sorbaldan zintzilikatu ostean.
Harritzekoa da, oso urriak baitira honaino igotzen diren autoak. Gainera, ibilgailuen barruan, atzerriko kazetariak edo kontrabandistak egon litezke, bai eta PKKko kideak, arma trafikanteak, CIAko agenteak… Egia da, gutxi dira Kandilera igotzen direnak, baina oso anitzak euren arrazoiak.

Soldadu “axolagabe” haren txabolatik gora, Turkiako PKK eta Irango PJAK talde kurduen kontrolpeko eskualdea hasten da. Seinalerik ez, harrizko magaletan ageri diren orban beltz eta erraldoiak ditugu horren adierazle garbiak. Iranek jaurtitako koheteen arrastoak dira, katyushen sinadura itsusia. Iparralderago, turkiarrenak ere erraz bereiz daitezke hori koloreko mendiotan.

Turkia, Iran eta Irakeko mugek Kandil mendietan egiten dute topo. PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) eta PJAK (Kurdistango Bizitza Askerako Alderdia) talde armatuek hemendik egiten dituzte euren operazioak, Turkiak eta Iranek okupatutako eskualde kurduetan. Eta ez omen da borroka armatua euren betekizun bakarra.

Peshmergek (gerlari kurduek) asko laguntzen diete hemengo herritarrei –dio Najiba Muhamedek, honaino ekarri nauen PKKko kontaktuak.

– Terrorista islamiarrengandik babesteaz gain, hainbat herritan 24 orduko argindarra daukate, generadore handi bati esker.
Paradoxa galanta badirudi ere, Kandil herria da, Bagdadeko gune berdearekin batera, Iraken argindarra egun osoz duen toki gutxienetako bat.

Najiba 23 urteko emakume kazetaria da eta, besteak beste, PKKren nahiz PJAKren prentsa arduradun lanak egiten ditu. Gerlariek eraso bat jasan edo egiten duten bakoitzean, berari jakinarazten diote, egunkariak gero albistea argitara dezan. PKK talde armatua terroristatzat hartzen da nazioartean, baina ez da horrela gertatzen Irakeko Kurdistanen. Najiba bezalako kazetari gehiago dago, baita PKKko bulego bat ere, Jerraba izeneko herrian, hain justu.

Gauza jakina da PKKren adar gisa sortu zela PJAK, 2004an, Irango Kurdistanen operazioak gauzatzeko. Turkiak askotan salatu du AEBek sostengua eman izana irandar talde kurduari. Ankararen aburuz, “CIAk emandako armamentua erraz eror liteke PKKren eskuetan”. Baliteke, ayatolen gobernuaren kontra borrokatzen duen PJAK ez baitago “nazioarteko talde terroristen zerrenda” horretan eta beraz, “legezkoa” litzateke Washingtonek peshmergei eskainitako babesa. Dirudienez, ez da armeniarren genozidioaren onarpena amerikarrekin haserre egoteko arrazoi bakarra Ankararentzat. Azken finean, antzeko eran lagundu zieten AEBek Irakeko kurduei, edo Afganistanen sobietarren kontra borrokatu zuen Al Kaedari, besteak beste.

Gasolinaren karabana

Iranek bonbardatutako azken herriak Zeuka du izena. Hemen, peshmerga ugari badago ere, oso urruti gelditzen da propaganda aparatua.

– Ez dugu ezer gerlarien kontra, baina eurek eragin dute egoera hau –18 urteko Muhamed Zale-ren hitzak dira hauek, Zeuka herritik ihes egin duenetako bat. Zorionez, katyushak ez dira oso arma zehatzak, eta bere etxeak zutik dirau oraindik–. Koheteak entzun bezain laster, kanpin dendak hartu eta ospa egiten dugu karretera alderantz. Han itxaroten dugu erasoa bukatu arte. PKKkoak, aldiz, gure herrian babesten dira bonbetatik. Ez dut ulertzen –dio Muhamedek–. Gerlariak hemen ez baleude ez zen horrelakorik gertatuko, lasaiago biziko ginateke. Ospa egin beharko lukete denek.

Kanpoan bi egun eman ondoren, Muhamed eta bere familia Zeukara bueltatu ziren. Beste batzuek, ordea, egunak eman dituzte kanpin dendetan bizitzen, erasoak berpiztuko diren beldur. Sendi horiek sutzarretan prestatutakoa jan eta erreka zikinetako ura edaten dute. Higiene eza dela eta, ohikoak dira diarrea kasuak, sintoma benetan kezkagarria, kolerak berriki zigortu duen eskualde honetan.

Muhameden herri ttipitik Jeneh herrira apenas dira bost kilometro. Baina 5.000 metroko distantzia ikaragarria gerta daiteke Kandilen, arroka eta amildegien gainetik, eta igaroezina lur edo elur jausiak oztopo. Airetik, ordea, Zeukara bezain erraz iristen dira irandar koheteak. Gu iritsi baino astebete lehenago, bertako ismaildarrek ere errepiderantz jo zuten. Gaua kanpoan pasa eta gero, hondakinak baino ez zituzten aurkitu euren etxea zegoen eremuan. Orain bizilagunen etxean bizi dira; albokoak aspaldi joan ziren eta ez dira bueltatu oraindik.

– Bonbardaketek gau eta egun irauten dute, ez dago jakiterik noiz hasi edo noiz bukatuko diren –kexu da ismaildarren aita Ali–. Hori nahikoa ez eta Iranek muga itxi du. Nola ekarriko dugu gasolina orain?

Arazo benetan larria da hau, ismaildarrak eta Jenehko gainontzeko 150 sendiak gasolinaren kontrabandoari esker bizi baitira. Ikusi besterik ez dago herriko “mando per capita”, bai eta herrian zehar, nonahi, sakabanatuta dauden plastikozko bidoiak. Ehunka ontzi daude pilatuta karretera alboan; mandoak bezala, Iranerako hurrengo bidaiaren zain.

Eta, dirudienez, aurki izango da; ez dirudi erregaiaren emaria eten denik hemen. Mendikate handia da hau eta badaude, jakina, muga ofiziala zeharkatzen ez duten beste bide batzuk ere. Ohikoa baino luzeagoak dira, eta askoz ere arriskutsuagoak. Igarobide “legalak” irekita iraun bitartean, 5.000 bat mandok zeharkatzen omen zuen egunero Iran eta Irak arteko mendibidea. Orain, ordea, askoz ere gutxiago dira, eta ez da harritzekoa. Irango soldaduen patruilaz gain, milaka, ehun milaka mina daude lur azpian ezkutaturik. Zortzi urte iraun zuen Iran eta Irak arteko gerraren ondorioz, Saddam Hussein-ek lehergailuz josi zituen bailara hauek, eta antzera egin zuen Jomeinik beste aldean. Mandoren batek mina bat zapaltzen badu, gainean doanak agian ez du zauririk jasoko; betiere berrehun bat litro gasolina ez badaramatza…

Baina gasolina hori da jenehtarren bizitzaren ardatza. Herritar orok, ume txiki nahiz amona, laguntzen du mandoak zamatzen, mandoak husten, mandoak elikatzen… Eta ezin zaie denbora osoa eskaini animaliei soilik. Zisterna-kamioi bat iritsi berri da, eta makina bat lagun behar dira bere “konkorra” betetzeko.

“Mando batek berrehun litro gasolina garraiatzen baditu, zenbat mando beharko lirateke 3.000 litroko bolumena duen kamioi bat betetzeko?”. Hori kalkula lezakete bertako umeek matematika eskoletan. Tamalez, ez dirudi Jenehko haurrek horretarako astirik dutenik; ikasgelan ez, behintzat.

Ondo atondu eta gero, animaliek bide beretik egiten dute joan-etorria, elkarren aurrean “desfilatzen” duten bi taldetan: Iranerantz doazenak, arin, zamarik gabe; Jenehrantz datozenak, aldiz, motel, buru-makur, Pertsiatik ekarritako “altxorra”ren pisuari nekez eusten diotela. Herrira iritsi aurretik, animaliek deskantsatzeko parada txiki bat dute. Izan ere, karabanaren gidariak –askotan ume bat– tratu bat egin behar izaten du PJAKko peshmergarekin: 15.000 iraniar rial (1,1 euro) zamatutako mando bakoitzeko. Horixe egungo tasa.

“Jainkoaren etsaiak”

– Kontrabando bide hau kontrolatzeko gaude hemen, terrorista islamiarrek bide bera erabil ez dezaten –dio kamuflajez jantzitako gerlariak, gure etorreraren berri walkie talkiez eman eta gero. 23 urteko gaztea da baina 7 eman ditu jada mendian peshmerga. Poliki hitz egiten du, erantzunak ondo hautatuko balitu bezala. Itzultzaile lanetan ari den Najibak, peshmergaren erritmo geldoaren beste arrazoi bat eman dit: Ipar Irango badinani dialekto kurduaz ari omen da mutila, Kandileko soranieratik nahiko desberdina den mintzairaz. Zorionez, biek ondo ezagutzen dute elkar, eta horrek asko errazten du komunikazioa.

– Bonbardaketak ez dauka gurekin zerikusirik –jarraitu du gerlariak–. Hemen ez bageunde ere, irandarrek erasoekin berdin jarraituko lukete. Ez gara hemendik mugituko, ez Teheranek Irango kurduon giza eskubideak errespetatu arte.

– Koheteak ez dira inoiz arazo bat izan peshmergentzat –dio Najibak–. Kobazuloetan bizirautea da gerlari hauen entrenamenduaren zati garrantzitsuenetako bat. Hilabete oso bat eman behar dute ezkutuan, egunero ordu erdi bat ateratzeko baimena besterik ez dutelarik. Tarte txiki horretan, jan, edan eta berotzeko adina lortu behar dute.

Peshemergak harrapatu ezinik, gerlariak baino askoz ere errazagoak diren helburuei eusten diete pasdaranek (Irango segurtasun indarrak). Adnan Hassanpour eta Abdolvahed Hiva Botimar kazetari kurduak atxilotuta daude joan den urtarriletik. Delitua, “estatuaren segurtasunaren kontrako” iritzi artikuluak idaztea. Hori nahikoa ez eta mohareb-ak ere ba omen dira biak, klerikoen aburuz; “jainkoaren etsaiak” alegia. Nazioarteko presioa nahikoa indartsu izan ezean, urkatu egingo dituzte. Herriko plazetan burutzen dira exekuzioak Iranen, garabi baten laguntzaz.

Hala, luze joko du peshmergen borrokak Kandilen. Bonbardaketek nekez kezkatuko dituzte kobazuloetan ezkutatzen hain trebeak diren gerlariak. Iran, Irak eta Turkiako muga honetako herritarrak, ordea, zeruari begira bizi dira aspaldi. Koheteak edozein momentutan eror daitezke, eta erraz har dezake su hain errekorra den lur honek.

http://www.argia.eus/kurdistan kanalean, Kurdistanera egindako bidaiaren egunerokoa eta argazki bilduma. Baita gasolina kontrabandoaren inguruko ikus-entzunezkoa ere.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude