Emakumeak borrokan
Eguzki irratiaren urteurrena

Mende laurden borrokan libre informatzeko

  • Iruñeko irrati libre bakarrak 25 urte beteko ditu aurten; batere erraza izan ez den mende laurdena: Eguzki Irratiak (www.eguzki.net) itxiera ugari jasan ditu, diru iturri nagusia moztu diote, ohiko lokalak zaharrak geratu zaizkio… Baina hiru urteko azken krisialdiaren ostean, indarberrituta dator. Arduradunen esanetan, horrelako komunikabideak beharrezkoak dira, aldarrikatzeko oraindik asko dago eta hamaika erronka dituzte Iruñerriko kontzientziak astintzen jarraitzeko.
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2007ko maiatzaren 20a
Eguzki irratiko zenbait kide
Sorgiña Irratia izan zen Iruñeko irrati libreen aitzindari, 70eko hamarkada bukaeran ia modu klandestinoan sortua, eta Radio Paraísok hartu zion lekukoa. Garai hartan, Euskal Herrian zentral nuklearra egiteko proiektuen kontrako batzordeek indar handia zuten eta euren aldarrikapenak adierazi ahal izateko Eguzki aldizkaria sortu zuten. Ondoren, irratia ere beharko luketela ikusi eta beste irrati libre bat jaio zen Iruñean: Eguzki Irratia. 1982ko abenduaren 15ean abiatu zen, talde antinuklearren bozgorailu bezala, baina bestelako ideia, nahi eta ahotsak adierazteko eta aldarrikatzeko bidea ere izan zen hasieratik, informazio pluraltasuna bermatzeko asmoz. Izan ere, urte haietako diala kontuan hartzen badugu, irrati publikoak ziren jaun eta jabe eta FMa nahiko hutsik zegoen.

Orduko irrati pribatu askok, ordea, ez zuen begi onez ikusi jaio berria, audientzia banatu beharrak beldurtzen zituen eta presionatzeari ekin zioten. Horrez gain, hasieratik hainbat itxiera jasan zituen Eguzkik eta hastapenak gogorrak izan ziren. Ez hastapenak bakarrik, Eguzkirena ez baita ibilbide samurra izan. Esaterako, autogestioaren bidea aukeratu zuten, subentzioek eta publizitateak proiektuaren askatasuna mugatu ez zezaten, eta batzuetan prekarietate egoeran lan egitera behartu ditu horrek. Are gehiago Iruñean txosnak galaraztearekin batera komunikabidearen diru iturri nagusia agortu zenean. Egun, “Eguzkide”ak edo bazkideak dira diru iturria eta defizitik ez duten arren, superabitik ere ez dutela diote arduradunek.

“Hau ez dago hila”

Dena den, krisirik okerrena azkena izan zen, 2002koa, hainbat arazo elkartu zitzaizkielako: funtzionamendua, irrati eredua eta finantzazioa, hirurak krisian sartu ziren, eta Navarreria kaleko betiko lokalak zaharberritzeko premia azaldu zen. Hala, 80ko hamarkadan finkatutako organo asanbleario bidezko funtzionamendua zaharkitua zegoela ikusi zuten, geldoegia zela, eta arintzeko asanbleaz gain irratia egunerokoan kudeatzeko organoa sortu zuten. Irrati ereduak formetan eta edukietan bilakaera behar zuela ere erabaki zen eta hori lantzen ari dira orain: “Irratia batez ere goizean entzuten da eta Iruñerriko jendeak berehalako informazioa eskatzen du, eskualdekoa, sinesgarria eta serioa. Hori da gure apustua: irratiaren motorra izango den goizeko magazina”, azaldu digu Jorge Ribera irratiko kideak. Horretarako, jada lanean dauden boluntarioekin batera profesionalak kontratatzea da asmoa. “Funtsean, programazio ona eskaintzea da helburua, kalitate, pluraltasun eta gai aniztasun handiagoarekin”. Magazina uda aldera edo 2007-2008 ikasturte hasierarako martxan jartzea gustatuko litzaieke. Navarreria kaleko lokalak berreskuratzea ere lehentasunen artean dago –orain beste lokal alternatibo batzuetan egiten dute lan–, uztaila baino lehen, ahal bada, eta finantzazioa hobetzeko 25. urteurrena aprobetxatuz Eguzkideen kanpaina indartzea dute xede. Asmoak, beraz, ez dira gutxi eta hiru urte iraun dituen krisialdiari argia ikusten diotela dio Riberak: “Pozik gaude gauzak nola doazen ikusita eta jendeari helarazi nahi diogu hau ez dagoela hila, badagoela proiekturik”.

Bitxikeriak mila

Hain zuzen, dena ez da latza izan bidean, ezta gutxiago ere. 25 urte hauetako egoera bitxi eta dibertigarriek liburu bat idazteko adina istorio emango lituzketela dio Riberak. Gogoan duenetako bat, lehenengo itxiera. Lokutoreak zuzeneko saioarekin jarraitu zuen, poliziari irratia zergatik itxi nahi zuten galdetuz, ea ixteko agindurik al zekarten, idazteko makinarik al zuten… Eta poliziak ez zuen ezeren erantzunik. Gainera, jende ezaguna pasa da bertatik: Juan Cruz Alli, adibidez, bi aldiz elkarrizketatu zuten Nafarroako lehendakaria zenean eta Eguzki legeztatzearen alde agertu zen, “guretzat irratira datorren edozein herritar ezezagun Alli bezain garrantzitsua den arren”. Halaber, Ribera harro dago mende laurdenean egin duten lanaz: “Irrati libreoi marjinal eta ez-profesionalaren etiketa jarri ohi digute, baina askotan gure estiloak arrakasta izan du eta inbidia sorrarazi komunikabideetako profesionalen artean. Eskuinak denetik deitu digu, baina badakigu belarria jarria dutela eta irrati komertzialek ere gu bezalakoak behar dituzte berritzeko eta euren komunikabideei freskotasuna emateko”.

Une hauetan, musika eta Iruñerriko, Euskal Herriko eta nazioarteko informazioa eskaintzen dituzte eta egitasmo berriak burutu bitartean Arrosa sarea dute oinarri. Arrosa 2001ean sortu zen Euskal Herri osorako, irrati proiektu herrikoien artean euskarazko programak trukatzeko. Horri esker, gaztelera eta euskara nahasten dituen irrati honetan euskarak leku garrantzitsua du orain: “Eskualdeko egoera hartu dugu beti kontuan, horren isla izan nahi baitugu –kontatu du Riberak–. Hemen, euskaraz dakitenen kopurua %30 ingurukoa dela uste dugu eta Arrosari esker ia %45a hizkuntza honetan da. Nolanahi, 35 urte inguruko belaunaldia ari gara orain lanean, baina belaunaldi berrien artean euskaraz dakien jende gehiago dago eta euskarak geroz eta leku gehiago izan dezake, herritarrek beraiek osatzen baitute lantaldea”. Zehazki, hainbat kolaborazio finko eta puntualagoez gain, 25 kide inguru ari dira lokutore, mantentze edota teknikari lanetan.

Alegala

Denen artean, Iruñerriko irrati libre bakarra osatzen dute –hots, inongo gobernu, alderdi edo erakunderena ez den irabazi-asmorik gabeko irratia– eta egun oraindik ez dute lizentziarik, eredu pribatua nahiz elkartze-eredua aukeratu duten eskualdeko beste hainbat irratiren antzera –Euskal Herria Irratiaren kasua ezaguna da, adibidez–. Espainiako Estatuak 1989an legea atera zuen irrati publikoak, pribatuak eta herrietakoak arautzeko, baina elkartze-irratientzat eta irrati libreentzat ez zuten araurik zehaztu. “Alemanian, Italian eta beste hainbat herrialdetan araututa daude, Ipar Euskal Herrian esaterako elkartze-irrati ugari daude, legeztatuak, baina Hegoaldean legetik at jarraitzen dugu eta inork ez digu galdetu legalizatu nahi al dugun. Azkenean, botereak bere interesei erantzuten dieten komunikabideak baino ez ditu”, kexatu da Ribera. Bere esanetan, lizentziarik gabeko irrati asko daude Iruñean eta diala nahiko beteta dagoela egia da, baina nork du bere proiektua egiteko eskubidea eta nork ez? Hori arautzeko dagoen era antidemokratikoa iruditzen zaie Eguzkiko kideei, pluraltasunik ez dagoelako.

Finean, pluraltasun hori bermatzeko eta aldarrikatzeko asko dagoelako, euren lana oraindik beharrezkoa dela dio Riberak. “Gure agintariak aukeratzeko eskubidea badaukagu, komunikabideen artean ere denetarik egoteko eskubidea egon beharko luke, are gehiago komunikabideak laugarren boterea direnean. Norbaitek uste badu irrati librearen eredua hilda dagoela eta teknologia berriek irratiarekin bukatuko dutela, jakin dezala oso oker dagoela”. Indarberrituta eta borrokan jarraitzeko gogoz beteko ditu 25 urte Eguzkik.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Irrati libreak

Irrati libreak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude