Indymedia Euskal Herria

Bost urteko media-aktibismoa

  • Euskal Herriko Indymedia Hedabide Independenteen Guneak bost urte bete ditu jada. Globalizazioa, okupazioa, ekologia, antimilitarismoa, euskara eta beste hainbat gizarte gai jorratzen dituen web guneak bizi-bizi jarraitzen du, proiektu horretan parte hartzen duen erabiltzaile kopuruak erakusten digun moduan.

    1999an Nazioarteko Moneta Funtsak bilera egin zuen Seattle hirian (AEB). Globalizazioaren aurkako aktibista ugari bildu zen bertan eta euren arteko harremana sendotzeko, mobilizazioaren berri emateko eta informazioa zabaltzeko bulego bat zabaldu zuten. Hantxe hasi zuen bere ibilbidea lehenengo Indymediak. Dozenaka lagunek euren albiste, argazki eta bideoak sareratu zituzten bertan. Komunikabide erraldoiek eta gobernuburuek eskaintzen ez zuten informazioa zabaldu zuen, eta oso denbora gutxian dezenteko oihartzuna lortu zuen. Apurka-apurka AEBetako beste hiri batzuetara zabaldu zen eta 2000. urtean, San Frantziskon egindako bilkuran, www.indymedia.org domeinua erosi zuten. Orduz geroztik, tokian tokiko dozenaka Indymedia sortu dira mundu osoan.
Jon Torner Zabala @jtorner
2007ko uztailaren 15a
Horietako bat Indymedia Euskal Herria da (http://euskalherria.indymedia.org). 2002ko ekainean sortu zen. Europako Indymedia sarea osatzen zuten herrialdeak eta kide izan nahi zutenak Berlinen bildu ziren urte hasieran, eta orduan onartu zuten Euskal Herriko Indymedia nazioarteko sarean sartzea. Leioan (Bizkaia) egindako Hackmeeting topaketetan parte hartu zuten internautek luzatu zuten eskaera. Globalizazioaren aurkako gizarte eragileen informazioa biltzea du xede, baina bere asmoak askoz ere zabalagoak dira. Marko Txopitea Txopi Indymediako kideak eman digu helburu horien berri. Dena den, argi utzi nahi izan du Indymedian iritzi desberdineko jendeak parte hartzen duela, eta Argiaren galderei bere izenean erantzun diela, “ez kolektibo osoaren izenean”. Helburuetako bat “jendeak nahi duena esateko eskubidea bermatzea” dela esan digu: “Hedabide korporatiboetan, gauza bat dela bestea dela –dirua, gobernuen itzala–, filtro batzuk daude; Indymediako web guneetan argitaratze irekiaren printzipioa aplikatzen da, erabiltzaileek nahi dutena esaten dute, ez dugu ezer mozten”.

Hedabide Independenteen Gunea globalizazioaren aurkako jendeak sortu zuen arren, orotariko gaiak jorratzen dituzte: okupazioa, antimilitarismoa, ekologia, euskara, immigrazioa, internazionalismoa, sexua... Izan Euskal Herriko kontuak zein gure mugez kanpokoak. Txopik dioen moduan, “web gunea ez da globalizazioaren aurkako erantzuna; guztia batzen duen zerbait da, kontrainformazioa deiturikoaren barruan dago”. Berak, ordea, hitz hori ez du gustuko: “Guk media-aktibismoa terminoa erabiltzen dugu. Informatzen ari gara. Hedabide korporatiboek egiten dutena ez zaigu axola. Ez ditugu egiak zabaltzen besteek gezurra esaten dutelako. Herritarrek web gune hau edozeri buruz hitz egiteko eta informazioa jasotzeko erabiltzea besterik ez dugu nahi”. Globalizazioaren leloa bere egin du Euskal Herriko Indymediak: “Think globaly, act localy” (Pentsatu globalki, ekin lokalki). Printzipio hori maila guztietan aplikatzen dute. Latinoamerikako Indymedia guneek, adibidez, laguntza teknikoa behar izaten dute, euren ziberretan ez dute konexiorik, ezin dute zerbitzaria ordaindu... eta denen artean laguntzen diete. “Sare bat gara”, dio Txopik.

Copyleft teoria ardatz

Indymedian informazioa sareratu nahi duenak “Argitaratu” botoia sakatu eta formularioa betetzea besterik ez du. Kontuan har dezala, dena den, Word dokumenturik adibidez ezingo duela igorri. Pdf-ak ordea bai. Indymediak ez ditu formatu pribatuko dokumentuak onartzen. Software askearekin egiten dute lan, eta copyleft lizentziarekin. Jendeak internetez gauzak zabaltzea dute xede, “mugak jartzeak ez du zentzurik”. Interneten mugak desagertu egiten dira, eta edonork zabal ditzake hedabide handien kontroletik ihes egiten duten albisteak. Hori da helburua, mass-media horien oinetara ez belaunikatu eta eduki propioak sortzea. Indymediaren leloak dioen bezala, Don’t hate the media, be the media. Ez itzazu hedabideak gorrotatu, zu zeu izan hedabidea.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Jakintza librea

Jakintza librea kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude